Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kaixo Jakoba, azken aldian ugaritzen ari da zizare grisa gure baratzean, eta kalte handiak eragiten ari da, bereziki, letxugetan. Landare sartu berriak gutxika gutxika hiltzen ari direla ikusten dugu, eta lurpean eskua sartzen dugunean gutxienez halako zizare bat topatzen dugu zurtoin bakoitzaren azpian. Zein konponbide erabili dezakegu izurrite honi aurre egiteko? Leku ezberdinetan irakurri dut bacilus-a azukrearekin nahastuta ematea ona dela, baina, ea zuk zer proposatzen duzun. Eskerri asko!
Har grisa asko zabaltzen ari den izurritea da bai. Hala ere ez da izurri oso kaltegarria, ez dira har asko batera toki batean pilatzen. Min handia egiten dute bai letxuga bezalako hosto landare ttikietan. Lur azalean, juxtu lurpean lepoa mozten diote landareari. Hala ere aipatzen duzun eran oso erraza da harrapatzea; mugikortasun mugatua du eta asko kostatzen zaio landare batetik bestera mugitzea. Horrexegatik egin dezakezun onena landare bat lehortzen hasten dela ikusten duzunean azpia harrotu eta harra bilatu eta hiltzea da. Ez dut sekula probatu ezta entzun edo irakurri ere Bacillusa azukrearekin nahasitako erremedio horren berritik. Ez da erraza izango, Bacillusak lurra ukitzen badu desaktibatu egiten da. Probatu nahi baduzu aurrera, ea zer emaitza lortzen duzun…
Gaur arte erantzundakoak (1091 galdera-erantzun)
Arratsaldeon,Jakin nahi nuke nore jokaera ona den, eta abuztuko eta iraelakoilgorak noiz tokatzen dire berriro mozteko
Iratzeari kalte egiteko ahal bada udako egun luzeenetan moztu behar da. Ilgora da onena baina ilargiari begiratu gabe orian moztu ahal baduzu ahalik eta azkarren moztu. Abuztuko ilgora 2tik 14ra izango da. Ireilean moztuta ez diozu inolako kalterik egingo.
Kaixo, Jakoba: Sedum mexikanum landare bat daukat. Urte bete izango du. Orain arte ongi zegoela uste nuen. Udaberrian ongi loratu da, ongi hazi da... Baina, orain, argazkian ikusten den moduan ikusten dut. Lurretik gertuen dituen hostoak ximelduta, itsusitu egin da. Bere ziklo naturalarekin bat ote dator? Biziberritu beharko nuke? Behar bada ez dut toki egokian? Iparrera begira dago, toki babesean, baina ez dio inoiz eguzki izpi batek ematen. Zer egin niezaioke? Mila esker Jakoba eta segi horrelaxe, jator jator, guri momentu atseginak ematen.
Sedum horrek ez du nahi izaten eguzki galdatan bizitzea. Hobe erdi itzaletan. Nire ustez edo ureztaketan aldaketaren bat izan da edo gosez dago. Ureztaketa egiteko lurra ondo lehortzea komeni da berriro ura eman aurretik. Bestea loreontziko lurra ahitu egin da edo txikia geratu da eta berritu egin behar da.
Egun on. Zure gomendioari jarraituz botilaratu genuen sagardoa igaz. Gabonetako ilbeheran. Sagardoa bi hilabetez kupelen edukita. Emaitza bikaina izan da. Erosogoa da honela egitea Apirilera arte zaintzan egotea baino. Eskerrik asko!!!
Eskerrik asko zuei. Ni ere sagardo tipologia horren aldekoa naiz. Bejondeizuela eta topa!
Jakoba, Zuk esanda bezala simaurra eta humusa zabaldu ditut lurrean, egia esan, egun batzuk igaro dira eta bai loreak bai barazkiak beste itxura bat hartzen ari dira. Orain bigarren galdera, komeni zait berriro lan berdina egitea? Txirbila botatzea egokia izango litzateke?
Ongarriketa nagusia urria-abendua tartean egitea komeni da. Orain lur horri gosea kentzeko adina eman eta kitto. Baina xuhurkerian ez ibili, eman, asko behar du eta. Gero prestatu pila handi bat udazkenean emateko eta txirbila han nahasi, simaurrarekin edo luarrarekin.
