Asteroko buletina
San Matias, erein tuk azaziak bilduren tuk aza handiak

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Leixarrari adarrak noiz moztu?
2024-12-04 17:26 | Alberto

Otxandixon, baserri ondoan, leixar lizar handik bat daukagu; hazi eta hazi egin da eta etxeko hormak eta teilatua urratzen digu, eta ostotza ere teila artera botatzen digu. Guri aitak diño jota erdi ingurutik moztu behar direla adarrak, bestela laster dala barriro teilatuan, baina niri erreparoa emoten dit asko moztea, susterrak ahuldu eta ihartuko ote dan. Zer deritxozu Jakoba? Moztekotan, noiz moztu, hilberan edo hilgoran? Eskerrik asko.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-04 19:44

Lizarra maiz jarri izan da etxearen inguruan. Etxea babesten duela esan ohi da. Hasiz gero nik mugarrotu egingo nuke. Arazoa beti hor izango da, baldin eta etxea mugitzen ez badezute. Beraz 3 metro ingurura enborra moztu eta hortik sortzen diren adarrak 5-8 urtetik behin moztu baita eta beti tamaina batean eutsiko diozue. Mendian lehen egiten zen zuhaitz motzak sortuz su egurra eta zura izateko. Adarrak erdi tamainan moztuta laister dituzu oraingo tamaina berean: enbarazu bera, buruhauste bera, lan bera… Honelako lanak beti izerdi berria etorri aurre horretan egin behar dira, Otxandion negua bero badoa otsaila amaieran edo, gainontzean, martxoa hasieran, beti ilbeheran eta ahal izanez gero sustrai egunean. Hurengo urtean hauek izango dira: otsailean 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18 eta martxoan 15 eta 16.

Gaur arte erantzundakoak (908 galdera-erantzun)

Noiz txertatu aguakateak ilgoran ala ilbeheran?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-04 15:24

Ikuspegi biodinamikotik ilgoran txertatzea gomendatzen da.

pagoa nahiko zaharra da,eta onddoak agertzen hasi zitzaizkion orain dela denboratxo bat. zeozer egin dezakegu??arazoa baldin bada behintzat,auzoko ermitaren ondoan dago eta mantendu nahi genduke. zure erantzunaren zai,eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-04 15:34

Hasteko zein onddo diren identifikatu beharko litzateke. Horretarako mikologia elkarteren batekin sartu beharko zarete harremanetan. Onddoak zer jaten duen ikusi beharko da pagoaren zura bizia edo hila, eta hortik abiatu egin beharreko lana. Bestetik argazkian ikusten denez pagoaren gainerainoko lanak egin dira lehen (aterpearen zutabea…). Horrelakoak eta bere sustraien gunearen zanpaketa galerazi beharko lirateke. Horiek bezala baita adarrak ukitzea ere. Horretarako zuhaitzen zaintzan espezializaturiko profesional baten laguntza litzateke onena; bertatik bertara ikusi, baldintza guztiak aztertu eta pagoaren onerako zer egin erabakitzeko.

Ahuakate landare bat daukat, gutxi gorabehera 1,60 cm altuerakoa. Non landatu beharko nuke, kontuan hartuta Bilbotik 20 kmtara bizi naizela, barrualderantz eta 400 metroko altueran. Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-03 19:42

Kotutan izan beharreko gaiak asko dira. Ahuakateondoa fruta arbola handia da, oso handia; beraz hazteko tokia izan behar du inguruan 5-6 metrotara ezer handirik ez. Ura asko gustatzen zaio, beraz udazken lehorra denerako (fruitua ematen hasten den sasoia) badaezpada ureztatzeko aukera dagoen tokia. Altuera horretan toki beroena aukeratu, hego aldera begirako eguzki begia. Ongarria maite du, urtero eman. Lehen urtetan neguan babesa jarri: enborra bendatu, txapela antzeko plastiko bat jarri gainean eta lurgainean, bere inguruan simaur berria. Eta datorren urteko apirila arte ez landatu, orduan da garai onena.

Ahaztutako konpostera bat badugu eta txingurriak ditu konpostak. Hau ongarri bezela baratzean erabiltzeko gaizki ezta? Erremediorik??

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-03 19:46

Inongo arazorik gabe erabili luar hori. Gehienez ere txingurritegia desegingo duzu eta txingurriak han hemen, luarra non han, sakabanatuko dituzu.

