Noiz moztu behar da urkia oholak egin eta tallatzeko?
Iraupenari begira ahalik eta izerdi gutxienarekin moztea litzateke egokiena. Horretarako hiru baldintza betetzea da egokiena. Lehenik, negu-neguan moztu, izerdi gutxiena dabilkien garaian. Bestetik ilbehera da onena. Eta hirugarrena, ilbeherako sustrai egunak dira aproposenak. Urtarrilean edo otsailean moztu. Urtarrilean ilbehera 12tik 26 eguerdira arte izango da eta sustrai egunak 19, 20, 21 eta 22 eguerdira arte. Otsailean berriz, ilbehera 8eguerditik 22ra artekoa izango da eta sustrai egunak 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18.
Gaur arte erantzundakoak (917 galdera-erantzun)
Ilarrak jaso dittugu oraintxu, baina gorriñiek jota, uzta gutxi jaso dugu. Berriz orain sartu ditzaket edo itxaron egin beharko nuke? Orain sartzeko aukera izanez gero, noiz jasoko nuke uzta?
Udaren hasieran, eguna mozten hasten denean ilarra erein daiteke uda amaieran edo udazken hasieran biltzeko. Ilgoran erein eta ahal izanez gero fruitu egunean. Uztailean 19 arratsaldea, 20 egun osoa, 21 goiza, 28 egun osoa eta 29 goiza izango dira egokiak.
Kaixo Jakoba, gaur sagarrak nola zihoazen ikusten ari nintzela "txoisagar" baten hostoak zimurtzen eta belzten ari direla konturatu naiz. Interneten begira ibili naiz eta ez dut ezaugarri horiek betetzen dituen gaitzik aurkitu. Hemen uzten dizut argazki bat. Ze gaitz den eta tratamendurik ba ote duen jakin nahiko nuke. Eskerrik asko.
Nik uste dut hosto horiek hotza pasa dutela. Hosto zaharrenak daude zimurtuta, baina baita erredura antzeko zauri gorrizta-marroiak dituzte. Zauri horiek ez diote hostoari behar bezala zabaltzen uzten eta horrela kizkur itxura hartzen dute. Gorriune horiek hotzak, edo kazkabarrak sortua izango dela dirudi. Kimuaren muturreko hosto berriak, ordea, ondo datoz, sano eta ez gorriune eta ez kizkurrik gabe. Beraz, nik lasai hartuko nuke eta hosto berri horiei begiratu.
Kaixo! Hasi berria naiz baratzako kontuetan, eta galdera batekin nabil buruan; ingurukoei galdetu diet, baina inork ez du erantzuten jakin. Supermerkatuetan saltzen dituzten "pepinillo"-ak landatu nahiko nituzke, tipulatxo txikiekin eta azeitunekin saltzen dituztenak. Interneten begira ibili naiz, eta pepinoaren landaretik irteten direla ikusi dut, baina ez dakit ziur fidatu edo ez... Zer landatu beharko nuke pepinillo delakoa jasotzeko? Eta noiz/non? Ea laguntzerik duzun... Mila esker!
Luzokertxo txiki horiek fruitu ttikia emateko bereizitutako barietate batzuek ematen dituzte. Ez da luzoker arruntaren fruitua. Beraz landarea eskuratzerakoan eskatu ale ttikiak emango dituen horietakoa. Hala ere jendeak luzoker arruntaren landarea ere erabiltzen du eta fruitua ttikia, zeuk nahi duzun tamainakoa, dagoenean bildu eta salmueran sartzen du. Landaketa maiatza-ekaina aldera egiten da. Makilak edo sarea behar du arbatu eta lurra kentzeko, bestela usteltzeko aukera handia dago.
Kaixo Jakoba eta familia. Ekainaren hasieran patata baratzean, irabazian dagoenean, herdoiltzen hasi da. Herdoilan kontrakoa bota dio aitak baina zein erremedio eduki dezake gehiagora ez joateko? Patata Tolosaldean bizi da. Eskerrik asko.
