Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kaixo Jakoba! Etxerako ekoizten duen baserritar txikia naiz, eta kalitatea ikaragarri estimatzen dudanez, saiatzen naiz dena ekologikoan egiten, Oraindik denbora gutxi daramat eta zalantza askorekin egiten dut topo. Horiekin lotuta, hiru galdera egingo dizkizut:
Bi urte inguruko sagar landareak ditut aurrez pinudia izandako tokian sartuta. Lurra nekatu samar dagoela deritzot, ez baitira asko hazten. Satsik ez dudanez, zein mineral klase bota niezaioke?
Adarrak kimatzea txarra dela aditua dizut; hala ere, adarrak okertzea komenigarria da?
Gaixoa sartuta daukan gaztaina landareak hesoletarako iraupen aldetik gorabeherarik badu?
Kaixo Xabier. Pinudiak lurra erabat azidotuta uzten du eta horri buelta eman behar zaiola iruditzen zait. Horretarako satsa baino hobea da karea: pHa bere onera ekarriko du eta lurrean bertan kateatuta dauden elikagaiak askatuko dira.
Ahal izanez gero sagarrondoei adarrik ez kimatu. Okertzea naturala da, eta fruta emateko teknika egokia.
Gaitzak jotako gaztainondoaren egurrak ez du zertan makalagoa izan behar hesoletarako. Zuhaitza eraitsitakoan materiala zein egoeratan dagoen ikusiko duzu. Iruditua –ihartu, bigundu, harrotu eta beratu antzekoa– edo alferrik galdutako zatiren bat badu gupidarik gabe kendu.
Gaur arte erantzundakoak (112 galdera-erantzun)
Kaixo Jakoba, Alegiatik idazten dizut, jardin batean camelia bat dut, altura 2.5 metrokoa eta zabalean lehengo urtean podatua! Tokiz aldatu nahi dut eta jakin nahiko nuke noiz eta nola egin, lurrean izango litzateke berriz eta toki goxoan, zermoduz onartzen dituzte toki aldaketak cameliak, eskerrikasko
Ez da bizitokiz aldatu zalea kamelia. Egokiena urtebeteko tartearekin egitea da. Hau da, aurten loraldia amaitzen denean, martxoa-apirila giroaren arabera, kimu berriak hazten diren bitartean bere inguruan, metro bete edo handixeagoko diametroko zanga bat ireki, aitzur arruntaren zabalerokoa eta 40 bat zentimetro sakonekoa. Hor sustraiak ebakiko dira. Bete berriro zanga lurrarekin eta uda partean zanga hori ureztatu. Ureztaketa urari sustraitzeko hormonak nahastuz gero hobe. Hormonak kimikoak, slatzen direnak, edota etxean egindakoak (dilistak paper bustian ernetu batidoran urarekin txikitu eta ureztaketa urari hori nahasi) izan daitezke. Hurrengo loraldiaren ondoren zuloa berriro ireki, suabe-suabe hor egongo dira eta sustrai berriak, horiek hautsi gabe. Lur guztiarekin ateratzen saiatu eta beheruntz dituen sustraiak moztu beharko dituzu. Bizitoki berrian lur-zepeloiaren tamainako zuloa prestatu eta jarri. Ahal baduzu lehen zuen orientazioa errespetatu, iparra, orain ere iparrera. Ez du gustuko eguzkitan egotea, itzala nahiago du.
Kaixo Jakoba, Herrian baloiarekin aritzeko kantxa bat dugu ibaitik nahiko gertu. Askotan baloiak ibaira edo ibai baztarrera erortzen direnez, landare hesi bat jartzea pentsatu dugu. Behekaldean hostotsua izatea eta urte guztian hostoa ez galtzea baloratuta, 3 landare hauek topatu ditut: arbustu arrunta, erramua eta txorbeltza. Beharbada ezpela ere bai? Zein izango litzateke zure gomendioa? Konbinazio bat eginez, erramua atzean eta arbustua aurrean agian? Eskerrik asko aldez aurretik,
Denak dira egokiak, baita ezpela ere. Zein alturako hesia osatu nahi dezuten da galdera nagusia. Ezpelak adibidez urte asko behar du altura pixka bat izateko. Azkarrena haziko dena arbustu arrunta litzateke. Altua nahi izanez gero erramua ere ez da txarra. Koniferoren bat ere pentsa daiteke: Leilandia, Chamaecyparisa… Bi lerrotan diozun eran jartzea ez da txarra.
Kaixo, Noiz izango dira larrosa eta mugurdia kimatzeko egunik egokixenak?
Non bizi direnaren arabera izerdi berria sumatu ordurako orduan kimatu; martxoa aldera izango da. Aurrez ez, hotzen sasoia bere horretan igarotzea da onena. Egokiena ilbeheran eta sustrai egunean moztea da.
Egun on Jakoba Dimako eskolatik urtero zuhaitz egune ospatan dogu. Aurten zuhaitzak landatuteko egunik onena zein izingo litiken jakin gureko geunke, ahal dala urtarrila eta otsaileko egunik onenak esan, mesedez. Eskerrik asko
Urtarrilean edo otsailean landatu nahi baduzute, hostoa galtzen duen zuhaitza behar du izan. Egunik egokienak ilbeherakoak dira, baina onenak sustrai egunak. Urtarrilean ilbeheran gaude eta 26an amaituko da, eta sustrai egunak gaur 20, 21 eta 22 goiza izango dira. Otsailean ilbehera 8 eguerditik 22ra izango da eta sustrai egunak 15, 16, 17 eta 18.
Kaixo Jakoba. Ortu bazter batean sahats arbola handi bat daukagu eta itzala ere halakoxea egiten du. Kimatu egin nahi dugu, bolumena kendu, horrenbesteko itzalik egin ez dezan. Galdera da, sahatsari adarrak behetik moztea ona al da? Ala hobe puntak bakarrik moztea? Ez dugu ihartu nahi edo indar barik utzi nahi; badauzka urtetxo batzuk, baina erreka gertu dauka eta sasoi onean dago; hala ere gure beldurra da asko moztuz gero, ihartu ez ote zaigun egingo. Kimatzekotan, noiz da sasoi ona? Eskerrik asko.
Adar puntak mozteak ez du ezer konpontzen, hurrengo urtean aurten bezala egongo da… Adar handiak moztuz gero zauri handiak geratuko dira eta laster da enborra barrutik usteldu eta hustua. Sahatsa berez ederki adarberritzen da, kimu berriak botatzeko gaitasun handia du. Eta egindako zauri horien azpitik ondo jantziko da. Arazoa da zauri horien gainean ez dela utzi behar adar berri horiek handiak egin daitezen. Gehienez ere bi urtetik behin moztu beharko dituzue. Berritu eta moztu ziklo amaigabe batean sartuko zarete. Hori egiten ez baduzute zartatu eta erortzeko arriskua.
Lorontzi batean dudan kala bat zatitu nahi dut, beste lorontzi batean ere jartzeko. Hori orain, neguan, egiterik ba al dago?
Ohiko kalak abuztuan banatu eta ugaltzen dira. Orain indarrean dago eta kalte handia egingo zenioke. Onena hurrengo uda arte itxarotea. Beste aukerarik ez baduzu, egin baina kontu handiz egin: lur guztia kontuz kontuz kendu eta lurpeko patatak bere hosto kimu beredeekin banatu eta landatu. Gero toki babesean jarri udaberria iritsi arte. Koloretako kala txikia baldin bada bai. Horiek neguan deskantsuan egoten dira eta orain banatu daiteke.
Etxe bueltan landare hesia jarrita daukagu aspaldi eta tamaña handia dauka, 2 metro pasa. Inausi behar denean lan handiak ematen digu eta iñoiz ikusi izan dut metro bete inguruan ebakitakoak. Egiterik ba al dago? Eta egitekotan noiz?. Gainera argazkian ikusten den moduan leku batzuetan ostoak galdu eta arre kolorea hartzen du, zerbait egin genezake?.
Horrelako hesiak egiterakoan oinarrizkoa da kontutan izatea zein lan emango zuen gero mantentzen. Garaieraren arabera lan hori nekeza, oso nekeza edo eraman ezina izango da. Bere lanerako (muga egiteko, zerbait ezkutatzeko…) garaiera hori ez baduzu behar lasai moztu nahi duzun altueran. Ondo hausnartu zein altueran izatea nahi duzun, eta mozterakoan urtebetean haziko dena kontutan izan eta hori beherago moztu., beti ere eskuera mozketa erraza izan dadin. Inausketa hori egiteko sasoi onena izerdi berriaren hasiera da, ez bada toki oso hotz batean martxoko ilbeheran. Indarrez biziberritzeko ongarritu ondo, onena orain udazkenean. Hosto arreena gertuagotik jarraitu beharreko gaia da. Agian lurreko onddoren batek sortutako gaitza da, edo hostaje handiaren barruan batzuk ihartzea… ea ebakialdi berriaren ondoren zer gertatzen den arretze horrekin.
