Euria egiteko hobe da bi haizeren borroka, ez santu guztiekin erreguka.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Sutako hautsa, lekak eta azenarioak erein
2025-05-05 21:39 | M jose

Iakoba buztin lurra da gure etxian eta sutako autsa ze landareri etorriko litzayoke ondo ? Beste galdera baina aziya egiteko ze garay da ona? Eta azenayua ? Eskerrikasko


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-05-07 17:54

Errautsak kaltzioa du osagai nagusia, baina kareak ez bezala, beste mineral batzuk ere baditu. Bere lan garrantzitsuenak hauek dira: lurra harrotu eta lehortu egiten du, lurraren egoera kimikoa neurtzen duen pHa igotzen du lurraren azidotasuna apalduz eta mineral batzuen mugimendua erraztuz (landareak ere errazago hartzen dituelarik) eta kaltzioa erantsita landareak eskuera edukiko du elikagai garrantzitsu hori fruituak hobeak eta iraunkorragoak emateko.

Ia landare guztientzako ona da buztin lurretan. Ahabia, hortentsia eta lur azidozaleak diren landareak ezik gainontzeko guztientzako ona da. Ongarriketa garai nagusia udazken-negua da. Ongarri organikoa (simaurra, luarra…) eta errautsa edo karea ez dira batera eman behar. Batetik bestera ilargialdi bat izatea komeni da, hilabete bat gutxienez. Azaroa-abenduan simaurra eta urtarrila-otsailean errautsa, adibidez.

Leka, bai motza eta bai luzea, maiatzean hasi eta abuztuaren erdira arte ereiten da. Negutegiaren barruan egin nahi baduzu martxoaren erdian hasi eta abuztuaren amaiera arte egiten da.

Azenarioa Martxoaren amaieratik irailaren hasiera arte ereiten da.

Gaur arte erantzundakoak (1007 galdera-erantzun)

Kaixo, Noiz izango dira larrosa eta mugurdia kimatzeko egunik egokixenak?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-01-20 10:30

Non bizi direnaren arabera izerdi berria sumatu ordurako orduan kimatu; martxoa aldera izango da. Aurrez ez, hotzen sasoia bere horretan igarotzea da onena. Egokiena ilbeheran eta sustrai egunean moztea da.

Egun on Jakoba Dimako eskolatik urtero zuhaitz egune ospatan dogu. Aurten zuhaitzak landatuteko egunik onena zein izingo litiken jakin gureko geunke, ahal dala urtarrila eta otsaileko egunik onenak esan, mesedez. Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-01-20 10:37

Urtarrilean edo otsailean landatu nahi baduzute, hostoa galtzen duen zuhaitza behar du izan. Egunik egokienak ilbeherakoak dira, baina onenak sustrai egunak. Urtarrilean ilbeheran gaude eta 26an amaituko da, eta sustrai egunak gaur 20, 21 eta 22 goiza izango dira. Otsailean ilbehera 8 eguerditik 22ra izango da eta sustrai egunak 15, 16, 17 eta 18.

Arratsaldeon Jakoba. Arte arbola landatu nahi nikek,Zaldibarko belarretik erosita. Zerbait berezie egin behar zaiok edo zulatu sartu zanpatu uztea nahikoa izango hukek? Hire erantzunaren zain,ondo izan.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-01-19 10:56

Arteak neguan hostoa galtzen ez dikenez, egun-argia luzatzen eta lurra berotzen hastean dekenean landatu behar dek. Toki oso hotza bada apirilean, gainontzean martxoan. Ilbeheran onena, eta ahal bada sustrai egunean. Zulatu-sartu-zanpatu ondo ziok, baina tamainaren arabera hesola beharko dik, edota inguruaren arabera (ganadua eta abar) babestea. Hasierako urteetan ongarria ere eskertuko dik: sats edo luar ondua eta ilargi baten tartearekin karea.

kaixo, Jakoba. Sahatsaren argazkiak bidaltzen dizkizut. Tamaina handia hartu du, gerizpe larregi egiten du eta ahal den guztia moztu egin nahi dugu, bolumena kentzeko. Ez dakigu zelan moztu: adarrak behe-behetik mozte ona al da? ala hobeto da puntak bakarrik moztea? Arbola sahatsa da baina ez da negartia klasekoa, beste klaseren bat da. Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-01-16 19:07

