Noiz moztu behar da urkia oholak egin eta tallatzeko?
Iraupenari begira ahalik eta izerdi gutxienarekin moztea litzateke egokiena. Horretarako hiru baldintza betetzea da egokiena. Lehenik, negu-neguan moztu, izerdi gutxiena dabilkien garaian. Bestetik ilbehera da onena. Eta hirugarrena, ilbeherako sustrai egunak dira aproposenak. Urtarrilean edo otsailean moztu. Urtarrilean ilbehera 12tik 26 eguerdira arte izango da eta sustrai egunak 19, 20, 21 eta 22 eguerdira arte. Otsailean berriz, ilbehera 8eguerditik 22ra artekoa izango da eta sustrai egunak 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18.
Gaur arte erantzundakoak (917 galdera-erantzun)
Egun on, Irakurri dizut ongarri berdea ereiteko sasoia hasia dela, bestalde lurra ongarritzeko (satza) sasoia urri azaroa omen da. Datorren urtera begira zer litzateke aproposena ongarri berdea? satza? Biak egin daitezke sail berdinean? BAtzutan bat bestetan bestea? Eskerrik asko.
Satsa baldin baduzu hori banatu eta kito. Ondoren bertan sortzen diren belarrak eta bertan utzi eta udaberrian edo behar duzunean bertan txikitu eta kitto. Nahiago baduzu orduan belar moztuak kendu eta usteltzen utzi. Lur pobrea baduzu, edota gogorra ongarri berdeak asko laguntzen du. Orain erein eta neguaren erdia aldera satsa eman; ondorengoa berdin.
Uzta bedarra kentzeko zer egin behar da? Gero eta ugariago dago gure landetan.
Uzta, uztaoa, lapaitza… izen asko du euskaraz. Sustrai eta guzti ateratzea da onena baina egingarria den aukera bakarra moztu eta moztu egitea besterik ez da. Simaurrarekin edo aziendaren larretzearekin ugaritzen da. Loretzen denean haziak zabaltzen ez utzi. Eta ahal izanez gero udaberri-udan hostajea ipurditik moztu, desbrozadora edo antzekoren batekin. Kalte handiena ilgoran moztuta egiten zaio. Ilgoraero mozten baduzu, laister desagertuko da. Ilgora onenak, beretzako kaltegarrienak maiatzekoa, ekainekoa eta uztailekoa dira
Egun on. Erantzunetako baten hau irakurrita: "Hurrengo urteetarako, eta sagardotegi industrialetako ontzi erraldoirik ez baduzu edota hotzetan eduki ez baduzu eguberrietako ilbeheran botilaratu; alde ederreko sagardoa edango duzu urte guztian…" Galdera: Noiz egin dugun aintzat izan gabe botilaratu dezakegu eguberrietako ilbeheran? Ez al da azkar xamar Urrin eginda? Eskerrik asko aldez aurretik.
Zein sagardo mota duzu gustuko? Hori da galdera gakoa. Nire iritziz, sagardo industrialak alde batera utzita, botilan egiten bukatu eta osatzen den sagardoa da onena. Horregatik hartzidurak erebat amaitu gabe daudenean botilaratzea da egokiena. Sagardotegi handietan dentsitatea 1000 gr/l baino beherago dagooenean botilaratzen dute. Ni 1001-1002 tartean sartzekoaren aldekoa naiz, pittin hori botilan egin dadin. Gero, botila etzanda eta geldirik, toki ilun eta fresko batean edukita sagardoa egingo da. Horrek bere txinparta eta gustu guztiak ekarriko ditu. Ontziak egurrezkoak baldin badira zer esanik ez! Askoz ere garrantzitsuagoa da hori. Gure etxean, adibidez, muztioa 40-50 egun egoten da ontzian eta gero botilara. Zein tenperaturatan dagoen ere garrantzitsua da; kontuz giro beroekin. Aurten azaro beroa datorrela dirudi eta adi!
Egun on,
mizpira arbola bat daukagu baratzean, eta fruituz bete-bete eginda dago.
Gure aita zenak jasotzen zituen eta lastotan usteltzen edukitzen zituen. Baina ez naiz gogoratzen noiz jasotzen zituen, lurrera erori ahala jasotzen zituen, zenbat denbora edukitzen zituen usteltzen...
Laguntzerik bai?
Aldez aurretik, mila esker.