Porrua landatzeko lurrari ximaurra bota bear zaio ?? Nahiko ximaur berria daukat, zaharrik ez daukat
Zeuk ikusi lurrak lehendik ongarririk baldin badauka ez daukazu eman beharrik. Premia baldin badu simaur hori nahasi lurrari eta kitto. Porrua ez da hain mokofina. Beste landare batzuek ez dute simaur berririk ikusi ere egin nahi. Gero porru iladen artean simaurra eman eta hilabetera karea banatu, landareak ukitu gabe. Horrek simaurra ontzea azkartuko du.
Egun on Jakoba, Kalabaza landarea maiatzaren 20a aldera landatu nuen eta honezkero kalabazak erraldoiak daude. 2 hilabete pasa dira bakarrik eta ikusi dudanez 3 hilabeteko epea behar dute gutxi gora behera ondo egiteko. Noiz Jaso beharko nuke? Mila mila esker!
Gauza bat da kuiak handiak egiten eta beste bat da zaildu eta jasotzeko modukoak egitea. Uda amaiera arte behintzat ez dira bildu behar jasotzeko. Jateko bai, nahi duzunean, baina kontutan izan ez dutela ondo heldutako kuien dasta bera izango, berde-gordin dasta izango dute. Jasotzeko badira utzi lasai bere horretan eta handitzen jarrai dezatela. Uda amaietan, landarearen hostoak ihartzen hasten direnean eta kuiaren txortena ere ihartzen hasten denean orduan da jasotzeko sasoia.
Mertxikondo gazte bat daukat, eta nahiz eta oraindik ez dudan lortu forma definitiboa ematea, badira hiru bat urte mertxikak ematen dituela. Orain arte beti kimatu dut neguan, baina, dirudienez, udan ere inausketa bat ahal zaio, eta oker ez banago, horixe da zuek "berdetako inausketa" esaten duzuena. Horregatik, jakin nahi nuke zertan datzan berdetako inausketa hori, eta nola egin behar den, gutxi gorabehera, fruitu-arbolen kasuan. Eskerrik asko.
Euskal Herri hezean bizi baldin bada mertxikondo hori, inausketarekin kontuz ibili behar dugu. Hezetasuna ez du batere maite eta gaitzak har ditzake oso erraz zaurietatik. Inausketa egitera ohituta baldin badaukazu neguko inausketa orokorrean udaran egin; argitzeko inausketa nagusiki. Udan izerditan dagoenean erraz itxiko ditu zauriak eta osasuntsuago egongo da. Beste fruitu arbola batzuetan, sagarrondoetan adibidez, adar zurgatzaileak edo txupoiak kentzen dira. Hala ere jakingo duzunez adar zurgatzaile horiek gehiegizko inausketa edo inausketa zakarregia egiten denean azaltzen dira. Fruitu aleak sustatu nahi dituzunean ilbeheran egin, eta egurra, edo arbolaren egitura indartu nahi duzunean, berriz, ilgoran.
Aupa! Aurtengo soloan, aurrekoetan bezala piperrak landatu ditugu leku berean, eta aurrekoetan jasotako uzta ona arren, aurten arazoak gabiltza izaten. Badakigu orkatzak eta katuak dabiltzala inguruan, eta hasierako orriak jan egin dituztela. Baina beste gaitzen bat izan dezake ikusitako irudietan? Mila esker aldez aurretik!
Gaitzik ez dut ikusten. Hasierako hostoak faltatzearena harrigarria da. Hostoak jan nahi dituenak xamurrenak hautatzen ditu, muturrekoak… bestela indarrean ikusten dira eta loratzen. Nik esango nuke hostogabetze horrek atzeratu egin duela zikloa. Laguntzeko aukera bakarra ongarri heldua landare inguruan jarri, belarrak jorratu ondoren; edota ongarri heldua uretan jarri ontzi handi batean eta gero ur horrekin ureztatu lurra lehorra dagoenean eta landarean ukitu gabe. Bidali iraila amaierako egoeraren argazkiren bat. Eskerrik asko.
Kaixo Jagoba, Ezjakintasunak ezintasuna sortzen dit, argazki hauek ikusiz, esan al diezadakezu lurra zer egoeratan ikusten duzun, loreak mixeri horretan egoteko? Semeak esaten didanez, lurrak ieltsoa edo karea dauka berez.... hori izan daiteke arrazoia? hala balitz, zer egin beharko nioke? Bestalde, tomateak, zer itxura hartzen diezu? oso atzenduta datozela iruditzen zait, oraintxe hasi dira lorea ematen. Saiatzen naiz zure liburuko gomendioak ahalik eta ondoen jarraitzen baina zerotik haste honek zailasun asko ditu.
