Noiz moztu behar da urkia oholak egin eta tallatzeko?
Iraupenari begira ahalik eta izerdi gutxienarekin moztea litzateke egokiena. Horretarako hiru baldintza betetzea da egokiena. Lehenik, negu-neguan moztu, izerdi gutxiena dabilkien garaian. Bestetik ilbehera da onena. Eta hirugarrena, ilbeherako sustrai egunak dira aproposenak. Urtarrilean edo otsailean moztu. Urtarrilean ilbehera 12tik 26 eguerdira arte izango da eta sustrai egunak 19, 20, 21 eta 22 eguerdira arte. Otsailean berriz, ilbehera 8eguerditik 22ra artekoa izango da eta sustrai egunak 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18.
Gaur arte erantzundakoak (917 galdera-erantzun)
Aukera guztiak onak dira. Egokiena utzu eta heldutasunera iristean fruitua emango dute. Fruitua aurreratu nahi izanez gero adarrak okertu eta beheruntz lotu.
Txertatu edo mentatu ere bai. Baina horiek ere urte asko beharko dituzte fruitua emateko.
Egurrarena azken aukera da.
Zauriak sendatzeko onena ebakia behar bezala egitea da. Mozketa bakoitzak bere angelua eskatzen du, hori da garrantzitsua. Ondoren onena zauria bistan uztea da. Nahi baduzu buztinarekin estali, pastarekin ez. Buztina segituan lehortu eta denborarekin hautsi edota urtuko da. Pasta aldiz bere horretan gogortzen da. Buztinak zauria orbantzen eta estaltzen utziko dio landareari. Pastak ez. Hori da aldea.
Zuhaitz eta arbola horiek, laurek hostoa galtzen duten eta egokiena negu-neguan landatzea da. Beraz ahal duzun azkarren landatu. Konturatzerako izerdia bor-bor izango dute eta aurrez landatzea komeni da. Garraldan atzerago etorriko da udaberria. Asteburu honetan hasten den ilbehera ona izango da, eta egun onenak 21, 22 eta 23. Izoztzik bada, egun horretan ez landatu.
Bi lan egin beharko zenituzke. Batetik garoa hazi ahala moztu. Desbrozadorarekin edo segarekin edo nahi duzunarekin, baina ilgoran moztu. Ahal baduzu hilero. Zenbat eta maizago moztu hobe. Kalte gehiago egingo diozu. Hilabetero ezin baduzu moztu, garrantzitsuenak maiatza, ekaina eta uztaila dira. Bestetik karea zabaldu. Garoari lur azidoa gustatzen zaio eta kareak azidotasun hori borrokatzen du, eta belar gehienak indartu. Zabaldu 100-150 gr/m2 ahal baduzu pikorrean, hautsa baino hobea da
Hydrangea macrophylla diren bi lehenengo hortentsia horiek berdin inausten dira. Dagoenerako izerdia mugitzen ari da eta oraintxe da sasoi onena. Onena ilbeheran. Nola egin? Adarren lautik bat moztu, baina behe-behetik. Gainontzeko lautik hiru oso-osorik utzi. Hauek loratzen diren artean moztutakoek adar berriak emango dituzte. Hurrengo urtean gazte berri horiek utzi eta gelditu ziren haietatik moztu, lautik bat, behe behetik. Horrela lau urtetan adar guztiak gaztetuta izango dituzu eta urtero loraldia galdu gabe.
Hydrangea paniculata, gezi edo kono formako loreak ematen dituztenak ere orain inausten dira. Baina inausketa desberdina da: adar meheak denak mozten dira eta sendoak indartsuak direnak 6 begi inguru utzi eta gainerakoa kendu. Horietatik sortutako adar berriek emango dituzte loreak.
Edozein mintegitan topatuko duzu. Agian bateren batean bukatuta izango dituzte, baina gehienetan izango dute urki landarea. Baso landareekin lan egiten duten mintegietan aukera handiagoa izango duzu. Arazorik izanez gero, basogintza elkarteetara jo eta bertan informazioa emango dizute.
Egunon Jakoba,
Etxe inguruko zuhaitzak haunditzen ari dira eta arazo bihurtzen ere. Etxetik oso gertu daude eta udazkenean teilatu zikindu eta erortzen diren adarrak teilak puskatzen dituzte.
Lizar gazte batzuk ere badaude baina hoiek neuk botatzeko asmoa daukat eta lizar asko dago ( gure etxeko sasia Lizarra da eta). Gure zalantza haundiena pagoekin daukagu. Arbol zoragarriak dira, handiak ere eta izugarrizko pena ematen digu botatzea, baina beste aldetik egunen baten etxe gainean eroriko balira, kriston txikizioa egingo zuten.
Daukaten tamainakin pago-motz bihurtzea posible izango al zen? Lurretik bi metrora moztu ezkero, hilko al ziren? Teknikoki hori egiteak bere arriskuak dituela kontuan hartuta (basozalea gogo handirik ez du, ipurditik nahiago du, noski), beste proposamenik?
Milesker
Egun on Joseba!
Zuhaitz horiek ondoen oso osorik daude.
Mozten hastean zauri haundiak egiten dira eta horrek ekarriko du enborraren bihotza usteltzen hastea. Horrek arriskua handitu besterik ez du egiten. Begiratu mendian pago-motzek nolako amaiera izaten duten: denak barrutik hustuak.
Nik zalantzarik gabe ipurditik moztuko nituzke.
Eta lizar sasia berdin.
Zuhaitzen bat jarri nahi badezute, kontutan izan heldutasunean zer tamaina hartuko duen etxetik zenbateko tartea emateko…
Ondo izan
Zorria zergaitik dagoen hain ugari jakitea da garrantzitsuena. Tratamentuekin urritu dezakegu, baina laister izango da bueltan. Arrazoi nagusia gehiegizko ongarriketa nitrogenatua izan ohi da: nitrogeno gehiegi. Ongarri kimikoak edo ondo heldu gabeko simaur edo minda gehiegi; horrek zorria erakartzen du kimu berrietara.
Izurrite maila hartzen badu onena da neguko tratamentua, orain oso berandu da. Hurrengo neguan kontutan izan: kaltzio polisulfuroa %10 urtua eta urtarrilean. Garrantzitsua da arbola ahalik eta geldien egotea bestela erre egingo da.
Behin izerdia mugitzen ari dela Neemazal produktua erabili dezakezue.
Bi tratamentu horiek fruitugintza ekologikoan erabiltzeko baimenduak daude.
Goldetzeko asmoa baldin badek ez kendu. Goldetu gabe landuko bahukek, orduan bai belarrak izakitu edo zopizartu.
Intxaurrondoa berez ez da inausi behar. Hezetasunarekin zaurietatik onddoak sartu eta gaitzak sortzen zaizkio. Ahalik eta gutxiak ukitu behar da intxaurrondoa.
Hala ere mozketaren bat egitez gero, adar handiak badira martxoko ilbeheran egin. Adar txikiak mozteko uztaila ere garai oso ona da, berdetan, hostoz jantzia dagoenean.
Ongarri berdearen teknikaren helburua lurra aberastea da. Janariz aberastea baino garrantzitsuagoa da lurraren bizitza sustatzea. Bizitza horrek emango dio aukera ondo elikatzeko landareari. Ongarri berdea hemendik atzera nahi duzunean ebaki dezakezu. Ebaki eta bertan utzi lur gainean. Egun batzuk igaro ondoren eta usteltze prozesuak abiatu direnean azal-azalean landu daiteke, baina inolaz ere lurperatu gabe. Horrek lurrari harroago eutsiko dio, gero egin beharreko lanak erraztuz. Beste aukera, moztutako landareak bildu eta luartzeko edo konpostatzeko kanpora ateratzea da. Horrela saila libre geratuko da eta gero luar ederra izango duzu.
Bai orain negu neguan landatu eta maiatza-ekaina aldera jasotzeko moduan izango dira. Ongarri organiko zaharra (simaurra, luarra edo konposta...) eskuratu ahal baduzu lurrari asko eman, alde ederreko abiadan haziko da aza jendea.
Inausketa lorealdia amaitzean egiten da, lorearen ondoren hasiko baita adar berriak ematen.
Oso zaila da kamelia aldaxketik edo eskejetik sortzea. Nik uste dut aukera bakarra belaunketa dela, bai zuzenean lurrera, adarren bat oso behean badu, eta bestela aireko belaunketa, adar baten bueltan poltsa batean lurra jarriz. Hala ere errepikatzen dizut oso lan zaila hartu behar duzu.
