Agorileko ura da zafran, ezti eta ardau

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Intxaurrondoa ihartzearena
2023-10-16 21:06 | Andoni

Kaixo, Jakoba! Gaurko Teleberrin hitz egin dute intxaurrondoaren inguruan. Gaitz, plaga, gaixotasun, bakteria, har, izurri beltz... nahastu dira eta nahastu da entzulea. Kontuak kontu, intxaurrondoak ihartzearena ez da kontu berria, eta arrazoiak ezin zehaztu. Zure esperientzian eta jakitean, halakorik baldin badakizu, zergatik ihartu dira? Eskerrik asko eta ondo izan!


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-10-22 21:09

Intxaurrondoak hezetasunak akabatzen ditu. Mediterraneo aldetik ekarri zuten intxaurrondoa erromatarrek eta bere berezko tokietan, lur eta ingurune lehorretan ondo egokitzen da, baina hezetasun handia dagoen tokietan ez da gustura bizi, toki askotan juxtu juxtu.

Ura izan dezake aldamenean, baina lur harritsu eta urak erraz alde egiten duen tokian. Kazetariak gaitzarekin nahasketa hori transmititzea ez naiz batere harritzen… Gaur egun Intxaurrondoak arazo bikoitza du. Batetik eulia (Rhagoletis completa), horrek fruituaren zokotenaren azalean arrautza jartzen du eta hortik sortzen den harrak zokoten guri gozoa erasotu eta jango du; honek zauriak sortzen ditu eta hezetasunaren laguntzarekin zauri horietatik gaitzak erraz asko sartuko dira.

Gaitz ugari du geurean intxaurrondoak, hezetasunaren bultzadarekin, baina nagusiak bakteriosia eta antraknosia dira. Beltzuneak hosto, fruitu, lore, kimu berri eta abarretan eta hostajea behar baino lehenago erortzea dakarte.

Intxaurrondoak badu beste gaitz beldurgarri bat: tinta. Lurreko onddo bat da sustraietako zaurietatik sartzen da. Horrek sustraiak usteltzea dakar eta gehienetan arbolaren ipurdian lika beltza azaltzen da. Sustrai ahulak ditu intxaurrondoak eta batez ere buztin lurretan gertatzen den busti eta handitu eta lehortu eta uzkurtu lurraren mugimenduekin sortzen dira hilgarriak izan daitezkeen zauri horiek.

Ederki esaten duzun eran intxaurrondoak hiltzea ez da berria geurean eta gero ere izango da. Batez ere zauriak sortzeko lanak egiten jarraituz gero, inausketak batez ere.

Gaur arte erantzundakoak (106 galdera-erantzun)

Kaixo Jakoba. Lursail batean zuhaitzak aldatzeko asmoa daukat.
Lursaila kostaldetik gertu eta hegoaldera begira dago. Aldapa dexentekoa du eta hondar-lurrak dira. Nik haritzak eta gaztainondoak jarri nahi nituzke, baina zein beste espezie izan daiteke egokia? Bestalde, gaztainondoen gaitza ekiditeko, zer egin dezaket? Noiz aldatu behar ditut?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-10 08:34

Haritza eta gaztainondoa, biak dira hemengo lur hondartsuetarako egokiak. Espezie gehiago aipatzeko, zein baso mota sortu nahi duzun jakin behar da. Nik, baso nahasi eta natural samar bat egin nahi duzula pentsatzeko lizentzia hartu dut. Haritza eta gaztainondoaz gain ametza (Quercus pyrenaica), artelatza (Quercus suber), gurbitza (Arbutus unedo), intxaurrondoa (Juglans regia), intxaurrondo beltza (Juglans nigra) eta gerezi basatia (Prunus avium) jarri lasai. Toki hezeenetan, beheko aldean edo erreka ingururik bada otsalizarra (Sorbus aucuparia), hostazuria (Sorbus aria), maspila (Sorbus torminalis), hagina (Taxus baccata) eta lizarra (Fraxinus excelsior).

