Orrilako ihintzak urrea balio du.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Pagoan onddoak
2024-08-03 20:51 | isa

pagoa nahiko zaharra da,eta onddoak agertzen hasi zitzaizkion orain dela denboratxo bat. zeozer egin dezakegu??arazoa baldin bada behintzat,auzoko ermitaren ondoan dago eta mantendu nahi genduke. zure erantzunaren zai,eskerrik asko


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-04 15:34

Hasteko zein onddo diren identifikatu beharko litzateke. Horretarako mikologia elkarteren batekin sartu beharko zarete harremanetan. Onddoak zer jaten duen ikusi beharko da pagoaren zura bizia edo hila, eta hortik abiatu egin beharreko lana. Bestetik argazkian ikusten denez pagoaren gainerainoko lanak egin dira lehen (aterpearen zutabea…). Horrelakoak eta bere sustraien gunearen zanpaketa galerazi beharko lirateke. Horiek bezala baita adarrak ukitzea ere. Horretarako zuhaitzen zaintzan espezializaturiko profesional baten laguntza litzateke onena; bertatik bertara ikusi, baldintza guztiak aztertu eta pagoaren onerako zer egin erabakitzeko.

Gaur arte erantzundakoak (101 galdera-erantzun)

Kaixo Jakoba. Terreno bat daukat hego ekialdera orientatua, aldapa dexenterekin eta garai batean otadi izandakoa, orain zeuden pinu apurrak bota ditut eta gaztinondo batzu aldatzea pensatzen nabil, oso bakan, ardientzako larreleku izatea ere nahi bait det. Ba dakit bertako gaztinondoak gaitza duela eta ez dut arriskatu nahi, nere galdera da: gaztinondo ibridoak seguruak al dira? Ala Asiatikorenbat jartzea dut seguruena? Zer aolkatuko zenidake? Nun lor ditzazket landarak? Aldez aurretik eskerrikasko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-20 16:20

Nik uste dut gaur egun oraindik gaztainondoa jartzea arrisku dezentea hartzea dela. Nik dakidala bi tajuzko saio egiten ari dira egun Euskal Herrian: Sakanan eta Iparraldean. Iparraldekoari buruz duela gutxi argitaratu den artikulu bat ARGIAn, 2019ko otsailaren 17ko 2632 zenbakian (https://www.argia.eus/argia-astekaria/2632/gaztaina-biziberritzeko-elkarte-berria-bidarrain?fbclid=IwAR3StkcvLsHhv03tU0Tde_uMCXSKWWgUYyubEZXpIcv9eGIWKP7CTQUGnKM ). Sakanakoaren berri zuzenik ez dut, baina bertako udalak eta eskualdeko elkartea lan handia egiten ari dira bertako basoaren berreskuratze lanean (http://www.sakanagaratzen.com/eu).

Bi horiengandik jaso dezakezu zuzenean zeinekin eskuratzen ari diren emaitza onenak.

Araban Apellanizeko bailaran ere saioak egiten ari direla badakit. Baina ez dut beraien berririk.

Orain arte beti gaztainondo japoniarraren (Castanea crenata) gainean txertatu izan da bertako gaztainondoa (Castanea sativa). Batzuetan emaitza onak eman ditu, baina beste batzuetan ez. Horietan esperientzi handiena duena iparraldeko Lafitte mintegia da (http://www.lafitte.net/eu/lafitte-mintegiak ).

Nire aholkua denetatik saiatzea litzateke. Saioaren ondoren jakingo duzu zure lurrean zer emaitza duzun. Hala ere, garbi esateko, ni ez naiz oraindik hemen gaztaina jartzearen oso aldekoa. Etorkizunean, klima aldaketarekin ikusiko dugu...