Kaixo, Jakoba. Orain hogei egun inguru eraztundu zaigun Eskobare kerten baten neurriko Jupiter zuhaitza degu eta bere azalarekin zubi-txerto moduko bat egin genion segituan eraztunaren inguruan. Konturatu gera hostoak galdu dituela eta azken adarretako azala badirudi lehortzen ari dela -txertotik gertukoak ez du halako zantzurik-. Zalantza hauek sortzen zaizkigu: - Nola jakin txertoa bere funtzioa egiten ari den? berria egitea komeni da? hala bada noiz eta mota bereko beste zuhaitz baten azalarekin egin daiteke? edo hobeto adartxoekin egitea? bideragarria da bi motako txertaketak egitea aldi berean, azalarena eta honen azpi-goitik adartxoekin? zein da (dira) aukerik egokiena gure egoera honetan? Milesker.
Arbolari buelta osoan azala kentzea oso zauri larria da, gerrikotzea edo gerrikoa egitea da. Zalaren txertoak ondo hartzea oso zaila da, batez ere azala gogortua daukaten enborretan. Agian zubiarena egitea egokiagoa da. Nik azalarena mantenduko nuke eta zubiak egin. Neguaren amaiera aldera, martxoko ilbeheraren amaieran, lehen egindakoa azalarena lehortu eta askatzen bada kendu, goiko eta beheko ebakiak berritu eta berriz jarri, azal berri bat. Eta azal horren azpiagotik goraxeagora adar gazte indartsuekin zubiko txertoak egin. Txerto horiek egiteko indarrean dagoen espezie bereko arbola bat bilatu beharko duzu.
Zuhaixka txiki hau, artzea, joan den udaberrian sartu genun, gure ustez leku egokian eta behar zuen sustrato azidodunagaz, baina nahiz eta orain arte poli polita egon den, hostoak galtzen ari da eta lehortzen....gainera ez dogu kokorik sumatuten ....Zer egin daikegu ??? Eskerrik asko, Maite
Astigarrak ez du itxura txarrik. Nik uste dut klimari lotutako egoera bizi duela: lehorteak jo du, haizeteak… Hostoak galtzearena ere horrekin lotuko nuke. Hostoak erori aurretik astigar japoniarren kolore aldaketa da une ikusgarriena, eta aurten hosto gutxiagorekin iritsiko da sasoi horretara. Egin dezakezuna da lehen urte pare batean ureztaketa zaindu eta ongarriketa ez ahaztu.
Kaixo Jakoba!. Nik jakin naiko nuke noiz ahal dudan laroza mazetas aldatu?. Orain dagoen lejuan apurtuta dagoez.
Lan hori berez neguaren amaieran egitekoa da, otsaila amaieran edo martxoa hasieran. Hala ere zure arrosondoaren ontzia puskatuta badago ahalik eta azkarren jarri berri batean. Handixeagoa izan ahal bada hobe, lur berri piska bat erantzi eta gainontzean sustraiak ahalik eta gutxien ukituaz, lehen dagoen era berean sartu.
Gure sekoiari hosto marroiak atera zaizkio, gaixotasunen baten seinale al da? Enborrean jo ezkero, soinu "hueco" a ateratzen du, ez dakit hori ere normala den edo ez.
Sekuoiak ura maite dute, baina ez urasetutako lurrak. Lur itoa, buztintsua edota gogorra bada asko sufrituko du. Sustraietan, ur ugari dagoen tokian onddoak etxean bezala ibiliko dira eta erraz erasotuko dute sekuoia. Hortik etortzen da, jeneralean, arazo hori. Konponbidea ez da erraza. Aukera baldin baduzu gorritutako adarrak moztu eta bertan erre. Lurrari ura kentzen saiatu, lur azalean letorkeen ura desbideratuta, edo drenaia kanalak eginez, adibidez. Lurrean bertan onddoaren aurkako tratamenduak egin daitezke, baina ez dizut gomendatzen onddo gaizto bat kentzeko sekuoiari elikaduran laguntzen dioten beste mordo bat hilko duzulako. Oso zaila da gaitz horri aurre egitea; inguruan ikusiko dituzu antzeko egoeran dauden bat baino gehiago eta asko eta asko hil egiten dira.
