Noiz moztu behar da urkia oholak egin eta tallatzeko?
Iraupenari begira ahalik eta izerdi gutxienarekin moztea litzateke egokiena. Horretarako hiru baldintza betetzea da egokiena. Lehenik, negu-neguan moztu, izerdi gutxiena dabilkien garaian. Bestetik ilbehera da onena. Eta hirugarrena, ilbeherako sustrai egunak dira aproposenak. Urtarrilean edo otsailean moztu. Urtarrilean ilbehera 12tik 26 eguerdira arte izango da eta sustrai egunak 19, 20, 21 eta 22 eguerdira arte. Otsailean berriz, ilbehera 8eguerditik 22ra artekoa izango da eta sustrai egunak 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18.
Gaur arte erantzundakoak (917 galdera-erantzun)
Noiz komeni da kimatzea geranio gitanilla? Ilbeheran egin beharreko lana dela ulertu dut, baina zein dira egun egokienak?
Huntza geranio edo geranio zintzilikaria udaberriari begira inausi behar da. Izerdi berria datorrenean. Luberritzen denean ihartutako adarrak, izotzak erretakoak eta luzeegi dauden adarrak moztu. Azken horiek bizirik badaude aldaxkak egin eta ugaltzeko erabili. Inausketa beti ilbeheran egin behar da eta ahal baduzu sustrai egunetan, Ilargiaren Egutegian topatuko dituzu horiek.
Kaixo, aurretik baratza zen baino 3 urtetan zehar sasipean egon da lur sail bat eta udaberrirako prestatu nahi degu. Sasiak kentzean lurra biluzik eta harrotuta geratu da. Ximaurra bota eta ongarri berdea landatzea komeni zaigu? Ze ongarri berde gomendatzen diguzu?
Nik simaurrik ez nuke emango. Laharpean egondako lurrak harroak eta aberatsak dira. Aberastasun horri eusteko eta lur azala ez zokortzeko ongarri berdea da egokiena. Nire ustez hemen lur gehienetan lan onena egiten duena oloa eta txirta nahasketa da. Oloa esaten den tokian garagarra edo zekale izan daiteke, baina oloak sustrai sakonenak luzatzen ditu. Txirtaren ordez pagotxa ere erein daiteke.
Azken aldian, soroa , menta eta anduraz betetzen hari zait eta ez dakit zein den hauek kentzeko momenturik egokiena.
Menda (Mentha spp.) eta andura (Sambucus ebulus), biak ala biak, lur gizen eta aberatzetan hazten dira. Nitrogeno asko dagoen lurretan. Hau da, animaliak edo haien simaurrak ugariak diren tokietan. Hasteko nitrogeno hori nola apaldu pentsatu behar da eta bitartean moztu eta moztu. Kentzeko momentu bakar bat ez dago. Onena litzateke sustrai eta guzti ateratzea, baina hala ere berritu egingo da. Nahi baduzu ateratzen jarraitu edo bestela moztu eta moztu. Mozketa beti ilgoran egitea komeni da, egiten zaion kaltea ahalik eta handiena izan dadin. Moztearen helburu nagusia sustraietako erreserbak akabatzea da. Hasi mozten udaberrian eta udan bakoitza azaldu ordurako.
Noiz izango da kiwiak biltzeko egunik onena?
Bildu eta jasotako kiwien iraupenean pentsatzen ari bazara, hobe duzu ilbeheran biltzea. 2022 honetan azaroan 12tik 25era izango da eta abenduan 10etik 23ra. Egunik onenak azaroan 19 eta 20 eta abenduan 16, 17 goiza, 18 eta 19 goiza izango dira.
Bila ibili ostean, ez dut topatu Aegopodium podagraria landarearentzako euskal izenik. Gazteleraz eta frantsesez baditu izenak. Euskarazkorik ezagutzen?
Ez dut euskarazko izenik ezagutzen. Nik frantsesari jarraiki Ahuntz-oina” esango nioke. Bera da izen zientifikoaren esanahi zuzenena, baita ere. Aegopodium horrek horixe dio ahuntzaren oina, hostoek harekin duten antzagatik.
Kaixo
Jakobari galdetu nahi nioke, ea hurritz Makilak egiteko ze hillabete den egokiena eta ilbehera edo ilberri, izan behar duen.
Eskerrikasko
Esaerak dio urrian hasten den ilgoran ebaki behar direla hurritz makilak. Ilgora hori urriaren 30ean hasiko da eta azaroaren 12 arte luzatuko da. Hurrengo ilgora ere ez da txarra izango, azaroaren 27tik abenduaren 9ra artekoa.
Kaixo, Jakoba; jakin nahi nuke ze egu den egokiena baratxuriak eraiteko eta ze tarte utzi behar da??