Eguerdion Jakoba, Garraldako eskolan zuhaitz batzuka landatu nahi ditugu (haritza, pagoa, lizarra, gaztainondoa eta intxaurrondoa) zein egun izanen dugu aproposena? Milesker eta ongi izan
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-13 15:58

Zuhaitz eta arbola horiek, laurek hostoa galtzen duten eta egokiena negu-neguan landatzea da. Beraz ahal duzun azkarren landatu. Konturatzerako izerdia bor-bor izango dute eta aurrez landatzea komeni da. Garraldan atzerago etorriko da udaberria. Asteburu honetan hasten den ilbehera ona izango da, eta egun onenak 21, 22 eta 23. Izoztzik bada, egun horretan ez landatu.

Zelai bihurtu nahi dut pinudia izandako gain eder bat. Garo ugari dago eta hau desagertzeko zer egin dezaket?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-12 21:37

Bi lan egin beharko zenituzke. Batetik garoa hazi ahala moztu. Desbrozadorarekin edo segarekin edo nahi duzunarekin, baina ilgoran moztu. Ahal baduzu hilero. Zenbat eta maizago moztu hobe. Kalte gehiago egingo diozu. Hilabetero ezin baduzu moztu, garrantzitsuenak maiatza, ekaina eta uztaila dira. Bestetik karea zabaldu. Garoari lur azidoa gustatzen zaio eta kareak azidotasun hori borrokatzen du, eta belar gehienak indartu. Zabaldu 100-150 gr/m2 ahal baduzu pikorrean, hautsa baino hobea da

Non aurkitu Urki landarea, berandu xamar baina hutsuneak betetzeko dira
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-11 10:27

Edozein mintegitan topatuko duzu. Agian bateren batean bukatuta izango dituzte, baina gehienetan izango dute urki landarea. Baso landareekin lan egiten duten mintegietan aukera handiagoa izango duzu. Arazorik izanez gero, basogintza elkarteetara jo eta bertan informazioa emango dizute.

Egunon Jakoba,

Etxe inguruko zuhaitzak haunditzen ari dira eta arazo bihurtzen ere. Etxetik oso gertu daude eta udazkenean teilatu zikindu eta erortzen diren adarrak teilak puskatzen dituzte.

Lizar gazte batzuk ere badaude baina hoiek neuk botatzeko asmoa daukat eta lizar asko dago ( gure etxeko sasia Lizarra da eta). Gure zalantza haundiena pagoekin daukagu. Arbol zoragarriak dira, handiak ere eta izugarrizko pena ematen digu botatzea, baina beste aldetik egunen baten etxe gainean eroriko balira, kriston txikizioa egingo zuten.

Daukaten tamainakin pago-motz bihurtzea posible izango al zen? Lurretik bi metrora moztu ezkero, hilko al ziren? Teknikoki hori egiteak bere arriskuak dituela kontuan hartuta (basozalea gogo handirik ez du, ipurditik nahiago du, noski), beste proposamenik?

Milesker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-04 09:51

Egun on Joseba!

Zuhaitz horiek ondoen oso osorik daude. 

Mozten hastean zauri haundiak egiten dira eta horrek ekarriko du enborraren bihotza usteltzen hastea.  Horrek arriskua handitu besterik ez du egiten. Begiratu mendian pago-motzek nolako amaiera izaten duten: denak barrutik hustuak. 

Nik zalantzarik gabe ipurditik moztuko nituzke.

Eta lizar sasia berdin. 

Zuhaitzen bat jarri nahi badezute, kontutan izan heldutasunean zer tamaina hartuko duen etxetik zenbateko tartea emateko…

Ondo izan

Ze garaietan moztu behar da otea jakoba galtzeko??eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-15 08:04

Otea moztu eta ahalik eta kalte handiena egiteko izerdi betean dagoela eta ilgorna egitea komeni da. Ekainekoa, maiatzekoa eta uztaioekoa dira otearentzako txarrenak. Onena, moztu ondoren botako duen kimu berriak mozten jarraitzea da, beti ere ilgoran.

