Asteroko buletina
Sapar zailari aihotz zorrotza

7. ZAINDU

Zer lan hartuko dugu?

[Jakoba Errekondo]

Baratze bakoitza unibertso bat da, eta, bakoitzean, desberdina da lanen plangintza. Hala ere, lan nagusiak antzekoak dira. 

Lurra irauli edo ez? Garrantzitsua da lurraren egiturari ahal den neurrian eustea, eta onena da lurra irauli gabe lantzea. Horrela, errespetatu egiten ditugu lurraren geruzak eta bertan bizi diren mikroorganismo laguntzaileak. Era berean, lurra ahal den gutxiena zanpatu behar da, harro eta bizi egon dadin. Horregatik taulenen formaren eta neurrien garrantzia. 

Landaketa. Aitzurrarekin zuloa edo ildoa egingo dugu. Landarearen sustraia eta lurra ondo itsasteko, landatu ondoren inguruko lurra zanpatu eta sakon ureztatuko dugu. 

Ureztaketa. Lurreko baratzea gutxi ureztatu behar da. Mahaietakoa edo ontzietakoa maiz, lurretik aparte izanik, haren hezetasunik ez dute eta. Hauek ere kontuz ureztatu: hobe izango da, betim gutxi ureztatzea gehiegi baino. Gogoan izan: gaitz gehienak onddoek sortutakoak dira eta hauek hezetasuna nahitaez behar dute. 

Ureztatzea ahal dela murriztu behar dugunez, ura errazegi emateko sistemarik ez jarri. Edo sistema horiek udan edota bertan ez gauden sasoietan soilik erabili. Hobe dugu eskuz ureztatzea, zenbat ur ematen dugun argi ikusteko. Euri ura da onena; hura jasotzeko ontziak edo teilatu batetik bilduko duen aska jarri, eta bertatik ureztailu batekin hartu eta ureztatu, adibidez. 

Jorraketa. Barazkien inguruan hazten diren belarrak kentzea da, landareari lur piska bat emanez. 

Berozaleak diren landareei (tipula, piperra, tomatea...) kalte gehiago egiten diete inguruko belarrek; hortaz, maizago kendu behar dira. 

Freskozaleak direnei (urraza, eskarola, porrua...), aldiz, mesede egingo diote; hortaz, indartzen direnean, ez kendu belarrak. Ongarri gehiago eman beharko diogu lurrari. 

Lurreztaketa. 6y Oro har, jorraketan egiten da: landarearen inguruan harrotutako lurra bere zortenaren inguruan pilatzea da. Zertarako eta azaleko sustraiak indartzeko landareari hobeto eusteko eta azaleko patatak eta abar estaltzeko. 

Azpiak egitea. Landareen azpiko aldean lurra zerbaitekin estalia edukitzea da. Edozein hondakin organiko erabil daiteke: lastoa, belar ondua, inaurkina, garoa, orbela, papera, azala... Horrekin belarrak ateratzea eragozten da, eta lur lehorrari hezeago eusten zaio. 

Kimaketa. Oso landare jakinak kimatzen dira, tomatea adibidez. Libre utzita, zarba eta adar asko emango lituzke, eta, energia lore eta fruitu askotan banatu behar duenez, fruituak ttikiak geratuko lirateke. Horregatik, enbor nagusi bat edo bi uzten dira, eta beste adarrak kimatu egiten dira. 

Arbatzea. Landare gehienak gai dira bere buruari eusteko. Batzuk, ordea, beste zerbaiti helduta luzatzen dira (ilarra, leka...). Beste batzuek luzatu eta erortzeko arriskua dute (baba, piperra eta tomatea...). Landare horiek arbatu egin behar dira; hau da, euskarriren bat jartzen zaie. 

Uzta. Ekintza berezia bihurtu behar dugu uzta. Bilketa egin aurretik, beti garbitu behar dira eskuak. Erabiliko dugun saskiak edo ontziak ere garbi egon behar du. Kontuz, gaixo bagaude, ez dugu bilketa guk egin behar. Biltzen duguna biltzen dugula, beti-beti uretan pasatu behar dugu, uzta bera ere garbitzeko.

Jasotzen duguna garrantzia eman behar zaio. Jantokian, egin dastaketatxo bat, abesti bat, haitxo bat edo jai handi bat. Uzta ospatu beharra dago. 

Trikimailua

Lurrari nola harro eutsi? 

Taulenetan jasotako lurrak dira onenak; hau da, lurra altxatutako guneak. Egurrak edo harriak edo dena delakoak erabiliz mugak egiten dira, eta altxa dugun lur hori, hondakin organikoz estalita, harro-harro egongo da. Hondakin estalkia egiteko, erabili simaur zaharra, luarra, orbela, txikitutako adartxoak eta abar. 

Landarea errazago itsasteko.

Nahasi lurra eta simaur edo luar zaharra, eta, ur pixka batekin, prestatu ore lodi bat. Hor busti landareen sustraiak. 

Noiz ureztatu?

Ureztatzeko garai onena goizean goizeko lehen ordua da. Landareak eta lurra gauez freskatuta egongo dira, eta ematen diogun ura hobeto baliatuko dute. Arratsalde beroan, ur asko ematen badiogu, beroari aurre egitera joango da. 