Aurtengo giroari zor zaio patata sailetan daukagun panorama kaxkarra. Tratatzen ari bada segi dezala. Nire iritziz tratamendu eraginkorrena salda bordelesa edo kobre ekologikoa duen beste edozein formula, azeribuztan ura eta xaboi potasiko nahasketa da. 4 egunetik behin eman, ahal bada euria egin aurretik, gutxienez 3-4 ordu aurretik. Hala ere gaitza sartu bada oso zaila da garbitzea. Patata ateratzen eta jaten hasi, patata berria. Gerora gordetzeko edo jasotzeko ere arazoak ekarri ditzake, beraz ahalik eta azkarren jan. Jasotzez gero ahalik eta zorrotzen bete: giro lehorrarekin atera, lur gainean lehortzen utzi, itsatsita daukan lur hondarra kendu eta toki lehor, ilun, hotz eta haizeberritzen den batean jaso.
Eguardi on Jakoba.
"Feijo" zugaitz landare bat daukat fruta alez bete betea.
Bakantzea komenida?
Eskerrik asko erantzuteagatik.
Nik bakandu egingo nuke. Horrela gauza ugari lortuko duzu: batetik landarea hobeto bizitzea, ale gutxiago ekarriko ditu baina askoz ere handiagoak izango dira eta hurrengo urtean berriro emateko grina izango du.
Noiz podatzen da hortensia eta noiz aldatu adarrak ugaltzeko?
Inausketa sasoi onena izerdi berriaren hasiera da, otsaila-martxoa alegia. Orduan moztutako adar muturrak aldaxka bezala landatu eta landare berriak sortzeko erabili daitezke. Orain inausteko berandu da oso. Hala ere muturrean lorerik ez duten adarrak badituzu horiek moztu eta landatu ditzakezu; ondoren lurrari beti heze eutsi eta itzaletan eduki.
Pasa den astean galdera batzuk egin nizkizuen ereinotza landare aldatu bati buruz. Jakin nahi dut, landareari zerbait iñausi edo kimatu behar badiot. Hosto batzuk lehortzen ari dira beste batzuk indartzen, baina ez zazkio ikusten kimu berriak.
Landarea loreontzi batetik aterata landatzen bada gauza bakarra zaindu behar da lehen urtean: ordura arteko antzeko baldintzak izatea. Itsatsi eta sustrai berriak eman artean batez ere ureztaketa zaindu, ontzian zenean bezala: astean behin, bitan… Landarea lurrean bizi bazen eta handik atera eta beste nonbait birlandatu bada, sustrai mordo bat galduko zuen. Orduan bai, proportzio beretsuan hostoak kentzea komeni da. Hala ere hosto batzuk galtzea ez da harritzekoa. Kimu berriak indartzean soilik emango ditu. Lehen urtean sustraiak ematea komeni da, eta kimurik eman gabe igaro dezake.
Kaixo Jakoba! Uda dator eta eskutik baratzearen fruiturik hoberenak. Beroarekin parrillada edo barbakoa sasoia dator ere. Barbakoa bat egin eta gero, errautsak eta erre ez diren ikatz zati txikiak lurran botatzea gomendatzen duzu? Hala bada, aporte hau zelan egin komenta zenezake mesedez? Mila esker!
Zuzenean lurrera baino egokiagoa da luar pilara bota eta nahastea. Bai errautsa, bai erretzen bukatu gabeko ikatz koxkorrak. Gauza bat izan behar duzu kontutan: ikatz horren gainera gatz asko bota bada ez erabiltzea hobe.
Kaixo! Urtero maiatzean palmerari zahartutako arramak moztu izan diogu. Araza batzuk medio garaia pasatu zaigu. Aurten noiz komeni zaio arrama horrek kentzea?