Leitzan lur elkorrari lur zipotza esaten diote. Horrelakoa da zeurea. Lur hori goseak dago, eta lur gosean landareak ezin ondo bizi. Eta etekina emateko lehen-lehenik bizi behar da. Eman, gupidarik gabe ongarri organikoa lurrari: simaurra, luarra, zizare-lurr, orbela, belar txikitua… Edozein ona da. Onena ondutako simaurra edo luarra. Etxe inguruko lurrak badira posible da zure semeak arrazoi izatea. Orduan karerik ez eman. Baina ongarri organikoa ez ahaztu. Orain landareen artekoa estali ongarriarekin, lurra ikusten ez den arte. Eta urtero eman; ongarritzeko sasoi onena azaroa da. Orduan ezin bada noiznahi, baina ahaztu gabe.
Jakoba, Eta tomateak dauden lurra ere zipotza, elkorra da? Daukadan simaurra behien azpietatik ateratakoa da, lastoarekin nahastutakoa, hori egokia izango litzateke lurra estaltzeko? Mila esker zure laguntzagatik
Egun on! Kuiatxo eta luzokerrei ere ondo datorkie zoldabelar hostoak zatitzea inguruan, lurrean? Mila esker!!
Zolda-belarra ongarri oso ona da. Nahi baduzu landareen inguruan zabaldu edota lurrazalean arin-arin nahasi. Beste bi aukera hobeak dira. Bata luar pilari nahasi hostoak; luarra biziberrituko du eta elikagaiz osatu. Bestea zolda-belarraren minda edo purina egitea da, eta gero horrekin landareen arteko lurra ureztatu. Hau egiteko kilo bat hosto berde, 10 litro euri ur, hamar bat egunez eduki egunero indarrez irabiatuz eta bitsik ateratzen ez duen egunean egina dago. Ureztatzeko hamar aldiz urtu edo urardotu.
Txingurrien eraginez pipar landareak izurratzen hari zaizkidak pulgoiaren ondorioz!!! osto azpi ta punta berrietan zeudek!! Zein izango hukek soluzio eraginkorra? Ozpinak on egingo al lieke? Eskerrikasko.
Onena duk xaboi potasikoarekin tratatzea. Egunero tratatu garbitu arte. Tratamendua gogortzeko Neem nahastu eta aukera izanez gero Bacillus thuringiensis. Seguruenera ez duk beharko, xaboia nahikoa izango dukela iruditzen zaidak.
Kaixo Jakoba. Bi astetik behin larrosa, hortentsi eta larrosei ongarria ematen diegu (nitrogenoa, burnia, kobrea). Noiz arte da beharrezkoa ongarria ematea? 4 saiotan eman diegu. Eskerrik adko zure lanagatik
Udazkeneko oinarrizko ongarriketa emanez gero ondoren ez dago gehiago eman beharrik. Ongarriketa organiko naturala da gakoa, simaurra, luarra, zizare-lurra, edo nahi duzuna. Horrekin nahikoa dute, baldin eta arazo bereziren bat ez badago. Orain ere onena hori ematea litzateke. Baina udazkenean gogoan izan ongarria ondo ematea.
Kaixo Jakoba! Galdetu nahi dizut bainatako pulgoiari buruz.bainak oaintxe hasi dirá ematen,baño pulgoia sartzen hari zaio dezente.Hori nola ahalko nuke menderatu edo geldiarazi jakin nahiko nuke.Nik momentuz gaur potto horiak jarri dizkiot olioarekin igurtziak. Zure erantzunaren zai geratzen naiz,ze esan didate botika sistémico bat botatzeko,baño Gero ezin omen dela7egunetan han edo bildu,eztakit. Millaesker Jakoba!
Ohikoa du lekak zorriaren erasoa. Gehiago ongarri asko baldin badu lurrak. Dagoeneko erasoa egonik hasi ahal duzun azkarren xaboi potasikoarekin tratatzen. Onena eta eraginkorrena xaboi potasikoa eta Neem. Baita nahi baduzu erantsi Bacillus thuringiensis, baina ez da beharrezkoa. Hasi 3-4 egunetik behin tratatzen. Busti landare osoa alde guztietatik, gauza ez baita landarea bustitzea soilik, zorriak busti behar dira. Garbitutakoan zaindu eta bateren bat berriz ikusiz gero behin edo bitan tratatuta nahikoa. Tratamendu horrekin bustita ere jan ditzakezu lekak, ez dago arazorik. Intsektizida sistemikoekin bai, pozoia barrura sartzen da eta lekak ere pozoitzen dira, pozoia guregana ekarriz. Inolaz ere ez erabili horiek sekula.