Eskerrik asko
Baratxuria azaroan hasi eta otsaila amaiera arte erein daiteke. Udazkenean ereindakoak burua egiteko izan ohi dira. Denbora tarte horretan denean freskotan edo berdetan jateko ere erein daiteke. Errenkaden artean 20-25 eta aletik alera 10-12 zentimetroko tartea utzi. Berdetarako edo fresko jateko jarri nahi baduzu burua oso osorik sartu dezakezu. Burutarako hobe aleka. Ereintza hori ilbeheran egin behar da eta ahal baduzu sustrai egunean. Azaroan ilbehera 12arratsaldetik 25era izango da eta sustrai egunak 19 eta 20. Abenduan, berriz, ilbehera 10etik 23ra eta sustrai egunak 16, 17 goiza, 18 eta 19 goiza izango dira.
Noiz jaso ondo konserbatzeko, Irañeta, Nafarroan bizi dira
Bi baldintza kontutan izan. Batetik ahalik eta beranduen, fruitua arbolean den artean aberasten ari delako. Bestetik Izotza egin aurretik. Izotzaren beldur ez bazara utzi lasai arbolean bertan. Izotzak datozela jakin arazten dutenean aurretik bildu. Luze irauteko ahal baduzu ilbeheran jaso.
Gabon. Mizpirak jasotzeko zein egun da onena? Eskerrik asko
Mizpira ez da beste fruituak bezalakoa. Sagarrak, adibidez, jaso eta ahalik eta gehien irautea nahi dugu. Mizpira aldiz purikatuta, erdi ustelduta, jaten dugu, orduan baita benetan gozoa. Hala ere irautea nahi baduzu ilbeheran jaso beharko zenuke; purikatzea nahi baduzu ilgoran. Urriaren 16 arte ilgoran gaude, 16tik 29ra ilbehera izango da eta 30etik azaroaren 12 arte ilgora. Irauteko egun onenak sustrai egunak dira: urriaren 23, 24 eta 25. Purikatzeko, aldiz, fruitu egunak: urriaren 11, 12, 30 eta 31 eta azaroaren 7.
Noiz erein dezaket ilarra? Zein egunean?
Ilarra udazkenean eta neguaren hasieran ereiten da. Lehenak irailaren erdia aldera eta azkenekoak otsailean. Ilar barietate batzuk oso altuak egiten dira eta ziklo luzea dute. Beste batzuk motzak dira eta azkarrago hazten dira. Barietatearen arabera erein. Ziklo luzekoak lehenik eta ziklo motzekoak azkenak. Beti Ilgoran erein eta fruitu eguna bada hobe: urriaren 11, 12, 30 eta 31 goiza, azaroaren 7,26 arratsaldea eta 27, abenduaren 4 arratsaldea. Ilargiaren egutegia eskuera baduzu begiratu Ilgorako lore egunak, horiek ere ez dira txarrak.
Arratsaldeon.
Dagoeneko negurako zuhaitzen aldaketarekin pentsatzen hasia nago eta aurten gaztainondo batzuk aldatzea gustatuko litzaidake.
Zuri entzuna dizut Iparraldean badela norbait urte luzeetan haziak gorde eta zuhaitzak dituena.
Eskertuko nizuke bere berri emango bazenit, helbidea, telefonoa.. .
Mikesker aldez aurretik
Iparraldean lan hori egin duen mintegia Lafitte da, Lekornen du egoitza, baita salmenta gune haundi bat Baionako sarreran ere.
Kaixo!!!!!
Baratzeko landare ezberdinen hazi bilketa eta konserbazio ikastaro bat egitea gustatuko litzaidake, zein gomendatuko zenidake????!
Eskerrikasko
Unai
Hona bide batzuk, ea nahi duzuna topatzen duzun.
1.- Donostiako Cristina-enea Fundazioari lotutako HAZIERA egitasmoa: https://www.cristinaenea.eus/eu/haziera-proyecto-haziera
2.- Euskadiko Hazien Sarea
https://haziensarea.org/eu/hasiera/
3.- Nafarroako Hazien Sarea
https://redsemillasnavarra.com/
4.- Espainia, Euskal Herria, Galizia eta Catalunyako Hazi Sareen sarea
https://www.redsemillas.info/presentacion/contactos-de-la-red/
5.- Sagarrondoekin eta abar lanean ari dira Abbadia Gazteluan. Ea hemendik kontaktu zuzena lortzen duzun.
https://cpie-euskal-itsasbazterra.eu/
Noiz jasotzen da lupuloa. Errenterian dago landatua
Nik ez dut zuzenean lupuluaren uzta ezagutu. Horretan ibili derenek diote arte bat dela uztaren une egokia aukeratzea. Lupulu lorearen barruan garatzen den lupulinaren usainaren arabera erabakitzen da. Horrek gero non erabiliko dugunari (sagardoa, garagardoa...) usain hori erantsiko dio. Abuztuaren amaiera eta iraila aipatzen dira; barietatearen, landarearen adinaren eta eguraldiaren arabera aldatuko da eta zeuk eman nahi duzun gustu horren arabera...