Kaixo, Jakoba: Arazo bat daukagu Ibarrako piperrekin. Landareak ondo hazten zaizkigu eta fruitu asko ematen dituzte, baina horietako asko oso minak dira, ezin dira jan. Batez ere ale handienekin gertatzen da, baina txikiagoekin ere bai. Baratza Gasteizen daukagu. Giro lehorragatik izango da? Zer egin dezakegu? Gehiegi ureztatzea ere ez omen da ona... Eskerrik asko zure laguntzagatik. Larraitz

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-31 17:14

Piperminaren mina, agi danean, ingurune lehorrak eragiten omen du. Beraz Gasteizen oso zail izango duzu pipermin gozoak sortzea. Ureztatzeak lagunduko luke, baina horrek gaitzak ere ekarriko ditu landarearengana. Txikiak, oso txikiak bildu eta horietan minaren probabilitatea txikiagoa da.

Zer egi daiteke, C. Leilandiak inaustetik sortzen denarekin??? Mila esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-30 19:08

Inausketa hondakin guztiak berrerabili beharko genituzke. Adar lehorrak balira su egurretarako, adibidez edo txikitu eta landareen azpietarako jarri; honela belar gutxiago, hezetasunari hobeto eutsi eta ongarriketa egingo genuke. Hori ere egin daiteke Leilandeko altzifrearen adar muturrekin. Hobe ondo lehortzen utzi ondoren. Ez baduzu azpitarako tokirik, onena luar pilan nahasi eta usteltzen jartzea. Bera bakarrik ere utzi daiteke bazter batean usteltzen. Honetarako luar edo simaur pixka bat nahastu eta utzi. Bietarako onena txikitu edo birrintzeko makinatxo bat izatea litzateke egokiena.

Aurtengo eguraldiarekin gorrine sartuko zaiela ia zihur, zer da erremedio onena. Tomate batzuk zulatuta azaldu dira eta harra dela dirudi, zer egin daiteke??? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-31 17:04

Gorrin arriskua usaintzen baduzu sartu aurretik tratatzea duzu onena: salda bordelesa edo kobrea duen edozein formula naturala duen produktua eta azeribuztan ura da nahasketa egokiena.

Harrak era askotakoak izan daitezke eta argazkiren bat bidaltzen baduzu zehatzago hitz egingo dugu.

Aupa! Baratzian lurra lantzen ibiltzian noizbenka holako arraultz batzuk agertzen dira. Jakin nahiko neban ia zer diran.. Edo zerenak.. siraun arraultzak akaso..?

2 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-26 20:42

Ziraunarena izan daiteke, baita muskerrarena ere edo sugandilarena. Ez ditut horretaraino ezagutzen. Ea horretan jakitun den baten batek argitzen digun…

Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-26 22:13

Iñaki Sanz Azkue, Bizi Baratzeako biologoak dioenez seguruenera horma-sugandilarena izango da.

TOmatea asko luzatzen bada, punta moztea egokia da?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-26 21:50

Tomatea luzatu bada orain punta moztea ez da egokia. Moztuz gero alboetarako adarrak emango ditu, asko eta indarrean, loreak eta fruituak atzeratuz. Nire iritziz hobe da puntak okertu eta albo aldera lotu, hurrengoaren makilara i edo sokari edo…

Freskotan jasotzeko berakatzak noiz ereitzea komeni da? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-26 17:33

Freskotan edo berdetan jaten den berakatza irailaren bigarren hamabostalditik otsailaren amaiera arte erein daiteke. Beti ilbeheran ereitea komeni da.

Ahuakateondo bat daukat, izugarri hazi dena, bai zabaleran bai luzeran. Haize asko jotzen duen lekuan dago eta asko hazten ari da gora. Noiz da sasoia podatzeko?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-25 19:07

Inausi aurretik aztertu ea luzatzen den adarra okertu eta makurtu arazi daitekeen lotuaz. Ezin bada inausi, baina jakin ezazu horrek joera hori indartu besterik ez duela egingo, eta era berean fruituak emateko grina apaldu. Inausketa edo apirilean edo orain, uztailean egin; biak ala biak ilbeheran.