Lekak lehortzen ari dira.Hostoak horixkatzen eta ximeltzen.Zer egin dezaket?Mila esker zure laguntzagatik.
Bi arrazoi izan daitezke. Bata nitrogenodun ongarri gehiegia edo gaindosia. Bestea hezetasun handiegia, lurrean edo inguruko airean. Gehienetan bigarren hau izaten da arazoa. Ureztatzen delako, azpian plastikoa jarri delako edo euria maiz egiten duelako lur azalari lehortzeko tarterik eman gabe. Horrek gaitzak dakartzaten onddoak suspertzen ditu eta horitzea hortik letorke, gaitzetik.
Egun on: Udaberrian konturatu gara ortu barrenean zeuden spirae zuria eta malus apaingarria hil egin direla, ez dakigu nola; eta orain, ortu erdiraino jarri ditugun landara ia guztiak usteldu dira, eta berriak jarrita ere, egun gutxitara usteltzen dira (babarrun, tomate, piper). Zer gertatzen ari ote den ba al dakizu? Erremdiorik ba ote dago? Eskerrik asko.
Argazkietan ikusten denez sagarrondoa desbrozadorarekin edo bestelako zerbaitekin ipurdian jo egin da, eta zauri larriak ditu. Zauri horietatik lurreko gaitzak sartzen dira, onddoak eta egurra usteltzen dute. Agian espireari ere antzeko zerbait gertatu zaio. Piperrek ere antzeko itxura dute, lepo aldean azala galdua, hor agian lepoko gaitza sartu da. Nik esango nuke gune horretan hezetasuna oso handia dela eta sufritzen dauden landareek ezin dutela aurrera egin hezetasunak ekarritako onddoen gaitzen eraginez. Irtenbidea hezetasuna kentzea litzateke: itzala kendu, belarrari motz eutsi, lurrazala harrotu, karea eman, drainajea antolatu. Eta desbrozadorarekin kontuz.
Aupa Jakoba Piperrak landatu genituenetik ez dira hasi eta moteldu eta hil dira. Zer egingo dut, eutsi edo berriak landatu?
Hil baldin badira berriak jarri beste aukerarik ez duzu. Zergatik hil dira, hori jakin beharko genuke hanka berriz ez sartzeko. Piperra eguzkizale amorratua da. Itzalik ba al du? Beroa gustatzen zaio eta lehorra ere bai. Ez zarete ba ureztatu eta ureztatu ariko? Kontuz horiekin.
Pasa den urtean eta aurten gauza bera gertatu zait. Kuia ondo hasten da, indarrez, baina kuia txikiren bat agertu orduko zimeldu egoten da, ur falta balu bezala, baina ura eman eta eman nabil (pasa gabe) eta ez doa aurrera. Beroarekiko oso sentibera izan daiteke?
Hokkaido kuiari jeneralean frantsesezko izena, Potimarron esaten zaio (Cucurbita maxima var. Hokkaido). Nik esango nuke polinizazio arazoa dagoela. Aurten asko ikusten ari garen arazoa. Hori konpontzeko hartu lore arrak, atzean txorten mehe zuzena dutenak eta petaloak kendu eta erdian duen polenez betetako txortenarekin igurtzi lore emeak, atzean kuiatxo txiki bat dakartenak, barruan. Lan hori bi edo hiru egunero errepikatu, lore emeak ez galtzeko.
Kaixo: Azken urteetan lurrean zomorroren bat landareak izorratzen dabilkigula uste dugu. Errukula, uraza, zerba, azalore, brokoliak zulatuta, eta oraingoan piper landare nahiko koxkortuak, baita baina landareren bat ere ihartuta azaldu zaizkigu. Diatomea lurrarekin eutsi ahal izan diogu noizbait, baino, ez erabat. Ez dakigu zer dugun etsai eta horixe jakin nahiko genuke, ea zuek badakizuen? Aldez aurretik, eskerrik asko. Segi ondo.