Gaztainondoaren gaitza ekidin ezina da. Lurreko onddo bat da eta ezin da kendu. Borrokatzeko bide bakarra hezetasuna kentzea da. Zure hondar lurra ona da.

Landaketa lanak azaroan hasi ditzakezu, eta otsaila bitartean egin. Izotzik bada ez landatu.

Nafarroako mendialdetik galdera; hemengo ustea da pagoa ilgoran (creciente) eta haritza ilberan (decreciente) bota behar dela surako egur hobea lortu nahian. Ilargiaren orbitari kasu egin gabe. Zer esaten ahal diguzu Jakoba? milesker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-08 13:08

Nik uste dute erabat zuzen zabiltzatela. Pagoa zura biguina da eta ilgoran harro-harro egongo da. Hau erretzean sua ere harro ibiliko da bere barrenean eta gar handia egingo du, baina ez du asko iraungo. Haritza aldiz egur gogorra da eta ilbeheran botata itxi-itxi eginda egongo da. Honek ez du gar handiko sua egingo, baina bai txingarra eta iraupen handikoa.

Ilargiaren orbitaren kontuarekin, gakoa da noizkoa den ilgora edo ilbehera hori. Udazkenekoa edo negukoa denean ilbehera eta ilzaharra edo ilgora eta ilberria ia batera doaz.

Kaixo Jakoba. Pagadi gazte bat daukat eta esan didate komeni izaten dela, landarea gaztea dela mutur bat utzi eta beste mururrak moztea. Zer iruditzen zaizu? Eta zein ilargikin moztu behar nituzke mutur hoiek. Mila esker eta ongi izan
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-03-13 16:14

Pagoak zuzenak izateko garrantzitsua da muturreko kimua izatea nagusia. Honek bi baldintza eskatzen ditu: goruntzako puja bakarra izatea eta honek nahikoa elikagai izatea indarrean hazteko. Lehenengorako zuzen goruntz soilik adar bat uztea komeni da eta parekorik balu (goruntz hura ere) hura moztu. Beste adarrak, bigarren mailakoak, enborraren bueltan datozenak, zabalera bai baina goruntz jotzen ez dutenak garrantzitsuak dira landareak janari asko sor dezan. Horregatik hauei eustea komeni da. Urtero urtero zuhaitza luzatu ahala, hauetako adar bat edo bi kendu daitezke. Piskanaka azpitik soilduko duzu, baina kolpetik adarrik eta janaria sortzen duten hostorik kendu gabe.

Lan hau apirila aldera egingo nuke nik, izerdia hazia duenean eta ilbeheran.

Iepa Jakoba.

Itziar naz, Errigoititik. Lehen pinudia izandako 14000 metro2tan intxaurrondoak jarri gura doguz. Etxean berez hazitako intxaurrondo emankor batetik haziak hartzea pentsatu dot, eta gero sortuko litzakezen landareak ez mendatu edo eztitu. Zer irizten deutsozu?

Bestetik, zein sasoitan erein behar dodaz? Eta zenbat denboragarrenean landatu?

Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-11-14 08:30

Hazitik sortzeko ama eta aita behar dira: aitak polen hautsa zabalduko du eta honek amaren lorea ernalduko du. Amak emango du fruitua, intxaurra. Hazi horretatik sortutako landareak ez dira inoiz erabat amaren edo aitaren berdinak. Baten antza, bestearena edo bien ezaugarrien nahasketa izango du.

Etxeko hazitik intxaustia edo intxaurraga sortzea ondo iruditzen zait. Zeuk ezagutzen duzu inork baino hobeto etxeko hori… Eztitu edo mentatu gabe denek ez dute forma berdina ez intxaur berdin-berdinik emango baina naturalagoa izango da...

Honetarako intxaurrak bildu bezain pronto geruzatu edo estratifikatu. Ipurdian zuloak dituen ontzi batean (egurrenko kaxa bat, lorontzi bat...) erreka-hondar edo hare geruza bat jarri gainean intxaur geruza bat, gainean harea... Honela ontzia bete arte. Kanpoan eduki hotzetan eta euritan, lehortzen bada ureztatu. Otsailean atera eta erein, bestela bertan ernetzen utzi eta martxoa-apirilean atera eta landatu.