Adar puntak mozteak ez du ezer konpontzen, hurrengo urtean aurten bezala egongo da… Adar handiak moztuz gero zauri handiak geratuko dira eta laster da enborra barrutik usteldu eta hustua. Sahatsa berez ederki adarberritzen da, kimu berriak botatzeko gaitasun handia du. Eta egindako zauri horien azpitik ondo jantziko da. Arazoa da zauri horien gainean ez dela utzi behar adar berri horiek handiak egin daitezen. Gehienez ere bi urtetik behin moztu beharko dituzue. Berritu eta moztu ziklo amaigabe batean sartuko zarete. Hori egiten ez baduzute zartatu eta erortzeko arriskua.

Kaixo ! Jakin nahiko nuke zer dela eta gure baratza koxkorreko porruk ateratzerakuan puxkatu egiten zaizkigun.....ezin ditugu atera sustrai eta guzti !!!! Eskerrik asko ! Olga

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-03-25 15:25

Bi arrazoi izan daitezke: sakon landatuta daudelako edo lurra astuna, buztintsua, gogorra delako. Seguruenera bi arrazoiak elkarrekin izango dituzu zuk porru sailean. Hurrengo porru saila non jarri behar duzun erabaki orain eta gainean jarri ongarri geruza lodi-lodi bat, 10-15 cm lodi. Orbela, simaur zaharra, luar ondua, eta abar. Horrek lurra harrotu eta arinduko du, baita kareak ere (200 gr/m2).

Kaixo Jakoba. Ortu bazter batean sahats arbola handi bat daukagu eta itzala ere halakoxea egiten du. Kimatu egin nahi dugu, bolumena kendu, horrenbesteko itzalik egin ez dezan. Galdera da, sahatsari adarrak behetik moztea ona al da? Ala hobe puntak bakarrik moztea? Ez dugu ihartu nahi edo indar barik utzi nahi; badauzka urtetxo batzuk, baina erreka gertu dauka eta sasoi onean dago; hala ere gure beldurra da asko moztuz gero, ihartu ez ote zaigun egingo. Kimatzekotan, noiz da sasoi ona? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-03-25 15:38

Adar puntak mozteak ez du ezer konpontzen, hurrengo urtean aurten bezala egongo da… Adar handiak moztuz gero zauri handiak geratuko dira eta laster da enborra barrutik usteldu eta hustua. Sahatsa berez ederki adarberritzen da, kimu berriak botatzeko gaitasun handia du. Eta egindako zauri horien azpitik ondo jantziko da. Arazoa da zauri horien gainean ez dela utzi behar adar berri horiek handiak egin daitezen. Gehienez ere bi urtetik behin moztu beharko dituzue. Berritu eta moztu ziklo amaigabe batean sartuko zarete. Hori egiten ez baduzute zartatu eta erortzeko arriskua.

Kaixo.
Donostiako Antiguo auzoko terraza handi batean bizi den Gereziondoa eskaini didate, nonbait kendu beharrean dira, eta Altzan dugun lur sailera eramatekotan naiz. Galdera:
Gerezia hezur dun fruitua izanik, zer izan behar dut kontutan?
Horretaz gain, beste zerbait bada kontutan izatekoa?
Eskerrik asko eta ondo izan.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-30 08:50

Terraza batean bizi bada sustrai guztiekin birlandatzea ez da zaila izango. Hori da garrantzitsuena, bizitoki berrian ahalik eta ondoen itsatsi eta ahalik eta azkarren biziberritzeko sustrairik ez galtzea da gakoa. Hala ere sustrai muturren bat galduz gero ez gehiegi arduratu, adarretan proportzio berean adar muturrak moztu eta kitto. Beti ere zauri ttikiak eginez, adar edo sustrai handirik ez moztu; garraioan enbarazu egiten badute bildu eta lotu. Toki berria ondo aukeratzea ere garrantzitsua da. Hezurdun fruituak ematen dituzten guztiek bezala egutera, eguzkia, beroa eta lur harroa maite ditu. Lur buztintsua bada, lur tontor handi eta zabal bat egin, ahal duzun handiena eta han landatu; ez landatu eta gero inguruan tontorra egin… Bere tamainaren arabera 1, 2, 3 edo 4 hesolakin lotu, batez ere haize nagusien aldeetatik, Altzan mendebala eta hegoa. Lehen urtean bereziki zaindu ureztaketa. Eta urteroko ongarriketa ez ahaztu: simaurra eta karea, bakoitza bere aldetik, ilargialdi beteko tartearekin. Birlandaketa lana egiteko urtarrila duzu sasoi egokiena, eta aproposena ilbehera eta sustrai eguna da. Urtarrileko ilbehera 12tik 26ra izango da, eta sustrai egunak 19, 20, 21 eta 22 goiza izango dira.

Lorontzi batean dudan kala bat zatitu nahi dut, beste lorontzi batean ere jartzeko. Hori orain, neguan, egiterik ba al dago?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-26 16:22

Ohiko kalak abuztuan banatu eta ugaltzen dira. Orain indarrean dago eta kalte handia egingo zenioke. Onena hurrengo uda arte itxarotea. Beste aukerarik ez baduzu, egin baina kontu handiz egin: lur guztia kontuz kontuz kendu eta lurpeko patatak bere hosto kimu beredeekin banatu eta landatu. Gero toki babesean jarri udaberria iritsi arte. Koloretako kala txikia baldin bada bai. Horiek neguan deskantsuan egoten dira eta orain banatu daiteke.

Egun on Jakoba.
Aguakate landare bat daukat, metro ta erdikoa eta lekuz aldatzea beharrezkoa dut, galdera da noiz berlandatu?

Ongi izan eta mila esker erantzuteagatik.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-24 10:38

Hostoa galtzen ez duten landare guztiak bezala negua pasa ondoren landatzen da. Toki eta giro epelean bizi bada martxoa amaiera aldera, gainontzean apirilean. Beti ilbeheran egiteko lana da, eta ahal izanez gero sustrai egunean.

Kaixo, Jakoba.

Baratza oso leku umelean daukat, eta neguan eguzki gutxi jotzen du. Lurra oso motela dago, hezetasun handiarekn. Nola goxatu dezaket lurra?

Mila esker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-24 10:36

Leku umelak irtenbiderik ez dauka. Baina umeltasuna arintzen saia zaitezke. Hasteko itzalik baldin badu hura kendu, ahalik eta eguzki ordu gehien izateko. Urak ihes egiteko inguratuko duen erretenak egin aitzurrarekin. Pixkanaka taulenak edo baratze zatiak alta ditzakezu, oholeki, adreiluekin, harriekin… Altxatako hori lehorragoa izango da beti. Urtero karea emateak ere laguntzen du, hasieran 150 gr/m2 eta urtetik urtera pixkanaka dosia jaitsi urtero 75gr/m2 emanez amaitzeko. Luar edota simaur onduak edo oso onduak ere laguntzen du lurra harrotzen. Eskuera silizezko hondarra baldin baduzu horrek ere bai. Tipulinak jarri, nahi baduzu ildobizkarra edo 40 cm-ko munto luze bat alta eta haren bi aldeetara landatu. Muntoa iparretik hegorako eran eraiki.

Kaixo, Jakoba.

Baratza oso leku umelean daukat, eta neguan eguzki gutxi jotzen du. Lurra oso motela dago, hezetasun handiarekn.

Tipulinak jarriko ditut edo itxaron egingo dut?

Mila esker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-24 10:34

Leku umelak irtenbiderik ez dauka. Baina umeltasuna arintzen saia zaitezke. Hasteko itzalik baldin badu hura kendu, ahalik eta eguzki ordu gehien izateko. Urak ihes egiteko inguratuko duen erretenak egin aitzurrarekin. Pixkanaka taulenak edo baratze zatiak alta ditzakezu, oholeki, adreiluekin, harriekin… Altxatako hori lehorragoa izango da beti. Urtero karea emateak ere laguntzen du, hasieran 150 gr/m2 eta urtetik urtera pixkanaka dosia jaitsi urtero 75gr/m2 emanez amaitzeko. Luar edota simaur onduak edo oso onduak ere laguntzen du lurra harrotzen. Eskuera silizezko hondarra baldin baduzu horrek ere bai. Tipulinak jarri, nahi baduzu ildobizkarra edo 40 cm-ko munto luze bat alta eta haren bi aldeetara landatu. Muntoa iparretik hegorako eran eraiki.