Orain egin lasai. Oraindik maiatzeko giroa dugu eta palmondoak ez du beroarekin sufrituko. Ilbeheran egin eta ahal izanez gero sustrai egunetan. Ilbeheran gaude eta ekainaren 21ean amaituko da. Sustrai egunak 15, 16 eta 17 izango dira.
Kaixo, Jaerla motako patata berria jaso degu pasa den aste hontan. Patata azalean irudian ikus daitezkeen koxkor txuriak agertzen dira. Zer dela eta?
Azal poroak edo lentizelak dira. Lentizelak tuberkuluaren barrena eta kanpoaren arteko loturak dira. Hezetasun handia denean edo lurra urasetzen denean kanporantz ateratzen dira eta “azalore” forma edukitzen dutela esan ohi da. Gerora arre-marroi kolorea hartuko dute. Arazoa gehiegizko urak dakar eta horri aurre egiteko zer egin pentsatu hurrengorako: lurra harrotu eta uraren drenaia lagunduko duten lanak egin, batez ere. Hori dutela sumatuz gero patata ez atera, eta arbak ez kendu, koxkortxoak xurgatu eta barrurantz har ditzak tuberkuluak. Eta uzta ateratakoan kuberkuluak ondo-ondo lehortu.
Arratsalde on Jakoba. Orain dela hilabete batzuk larrosa haziak erein nituen. Baina ez da ezer atera. Porrota hutsa. Gero, esan didate gaizki egin nuela, larrosa haziak ez direla lurrean zuzenean erein behar, beste prozesu bat egin behar dela aurretik (zer prozesu den hori azaldu gabe). Orain, badituk beste hazi batzuk eta jakin nahiko nuke zein den hazi horiek ereiteko modu egokia. Eta noiz. Mila esker.
Arrosondoaren haziak azala gogorra du, oso gogorra. Ereite sasoia etorri arte nola jaso da gakoa. Bi baldintza bete behar ditu: hotza eta hazia heze egotea. Horretarako haziak hondarrarekin nahasten dira: geruzatzea esaten zaio. Ontzi batean hondar geruza bat eta gainean haziak eta hondarrarekin estali. Asko badira geruza gehiago egin gainean. Itsasoko hondarra ez da egokia. Erabili hondar silizeoa, lorategietan ikusten den zuri-gorrixka hori. Hondarrak azala zaurituko dio eta hezetasuna sartuko da hazia errazago ernetzeko. Erein bitartean hozkailuan eduki, hotzarekin neguan dagoela pentsatuko du eta gero atera eta ereitean udaberria sentituko du eta azkar etorriko dira. Hazi horiek otsailera arte horrela mantenduko nituzke, eta orduan erein; ilgoran eta lore egunean.
Kaixo Jakoba: Txingurri populazio ikaragarria daukagu . Belarra mozten dugunean nonahi agertzen dira (lursaila errekaren ondoan dago eta ura ez da falta). Haien eragina izan daiteke? Hona hemen aurten landatutako sagarrondo bat eta erremolatxa adibide gisa.
Sagarrondoan ikusten den hori zorriak eragiten duen kizkurtzea da. Izerdia zurrupatzen du eta zauriarekin hostoak ezin du behar bezala zabaldu eta forma hori hartzen du. Gehienetan adar muturretan bakarrik ikusiko duzu, hor bai daude hosto gurienak eta izerdiaren emana handiena dutenak. Zorriak txingurriek mugitzen dituzte eta gobernatzen. Zorrien zaurietako izerdi jarioa eta zorrien hondakinak baliatzen dituzte beretzako. Horregatik zorriak zaindu, mugitu eta zaintzen dituzte. Zorriak tratatu. Xaboi potasikoa nahikoa da, astero landarea ondo bustiz alde guztietatik. Garbitu arte.