Onena intxaurrondoa gero biziko den toki berean sortzea dela esanten da. Sustrai lodikote nagusi bat ematen du eta tokiz mugitzen dugunean jeneralean sustrai hau moztu egiten da. Hazia muintegian edo baratzean eginez gero ahal den azkarren jarri behin betiko tokian, lehen edo bigarren urtean.

Kontutan izan: buztin lur motelak ez ditu atsegin eta behar bezalako tartea eman landare batetik bestera, gutxienez hamar bat metrokoa...

Kaixo Jakoba. Zein litzateke garairik onena haritz gazte bat eta pago gazte bat transplantatzeko? Biak bost bat urtekoak dira. Bestalde, bi urte inguruko urki bat daukagu balkoian, eta mendian dugun sail batera eraman nahi dugu, noiz komeni da egitea? Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2016-01-31 00:00

Kaixo Ekaitz. Hiru zuhaitzak neguan soiltzen dira, hostajea galdu egiten dute. Nahiz haritza (Quercus robur), nahiz pagoa (Fagus sylvatica), nahiz urkia (Betula pubescens) aldatzeko sasoia bera da: negu-neguko ilbehera, aurten urtarrilaren 24tik otsailaren 4ra bitartean. Neguko geldialdia baliatzen da landaketa lanak egiteko. Ahal duzun azkarren egin, beti ere izotza izateko beldurrik ez den egunetan. Hotz handia bada, landaketa egindakoan sustraien gaineko lurra ondo zanpatu eta simaur berri mordoxka bat jarri gainean, lurreko zirrikituetatik hotza sar ez dadin. Ahaztu gabe: landatutakoan zuhaitzaren lepoan lehen zuen maila berean jarri lurra. 

Zuhaitzentzat betiko bizitokia aukeratzerakoan kontuan izan: ur gehiena urkiak behar du, pagoak ere ura eskertuko du; haritza, aldiz, lur lehorxeagoan ere moldatuko da. 

 

Kaixo, Jakoba. Baserrian iaz atera genituen insignis pinudiak. Orain, garbiketa lanak egin ondoren landaketa berriak egin beharrean gaude. Sekuoia, Douglas izeia eta kriptomeria japoniarra gomendatu dizkigute. Ez dakit egokiak diren edo interes batzuei erantzuten dien gomendioak. Nik nahiago nuke bertako espezieren bat: haritza, ametza… Zeintzuk gomendatzen dizkiguzu?

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-12-06 00:00

Kaixo Lukas. Zerorrek aipatu dituzu bi aukerak. Batetik, lurrak berak eskatzen duena, eta ematen. Haritza eta gaztaina etengabe berritzen. Urtetan pinudia izanagatik altsuma berriak bota eta berea duten lurra berreskuratu nahian. Bestetik, ustiatzaileak, “basozaleak” nahi duena, etekin azkarraren bideari azkar ekin. Ez da azkarraren lana, ordea. Gomendatu dizkizuten koniferoak, hala ere, oso egokiak dira neure ustez. Insignisarenak egin du hemen, ez dugu gehiago ezagutuko. Bueltarik ez duen gaitza sartu zuten Bizkaiko herri batetik eta gorritzen-gorritzen, ahitzen ari dira pinu guztiak.

Basoa neurea balitz denetik jarriko nuke: haritz eta gaztainondo, sekuoia, Douglas izeia eta kriptomeria, baina baita lizar, hagin, gerezi makatz, pago, ametz... Nahasketak onura besterik ez dakar: konpetentziak, badakizu, makalena ere bizkortzen du eta etekina denboran etengabekoa bihurtzen da: orain batzuk, gero beste batzuk, su-egurra dela, biomasa dela, zur-egurra dela... Hori bai, adi nori eta nola saltzen diozuen egurra ateratzeko baimena. Hortxe dago koxka.

gora