Kaixo. Urki gazte bat dugu mendian sartua 500 metroko garaieran eta kimatzekotan gara indartzeko zuhaitza.noiz da garairik onena kimatzeko?
Eskerrik asko.
Ekaitz
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-01-25 20:39

Inausketa gehienak bezala urkiaren hau ere izerdia mugitzera doanean edo izerdi betean denean egitea komeni da. Martxoa izango da izerdia abiatzeko sasoia, eta orduan izango da garai onena, ilbeheran.

Ze ilargi da egokia zuhaitzak tokiz aldatzeko? Eta adarrak mozteko?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-01-22 17:07

Ilbehera da egokiena bi lanak egiteko, bai landarea tokiz aldatzeko eta baita adarrak mozteko ere.

Kaixo Jakoba. Gaztain batzuk mugarratu nahi genituzke etxean gero hesietarako zutoreak (posteak) egiteko. Garai hau ona al da? Ze egun gomendatuko zenizkiguke? Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-01-18 18:51

Egurraren iraupena luzatzeko izerdi gutxiena duenean eta ilbeheran moztea komeni da. Urtarrila eta otsaila onak dira. Ilbehera urtarrilaren 29ko 12:33etatik otsailaren 11 arte izango da. Egunei begira sustrai egunak izango dira egokienak: otsailaren 3 (12:00etatik atzera) eta otsailaren 6 artean.

Kaixo, haritz bat degu eta bolatxo hauek atera zaizkio. Esan digute gaitz bat izan daitekeela. Horrela bada, nola tratatu dezakegu sendatzeko? Mila esker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-01-08 11:41

Kuku-sagarra, kuskuilua eta beste izen mordoa dugu koskor horiek izendatzeko. Intsektu batek egindako erasoaren aurrean, landareak berak sortzen du koskorra, eta intsektua isolatuz bere burua babestu.

Beraz ez da gaitza, eta hori sortzea eragiten duten intsektua tratatzeak ez du merezi. Izenak bezala, kuku-sagarrak erabilera anitz izan ditu. Horietako batzuk aipatzen ditutn ARGIA astekarian 2010ean argitaratu nuen artikulu honetan: http://www.argia.eus/argia-astekaria/2220/lupu-jostailua

Epa
Pinu baso txiki bat bota behar dut laster eta bota ondoren zein zuhaitz landatu erabaki nahian nabil. Urkia, haritza eta pagoa landatzea pentsatzen hari nintzen. Egokia iruditzen zaizu hiru hauek baso berdinean nahastea?
Baso hau iparekialdera begira dago Urko mendiaren magalean (Aginaga auzoa Eibar). 500m-tako altueran dago.
Zein zuhaitz esango zenuke direla bertakoak?
Eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-01-08 10:45

Baso berria sortzeko ez da hirukote txarra. Haritza da hiruren artean berozaleena, pagoari hezetasuna gustatzen zaio eta urkiak hotza maite du. Nahi baduzu beheko aldean haritza jarri, goian pagoa eta urkia beste bien artean, nahasian.

Bertako zuhaitzak asko dira. Zeuk hautatutakoez gain lizarra, astigarrak, ezkiak, otsolizarra, maspila edo basagurbea, hostazuria, zumarra, ametza, artea, artelatza, erkametza, hagina, pinu gorria eta abar. Basoa osatzeko ertzetan edota tartean jar dotzakezu fruitu arbola basak (hurritza, maaltza, sagar makatza, oilarana, gurbitza, elorri beltza...) eta baita auhaixkak ere.