Mizpira beti lurretik biltzen ikuzi dut. Ez dut gogoan inor arbolatik hartzen purikatzen edo usteltzen jartzeko. Lurrera erori ahala, bildu, ez utzi lur arrastorik edo zikinik hartzen. Bestetik, lastotan baino belar ondutan jartzen dira fruituak ontzen, mizpira bezala sagarrak, madariak eta abar. Itxiagoa eta beroagoa da belar ondua lastoa baino. Zenbat denbora eduki? Belarretan jarritako mizpirak egunero miatu eta purikatu ahala jan azkar.
Zein ilargirekin biltzen diren kalabazak
Kaixo Jakoba! Aurten, lehenengo aldiz, Jack barietate injertatu batzuk jarri ditut baratzean, proba gisan. Tomate landarea oso indartsu dago oraindik ere. Hasieran tomate asko eman ditu (3-4.loraldiak) baina ondorengo loraldietan, tomate asko jaio diren arren, tamaina oso txikia dutela, horitu eta zartatu egin dira. Abuztuan egin zuen bero handi hartantxe ohartu nintzen lehenengo aldiz, baina ondorengo aleetan ere berdina gertatzen ari da. Horitu, zartatu eta erori edo usteldu egiten dira. Ez zait inoiz gertatu eta jakin nahiko nuke honen arrazoia. Eskerrik asko!
Zerorrek ederki deskribatu duzu. Ikusi duzun horixe da arazoa. Bero latz haiek lurra sakoneraino lehortu zuten. Ondorioz aleak ezin hazi. Gero euria etorri eta ura sastraien erara, aleak hazi egin behar eta azala zailduegia izanik zartatu egin behar. Zartatuak zauriak dira eta ez nolanahikoak. Zauri horietatik gaitza sartu eta usteldu. Eta berriro lehortea eta berriro euri handiagoak…
Kaixo, Jakoba: Berastegitik idazten dizut. Azken bost urteetan zizare-luarra zabaldu izan dugu baratzean, baina aurten lagun batek honako hau eman digu eta ez dakigu zer egin: ORGANIA Humifuerza PELLET Con viventia. Hortaz, jakin nahiko genuke baratzerako zein fruta-arbolentzat ongarri egokia ote den eta hala balitz zer kantitatetan zabaldu beharko genukeen. Mila esker eta ongi izan!
Ez dut ongarri hori ezaguzten. Saiatu naiz informazio zehatza eskuratzen baina ez da erraza. Informazio garrantzitsuena ongarriaren jatorria da, Eta saltzaile batek honela dio: “ENMIENDA ORGÁNICA ECOLÓGICA CON EL ACTIVADOR RIZOSFÉRICO VIVENTIA Y CARBONO ORGÁNICO” eta “ENMIENDA ORGÁNICA HÚMICA ECOLÓGICA DE ORIGEN ANIMAL CON LEONARDITA”. Hori dena egia bada ez da txarra. Erabilera dosia gomendatutakoa hauxe da: landaketa berriak (fruta arbolak etab) 250-500 gr aleko. Lehengo landaketetan eta baratzeetan 50-75 gr/m2.
Egin on Badakit gaur goizean perrejilari buruz haritu zarela. Erin behar da ilberan edo ilgoran. Esan dezun fetxan arabera, ilberan ulertzen dut, orrela da? Eskerrik asko
Ez dakit noiz aritu naizen perrexilaz, hainbeste gai eta errepikatuak, baina perrexila ereiteko egun onak ilgorakoak dira. Iraila honetan 24 arte. Urrian 9 eguerditik 21 arte. Eta onenak hosto egunak dira urriaren 15 16:00 arte eta 17 arratsaldea.
Kaixo Jakoba. Errautsa fruta arbolei nola bota azaldu zenidanean, zalantza bat suertatu zitzaidan. Errautsak lurra lehorrzen duela irakurri dut zure azalpenean. Gure sagarrondoak udan oso lehorra den eremu batean bizi dira, neguan ur nahikoa, asko, baina uda guztian ez du euririk egiten, eta bero handia. Komeni da errautsa botatzea? Ez dugu gehiegi lehortuko? Esjerrik asko zure lan txukunagatik
Errautsa neguan zabaldu behar da. Orduan komeni da bere lana egitea, baita udaberrian ere. Bestetik fruitu arbolak sustraiak oso sakonak dituzte eta asko zabalduak. Lehorte larria bada sufrituko dute, baina gainontzean erraz eramango dute lehorte arrunta bat.