Zer egin belarrekin?

Kendutako belarra bota luar-pilara, edo utzi bazter batean, eta lurrustela egingo dugu. Horretarako, kendu belarrak loratu eta hazia eman aurretik, bestela, gero, hazi horiek bueltan baratzean zabalduko ditugu luarrarekin. 

Urte osoa baratzean

Baratze bakoitza mundu bat da. Tokia, isuria, nora begira dagoen, mikroklima, baratzezainaren artea... Eragin izugarria dauka gutxien uste dugun txikikeriak. Ondorioz, ez dira berdinak diren bi baratze.

Urteko lanen laburpen hau hasierako hurbiltze xume bat besterik ez da. Idatzi eta jaso egiten dituzun lan guztien oharrak. Horrekin osatuko duzu zeure baratzearen egutegia. Eta saiatu hemen jartzen denetik kanpoko barazkiekin edo garaiz kanpoekin, tokiz kanpoekin eta apartekoekin. 

Euskal Herria atlantiarra paradisua, da, baratzearen aldetik begiratuta: ez du hotz handirik egiten, ezta bero eta lehorte zakarrik ere. Eta onena, bi udaberri ditu: udaberri eta udazkena. Hegoaldeko Euskal Herrian, aldiz, negu hotzak eta uda bero eta lehorrak izaten dira. Bakoitzean saioak eginez ikasiko dugu geure baratze onena nola egin. Gogoan izan, baratze bakoitza etengabe berritzen eta birsortzen ari den unibertso bat da

Trikimailua

Lurreztatu gabe.

Landareen azpia materia organikoz estalia badago, ez dugu lurreztatu beharrik izango. 

Papera nola erabili?

Papera erabili daiteke landareen azpiak egiteko. Baztertu tinta zakarrak dituztenak edo plastifikatuta daudenak. Besteak erabili, osorik edo zatituta zabaldu landareen oinen artean.

Tomatearen kimaketarekin nola asmatu?

Kimaketa eguneko ordu beroenetan egin. Hostoa emborrean lotzen den tokian sortzen dira adarraren kimuak, horiek kendu behar dira. Hosto baten eta hurrengoaren artean sortuko dira loreen kimuak, eta horiek ez kendu. 

Arbatzeko, zer material erabili?

Arbatzeko, eskura dagoena erabili izan da beti: kanabera, inausketa zarbak, adarrak, sokak, hurriz makilak, pardak... Gaur egun, material asko dugu inguruan: erratz-kirtenak, burdinazko hagatxoak, alanbreak, sareak...

Uztaren lanaz jabetu.

Jasotzen ditugun barazkiak zenbat kostatzen diren jabetzea nahi bada, polita da biltzen den barazki bakoitza erein edo landatu genuenetik jaso dugunera zenbat egun igaro diren azaltzea. Oso egokia da uztako momentu baikorra ikasteko eta lanaren balioaz jabetzeko. 

 

 

Lanen egutegia eta oharrak

Eman garrantzia planifikazioari. Kontuan hartu nolako baldintzak izango ditugun baratzea lantzeko: jabetu benetan zenbateko dedikazioa eman ahalko diogun, kanpotik nolako laguntza izan dezakegun, nolako baldintzak egongo diren (tokia, lanabesak...). Kasu hauei:

* Jarri eskuratzek omoduko helburuak. Hobe da gutxirekin hastea, bidean itotzea baino. Aukeratu landare errazenak; gero ere izango da markak jartzeko denbora. Planifikazioa garrantzitsua da hasteko garaian, baina baita jarraipena egitekoan ere. 

* Bildu bertako informazioa. Haurrak galdetu dezatela etxean baratzea egingo den infuru horretan zer egiten den, noiz, landareen izenak, eta abar. Horrek lagunduko digu planifikazioa egokitzen. Familia et haurra bera lotuagoak egongo dira baratzearekin. 

* Baratzea denona izango da. Ikasgai guztietan egon behar du presente. Planifikazioa egitean, bultzatu behar da edozein gai irakasten duen irakasleak aldez aurretik ikustea baratzearekin lotura duen zerbait eta planikazioan sartzea. 

* Ondo planifikatuta jaso lan guzti-guztiak. Haziak eta landareak nondik ekarri ditugun, noiz erein-landatu diren, lurra nola prestatu dugun... Idatzita, argazkiak eginez, bideoak... Etorkizunean edo datorren urtean, laguntza ezin hobea izango da hau eta. Hiru galdera egingo dizkiogu geure buruari: zer egin dugu?, nola? eta noiz?.

Landareak. Egutegian "OSO ERRAZAK" etiketarekin azaltzen diren landareak ikasturtea kontuan hartuta hautatu dira (irailetik ekainera), ikastetxearen erritmora egokitzeko.

* Uda partean baratzea utzi egingo bada, hutsune hori ere ikasgai bihurtu. Ez utzi eta kito! Uztekotan, utzi zer egiten ari garen jabetuta: nola topatu nahi dugun bueltan, zer egin dezakegun buelta hori guretzat errazagoa eta baratzerako hobea izateko... Horretarako, ikusi ekaineko, uztaileko eta abuztuko oharrak. 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora