San Bartolome: burua lodi eta lepoa mehe.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Sagarrondoak noiz landatu
2025-11-02 09:02 | Gotzon

Kaixo, Tolosan errezil sagar arbolak landatzeko asmoa daukat. Zein da horretarako garairik egokiena? Aldatzerakoan zuztarrean simaurra jartzea komeni al da? Eskerrik asko aldez aurretik


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-11-03 18:50

Sagarrondoak hostoa galtzen du neguan. Horrelako landare guztiak neguan udazkenaren amaieran (abendua) edo neguan landatu behar dira. Landatzeko zuloa egiten dugunean, 40 cm x 40 cm x 40 cm gutxi gorabehera, azpiko aldean zer lur azaltzen den ikusi behar da; buztintsua edo kazkarra bada simaur edo luar ondua, zaharra, jarri eta sustraiak hor asentatu. Simaur berririk ez erabili. Berri abada, landatutakoan bere inguruan, lur gainean zabaldu.

Gaur arte erantzundakoak (1127 galdera-erantzun)

Kaixo lagunok. Gaztainondo txiki bat daukat loreontzian eta lurrean sartu nahi nuke, oraintxe bertan egin dezaket ala otsail aldera arte itxoin behar dut? Eskerrik asko eta hurrena arte.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-09-06 00:00

Kaixo, Ima. Loreontzian hazitako landareak noiznahi aldatu daitezke, landarea oso-osorik mugituko baitugu: adarje eta sustraije guztia. Noiznahi, baina baldin eta oinarrizko betebehar batzuei iskin egiten ez badiegu. Loreontzian bizi den landarea ur gaineko bitsetan, ur-aparretan bizi da: lor onena, ongarriak eskuera, behar duenean nahikoa ur... Ima, zerorrek erantzun behar duzun galdera hauxe da: aldatuta jarriko dudan toki berrian gaztainondoak orain artean izan duen zaintza bera izango al du? Batez ere, ia egunero ureztatuko al duzu? Hala ere, urte sasoi okerrenean, bero-sapa-sargori-erre, aldatu baino, loreontzian mantendu ahal izanez gero, datorren negura itxaron eta otsail alde horretan aldatu.

Kaixo lagunak. Schefflera bat daukagu etxean. Oso luze egin zaigu eta jakin nahi genuke nola eta noiz moztu, eta zer egin behar dugun mozten dugunarekin beste landare bat lortzeko. Eskerrik asko eta beste bat arte.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-07-19 00:00

Kaixo Marisa. Orain sasoi egokia da mozteko. Abuztuaren amaia artean, lasai nahi duzunean. Nondik moztu erabakitzeko, moztu ordurako kimu berria bota eta laster berriz ere gorantz joko duela kontuan izan. Hau da, hostaia multzoa eduki nahi duzuna baino 30-50 zentimetro beheragotik moztu. Mozten duzun zatiko adarrak banatu eta uretan sartu edo zuzenean lurrean jarri. Erraz itsasten da, baina hormona hautsez laguntzen baduzu alde ederrean etorriko zaizkizu. Uretan jartzen baduzu, sustraiak pixka bat garatu ordurako lurretara pasa. Aldaxka edo eskejeak zuzenean lurretan sartuz gero, honi beti heze eutsi eta toki epelean eduki, eguzki zuzenetik urruti. Lan hauek denak ilbeheran egiten saiatu.

gora