Rukula itxura duen belar "txar" bat dut baratzan. Zein landare izan daiteke? Jangarria da? Eskerrik asko
Onena kosk egitea, errukula ederki ezagutuko duzu. Bestea loratzen uztea da, orduan errazagoa da identifikazioa. Informazio gehiago bilatzeko edo beste zerbaitetarako balio badizu hosto borobileko errukula Eruca vesicaria da. Bestea, hosto zorrotzekoa Diplotaxis tenuifolia
Kaixo Jakoba, Getariako eskolan baratza txukuntzen gabiltza eta bankalak egiteko asmoa dugu. Baliabide ekonomiko gutxi dugunez, gu saiatuko gara paleekin eraikitzen. Kontua da, ondoren zerrekin bete ez dakigula, lur zakuak erosten hasi ezkero garestiegia egingo baitzaigu. Bideoren batean ikusi dugu kartoi zatiak, adaxka lehorrak, belarra eta lurrez bete dituztela, baina ez daukagu argi. Agian, koko zuntza ere erabil dezakegu... Eskerrik asko!
Koko zuntza ahaztu. Material oso arriskutsua da; urzale amorrataua izanik. Lehorte txikiena sentitzen duenean landareei sustraietatik barrena ura kentzeko gai da. Pentsatu edozein material organiko ona dela. Azpian adar lodiak jar daitezke, gero meheagoak eta azkenik ttikiak. Horien gainean orbela, kartoia osorik edo txikitua, paper birrindua, baratzeko hondakin berdeak, arto zuztarrak, antxoa buruak, ebaki berria den belarra, belar ondua, garoa, itsasokoa ez den hondarra, lurra, simaurra, luarra… Gainean lurra edo ondo ondutako luarra jarri. Gero lurra irauli gabe bertan lan egin. Eta urtero, etengabe luarra edo simaur ondua eman beharko diozu.
Kaixo Jakoba. Askotan irakurri dizut gaitzen aurka neem, bacilus eta xaboi potasikoa erabilera gomendatzen dezula. Nik aurten Axun ura gehitu diot nahasketa horeri. Gauza da irakurri dudala bacilus-a ezin dela beste erremediorekin nahastu, efektua anulatzen delako. Ez Dakit argitzerik daukazun Eskerrikasko
Bacillus thuringiensisa lasai asko nahasi dezakezu. Eta Neemarekin nahasita izugarrizko konbinazio eraginkorra da intsektuen izurriteen aurka. Horri xaboi potasikoa erantsiz gero tratamendua oso ona izango da, osoagoa eta landarean toki gehiagotara iritsiko denez hobea. Neem olioak intsektuen harren eta beldarren hazkundea eta garapena eragozten ditu eta Bacillusa intsektuentzako pozoi bat da. Baina esandakoa, lasai eman batera. Hori bai gaitzen aurka ez dute balio, izurriteen aurka lan egiten dute.
Kaixo Jakoba!. Nik jakin naiko nuke noiz ahal dudan laroza mazetas aldatu?. Orain dagoen lejuan apurtuta dagoez.
Lan hori berez neguaren amaieran egitekoa da, otsaila amaieran edo martxoa hasieran. Hala ere zure arrosondoaren ontzia puskatuta badago ahalik eta azkarren jarri berri batean. Handixeagoa izan ahal bada hobe, lur berri piska bat erantzi eta gainontzean sustraiak ahalik eta gutxien ukituaz, lehen dagoen era berean sartu.