Nik uste dut argazkiko sarraskia egiteko lurreko zomorro bat baino zerbait handiagoa izango dela. Pentsatzen dut gauez ere bisitaren bat egingo zenutela eta bareak eta barraskiloak baztertu. Hostoetako horzkada horiek nabarmenak dira, eta horiek ezean untxi, orkatz edota horrelakoren batean pentsatu. Zuek jakingo duzue hor zer fauna klase dabilen, horrela jan eta baita ipurditik ateratzeko… beste gauza bat da lurpetik mozten badituzte. Horiek har beltzak izan daitezke. Moztutako landarearen ipurdiko lurra miatu behar da, makal mugitzen da eta normalean hortxe harrapatzen da…
Kaixo Iagoba, lankide bati fruitu arbola bat loreontzi eder batean oparitu nahi diogu. Baserri/txaletean bizi da bera eta atarte inguruan jartzeko litzateke. Zer gomendatzen duzu?
Loreontzian fruitu arbola jartzea etorkizunik gabeko lana da. Loreontzi erraldoia beharko luke, lurrean jartzearen tankerakoa. Bestela, loreontzian bizitzeak eta gehiago lorea eta fruitua ematea nahi baduzu, izugarrizko lanak hartu behar dituzu. Lurra sekula ez lehortzeko adinako ureztaketa, ongarriketa maiz egin beharra, inausketa zehatz-mehatza zirujauaren tankerakoa… Nire ustez ez du merezi.
Kaixo, hazitik ateratako limoiondo bat daukat, orain dela 8 urte +/-. Lorontzi haundi baten dago eta hasi egiten da, baina ez du fruiturik ematen. Emango ote du ??? Zer falta zaio???? Milesker! Loli
Hazitik sortutako fruitu arbolek askoz denbora gehiago behar dute loretu eta fruitua emateko. Txertatutakoei lehenago sortzen zaie ugaltzeko grina. Hala ere zure ustez loreontzi handia da hori, baina begiratu adaburuak edo hostajeak duen tamaina eta loreontziarena. Loreontzi hori OSO TXIKIA da. Jarri hiru edo lau aldiz handiagoa, toki horretan kabitzen den handiena eta ongarriketa ez ahaztu. Azaroan lurrazala simaur onduz estali eta gero urtean zehar ureztaketa urari ongarri likidoa nahasi, udazkenean eta neguan ezik hilean bitaz gutxienez.
Egun on Jakoba, Pablo eta Maite gara Lazkaotik.
Baratzako tomate eta kalabazinekin arazotan gabiltza eta zer izan daitekeen kontsultatu nahiko genuke zurekin, lehen bait lehen konponbidea bilatzeko.
Tomate landarari lora erortzen ari zaio eta kalabazina hazten hasi eta berehala usteldu egiten da. Ez dakigu lurrari ongarriren bat falta ote zaion edo beste arazoren bat izan litekeen. Baratza negutegirik gabeko baratza da.
Ea lagun diezagukezun, mila esker.
Pablo eta Maite.
Loreak erortzearen arrazoia polinizazio faltarena izan daiteke. Nik uste dut argazkietan ikusten dena pasa den asteetan izan ditugun bero latz horien ondorioa dela. Horrez gain, polinizazioa gertatzeko haizeak edo polinizatzaileak behar dira. Horren faltan jendeak gero eta gehiago loreak kitzikatzen ditu: loreak mugituz edo dantzatuz polena mugitzeko. Barietateen arabera errazagoa edo zailagoa da, lorearen forma da arrazoia. Tenperatura altuegiek eta hezetasun urriak polena lehortu eta alferrik galtzen dute. Hezetasun handiak polena bildu, itsatsi egiten du eta ezin ondo ernaldu lorea. Ernaldu berritan eroritako loreek ongarri berezien falta izan dezakete (fosforoa, kaltzioa, magnesioa, boroa, molibdenoa…) jeneralean arazo hori beste ongarrien gaindosiak dakar, batez ere nitrogenoarena. Simaur tipoko edo okerrago zakuko ongarri kimiko gehiegi eman delako, alegia.
Kuiatxoarena berdin polinizazio falta da. Lore emeak kuiatxo txikia dakar irekitzen denerako eta ernaldu edo ez kuiatxoa hor dago. Ernaltzen bada, hau da lore arrak eman duen polena lore emera iritsi eta ernaltzen badu, atzean daraman kuiatxo hori haziko da. Polinizazio egokirik gabe luiatxo hori geratzen da baina usteldu beste aukerarik ez du izango. Honetan eskuz polinizatzea gomendatzen da. Lore arra (atzean kuiatxoa ez duena, txorten mehe luzea duena) hartu, petalo horiak kendu eta erdian duen muturtxoarekin lore emeen barrukoa igurtzi. Hori maiz egin, lore emeak ireki ahala, ernaltze egokia ziurtatzeko.