Kaixo!
Erramu eta gorosti landare txikiak ditugu lorontzietan, ze garai da ona landatzeko?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-26 22:58

Hostajea galtzen ez duten landarean neguaren aurretik edo atzetik landatu behar dira. Urriaren amaiera edo azaroaren hasiera, toki oso hotzetarako egokia da. Martxoa edo apirila edozein tokitarako ona. Hotzaren beldur bazara apirila arte itxaron, baina bestela martxoan ere lasai landatu. Lorontzietan izateak bere abantailak ditu, nagusia sustrai guztiekin jarraituko duela landareak. Bestalde, lorontzitik ateratzerakoan sustraiak azpiko aldean kiribilduta daudela ikusten baduzu, kiribilak askatu eta bizitoki berriko zuloan sustraiak luze-luze eginda jarri.

Kaixo, Jakoba! Gorosti ondo bat sartu nahi genuke baratzaren ertzetako batean. Noiz da garairik egokiena eta sartuko dugun tokiak nolakoa izan behar du (egutera, laiotza...)? Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-24 18:07

Gorostiak hostajerik ez du galtzen neguan, horregatik negua amaitzean landatu behar da. Itsasaldeko lur epeletan martxoaren amaieran eta barrualderago bada, apirilean.

Gororstia edozein tokitara egokituko da, baina egutera nahiago du. Hala ere baratze ertza izaki, pentsatu handia izango den egunean itzala egingo duela eta ahal dela ez dezala baratzearen aldera egin...

Arteak podatzeko garai egokia? Eta landatzeko tiesto batzutatik lurrera?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-22 22:22

Arteak neguan ez du hostajea galtzen, ez da soiltzen, horregatik urrian edo, hobe, martxoa-apirilean landatu behar da. Inausketari dagokionez kimua mugitzen zaionean, orduan izerdi berria datorkiola adierazten bait du. Honek zauriak ixten lagunduko dio.

Haritz zuhaixka bat landatu nahi dugu baserri kanpo aldean. Abenduan landatu nahi dugu, Urte garai honetan landatzeko eragozpenik ba al dago? Zein tokitan komeni da landatzea, toki eguzkitsuan, humelean, ekialdean...
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-05 17:41

Abendua urte sasoi ona da hostajea galtzen duten landareak landatzeko. Ahal baduzu ilbeheran egin. Garrantzitsua da hotz handiak eta izotzak direnean ez egitea, sustraiak erretzeko arriskua dago eta.

Haritza gogorra da eta ia edozein tokitan etorriko da. Hala ere eguzki alde gozoa gustatzen zaio. Beroena hegoa da, ondoren mendebala, gero ekia eta hotzena iparra.

25 urte dituen Pagoari beheko adar batzuk moztu beharrean gaude. Noiz eta nola mesedez. Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-05 17:29

Pago horieri adar txikiak bakarrik moztu. Handiek enbarazu egiten badute, handi horien adar txikiak kendu, ahalik eta handi gehienak errespetatuz. Inausketa ilbeheran egin behar da eta martxoan, izerdi berria etortzekoa denean.

Oilarana (prunus mahaleb) landatu ahal izateko non aurki ditzaket haziak, non da ohikoa zuhaitz hau? (ze parajetan....) Beharbada errazago da adaxka bidez lortzea ala?
Turkian bere hazia lehortu eta xehetuta gozoei zaporea emateko erabiltzen dute gainetik botata.
Euskaldunak ze erabilera eman izan dio? (egurra pipak eta egiteko, fruta tinturetarako....)
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-05 16:35

Eusko Jaurlaritzak 1985ean argitaratutako "Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Landare Katalogoa"-n Oilaranaren kokapen ugari aipaten du. Araban Cestafe, Ribera, Ilarduia, Sobron, Arluzea, Cabrera, Kodesko Kostalera, Cervera eta Bernedo. Bizkaian Ogoño, Karrantza, Atxarte, Aramotz mendia eta Mendiola. Gipuzkoan Lizartza, Ataungo Aitarte-Ezkizabal eta Azpildi.

Mendi karetsuen goiko alde hotzak maite ditu, batez ere hegoaldera begira dauden penditz eguteretan.

Ugaritzeko onena zuhaitz horiek topatu eta bere haziak hartzea da onena. Adaxkatik ere saioa egin daiteke; hormonak erabiltze izango da onena. Nik ez dut zuzeneko erabilera berezirik ezagutu, ebanista baten lan batzuk kenduta.

Hemen duela urte batzuk ARGIA astekarian argitaratu nituen oilaranari buruzko artikulu parea:

http://www.argia.eus/argia-astekaria/1765/ahanzturaren-onurak

Hemen ardoa egiteko edo ardoak ontzeko erabilera aipatzen dut.

http://www.argia.eus/argia-astekaria/2340/litxarreroon-lilura

Arratsaldeon Jakoba!
Etxe ondoko baso txiki batean (10 pago zuhaitzekoa) 2 pago iertuta (zikatuta) daude eta jakin nahi nuke azaroko ilgoran botatzea idea ona den. Bota ahal badaiteke, jakin nahi dut segituan moztu behar den sutarako prestatzeko edo utzi egin behar den.

Milesker eta agur bat.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-05 15:50

Barkatu atzerapenagatik.

Pagoa su-egurretarako abuztua, iraila, urria edo azaroko ilgoran botatzen da. Onena aurrenekoak dira. Hala ere zuhaitza ihartua badago ez dago alde handirik. Bota nahi duzunean. Ilargiaren eraginak izerdian eragiten du. Ihartutakoa aldiz, beti berdin egongo da. Bota lasai eta ahal duzun azkarren ebaki. Zenbat eta lehorrago, orduan eta zailagoa da egurra pitzatzea.

15 urteko pago batzuk ditut eta soiltzeko garairik onena zein den jakin nahi nuke
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-10-11 22:45

Pagoak, berez, soildu beharrik ez dago. Lehen mugarrotze inausketa egiten zen helburu jakin batzuekin: ikazkintzarako egurra eskuratzea, ontzigintzarako edo beste helburu zehatz baterako materiala sortzea eta inausketaren ondorengo zuhaitzaren kimuberritzea aziendaren hortzetatik urruti izatea.

Berez, ez dago inausi beharrik. Hala ere, inausi nahi badituzu martxoko ilbeheran egin.

Aupa Jakoba, urkiaren hazia jaso eta ereiteko asmoa daukat aurten, nik neuk lortzekotan zuhaitza hasiera-hasieratik. Irakurria dut abuztu amaieran/irala hasieran jaso behar direla haziak, artean guztiz helduta ez daudela, ostean, udagoienean ereiteko. Baina une honetan, uztaila amaitu barik dagoela, hazi ugari helduta daudela ikusi dut. Era berean, haziak bildu eta jarraian erein beharrekoak direla ere esan didatenez, zelan jokatu ere ez dakit honezkero. Nik badaezpada hazi helduak hartu eta ereiteko asmoa daukat. Zer deritzozu? Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-07-21 13:00

Haziak helduta daudenean bildu behar dira. Urki bakoitza mundu bat da; zeinengandik sortua denaren eta non bizi denaren araberako zuhaitza izango da. Horri erantsi behar zaio eguraldiaren zikloa, baina ez urtebetekoa, urteetakoa baizik, Hori dena kontutan izanda ulertu daiteke urte batean irailean eta beste batean uztailean heltzea haziak.

Zure urki horren haziak heltzen ari badira, bildu eta geruzatu. Geruzatzea teknika zaharra eta eraginkorra da. Haziak naturalki biziko lukeek bidea egiten uzten zaio. Errekako hondarretan jartzen da, geruza bat hondar, gainean beste bat haziak, gainean hondarra, gainean haziak. Zuloak dituen ontzi batean, eta kanpoan eduki. Gakoa horixe da, kanpoan bizitzea udazkena eta negua. Horrela gero udaberriarekin ernatuko dira.

Hondarrak azalean ebaki ttikiak egiten ditu eta hortik ura sartzea erraztu. Gero haziak, ura hartu eta neguko giroak pasa direla sentitzean ernatuko da.