Kaixo Jakoba, leka hostoak xomorroren batek jaten dizkigu. Ze erremedio egin beharko genuke? Eskerrik asko aldez aurretik.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-25 19:32

Garrantzitsuena xomorroa zein den jakitea da. Hori gabe ez dago irtenbide egokia izango den erremediorik. Bareak, bare-xixak, barraskiloak, harraren bat… nik esango nuke horietakoren bat izango dela. Gauez egin bisita eta ondo miatu hostoak alde guztietatik. Hala ere zulotxo horiekin landareak ez du izugarri sufrituko, baldin eta ez bada izurritea asko ugaritzen. Hala balitz ea identifikatzen duzuen eta orduan hitz egingo dugu.

Kaixo Jakoba. Oraingoan ere badugu zerbait tomateekin. Puntatik belzten hasi dira fruitu batzuk argazkian adierazten dizudan moduan. Hori gorriña da edo beste zerbait? Konpontzeko biderik badago? Mila esker eta hurrengora arte.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-31 16:49

Hori kaltzio falta da. Kaltzio faltak arrazoi asko izan ditzake; nagusiak bi dira lurrean kaltziorik ez edo kaltzioa izanagatik uraren gorabehera handiak izan eta estres horrek behar adinako kaltzioaren emana ez ekartzea fruituraino. Lurreko falta karea emanez konpontzen da. Estresarena zailagoa da; ureztatzeko ohitura baduzute hortik sor daiteke. Sustrai txikiagoak ditu ureztatzen den landareak eta bere gisa elikagaiak bilatzeko gaitasun txikiagoa. Ureztatzen baduzu ez hutsik egin. Onena, hala ere tomatea ez ureztatzea da; arazo hori ziateko arriski gutxiago eta ahosabaian ere ederki igarriko diozu.

Arratsalde on: Galdera bat egin nahiko nuke. Gure tomateei zuloak atera zaizkie eta interneten argazkiak ikusiz, Tuta absoluta dela gaitza dutela uste dugu. Tratamendurik dago? eta horrela bada zein da egokiena? Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-26 17:01

Izurrite hori oso zabaldua dago. Dagoenerako sartua baduzue lau egunetik behin tratatu Bacillus thuringiensis eta Neem olioa aurkariekin. Laguntzeko nahasi asun minda eta xaboi potasiko pixka batekin. Ahaztu gabe lau egunero. Tratamendu horrekin lasai jan daiteke tomatea. Hurrengo urtean gogoan izan maiatzaren amaieratik hasi eta hamar egunero tratatu, hor egongo da tomateen zai eta. Baten bat zulatuta ikusten baduzue zazpi egunero tratatu eta asko bada lau egunero.

Piper landara ederrak ditut. Hala ere, konturatu naiz lurpeko zurtoin nagusian orban zuriak dituztela guztiek, onddo itxurakoak (ikus argazkia). Zer ote da? Arduratzeko modukoa da? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-21 18:34

Landareen lepoa oso toki ahula da, gaitzen erasoen aldetik: asko hortik sartzen dira. Onddo itxura dute marra zuri horiek, eta horrela erasotzen duen gatz gogor bat bada: Sclerotium rolfsii. Baina gaitz hori bada oso denbora gutxian landarea apaldu, horitu eta ihartzeraino galtzen da. Zeurea aldiz oso indartsu eta sasoian ikusten da, beraz ez nintzateke arduratuko. Aleren bat ihartzen hasten bada azkar atera lurretik, sustrai eta guzti eta erre. Bitartean: Piper on!

Kaixo Jakoba Nun erosi dezaket kalsotz landareak Noiz da garaia landatzeko?? Merezi du hemen ?? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-25 19:08

Calçotak ziklo oso luzea du. Tipula berezi horren hazia udazkenaren amaieran ereiten da, otsailean landatu eta ekaina aldera tipula burua jaso. Orain lehorra dugun buru hori irailean edo urriaren hasieran landatuko da. Goiko muturra moztu eta landatzen dira, ilada artean 80 zm. eta buruik burura 30 zm.. Buruaren erreserbetatik kimu berriak etorriko dira, 5-15 tarttean buruko. Sorta hori da lurreztatuko dena. Hortik datorkio izena, katalaneko “calçar” edo ipurdia lurreztatzea. Horrek kimua luzatzera behartzen du, bide batez tipula buru forma izan beharrean porru itxura luzea hartzen du, lurpeko zatia 15-25 cm, zurituaz eta bere dasta finduz. Lurreztaketa hiruzpalau aldiz egin behar da eta noiz atera eta erre zeuk erabaki, baina burua jarri dugunez  bi urtekoa izango da udaberrian eta zildu, loratu eta hazia emateko joera azkar piztuko zaio, eta beraz luzeetsi gabe jaten hasi. Jeneralean azaroa eta apirila artean jaten da.