Etxe inguruko landan urten dabe belar batzuk oso bizkor zanaltzen ari direnak beste belarren kaltetan Zer egin genezake euren kontra? Beste landaren bategaz aurre egin? Produktu edo zeozegaz desagerrarazi? Bizkaian bizi gara, Ziortza-Bolibarren Argazkia erantsita
Belar hori oso ugaria da hemen. Batez ere mugitutako lurretan sortzen da: bide bazter, betelan eta abarretan. Kentzeko era errazena moztea da. Ipurdi-ipurditik moztu eta berritzen bada berriro moztu. Lan hori eraginkorragoa da ilgoran eginez gero. Uztaileko ilgora 9tik 22 eguerdia arte izango da, eta onena 15etik 20 artean, biak barne. Abuztuan ere ez da txarra; ilgora 6tik 18ra, eta egun onenak 12, 13 eta 14.
Kaixo Jakoba: Etxe zahar bat txukundu nahian gabiltza eta laguntza eskatu nahi genizuke, argazkian ikusiko duzun pareta horren kontra (edo paretatik gertu behintzat), ze lore-landare jarri erabakitzeko. Orain, osinak ateratzen dira. Paretak mendebaldera ematen du eta teilatupea da, Leitzan. Ureztaketa gutxi behar luken ze lore-landare gomendatuko zeniguke?
Osinak egoteak esan nahi du lur oso aberatsa dela. Ongarri faltarik ez du izango urte batzuetan behintzat. Loreen aukeraketari buruz, garrantzitsua da zuen gustuaren arabera aukeratzea. Nik horrelako tokietan nahiago izaten dut landare bakarra jarri, horrela ikusgarriagoa da. Nirea balitz kalak jarriko nituzke. Lehendik kalak dauden tokiren bat aurkitu eta lurpetik erraboilak atera eta landatu. Metro erdi bateko tartearekin jarri eta denbora gutxian multzo ederra izango duzu. Landaketa lan hori uztail-abuztuan egiten da eta ilbeheran.
Arratsalde on, Azelga landatu nuen maiatzaren erdialdera. Ederki sustraitu zen, nire uste apalean; eta berehala hasi zen hosto berde-berde eta ederrak ematen. Baina ez dalit zer gertatzen den, hostoa egiterako, pikor gorrixka batek hartzen du eta dena ximeldu. Zer gertatu da? Zerozer egin dezaket landarea sendatzeko? Pena handia daukat, ikaragarri polita zegoelako eta ikaragarri gustatzen zaigulako azelga. Eskerrik asko laguntzeagatik Arantxa Ihaben-Basaburua
Zerbaren gaitza arrunta da Cercospora onddoak eragina eta zerbaren baztanga esaten zaio. Gori epelak eta hezetasuna dagoenean sortzen da eta kentzen oso zaila da, erraz berritzen baita. Hala ere eraso handiena duten hostoak kendu eta erre. Ondoren azeribuztan ura eta salda bordelesarekin tratatu. Xaboi potasiko eta esne ttantta gutxi batzuk eransteak asko laguntzen du. Tratamendu hori astero errepikatu, batez ere euria edo lanbroa egin aurretik.
Inguruko landetan belar mota barri urtetzen hasi da eta oso bizkor hedatu da, kasu batzuetan belarra desagerrarazi arte Badago modurik aurre egiteko? Beste landare motaren bat, tratetako produkturen bat... Oraintxe ataratako argazkia bialtzen deutzut; Bizkaian bizi gara, Ziortza-Bolibarren Eskerrik asko, ondo izen
Belar hori oso ugaria da hemen. Batez ere mugitutako lurretan sortzen da: bide bazter, betelan eta abarretan. Kentzeko era errazena moztea da. Ipurdi-ipurditik moztu eta berritzen bada berriro moztu. Lan hori eraginkorragoa da ilgoran eginez gero. Uztaileko ilgora 9tik 22 eguerdia arte izango da, eta onena 15etik 20 artean, biak barne. Abuztuan ere ez da txarra; ilgora 6tik 18ra, eta egun onenak 12, 13 eta 14.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545