Egun on Helda leka erein nuen udaberrian eta lendabiziko lekak onak eman zituen bainan gero leka ttiki gogor eta harizu bat ematen du. Zerbait? Zein leka motak dira bertakoak? Eskerrik asko
Berez Helda da Euskal Herri hezerako gomendatzen diren leka barietateetako bat. Leka lehor eta haritsua emateko hori arrazoi ikusten ditut. Hauetakoren bat edo konbinazioren bat. Tenperatura altuak, loreak abortatzea eta lekak deformatu eta zakartzea dakar. Lurrean kare gaindosia izatea. Lehortearen ondorioz lurra elkortu eta zakartzea. Ea horiekin asmatzen duzun arazoaren iturria. Beroa eta lehorra izan ditugu uda honetan. Bertoko barietateak eta ondo egokitzen direnak jagon eta jasotzeko sortu zen ALEKA elkarteak bost leka gomendatzen ditu: Helda, Bina, Buenos Aires, Contender eta Garrafal Oro. Ikusi hemen: https://aleka.eus/product-category/lekadunak/leka/
Kaixo Jakoba. Tximiniako errautsa pilatuta dugu, eta fruta arbolei botatzea ona dela entzun dut. Noiz da garai egokia? Zein onura dakar? Eskerrik asko
Errautsak kaltzioa du osagai nagusia, baina kareak ez bezala, beste mineral batzuk ere baditu. Bere lan garrantzitsuenak hauek dira: lurra harrotu eta lehortu egiten du, lurraren egoera kimikoa neurtzen duen pHa igotzen du lurraren azidotasuna apalduz eta mineral batzuen mugimendua erraztuz (landareak ere errazago hartzen dituelarik) eta kaltzioa erantsita landareak eskuera edukiko du elikagai garrantzitsu hori fruituak hobeak eta iraunkorragoak emateko. Ongarriketa garai nagusia udazken-negua da. Ongarri organikoa (simaurra, luarra…) eta errautsa edo karea ez dira batera eman behar. Batetik bestera ilargialdi bat izatea komeni da, hilabete bat gutxienez. Azaroa-abenduan simaurra eta urtarrila-otsailean errautsa, adibidez.
kaixo Jakoba. Aurten gure sagar uztak ar asko du, tratamenduren bat egitea komeni da, hurrengo urteko uztari begira? Eskerrik asko
Negu partean, hostoak ia erabat erorita daudenetik otsaila arte, olio tratamenduak egiten dira. Bere helburua negua arbolan igarotzen ari diren izurriteen eta gaitzen formak (esporak, arrautzak, harrak, beldarrak, intsektuak…) hiltzea da, hurrengo sasoia garbiago hasteko. Izurritea handia izan bada egiten da tratamendu hori. Gainontzean onena sasoian bertan tratatzea da. Horretarako tranpak jartzen dira eta kopuru jakin bat erortzen denean tranpan orduan izurriak tamaina handia hartzeko arriskua dagoenean tratatzen da. Tratamendu horiek maiatza amaieran eta ekainaren lehen hogei egunetan egiten dira. Produktu ekologikoak hauek erabiltzen dira: Madex, Bactur 2X edo Siena. Arjoaren bigarren erasoaldia izan daiteke uztaila-abuztuan. Orduan ere tranpen bidez jakiten da erasoaren neurria eta erabaki tratatu edo ez. Tranpen informazioa inguruko sagastietakoa izatea komeni da. Bestela fruituzale elkarteren batean edo administrazioan galdetu.
Kaixo Jakoba, nere anturio honek zilar kolorezko orban hauek ditu hostoetan. Zerena izango ote den eta nola sendatu? Bestalde hostoa eta hostoa ateratzen du baina lore oso gutxi, agian arazo biak lotuta daude?
Buztan loreak edo Anturioak behar ditu: argi asko-asko, baina eguzki errainu zuzenik ez; hostoetan hezetasuna eta lurra lehor antzera; beroa. Etxe barruetan bero faltarik ez dugu izaten. Eta hezetasunarena asmatu duzula dirudi, hostoak eman eta eman ari bada. Nik uste dut ongarri falta izango duela. Badira ongarri likido bereziak ureztatzeko urari nahasten zaizkionak. Loretarako ongarria izan behar du (besteak hostotarakoak dira). Ongarri hori lurra ureztatzen duzunero urari nahasi. Ontziak gomendatzen duen dosia baino gutxiago erabili, erdia adibidez, baina ureztatzen duzun oro nahasita eman. Eta ureztatze batetik hurrengora lurrari pittin bat lehortzen utzi. Hostoak bai, hostoak maiz ihinztatu. Loreontziaren azpian platera edo tankerako ontzi batean harri txintxarrak jarri eta beti ura eduki haien artean, ontzia gainean jarriz. Horren inguru hezea bermatuko dio beti.
Orbanena agian izurrite bat da: tripsa. Ez da erraza kentzen. Probatu xaboi potasikoarekin. Ihinztatze urari nahasi 10 litroko 150 gr proportzioan eta eman maiz, hostajea goi eta behe, ezker eta eskubi alde guztietatik ondo blaituaz.
Kaixo gabon!
Arrasatetik idazten dizuegu, baserritar gazte batzuk gara eta zalantza batzukin gabiltza...