Landarea beharrean tipula buruak eskuratu behar dituzu. Ez dakit hemen saltzen diren. Eta merezi ote duen? Nire ustez bai. Saioa egin eta esango diguzu.

Atxondoko Biezko Baserriko Aner lagunak “Blanca gran tardana de Lleida” deritzan aldaera erabiltzen du, Catalunyan sonatuena. Lehen tipula gorriak ere egiten ziren. Euskal Herrirako tipulina egiteko erabiltzen den “Babosa” aldaera proposatzen du berak.

Behar bereziak bi: batetik janari asko eskatzen du, aurrez eskuzabal ongarritutako lurra nahi du eta, gogoratu, tipula da: tipulak lur motela, astunak, buztintsuak eta urasetutakoak gorrotatzen ditu. Lur harroak maite ditu. Lur tontorrak egin eta alboetan landatu edo koskatan igo... Baina kontutan izan gero lurra eman eta eman lurrak bere bueltan geratzeko modua beharko duela...

 

 

 

Noiz landatu behar dira?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-18 18:52

Uda partean egiten den lana da. Uztailean egin daiteke, landare osoa ihartuta dago eta lurretik ateratzen diren adar gazteenak sustrai eta guzti atera eta landatu. Bestea iraila aldera, ipurdian sortu zaizkion altsumak ebaki eta kendu eta landatu. Bietan ureztaketa zaindu, ondo itsatsi arte, gero, toki oso lehor batean bizi behar ez badute behintzat, ez du ureztaketa beharrik. Bi saosi horietan ilbehera eta sustrai egunak dira egokienak.

Guk hazitako limoiondoa daukagu.Iparrera begira lorontzi handi baten Udaletxeak emana. Nola egin fruitua emateko, injertua egin beharko dogu...Nola egin. Mila esker, Amaia

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-13 13:07

Hazitik sortutako landareek ere lorea eta fruitua ematen dituzte, baina txertatutakoak baino denbora gehiago behar dute. Bestetik iparrera begira egoteak ez du batere laguntzen. Loreontzian bizi delarik ahalik eta baldintza onenak beharko lituzke, eta orientazio horrek ez du batere laguntzen. Beraz: ahal bada orientazio egoki batera eramanhego-ekialdea edo hego-mendebaldea; ezin bada lurrean landatzeko toki bat topatu, orientazio horietako bat duena; txertatzeko gustuko duzun klase bat hautatu eta begiko txertua egin orain uztaila-abuztuan edo adarreko edo txotxeko txertua udaberrian, martxoa aldera.

Hemen nunbait irakurri dut zuk norbaiti erantzunda gorrinaren aurka berakatz burua txikitu litro bat uretan infusionatu eta tomateari botatzeko. Zenbat denboraz irekinda? Eta landarea osorik busti edo azpian bota?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-13 13:16

Bai baliagarria da, baina aurten dugun gorrin giroarekin eta gorrin erasoarekin, ni kur hori osatu egingo nuke. Gehitu azeribuztan ura, eta era bateko edo besteko kobre ttantta bat. Kobrea ekologikoan erabiltzeko formula bat baino gehiago topatuko duzu. Irakiten 15-20 minutu eduki, bezperatik txiki txiki eginda ur horretan eduki ondoren. Landarea osorik busti bai, eguerdi aldera onena, gero eguzkiak ondo lehortu dezan.

Arratsalde on! Lehenik eta behin, eskerrik asko egiten duzun lanagatik eta halako arreta emateko eskuzabaltasunagatik. Piperrak aldatu ditugu saioa egiteko eta... zulatuta dauzkagu. Zer egin ez dakigula gabiltza. Laguntzerik? Eskerrik asko, aldez aurretik.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-11 18:43

Nik esango nuke B & B klubaren eraso bat dela. Barraskilo eta Bare, alegia. Edo bat edo beste. Miatu ondo loreontzia, goi behe, inguru, eta ertzeko borobil horren azpiko aldea… Hala ere gauez ibiltzen direnez egin bisita sorpresa bat linterna indartsu batekin eta hostoaren azpian edo gainean topatuko dituzu. Bide batez, loreontzia erdi hutsa dago, lur gutxi su, eta piper landareak uzta oparoa ematea nahi baduzu jarri lur gehiago, onena oso osorik atera landare eta lurra batera eta azpia bete.