Jeneralean errazago ernatuko da toki ilun batean, eguzki galdatan baino hobe zuhaitz edo zuhaixken itzaletan.

Kaixo Jakoba. Lursail batean zuhaitzak aldatzeko asmoa daukat.
Lursaila kostaldetik gertu eta hegoaldera begira dago. Aldapa dexentekoa du eta hondar-lurrak dira. Nik haritzak eta gaztainondoak jarri nahi nituzke, baina zein beste espezie izan daiteke egokia? Bestalde, gaztainondoen gaitza ekiditeko, zer egin dezaket? Noiz aldatu behar ditut?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-10 08:34

Haritza eta gaztainondoa, biak dira hemengo lur hondartsuetarako egokiak. Espezie gehiago aipatzeko, zein baso mota sortu nahi duzun jakin behar da. Nik, baso nahasi eta natural samar bat egin nahi duzula pentsatzeko lizentzia hartu dut. Haritza eta gaztainondoaz gain ametza (Quercus pyrenaica), artelatza (Quercus suber), gurbitza (Arbutus unedo), intxaurrondoa (Juglans regia), intxaurrondo beltza (Juglans nigra) eta gerezi basatia (Prunus avium) jarri lasai. Toki hezeenetan, beheko aldean edo erreka ingururik bada otsalizarra (Sorbus aucuparia), hostazuria (Sorbus aria), maspila (Sorbus torminalis), hagina (Taxus baccata) eta lizarra (Fraxinus excelsior).

Gaztainondoaren gaitza ekidin ezina da. Lurreko onddo bat da eta ezin da kendu. Borrokatzeko bide bakarra hezetasuna kentzea da. Zure hondar lurra ona da.

Landaketa lanak azaroan hasi ditzakezu, eta otsaila bitartean egin. Izotzik bada ez landatu.

Nafarroako mendialdetik galdera; hemengo ustea da pagoa ilgoran (creciente) eta haritza ilberan (decreciente) bota behar dela surako egur hobea lortu nahian. Ilargiaren orbitari kasu egin gabe. Zer esaten ahal diguzu Jakoba? milesker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-08 13:08

Nik uste dute erabat zuzen zabiltzatela. Pagoa zura biguina da eta ilgoran harro-harro egongo da. Hau erretzean sua ere harro ibiliko da bere barrenean eta gar handia egingo du, baina ez du asko iraungo. Haritza aldiz egur gogorra da eta ilbeheran botata itxi-itxi eginda egongo da. Honek ez du gar handiko sua egingo, baina bai txingarra eta iraupen handikoa.

Ilargiaren orbitaren kontuarekin, gakoa da noizkoa den ilgora edo ilbehera hori. Udazkenekoa edo negukoa denean ilbehera eta ilzaharra edo ilgora eta ilberria ia batera doaz.

Kaixo Jakoba. Pagadi gazte bat daukat eta esan didate komeni izaten dela, landarea gaztea dela mutur bat utzi eta beste mururrak moztea. Zer iruditzen zaizu? Eta zein ilargikin moztu behar nituzke mutur hoiek. Mila esker eta ongi izan
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-03-13 16:14

Pagoak zuzenak izateko garrantzitsua da muturreko kimua izatea nagusia. Honek bi baldintza eskatzen ditu: goruntzako puja bakarra izatea eta honek nahikoa elikagai izatea indarrean hazteko. Lehenengorako zuzen goruntz soilik adar bat uztea komeni da eta parekorik balu (goruntz hura ere) hura moztu. Beste adarrak, bigarren mailakoak, enborraren bueltan datozenak, zabalera bai baina goruntz jotzen ez dutenak garrantzitsuak dira landareak janari asko sor dezan. Horregatik hauei eustea komeni da. Urtero urtero zuhaitza luzatu ahala, hauetako adar bat edo bi kendu daitezke. Piskanaka azpitik soilduko duzu, baina kolpetik adarrik eta janaria sortzen duten hostorik kendu gabe.