Baserri inguruko belardientam, menta belarra, uzta, asuna..... ari zaigu nabarmentzen.
Hortaz gure galdera da noiz modtu beharko litzatekeen. Zuen liburuzketan ilgoran (ascemdente) izan behar dela diozue, beste zenbaitek menguante izan behar dela ere badiote, eta beste zenbait ere entzun ditugu.
Beste zalantzetako bat irea (helecho) galdu ahal izateko jarraitu beharreko pauso egokiak zeintzuk diren .
Orain arteko saiakerek ez dute aldaketa haundirik ekarri eta mezu hau idaztea pentsatu degu.
Aldez aurretik milla esker eta ea laguntzerik baduzuen.
Aio eta ondo izan!
Aipatzen dituzun landare horiek denak gure atzetik doaz. Gure aziendek eta guk uzten ditugun hondakinak maite dituzte. Gure simaurren nitrogeno berriak elikatzen ditu. Beraz oso zaila da lurraren erabilera edota bere osagaiak aldatzen ez badira. Simaurketa nola egiten denaren araberakoa izango da gero bere indarra. Minda likidoa edo ondo gabeko simaurra erabiliz gero indarrean etorriko dira. Eta okerrena dena, belar goxo, fin eta aziendarentzako onenak galdu egingo dira. Belar nahasketa aldatu egiten da eta zakartu. Hor bizi dira, bertan gozo, aipatzen dituzun horiek. Hala ere moztu, landarearen kontra pentsatzen ari zarenez beti ILGORAn. Orduan energia gehiago dago landarearen goiko aldean eta mozten duzunarekin kalte gehiago egiten diozu. Beti pentsatu lurpeko sustraietan dagoen erreserbak akabatu behar ditugula. Erreserba horiek erabiliko ditu moztutakoa berreskuratzeko kimu berriak emateko; hurrengo ilgoran berriro moztu. Hasi maiatzekoan eta abuztukora arte segitzea onena. Garoa edo irea berdin-berdin. Eta kalte egiteko urtero kare bizia eman lurrari, 100-150 gr/m2. pHa igoko da eta hori ez dute batere gustuko. Era berean kareak nitrogeno gaindosi hori mugituko du, jaitsiz.
Egun on Uztaila erdikaldean porruak landatu genituen, eta kostata ari dira hazten. Osin ura edo antzeko zerbait bota nahiko genieke indartu daitezen. Zer litzateke egokiena eta nola egin genezake? Milesker
Landare sanoa, inolako gaitz edo izurriterik gabe etorritakoa dela pentsatuz hasiko gara. Gakoa ongarriketa izan daiteke. Porruak janari asko eskatzen du. ILARGIA ETA LANDAREAK urtero argitaratzen dugun agendan hor duzu “Barazkien ongarri premia” atalean janari asko gehien behar duten landareen multzoan. Nahikoa ongarri, 3 kg/m2 ez badu izan asun urak lagunduko dio. Baita ongarri lehor eta harroa izanez gero porru errenkada tartean banatzeak ere. Beste aukera bat simaur ura egitea da. Ontzi batean simaur ondu gabea jarri eta urez bete, egun bete utzi eta ur horrekin ureztatu; ongarri bera 6-8 aldiz erabili eta berritu.
Gure sekoiari hosto marroiak atera zaizkio, gaixotasunen baten seinale al da? Enborrean jo ezkero, soinu "hueco" a ateratzen du, ez dakit hori ere normala den edo ez.
Sekuoiak ura maite dute, baina ez urasetutako lurrak. Lur itoa, buztintsua edota gogorra bada asko sufrituko du. Sustraietan, ur ugari dagoen tokian onddoak etxean bezala ibiliko dira eta erraz erasotuko dute sekuoia. Hortik etortzen da, jeneralean, arazo hori. Konponbidea ez da erraza. Aukera baldin baduzu gorritutako adarrak moztu eta bertan erre. Lurrari ura kentzen saiatu, lur azalean letorkeen ura desbideratuta, edo drenaia kanalak eginez, adibidez. Lurrean bertan onddoaren aurkako tratamenduak egin daitezke, baina ez dizut gomendatzen onddo gaizto bat kentzeko sekuoiari elikaduran laguntzen dioten beste mordo bat hilko duzulako. Oso zaila da gaitz horri aurre egitea; inguruan ikusiko dituzu antzeko egoeran dauden bat baino gehiago eta asko eta asko hil egiten dira.