Noiz moztu behar da urkia oholak egin eta tallatzeko?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-18 10:51

Iraupenari begira ahalik eta izerdi gutxienarekin moztea litzateke egokiena. Horretarako hiru baldintza betetzea da egokiena. Lehenik, negu-neguan moztu, izerdi gutxiena dabilkien garaian. Bestetik ilbehera da onena. Eta hirugarrena, ilbeherako sustrai egunak dira aproposenak. Urtarrilean edo otsailean moztu. Urtarrilean ilbehera 12tik 26 eguerdira arte izango da eta sustrai egunak 19, 20, 21 eta 22 eguerdira arte. Otsailean berriz, ilbehera 8eguerditik 22ra artekoa izango da eta sustrai egunak 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18.

Kaixo Jakoba. Errautsarekin xaboi potasikoa egin daiteke? Hala bada, nola egin dezakegu? Bestela, non erosten da xaboi potasikoa? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-15 18:53

Xaboi potasikoa nekazaritza gaiak saltzen dituzten toki askotan topatuko duzu, baita supermerkatu arruntetan ere.

Egun on! Haizeak bota doskun limoiondoa dekogu, barriro sartu dogu baina errama batzuk kendu guretzeguz. Ilargia kontutan hartu behar da horretarako? Milesker aldez aurretik.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-15 18:52

Sustraia batzuk galdu baditu proportzio berean hostajea murriztea komeni da, erraz itsatsi dadin. Inausketa egiteko sasoi onena izerdi berriarekin batera da, baina kasu horretan landatutakoan bertan egin. Ez itxaron ilargiari.

Aupa Jakoba, Hainbatetan irakurri dot orbela ona dala, baina inon ez da zehazten ze zuhaitzen hostoak diren aproposenak ortureko. Irakurrita dekotsut be, adibidez intxaurrondoaren (uste dot) hostoak eragin zuzena dekiela azpiko bedarrengan. Hori ikusite... ongarri gisa erabilten dan orbelak be eragin desberdina deko zuhaitz hostoen arabera edo bardin da zein bota? Eskerrik asko!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-12 21:24

Hosto gehienak oso egokiak dira ongarri gisa erabiltzeko. Hostoak bildu eta pilatuta utziz gero ezagutzen den lurrik onenetako bat sortzen dute, lur ustela esaten zaio. Hala ere hosto guztiak ez dira berdin luartzen edo usteltzen. Adibidez oso gogorrak diren hostoak usteltzen zailak edo oso zailak izan daitezke, adibidez platanoarenak. Horiek denbora gehiago beharko dute. Belarra mozteko makina izanez gero teknika ona da berarekin hostoak txiki-txiki egitea luartzen jarri aurretik. Bestetik aipatzen duzun intxaurrondoarena bezalako hostoak daude. Horiek arbolan diren artean likido bat jariatzen dute eta horrekin azpian etorri daitezkeen beste landareak atzeratzen dituzte. Hosto horiek berdin berdin erabili daitezke, beti ere lehenik ondo luartuz edo konpostatuz gero.

Kaixo, Jakoba. Bi galdera ditut zuretzat: - Aspaldi limoiondo eta mandarinondo bat landatu genituen gure baratze txikian, eta fruita ateratzen hasi da. Limoiak berde daude oraindik, baina mandarinak laranjatzen ari dira pixkanaka. Neguko izotzak hasi baino lehen, frutak biltzea komeni da? Edo bertan utzita egingo diete aurre neguari? - Baratza oso leku umelean daukat, eta neguan eguzki gutxi jotzen du. Lurra oso motela dago, umedade handiarekn. Tipulinak jarriko ditut edo itxaron egingo dut? Nola goxatu dezaket lurra? Mila esker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-03-25 16:11

Garrazkien aleak jan ahala bildu. Neguaren beldur ez dira izango. Hurrengo loraldia etortzen denean, orduan oraindik alerik badago arbolean, orduan bai, denak bildu. Lurra harrotzeko ongarri zaharra eta karea erabili behar da.

Kaixo! Pinudia izan den sail batean Gaztainondoa landatzeko asmoa degu baino gaitza dela entzuten da eta ez gara ausartzen. Ze barietate izan liteke egokia Gipuzkoan 200 metroko altueran landatzeko…? Eta…, Beste Zein barietaterekin tartekatu liteke…? pagoarekin adibidez? 200 pago eta 200 gaztainondo..?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-03-25 19:26

Aldez aurretik helburua zein den zehaztu behar da. Gaztaina ekoizpena bada, frutarbola gisa landu beharko da. Lekua beharko du, hau da, argia. Bestela esanda, zuhaitz gutxi hektareako (izan daitezke 150 inguru). Kasu horretan pagoarekin gaizki moldatuko da, pagoak gain hartuko dio eta ito egingo du. Nahastekotan beste futarbolaren batekin nahastuko nuke, edo asko luzatzen ez diren zuhaitzekin. 