Bela Zuriaren loraldia
Egun on denoi, espatafilo honek ez dozta lorerik emiten nahiz eta ongarria bota. Zer egin?
Bela zuria deitzen Diogu Spathiphyllum wallisii landare horri. Nik oso ondo ikusten dut. Again denbora pixka bat itxaron beharko duzu. Ikusten denez lehengo lorea berdetzen ari da. Hori erabat zimeltzean hasi dezake hurrengo loraldiaren zikloa. Bitartean ongarritu bai baina agian luberritzea ere komeniko da. Lur guztia aldatzea, alegia.
SAGAR MUZTIOA KONTSERBATU
Kaixo Jakoba,
Erantzuteko tartetxo bat baduzu, galdera bat egin nahiko nizuke.
Sagar bilketa hastekotan gaude eta muztioa egiteko asmoa dut. Litroko beirazko botila batzuk erosi ditut (argazkiak eransten dizkizut).
Zein da, zure iritziz, modurik onena muztioa botila horietan kontserbatzeko? Nola egin nezake "Baño maria" botila mota horrekin?
Ba al dut etxean beste modu hoberik muztioa botila horietan kontserbatzeko?
Eskermila zure denboratik, zinez estimatua!
Besarkada bat.
Ez naiz gai horietan espezialista baina ezagutzen dudana azalduko dizut. Kontserbatzeko tenperatura jakin bat harrapatzea eta horretan zenbat denbora mantentzea da gakoa, bakterioak hiltzeko. Errazena pasteurizatzeko makinatxo bat eskuratzea duzu (baserritarren kooperatibetan alokatzen dituzte). Horrela botila horietan sartu aurretik muztioa 75-80 gradu artean jartzen da eta zuzenean bete eta taparekin itxi egiten da. Tenperaturak garrantzi handia du: tenperatura bajuetan muztioa freskoagoa eta fruta gustu handiagoa izango du. Tenperatura handiekin konpota gustua hartzen du. Botila bete eta ahalik eta azkarren itxi behar da. Gero etzanda jarri, barruko muztio beroak tapa ere berotu dezan. Gero hoztu denean tapa barrurantz sartuta egongo da. Ondoren nahi bezala jaso.
Beste aukera zeuk aitatu duzun Maria Bainua da. Horretarako botilak muztioz bete, ondo itxi eta uretan sartu behar dira. Gero ur hori irakiten jarri eta muztio guztia eraman behar da tenperatura horietara. Botilaren barruko likido osoa berotzeko konpota gustu hori hartuko du.
Zer egin dezaket azelgetatik zer kos pora uxatzeko?
Argazkiko hori ez da zerkospora, zorria da, zorri beltza. Zerkospora onddo batek sortutako gaitza da. Gaiza, ez zomorro edo izurrite bat. Hor gazbi ikusten dira zomorroak- Tratamentu intsektizida egin behar duzu: Bacillñus thuringiensis, Neem olioa edo esentzia eta xaboi potasikoa. Lasai eman garbitu arte. Bitartean jateko inolako arazorik ez duzu.
Sua egiterakoan keroxeoa eta egunkaria erabiltzen badut, errautsa kutxatuta egongo da?
Kerosenoak metal astunak ditu (Beruna, Kadmioa…), eta nik ez nuke erabiliko baratzean edo lorategian, lurra betirako kutsatzeko arriskua ekiditeko.
Tomate haziak nola gordetzen dituzu?
Tomatea ondo aukeratu, guk nahi ditugun ezaugarriak dituena: dasta eta usain ona, forma egokikoa, azala, kolorea… Sano dagoen ale bat aukeratu. Haziak erauzi. Haziak lika baten antzekoa dauka inguruan bi eratara lehortu daiteke: likarekin toki bero batean jarri, eguzkitan ez, zabal-zabal eginda likan lizuna ez sortzeko. Lika kentzeko haziak pilatuta ontzi batean jarri toki beroan baita; usainarekin igarriko diozu hartzitzen ari dela; egun pare batera atera eta irazteko sare batean jarri eta uretan pasa garbi-garbi egin arte; gero zabal-zabal eginda jarri eta aste betean lehortuta egongo dira. Paperezko zakutxoetan sartu eta ontzi hermetiko batean sartu hezetasuna bereganatzen duten silikonazko poltsatxo horietako batekin. Toki fresko eta ilun batean eduki edo hozkailuko barazkientzako txokoan.
nola tratatu
Hostoak herdoildu itxura baino gehiago kolorea galdu eta zilar tankerako azala dute. Hori azpian ikusten diren platanondoaren tigreak egiten du. Intsektu horiek ikusten dira garbi hostopeko argazkian. Intsektizida nahasketa hau aplikatu astero garbitu arte: Bacillus thuringiensis + Neem esentzia edo olioa + xaboi potasikoa.