Kaixo Jakoba! Piper eta gindilla landareak karakol zuri txikiz josita ditut. Banaka - banaka kentzeko saioak egin ditut baina alferrik. Zer egin dezaket? Bestetik, Kaki zuhaitza jarri nuen orain dela hiru urte. Fruitu ederrez josita zegoen baina erraztasun handiarekin erortzen zaizkio. Ez dakit gabeziaren bat duen edota oraindik gazteegia denez, ezin dituen guztiak mantendu. Hostoek kolore osasuntsua dute baina dagoenekoz 8 bakarrik geratzen zaizkit eta ez dakit ba zer pentsatu...Eskerrik asko!
Izugarrizko izurrite gogorra da barraskilo txiki zuri horiena. Denak pilatuta egoten dira, bat jartzen den tokian atzetik gainontzekoak… Ezagutzen dudan aukera eraginkorrena zeure hori da: eskuz biltzea, baina lan handia da, eta egun gutxiko tartearekin errepikatu egin behar da. Probatu nahi baduzu saiatu xaboi potasikoarekin. 5 litro uretan 100 gr xaboi erantsi, irabiatu eta ondo nahasi. Horrekin busti ondo barraskiloak eta egunero edo biz behin errepikatu. Gustura jakingo nuke emaitzaren berri.
Badira bi urte baratzeko tomateak beratzen edo gorritzen ez direla. Bero handiko eremu batean dut ortua, Arabako hegoaldean. Zer egin nezake gorritzen laguntzeko? Esker mile
Hasteko tomate barietatea zein den zehatz mehatz jakin beharko zenuke. Barietate batzuek verde irauteko joera dute. Onena zenuke inguruan, bertoko barietateren bat lantzen duen nekazariren edo mintegiren batengandik landarea eskuratzea. Honela zihur badakizu lurralde horretan zikloa ongi osatzen duen barietate bat lantzen duzula. Tenperatura altuegia ere izan daiteke arazoa. Tenperatura bajuek eta argi faltak eragin dezakete ez gorritzea, baina baita tenperatra altuegiek ere. Bestetik, ongarriketa desoreka batek ere eragotzi dezake gorritzea; gehiegizko ongarriketa batek, adibidez.
Babarrunen azala ebakita agertzen denean zergaitik da?
Nire ustez uraren estresa da. Hau da, ura izan dute hazteko. Gero azala sortu eta lehorte egun batzuetan azal hori zaildu, gogortu egin da. Gero berriz ura etorri da eta berriz hazteko aukera izan dute, orduan hazteko aurreko azala zartatu egin behar. Beste barazki batzuekin ere gertatzen da antzekorik: tomatea, patata…
Kaixo. Avilan errege sagarronfoak ditugu. Eremu oso lehorra da udaran , eta beroa eta haizea dela eta erortzen ari zaizkigu. Orain horitzen hasi dira, baina ez daude guztiz gozoak ere. Hemengo jendeak esaten digu jasotzeko, eta etxean lurrean zabaldu ezkero hobtzen jarraituko dutela. Hau horrela da? Ilargi egutegian, egun hauek fruta jasotzeko egokiak direla dio, zer iruditzen zaizu? Eskerrik asko zure lanagatik, asko estimatzen dugu
Errege sagar horiek, baldintza arruntetan, noiz heltzeko ohitura duten jakin beharko litzateke. Dagoenerako horitzen hasi badira erortzeko bideari ekin diotela esan nahi du. Horitzea agian lehorteagatik gertatzen da. Horrek, baina, ez du esan nahi sagarrak helduta daudenik, eta gutxiago gozatuta. Zalantza baduzu, eta uzta galtzeko arriskua ikusten baduzu hobe da arboletik bertatik jasotzea lurretik baino. Beraz erortzen jarraitzen badute bildu eta toki fresko, ilun eta aireberritzen den batean jaso, zabal-zabal eginda. Sagarrak irautea nahi baduzu onena ilbeheran jasotzea da eta fruitu egunetan.
Egun on! Ezin dut aurkitu zatuketan hitza hiztegietan. Uste dut badakidala zer den baina aurkitu ere ez egitea…
Zatuka sorta da eta lan honetan bereziki erabiltzen dena. Hemen duzu Euskaltzaindiaren orotariko hiztegiko sarrera:
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545