Haritza moztu al daiteke, altuera gehiago hartu ez dezan? Posible bada, noiz eta nola? Eskerrikasko
Landare bakoitzak altuera bat hartzeko joera dute, berezkoa. Lur eta klima baldintza egokiak baditu beti izango du altuera horretara heltzeko gogoa. Altuerarako joera mozteak esan nahi du inausketa hori errepikatu egin beharko duzula. Urtero edo gutxienez bi urtez behin. Mozteko puntua non den erabakitzeko pentsatu hortik emango dituen altsuma indartsuak noraino haziko diren, hori izango baita bere altuera. Inausketa hori egiteko sasoi onena neguaren amaiera da, sasoi berria mugituko duen izerdi berria laster etorriko zaionean, horrek eragingo baitu egiten dizkiozun zauriak bizkor orbaintzea. Itsas inguruan bada otsailaren amaiera aldera. Toki altu eta hotzean bada martxoaren erdia aldera; beti ere ilbeheran.
Zer egi daiteke, C. Leilandiak inaustetik sortzen denarekin??? Mila esker.
Inausketa hondakin guztiak berrerabili beharko genituzke. Adar lehorrak balira su egurretarako, adibidez edo txikitu eta landareen azpietarako jarri; honela belar gutxiago, hezetasunari hobeto eutsi eta ongarriketa egingo genuke. Hori ere egin daiteke Leilandeko altzifrearen adar muturrekin. Hobe ondo lehortzen utzi ondoren. Ez baduzu azpitarako tokirik, onena luar pilan nahasi eta usteltzen jartzea. Bera bakarrik ere utzi daiteke bazter batean usteltzen. Honetarako luar edo simaur pixka bat nahastu eta utzi. Bietarako onena txikitu edo birrintzeko makinatxo bat izatea litzateke egokiena.
Santu guztitarako (Azaro 1) nahi ditut loreak, noiz landatu bulboak Eskerrik asko
Kanpoan edo barruan landatu ditzakezu lirio erraboilak. Badakizu lirioa ez dela berozalea, beraz azaroaren lehenean loratzeko asmo hori beretzako ikaragarrizko erronka da, uda osoa izan beharko baita hostotan, bero handienetan… Baina zoriari berea emanez, uztailean eta abuztu hasieran landatuko nituzke nik batzuk ez badira besteak loretan izateko ahaleginean. Hona egun ustez egoki batzuk: uztailaren 9, 10, 19 arratsaldea, 20, 21 goiza, 28 eta 29 goiza; abuztuaren 5, 6, 7, 16 eta 17. Gutxienez bi txandatan landatu
Etxeko loreetan purgoia egin da. Xaboiarekin garbitu ditut, halare berriro azaldu da. Zer egin dezaket? Mila esker Ana
Zorriaren kontrako tratamendu onena xaboi potasikoa da. Urarekin nahasi eta landare guztia, alde guztietatik ondo busti. 4-6 egunero zorriak bukatu arte.
Noiz podatzen da hortensia eta noiz aldatu adarrak ugaltzeko?
Inausketa sasoi onena izerdi berriaren hasiera da, otsaila-martxoa alegia. Orduan moztutako adar muturrak aldaxka bezala landatu eta landare berriak sortzeko erabili daitezke. Orain inausteko berandu da oso. Hala ere muturrean lorerik ez duten adarrak badituzu horiek moztu eta landatu ditzakezu; ondoren lurrari beti heze eutsi eta itzaletan eduki.
Pasa den astean galdera batzuk egin nizkizuen ereinotza landare aldatu bati buruz. Jakin nahi dut, landareari zerbait iñausi edo kimatu behar badiot. Hosto batzuk lehortzen ari dira beste batzuk indartzen, baina ez zazkio ikusten kimu berriak.