Zur ekoizpena bada helburua, orduan bai, pagoarekin ondo. Biek dute gustuko ondo drainatutako lurra; hareatsua edo harritsua bada hobe. 

Gaztainondo barietateak aukeratzeko onena mintegi ekoizleari berari galdetzea da, baldintzak zehatzak zeintzuk diren azalduz. Euskal Herrian iparraldeko Lafitte mintegia da ezagunena. Bestela, Galizako Ribeirao ere izan daiteke aukera on bat. Fruiturako bada gaztainondo txertatua izan beharko da; 10-12 euro inguru balio du zuhaitz bakoitzak. Zur ekoizpenerako bada, aldiz, 3 euro inguru. Edonola er,e kontuan izan gaztainondoa oso espezie zaurgarria dela gaitz eta izurriteen aurrean. Zaintza handia behar du, eta lehendabiziko urtean falta asko egoten dira; erraz lehortzen dira udaran. Bigarren urtetik aurrera errazago egiten dute aurrera.

Kaixo, Irailaren 28an 100l ko inoxidable bat 30lko garagardo ontzi bat bete genituen. 30lkoak 1004ko dentsitatea markatzen du beraz pentsatu dut hurrengo hilbeheran botilaratzea. 100lkoa ordea motelagondoa, 1014 markatzen du. Ez al dijoa oso motel? Poliki poliki doa jeisten, ez du zapore txarrik. Itxanrongo dut dentsimetroak 1002 inguru markatzea eta botilaratzeko asmoa dut. Dentsimetroak ez badu jeitsiera markatzen beroa jarriko zenioke? Mila esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-10 19:09

Hartzidura mantxo joatearen arrazoia hotza izan daiteke. Zein tokitan dagoena zuek ikusi, baina tamaina horretako ontziak eta irailean egondako muztioak veste abiadura bat beharko luke… Proba egin: bero pixka bat jarri eta ikusi dentsimetroaren jaitsiera nola doan. 1002 dentsitatea ondo dago botilaratzeko, baina hortik gora kontuz, gero kotxoa botatzeko arrisku handia izan daiteke.

Egun on Jakoba. Zeintzuk egunek dire onak haritz landarak sartzeko? Eskerrik asko!!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-10 20:56

Haritza bezala hostoa galtzen duten landare jende guztia neguan, izerdia ahulenean dagoenean landatu behar da. Egun onenak ilbeherakoak dira, eta ahal izanez gero sustrai egunak. Abendu honetan 16tik 29ra ilbehera izango da, eta 22, 23, 24 arratsaldea eta 25a sustrai egunak. 2025eko urtarrilean 12tik 26 eguerdira izango da ilbehera, eta 19, 20, 21 eta 22 eguerdi artea sustrai egunak. Otsailean 8 eguerditik 22ra izango da ilbehera, eta 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18 sustrai egunak.

Kaixo Jakoba. Harra mota desberdinak hiltzeko, irakurri dudanez, xaboi potasikoa gomendatzen duzu. Kasu guztietan eraginkorra da? Larrosa landarea tratatzeko ere? Guk askotan deltis marka erabili izan dugu, baina oso garesti izateaz gain, beste animalitxo batzuk hiltzen dituela ere ulertzen dut, ezta? Eskerrik asko Jakoba, zure lan txukinagatik. Eguberri on

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-10 20:59

Bai harra dena delakoa izanagatik xaboi potasikoak bere intsektizida lana beteko du.

Kaixo Jakoba! Arbi gara edo greloa deritzona nola etorriko litzateke gure kostaldean?Ereiteko egunik aproposena? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-10 21:08

Arbigara, izenak dioen bezala arbiaren lore gara da. Arbia abuztuan ereiten da, hazi burua loditu eta gero hurrengo urteko udaberrian loretarako gara emango du. Orain egin dezakezun gauza bakarra, arbisororen batetik arbi landareak hartu eta baratze edo soro bazterren batean birlandatzea da. Gero negu amaieran garak biltzeko.