Kaixo!!! Gure tomate zurtoin batzuk beltzak jartzen ari dira eta hosto nahiko ustelduak daude. Zer egin dezakegu?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-28 10:42

Gorrina da. Onddoak erasotu du eta zurtoinak, hostoen txortenak, hostoak... Giro honekin denak errekom ditu. Nik uste du egokiena litzatekeela eraso handia duten landareak kentzea. Kendu edo ez, geratzen direnak tratatu ahalik eta azkarren azeribuztan ura eta salda bordelesarekin. Bi tratamendu zortzi eguneko tartearekin eta hortik atzera, eurria datorrela diotenean aurrez tratatu.

Arratsaldeon Etxean ardiak dauzkagu eta larrean argazkian agertzen diren belarrak erabat ugaritu dira, eta besteak ia desagertu. Uste dugu bere jatorria ardiei emandako pentsua dela. Gutxi gora behera hektarea bateko lurra da. Nola kendu ditzakegu? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-08 15:49

Aukera erreal bakarra moztu eta moztu egitea da. Ilgorak dira onenak eta lore edo fruitu egunak. Eta sekula ez utzi loratzen eta hazia zabaltzen. Egun egokiak izango dira: uztailaren 19 arratsaldea, 20 eta 21 goiza. Baita 28 eta 29 goiza ere. Abuztuan 16, 17, 24 eta 25. Egun horietan ezin baduzu ilgorako beste egunetan: uztailaren 19 eguerditik 31ra eta abuztuaren 16tik 28 eguerdira. Hurrengo urterako gogoan izan horrelako lanak egiten maiatzean hasi behar dela. Moztualdi bakarrarekin ez konformatu, moztu eta kimu berria ematen duenean berriz moztu, eta berriz, atzeratu arte.

Aupi! Nire balkoiko landareei (albaka, menda, erromeroa eta ezkaia) orban zuri/hori hauek atera zaizkie. Izurritea al da? Nola zaindu ditzaket? Albakaren adar batzuk ere zuriak eta puztuak jartzen ari dira. Mila esker zure laguntzagatik!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-08 11:52

Nik uste dut zerbaitek kosk egiten diola: euli txuria, armiarma txikiak edota tripsa. Horien aurka xaboi potasikoarekin tratamendua egin. Alde guztietatik ondo busti landare guztiak eta baita loreontziak eta balkoiko hormak ere. 4 egunero tratatu, izurritea garbitu eta landarea garbitu arte.

Orain arte animali-simaurra erabiltzen nuen baratzean , orain auzo-konposta egiten degu herrian, 5. kontenedorearen ordez. Zein da hobea edo zer komeni da baratzerako?. Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-06 21:36

Biak onak dira. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina denak egokiak dira. Simaurra ere zein aziendarena denaren arabera desberdina da; luarra edo konposta bezala, nola eta zein materialarekin egiten denaren araberakoa izango da. Baratzean erabiltzeko bat bezala bestea. Nire ustez egokiena biak erabiltzea da. Luarra baduzu eskuera hori erabili baina tarteka simaur pixka bat emanez gero hobe.

Santu guztitarako (Azaro 1) nahi ditut loreak, noiz landatu bulboak Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-06 18:21

Kanpoan edo barruan landatu ditzakezu lirio erraboilak. Badakizu lirioa ez dela berozalea, beraz azaroaren lehenean loratzeko asmo hori beretzako ikaragarrizko erronka da, uda osoa izan beharko baita hostotan, bero handienetan… Baina zoriari berea emanez, uztailean eta abuztu hasieran landatuko nituzke nik batzuk ez badira besteak loretan izateko ahaleginean. Hona egun ustez egoki batzuk: uztailaren 9, 10, 19 arratsaldea, 20, 21 goiza, 28 eta 29 goiza; abuztuaren 5, 6, 7, 16 eta 17. Gutxienez bi txandatan landatu

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora