Otsailean tximeleta baino, otsoa ardi artean ikusi nahiago.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Sagarrondoak gaixorik
2025-03-13 20:35 | Ane

Egun on, Jakoba: Nire Aitak badauzka 15 bat urte dauzkaten sagarrondoak (Arritola edo Ibarra sagarrondoak dira). Azken urteotan adar gehienek "onddo" edo beste zerbait dute eta adar horiek lehortu eta "hil" egiten direla ikusi dugu. Lantzean behi Aitak Kobrea botatzen die zuhaitzei; baina, ez dakigu ez zer gertatzen zaien, ezta zer egin dezakegun zuhaitzak "sendatzeko". Ea zuk dakizun zer den eta zer egin dezakegun konpontzeko. Eskerrik asko zure denbora eta laguntzagatik. Ondo izan


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-03-25 15:01

Bi argazkietakoak desberdinak dira: gorri-marroi hori onddo bat da eta azal harro tankerako gris hori likena. Biek gauza bera adierazten dute: hezetasun handia dagoela sagarrondo horiek bizi diren tokian. Likenak ez du berez kalterik egiten, baina gehienetan kendu egiten da, eskuila gogor batekin igurtzi eta kendu. Onddo gorri-marroia gero eta gehiago ikusten da eta adarrak lehortzeraino eraso dezake. Bera hain garbi duten adarrak kentzea onena, zabaldu ez dadin. Kobreak biak atzeratzen ditu, baina baita ere neguko tratamendu bat proposatuko dizut, aurten beranduegi da, landarea lo dagoela egin behar da eta bestela bera ere erretzeko arriskua dago. Hona tratamendua: negu-neguan kaltzio polisulfuroarekin erre, dosi handi samarrean erabili, 100 litro uretan 10 litro polisulfuro. Kontuz eta babes neurri zorrotzekin egin, betaurrekoak, eskularruak eta abar. Bestetik hasi pentsatzen hezetasuna dela arrazoia eta hori borrokatu behar dela: inguruan itzala ematen duenik baldin badago kendu, sagarrondoak elkarrengandik hurbilegi badaude, bakandu, haizeak errazago korritzeko mugak garbitu, lurrean zangak ireki urak ihes egin dezan, urtero karea eman lurrari (pikorretan eta 100 gr/m2).

Zeuk erantzun

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

atzera
gora