Landarea loreontzi batetik aterata landatzen bada gauza bakarra zaindu behar da lehen urtean: ordura arteko antzeko baldintzak izatea. Itsatsi eta sustrai berriak eman artean batez ere ureztaketa zaindu, ontzian zenean bezala: astean behin, bitan… Landarea lurrean bizi bazen eta handik atera eta beste nonbait birlandatu bada, sustrai mordo bat galduko zuen. Orduan bai, proportzio beretsuan hostoak kentzea komeni da. Hala ere hosto batzuk galtzea ez da harritzekoa. Kimu berriak indartzean soilik emango ditu. Lehen urtean sustraiak ematea komeni da, eta kimurik eman gabe igaro dezake.
Kaixo! Urtero maiatzean palmerari zahartutako arramak moztu izan diogu. Araza batzuk medio garaia pasatu zaigu. Aurten noiz komeni zaio arrama horrek kentzea?
Orain egin lasai. Oraindik maiatzeko giroa dugu eta palmondoak ez du beroarekin sufrituko. Ilbeheran egin eta ahal izanez gero sustrai egunetan. Ilbeheran gaude eta ekainaren 21ean amaituko da. Sustrai egunak 15, 16 eta 17 izango dira.
Arratsalde on Jakoba. Orain dela hilabete batzuk larrosa haziak erein nituen. Baina ez da ezer atera. Porrota hutsa. Gero, esan didate gaizki egin nuela, larrosa haziak ez direla lurrean zuzenean erein behar, beste prozesu bat egin behar dela aurretik (zer prozesu den hori azaldu gabe). Orain, badituk beste hazi batzuk eta jakin nahiko nuke zein den hazi horiek ereiteko modu egokia. Eta noiz. Mila esker.
Arrosondoaren haziak azala gogorra du, oso gogorra. Ereite sasoia etorri arte nola jaso da gakoa. Bi baldintza bete behar ditu: hotza eta hazia heze egotea. Horretarako haziak hondarrarekin nahasten dira: geruzatzea esaten zaio. Ontzi batean hondar geruza bat eta gainean haziak eta hondarrarekin estali. Asko badira geruza gehiago egin gainean. Itsasoko hondarra ez da egokia. Erabili hondar silizeoa, lorategietan ikusten den zuri-gorrixka hori. Hondarrak azala zaurituko dio eta hezetasuna sartuko da hazia errazago ernetzeko. Erein bitartean hozkailuan eduki, hotzarekin neguan dagoela pentsatuko du eta gero atera eta ereitean udaberria sentituko du eta azkar etorriko dira. Hazi horiek otsailera arte horrela mantenduko nituzke, eta orduan erein; ilgoran eta lore egunean.
Egunon Jakoba! Aholku bat eskatzen dizut: Ereinotza landare bat ( argazkikoa) atera nuen lurretik eta lorontzi batean jarri nuen, Zamudioko gure etxaldean, orain hilebete bat edo, opari bat egiteko. Lurretik ateratzean nahiz ta kontuz izan, sustrai txiki asko galdu zituen landareak. Egun bira hosto batzuk nahiko zimelduta agertu ziren. Bestetik zelaian daukan lorontzian itzal/eguzkiko alde batean egoten da lorontzia. Landarea osasuntsuago egoteko zerbait egin behar diot? Zerbait iñausi? Lurra busti gehiago? Ongarria bota? Mila esker, Jakoba. Argazkia orain 7 egunekoa da.
Landarea loreontzi batetik aterata landatzen bada gauza bakarra zaindu behar da lehen urtean: ordura arteko antzeko baldintzak izatea. Itsatsi eta sustrai berriak eman artean batez ere ureztaketa zaindu, ontzian zenean bezala: astean behin, bitan… Landarea lurrean bizi bazen eta handik atera eta beste nonbait birlandatu bada, sustrai mordo bat galduko zuen. Orduan bai, proportzio beretsuan hostoak kentzea komeni da. Hala ere hosto batzuk galtzea ez da harritzekoa. Kimu berriak indartzean soilik emango ditu. Lehen urtean sustraiak ematea komeni da, eta kimurik eman gabe igaro dezake.
Kaixo, Jakoba Hesi-zuhaixka batzuk ditut. Ustez onddoak diren orban zuri pila dituzte. Jakin nahiko nuke zer egin akabatzeko. Argazkia duzu atxekita. Ondo izan
Zuriña da gaitza. Onddo batek sortzen du eta udaberriko giro epel eta hezeekin ugaltzen da. Oso zabaldua da eta landare espezie asko erasotzen ditu. Zuriña tratatzeko era egokiena sufrea erabiltzea da. Nahi baduzu hautsa erabili, hostaje guztiaren gainean zabalduz, edo bestela urarekin nahasita ondo busti. Garbitu arte zortzi egunero tratatu.