Egunon Jakoba! Aholku bat eskatzen dizut: Ereinotza landare bat ( argazkikoa) atera nuen lurretik eta lorontzi batean jarri nuen, Zamudioko gure etxaldean, orain hilebete bat edo, opari bat egiteko. Lurretik ateratzean nahiz ta kontuz izan, sustrai txiki asko galdu zituen landareak. Egun bira hosto batzuk nahiko zimelduta agertu ziren. Bestetik zelaian daukan lorontzian itzal/eguzkiko alde batean egoten da lorontzia. Landarea osasuntsuago egoteko zerbait egin behar diot? Zerbait iñausi? Lurra busti gehiago? Ongarria bota? Mila esker, Jakoba. Argazkia orain 7 egunekoa da.
Landarea loreontzi batetik aterata landatzen bada gauza bakarra zaindu behar da lehen urtean: ordura arteko antzeko baldintzak izatea. Itsatsi eta sustrai berriak eman artean batez ere ureztaketa zaindu, ontzian zenean bezala: astean behin, bitan… Landarea lurrean bizi bazen eta handik atera eta beste nonbait birlandatu bada, sustrai mordo bat galduko zuen. Orduan bai, proportzio beretsuan hostoak kentzea komeni da. Hala ere hosto batzuk galtzea ez da harritzekoa. Kimu berriak indartzean soilik emango ditu. Lehen urtean sustraiak ematea komeni da, eta kimurik eman gabe igaro dezake.
Mila esker zure erantzunagatik. Eta, posible litzateke, etxeko su bajuan erretzen ditugun paperen hautsak botatzea barazki zirrinda tarte horietan, belarrei aurre egiteko? Bai piper landare, tipula, erremelatxa.................. Entzun izan dizut porruei ez zaiela belarrik kendu behar, eta begietako mina egiten didaten arren, hortxe dauzkat utzita, pake pakean. Ea pixkana ikasten dugun ikaragarri gustatzen zaidan baina orain arte gure etxeko zaharren esku utzita neukan mundu berri honetaz. Intentzio omen da lehen pausoa, hori behintzat badaukat☺️. Onintza
Paperaren errautsa egurrarenaren tankerakoa da. Paper guztiak ez dira berdinak, baina. Tinta asko eta plastifikatuak adibidez. Ahal dela horiek ez dira erabili behar. Gainontzean bai lurrari zuzenean eta baita luar edo simaur pilan nahastu.
Kaixo Jagoba, Ezin ditut begi bistan ikusi landare artean agertzen diren belar txarrak. Ibarrako piperra landatu dugu eta tartean belar ugari pilatzen zaigu. Bota al daiteke zerbait lurrean, hauek pixkanaka desagertzen joateko? Bi egunez behin aitzur txikiarekin pasadatxoa ematen diet erreka tarteko belar nazkante hauei, baina ez dakit ondo ari naizen. Aita zena joanda, nik hartu dut baratzerekin jarraitzeko ilusioa eta ene bada, zenbat ezjakintasun. Mila esker, Onintza
Hasteko lasai hartu; belarrak nahitaez izango dituzu. Plastikoa jartzea da aukera bat, baina landatu aurretik behar du. Nik, hala ere, plastikoa baino nahiago ditut belarrak. Beste aukera landareen tartea materia organikoren batekin estaltzea da: belar txikitua, txirbila, paper birrindua, kartoia, belar ondua, lastoa, orbela… Belarrak atzeratuko dira eta lurrarentzako janaria izango dira. Zerbait bota lurrera eta belarrak desagertzea mirari bat litzateke…
Formula bat probatu nahi baduzu: hartu 5 litro ozpin, erantsi 2 koilarakada bete Epson gatza eta koilara txiki bat xaboi potasiko. Nahastu ondo-ondo. Egun eguzkitsu batean, goizean ihintza lurrundu denean landarea ondo busti, eguzkiaren laguntzarekin ederki lana egingo du. Piperrak ez busti, horiek ere hilko ditu eta… zerbaitekin babestu piper errenkadak eta tarteko belarrak soilik busti. Ea balio duen…
Eta aitzurra kontuz dantzatu, piperren sustraiak oso ahulak eta sentikorrak bai dira.