Lan hau apirila aldera egingo nuke nik, izerdia hazia duenean eta ilbeheran.

Iepa Jakoba.

Itziar naz, Errigoititik. Lehen pinudia izandako 14000 metro2tan intxaurrondoak jarri gura doguz. Etxean berez hazitako intxaurrondo emankor batetik haziak hartzea pentsatu dot, eta gero sortuko litzakezen landareak ez mendatu edo eztitu. Zer irizten deutsozu?

Bestetik, zein sasoitan erein behar dodaz? Eta zenbat denboragarrenean landatu?

Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-11-14 08:30

Hazitik sortzeko ama eta aita behar dira: aitak polen hautsa zabalduko du eta honek amaren lorea ernalduko du. Amak emango du fruitua, intxaurra. Hazi horretatik sortutako landareak ez dira inoiz erabat amaren edo aitaren berdinak. Baten antza, bestearena edo bien ezaugarrien nahasketa izango du.

Etxeko hazitik intxaustia edo intxaurraga sortzea ondo iruditzen zait. Zeuk ezagutzen duzu inork baino hobeto etxeko hori… Eztitu edo mentatu gabe denek ez dute forma berdina ez intxaur berdin-berdinik emango baina naturalagoa izango da...

Honetarako intxaurrak bildu bezain pronto geruzatu edo estratifikatu. Ipurdian zuloak dituen ontzi batean (egurrenko kaxa bat, lorontzi bat...) erreka-hondar edo hare geruza bat jarri gainean intxaur geruza bat, gainean harea... Honela ontzia bete arte. Kanpoan eduki hotzetan eta euritan, lehortzen bada ureztatu. Otsailean atera eta erein, bestela bertan ernetzen utzi eta martxoa-apirilean atera eta landatu.

Onena intxaurrondoa gero biziko den toki berean sortzea dela esanten da. Sustrai lodikote nagusi bat ematen du eta tokiz mugitzen dugunean jeneralean sustrai hau moztu egiten da. Hazia muintegian edo baratzean eginez gero ahal den azkarren jarri behin betiko tokian, lehen edo bigarren urtean.

Kontutan izan: buztin lur motelak ez ditu atsegin eta behar bezalako tartea eman landare batetik bestera, gutxienez hamar bat metrokoa...

Kaixo Jakoba. Zein litzateke garairik onena haritz gazte bat eta pago gazte bat transplantatzeko? Biak bost bat urtekoak dira. Bestalde, bi urte inguruko urki bat daukagu balkoian, eta mendian dugun sail batera eraman nahi dugu, noiz komeni da egitea? Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2016-01-31 00:00

Kaixo Ekaitz. Hiru zuhaitzak neguan soiltzen dira, hostajea galdu egiten dute. Nahiz haritza (Quercus robur), nahiz pagoa (Fagus sylvatica), nahiz urkia (Betula pubescens) aldatzeko sasoia bera da: negu-neguko ilbehera, aurten urtarrilaren 24tik otsailaren 4ra bitartean. Neguko geldialdia baliatzen da landaketa lanak egiteko. Ahal duzun azkarren egin, beti ere izotza izateko beldurrik ez den egunetan. Hotz handia bada, landaketa egindakoan sustraien gaineko lurra ondo zanpatu eta simaur berri mordoxka bat jarri gainean, lurreko zirrikituetatik hotza sar ez dadin. Ahaztu gabe: landatutakoan zuhaitzaren lepoan lehen zuen maila berean jarri lurra. 

Zuhaitzentzat betiko bizitokia aukeratzerakoan kontuan izan: ur gehiena urkiak behar du, pagoak ere ura eskertuko du; haritza, aldiz, lur lehorxeagoan ere moldatuko da. 

 

gora