Eskerrik asko laguntzearren Narzizo pillo bat sartu neban oin bi urte landan eta hasten di baiña loraik eztabe emoten. Zerena izen ahal da? Ondo izen
Lilipa edo nartziso mota asko dago, baina gehienak orain loratzen dira, neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran. Loratu ondoren hostoak luzatu egiten ditu eta hilabete pare batez hosto horiek utzi egin behar dira bertan, janaria sortu eta lurpeko erreboila energiaz kargatu dezaten. Hori izango da hurrengo urtean lorea ematea ahalbideratuko duen elikagaia. Agian hosto horiek belarrarekin batera moztu egiten dituzu, eta loratzeko janaririk gabe geratzen da. Lilipa horiek dauden belaze zatia ekaina aldera arte utzi, ederki igarriko diozu hostoak noiz ihartzen hgasten diren, eta orduan moztu behar da sail hori. Hori egitene z duzun artean sekula ez duzu lorerik izango, hostoak bai, baina lorerik ez.
Eguzkilora haziak oparitu ta gordeta zezkeat. Ereiteko garaia orain izango litzekek ala?
Ta diformotekak noiz kimatu? Lorea galtzen zienen esantzitean batek baino lorea eztie galdu negun ta landarek haundik zezkeat kanpon (loraontzitik kanpo lurren alegie) bizi bait dituk ta... Aldez aurretio eskerrikasko
Eguzkilorea ereiteko sasoia etorri dek. Martxoko ilgora dek onena eta ahal izanez gero lore egunak. Ilgora 18-31 izango dek eta lore egunak 18a eta 19 (17:00) arte izango dituk.
Dimorfoteka inausteko sasoi egokiena ilbehera dek. Toki gozo batean bizi badek, Itsasoaren eragina diken tokian, otsailean eta gainontzean martxoan. Oso toki hotzean bizi badek apirilean.
Kaixo Jakoba, Gure herrian urtero herriko hortentsiak atxikitutako argazkian ikusten den bezala kimatzen dituzte, hau da adar guztiak. Horrela egin behar al da ? Gu ezezkoan gaude, guk ustez zuri entzuna dela hirutik bat egin behar dela, baina badaezpada zuk zer diozun jakin nahiko genuke
Dagoenerako izerdia mugitzen ari da eta oraintxe da sasoi onena. Onena ilbeheran. Nola egin? Adarren hiru-lautik bat moztu, baina behe-behetik. Gainontzeko hirutik bi edo lautik hiru oso-osorik utzi. Hauek loratzen diren artean moztutakoek adar berriak emango dituzte. Hurrengo urtean gazte berri horiek utzi eta gelditu ziren haietatik moztu, hiru-lautik bat, behe behetik. Horrela hiru-lau urtetan adar guztiak gaztetuta izango dituzu eta urtero loraldia galdu gabe. Argazkikoa bezala inausiz gero lorea eman behar duten begiak kentzen dira eta landarea berde mardula izango da baina lore gutxi eta berandu.
Kaixo Jakoba, lorezko gereziondo bat daukat, gero eta lore gutxiago ditu eta hostoak azkar erortzen zaizkio, gutxigorabehera ekainaren hasieran. Lehortzen ari dela uste dut. Zer egin nezake, ba al dago tratamendurik?
Gereziondo horiek asko sufritzen dute hezetasunarekin. Nik uste dut hori izango dela arrazoia. Hezetasuna bai lurrekoa eta bai airekoa dira horrelako egoeren arrazoi nagusiak. Hori ezin da tratamenduekin konpondu. Agian pittin bat lagunduko luke, baina vuelta emateko zaila. Hala ere saiatu nahi baduzu kobrea eta azufrea duen produkturen batekin tratatu. Adibidez oinarrian kobrea duena eta azufre portzentai txiki bat duena. Konbinazio horrek eragina indartzea dakar. Era berean inguruko hezetasuna kentzearen alde egin dezakezun guztia ongi etorria izango da: itzala kendu, lurreko azaleko urak kentzeko zangak ireki eta abar.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545