Kaixo Jakoba. Negutegian tabako belarra landatua daukagu leku ugaritan eta bere hostoetan euli zuri dezente dago. Hasiera batean hor soilik zegoenez pentsatzen nuen tabako belarrak euli hau erakarri eta bertan izango zituela. Hala ere orain tomateetara ere pasatzen ari dira, beraz huntzaren infusioa aplikatzekotan naiz. Nire galdera honakoa da, tratamenduarekin batera tabako belarra kentzea komeniko litzateke? Eskerrik asko
Nik ez nuke kenduko. Kentzen baduzu euli zuri horiek beste norabait joan beharko dute. Eta normalena tomateetan amaitzea litzateke. Biak familia berekoak dira eta gustuko dituzte. Tabakoan izurritea dagoela jakinda tratamenduarekin han jo gogorren. Huntzarena ongi dago, baina beti xaboi potasikoa nahasita. Negutegi osoa busti, hezetasuna ez bai zaio gustatzen.
Kaixo Jakoba! Aurten ardi ongarria erosi diot bizilagun bati, aurtengo udarako landaketan erabiltzeko asmoz. Ongarria oraindik freskoegi dago eta temperatura (iada jeitsi zaion arren) beroa dauka erdialdean. Eskura ez dut beste ongarririk, beraz hau erabiltzeko modurik badagoen jakin nahiko nuke. Aipatu naute sustraiekin kontaktuan egotea ez dela komeni, bera, lur gainean landarea inguratuz ongarritzea egokia dela uste duzu? Eskerrikasko! Eki
Hobea da beti ondua. Badira landareak ondu gabeko ongarria ere har dezaketenak, ezagunenak kuiak dira. Lurgainean uztearena ere ez da txarra, horrek esan nahi du lehenik lan guztiak egin behar dituzula eta ondoren ongarria kontuz-kontuz zabaldu. Asko lagunduko du ongarria lurrean desegiten aurretik karea zabaltzen baduzu. Kareak mugitu eta azkartu egiten du ongarriaren ontze eta usteltze bidea. Bestela erabiltzen ez baduzu 150-200 gr/m2 erabili. Karetzeko ohitura baduzu 100 gramo. Aurrez lurrazalean pittin bat nahasi eta ondoren ongarria gehitu. 8-10 eguneko tartea uzten baduzu hobe. Eta gogoratu, orain hartu beste hainbeste ongarri, bazter batean pilatuta utzi eta hurrengo udazkenerako ederki onduta edukiko duzu.
Egunon Jakoba, patata goiztiarra sartu genuena ateratzen hasi gara, eta kanpotik sekulako itxura dauka, baino mozten hasitakoan barrutik kolore morea dute geienek eta beste batzuk beltza, zergatik da hau?
Birusek eta bakteriek sortutako orbanak dirudite. Tizoia edo burdinaren birusa edo antzeko zerbaiten eragin ez. Aurtengo maiatza ilun hotz eta hezeak ez dio patatari lagun du, eta horrelakoak agertzea ez da zaila. Hala ere jateko ez dira txarrak.
Zitrikoetan (mandarinoa,laranjondoan) hostoak kizkurtuta ateratzen dira. Ez dakit zer izurrite izan daitekeen. Ematen du inurriak ikusten direla hostoetatik. Beste aldetik limoiondoaren hostoak horixkatzen ari direla dirudi. Zer egin?
Esaten dituzun ezaugarri horiek zorria dabilela adierazten dute. Inurriek zorriak zaintzen dituzte haien hondakinetatik elikatzen baitira. Zorrien ziztadek hostoak kizkurtzea dakarte. Eta ondoren horitu eta azkenean erori.
Zorrientako tratamendua egin: xaboi potasikoa eta Bacillus thuringiensis. Garrantzitsuena xaboia da. Astero eman itxura hobetu arte.