Kaixo
Abuztuan zein dira egun egokienak patata ateratzeko?
Eskerrikasko!
Patatak luze irauteko ateratzeko egun onenak ilbeherakoak eta sustrai egunak dira. Abuztuaren 23tik irailaren 5 eguerdira arte da ilbehera, dena ona, baina onenak sustrai egunak: abuztuaren 29, 30 eta 31 eta irailaren 1 arratsaldeko 13:00 arte.
Egun on Jakoba
Zuri galderak luzatzeko hau omen da bideetako bat, horretaz baliatuko naiz.
Hagin zalea naiz, hazitik landarea sortu eta zuhaitza nola bihurtzen den ikustea ikaragarria da niretzako.
Gauza da duela hogei bat egun sano sano zeuden haginetako bat zimeldua topatu duda la oporren bueltan. Zure iritzia jakin nahiko nuke, lehortea izan daiteke? Ondokoek ez dure igerri
Herbizidaren batek kaltetu ote du?
Lur desegokia?
Eskertuko nuke zure iritzia emango bazenit.
Eskerrik asko
Ander
Zorionak zure haginzaletasunagatik!
Hebizidarena ez dela dirudi; inguruko belarretan ere igarriko litzateke, haginean baino nabarmenago gainera, bere eragina.
Lehortea izan daiteke horrela ihartzearen arrazoia. Bestela ikusi beharko litzateke inguruko belarrak mozterakoan enborraren oineko azalari kalteren bat egiten zaion; oso ohikoa da sastrakak kentzeko eskuko makinarekin edo bestelako makinekin azala jo eta zauritzea…
Haginak lehortzen ikusi izan ditut txakurren pixaren eraginez ere… Ikusten al duzu txakurrik berari pixa egiten? Baten egin eta atzetik denek han utzi behar izaten dute bere usaina… Eta hagina erre egiten da. Horretarako beste landare gehienak baino ahulagoa da.
Arratsalde on Jakoba! Ortuko baiña, piper eta tomatieri, justo lurre susterraz batzen dan puntuen, atxikituteko argazkiko hori urten jakie. Zer izen al dan? Zer ein geinke?
Eskerrik asko aldez aurretik,
Jon Arzubia
Nire ustez lepoko gaitza da. Berozaleak diren landareen lepoan onddo batek eragiten du. Onddoak garatzeko hezetasuna behar dute eta arazoaren iturria horixe dela esango nuke. Ureztatzen ari al zara? Gehiegi ureztatzen ari al zara? Nahiz eta tamainan ureztatu lurra ez al da behar bezala drainatu eta lehortzen? Landareak itsatsi ondoren ez eman urik.
Kaixo jakoba, perexila noiz erein daiteke?
Perrexila ilbeheran ereitea komeni da, ahalik eta beranduen, ahal dela hurrengi urtean garatu eta loratu dadin. Ekainaren 29an sartuko gara ilbeheran eta uztailaren 12 arte luzatuko da. Ilbehera osoa izango da egokia, baina egun bereziki onak uztailaren 1 eta 10 izango dira.
Egun on,
Ekaina bukatzerako, ilarrak atera ondoren, posible izango litzateke patatak ereitea? Edo oso berandu da.
Mila Esker!
Oso berandu da. Apirilean edota maiatzean ereiten da, bero handiak etortzen direnerako bildua izateko. Uztaila erdirako gutxi gora behera. Nahi izatera saioa egin eta uztailean patataren zarba gorritzen ikusten baduzu, txikiak atera eta berria bezala jan. Hala ere lekadunen ondoren ondoen etortzen diren landareak hostoak baliatzen dizkiegunak dira: uraza, eskarola, zerba, ziazerba, azak… Eta ilarra kentzerakoan zarbari tira eta ez atera. Moztu eta sustraiak bertan utzi.
Ze distantzira sartu
BIZI BARATZEA liburuan babarrunaren fitxan jartzen duena ekarriko dizut:
Arba, makila edo parda jartzeko, errenka batetik bestera 70-90 cm tartea utzi, eta zulotik zulora 50 cm-koa. Zuloko 4-7 ale bota.
Babarrun motza ereiteko, makilarik behar ez duena, errenken artean 60-70 cm eta zuloen artean 40-50 cm utzi.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545