Otxandixon, baserri ondoan, leixar lizar handik bat daukagu; hazi eta hazi egin da eta etxeko hormak eta teilatua urratzen digu, eta ostotza ere teila artera botatzen digu. Guri aitak diño jota erdi ingurutik moztu behar direla adarrak, bestela laster dala barriro teilatuan, baina niri erreparoa emoten dit asko moztea, susterrak ahuldu eta ihartuko ote dan. Zer deritxozu Jakoba? Moztekotan, noiz moztu, hilberan edo hilgoran? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-04 19:44

Lizarra maiz jarri izan da etxearen inguruan. Etxea babesten duela esan ohi da. Hasiz gero nik mugarrotu egingo nuke. Arazoa beti hor izango da, baldin eta etxea mugitzen ez badezute. Beraz 3 metro ingurura enborra moztu eta hortik sortzen diren adarrak 5-8 urtetik behin moztu baita eta beti tamaina batean eutsiko diozue. Mendian lehen egiten zen zuhaitz motzak sortuz su egurra eta zura izateko. Adarrak erdi tamainan moztuta laister dituzu oraingo tamaina berean: enbarazu bera, buruhauste bera, lan bera… Honelako lanak beti izerdi berria etorri aurre horretan egin behar dira, Otxandion negua bero badoa otsaila amaieran edo, gainontzean, martxoa hasieran, beti ilbeheran eta ahal izanez gero sustrai egunean. Hurengo urtean hauek izango dira: otsailean 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18 eta martxoan 15 eta 16.

Kaixo Jakoba, mesedez beharko nituzke jakin 2025eko tenporak noiz (zein egunetan) diren. Mila mila esker aldez aurretik.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-10 21:13

Tenpora egunak dagoenerako argitaratuak ditugu urteroko ILARGIAREN EGUTEGIAN. Bera eskuratzeko aukera duzu alkartasuna@usurbil.com edo bizibaratzea@bizibaratzea.eus helbideetan.

Baratzean ximaur pila tapatuta edukitzea komeni da? Tapatuta egotea komeni bada nolako tapakia da egokiena? Eskerrikasko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-04 20:05

Simaurra ukuilutik edo kortatik ateratakoan luartu egin behar da. Horretarako azpi onak izan baditu besterik gabe pilatu; organiko, edo azpi  gutxi izan badu pilatzerakoan geruzaka nahasi. Gero bi edo hiru ilbeheratan irauli egin behar da. Ondoren bakean utzi. Bide hori dena lehen, ahal zen neurrian, estalpean egiten zen. Baita kanpoan ere. Hartzidurak eta luartzea amaitzen direnean orduan bai estaltzea ona litzateke. Estali baino ito gabe: euria kentzea da helburua, jakiak urtu eta eraman ez ditzan.  

Etxe bueltan landare hesia jarrita daukagu aspaldi eta tamaña handia dauka, 2 metro pasa. Inausi behar denean lan handiak ematen digu eta iñoiz ikusi izan dut metro bete inguruan ebakitakoak. Egiterik ba al dago? Eta egitekotan noiz?. Gainera argazkian ikusten den moduan leku batzuetan ostoak galdu eta arre kolorea hartzen du, zerbait egin genezake?.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-11-29 19:12

Horrelako hesiak egiterakoan oinarrizkoa da kontutan izatea zein lan emango zuen gero mantentzen. Garaieraren arabera lan hori nekeza, oso nekeza edo eraman ezina izango da. Bere lanerako (muga egiteko, zerbait ezkutatzeko…) garaiera hori ez baduzu behar lasai moztu nahi duzun altueran. Ondo hausnartu zein altueran izatea nahi duzun, eta mozterakoan urtebetean haziko dena kontutan izan eta hori beherago moztu., beti ere eskuera mozketa erraza izan dadin. Inausketa hori egiteko sasoi onena izerdi berriaren hasiera da, ez bada toki oso hotz batean martxoko ilbeheran. Indarrez biziberritzeko ongarritu ondo, onena orain udazkenean. Hosto arreena gertuagotik jarraitu beharreko gaia da. Agian lurreko onddoren batek sortutako gaitza da, edo hostaje handiaren barruan batzuk ihartzea… ea ebakialdi berriaren ondoren zer gertatzen den arretze horrekin.

gora