Arratsalde on Jakoba. Ez dakit mezua ikusiko duzun baina zure iritzia eskertuko nuke. Tomate piperrak, tipulak tipulak kuyak eta quijatxoak noiz dira hobeto jartzea gaur arratsaldean edo bihar goizean. Mila esker
Berdin da gaur edo bihar egin. Bihar igandean 19an egitez gero arratsaldeko 14:00 baino lehenago. Bestela hurrengo larunbata 25 arte berdintsu duzu; baina onena 22 goiza.
Egun on jakoba. Zer moduz? Ongi espero. Duela aste pare bat irratian aipatu zenuen baratzean landaketa egiteko egunik honenak 15, 16 eta 17 zirela. Nire galdera da: pena merezi du gaur jartzea edo egun batzuk itsoitea? Ez dator oso eguraldi ona egun hauetarako. Arabako mendialdetik idazten dizugu. Mila esker
Landarea hozteko arriskua badago atzeratzea hobe, bai. Abantaila izango da, nahiz eta egun ez hain egokiak izan. Hurrengo astean landatzez gero egun eta ordu hauek izango dira onenak: asteazkena 22 11:00 arte, eta 21:00etatik osteguna 23ko 07:00 arte. Hor ezin baduzu 23 eta 24 egun osoak.
Aupa Jakoba, nire baratzeko borrajei lorea atera zitzaien eta horrelaxe utzi nituen. Gaur atxurkada emateko asmoa nuen bertatik kentzeko, baina loreetan erle pilo bat zeudela ikusi dut. Ez diet kalterik egin nahi erleei eta ez dakit zer egin. Zuk zer egingo zenuke? Mila esker, Maitane.
Gure etxeko baratzean hor ditugu batean eta bestean sakabanatuta, berak sortzen diren eran utzita. Denak loretan daude, eta etxeko erleak zoratuta. . Lorea zimeldu eta pasa ahala moztu eta kentzen ditugu. Bateren bat utzita haziak sakabanatu eta hurrengo urtean ere izan daitezen. Gure etxeko baratzean hor ditugu batean eta bestean sakabanatuta, berak sortzen diren eran utzita. Denak loretan daude, eta etxeko erleak zoratuta. . Lorea zimeldu eta pasa ahala moztu eta kentzen ditugu. Bateren bat utzita haziak sakabanatu eta hurrengo urtean ere izan daitezen.
Asteazkenean, maiatzaren 15ean landatu nahi ditut tomateak,baina eguraldi txarra dator aste osoarako (8-14 gradu). Hobe datorren astera itxoin, tenperatura hobea egongo dela,naiz eta ilargiarengatik aste okerragoa izan?
Landarea hozteko arriskua badago atzeratzea hobe, bai. Abantaila izango da, nahiz eta egun ez hain egokiak izan. Hurrengo astean landatzez gero egun eta ordu hauek izango dira onenak: azteazkena 22 11:00 arte, eta 21:00etatik osteguna 23ko 07:00 arte. Hor ezin baduzu 23 eta 24 egun osoak.
Kaixo, Jakoba Hesi-zuhaixka batzuk ditut. Ustez onddoak diren orban zuri pila dituzte. Jakin nahiko nuke zer egin akabatzeko. Argazkia duzu atxekita. Ondo izan
Zuriña da gaitza. Onddo batek sortzen du eta udaberriko giro epel eta hezeekin ugaltzen da. Oso zabaldua da eta landare espezie asko erasotzen ditu. Zuriña tratatzeko era egokiena sufrea erabiltzea da. Nahi baduzu hautsa erabili, hostaje guztiaren gainean zabalduz, edo bestela urarekin nahasita ondo busti. Garbitu arte zortzi egunero tratatu.
Kaixo galdera bat! Orain tenporada ona da mahatsa moarratzeko edo inausteko?
Berez inausketa martxoko ilbeheran egitea komeni da. Goiz mugitzen den barietate bat bada edota toki oso bero batean bizi bada otsailekoan. Orain ere inausi dezakezu, baina tratamenduak eginez, egiten dizkiozun zaurietatik gaitzik sar ez dadin.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545