Otsailean ilarrak erein ditzakezu, egokiena arba motza ematen duten aldaerak edo barietateak jartzea, epe motzagoan loratuko baitira. Babak jartzeko ere azken aukera duzu. Ahalik eta azkarren erein. Baratxuria burutako jartzeko berandu xamar da, baina agian asmatu egingo duzu. Eta baratxuria berdetan edo fresko jateko asmotan bazara lasai erein otsail osoan.
Plastikoak bi lan egiten ditu. Batetik belarrak atzeratzea eta bestetik lurretik lurruntzen den urari eustea. Belarrena ondo dago, baina urarenak arazoak sor ditzake. Tomatea toki lehor eta bero batean bizi bada, urari eusteak lagundu egingo dio. Aldiz, toki hezean bizi bada, edota lur motel buztitsua badu, plastikoak hezetasun hori areagotu egingo du, eta landarearen lepoaren aldean, lurretik sortzen den puntu horretan, onddoek eragindako gaitzak ugaltzeko arriskua handitu egiten da. Zeuk erabaki.
Berez emeak martxoko ilbeheran eta arrak loratu ondoren egin beharreko lana da.
Negarrarena ez da harritzekoa, ezta arduratzekoa ere. Hala ere uste baduzu toki gozoan bizi direla eta azkar mugitzen dutela izerdi berria, otsaileko ilbeherara aurreratu.
Etorkizunean sagarrondo hori nola haztea nahi duzunaren arabera hartu behar da erabaki hori. Eta amabirjin sagar hori zein mentuoinaren gainean txertatua dagoenaren arabera, hark aginduko baitu gerora zein tamaina izango duen. Orokorrean, erdiko ardatza deitzen den eran, sagarrondoa bera datorren forma horrekin utzi behar da, izan ere enbor luze hori da ardatza. Irekitzea nahi baduzu ardatza moztu eta alboetara sortu eta haziko diren adarrak izango dira arbolaren egitura. Nik ez nuke moztuko eta utzi ardatz hori. Beste gauza bat da alboetara sortuko zaizkion adarrekin zer egin. Ni sagarrondo handien zalea naiz eta azpiko adarra gutxienez metro eta ardira behar du, eta ahal bada gorago. Gero sagarra ematen hasten denean makurtuko da bai.
Berez ekarri duen fintasun hori beste sagarrondo batzuengandik oso hurbil egoteagatik izango da. Muintegian hori gertatzen da. Orain nahikoa toki eman eta ikusiko duzu nola zabaltzeko joera hartzen duen.
Eskabazio hori ikusi behar da. Igerileku bat bezala lau aldeetatik eskabatutako horma aldu? Horrela bada igerileku bat bezala beteko da urez, nahiz eta lurrarekin egon. Maila freatikoa beherako egonagatik agian zaila du urak alde egitea, hormako lurraren egituragatik.
Arrazoi duzu hezetasunarekin kezkatuta egonda. Isuri atlantiarreko lurreldeetako arazo nagusia da. Beraz eskabatutako gune hori imaginatu igerileku bat dela eta behe-behetik drenaia zulo bat prestatu. Hala ere harriarena eta geotextilarena bai ala bai jarriko nuke.
Bizi Baratzean bertan aipatzen dut kuia luzea (Cucurbita moschata) ere. Edankuia ere hor dago, gure etxean kurkubia deitzen duguna, Lagenaria siceraria. Garai batean edariak eramateko erabiltzen zen, eta bereziki pregrinoaren imaginari lotua dugu egun. Izango dira dagoenerako han eta hemen ezarritako izenak, baina nik ez ditut eskuera.
Berandu zabiltzanez, izan ere urri-azaroko lana da eta ez urtarrilekoa, ahal duzun azkarren landatu. Ilargiari begiratu gabe, oso da eta berandu. Bestalde horrelako erraboilak edo tuberkuloak hobeda gorapenean landatzea beherapenean baino, ilgoran alegia, eta ez ilbeheran.
Otea moztu eta ahalik eta kalte handiena egiteko izerdi betean dagoela eta ilgorna egitea komeni da. Ekainekoa, maiatzekoa eta uztaioekoa dira otearentzako txarrenak. Onena, moztu ondoren botako duen kimu berriak mozten jarraitzea da, beti ere ilgoran.
Kare hilak ez du, ezta gutxiagorik ere, kare biziak adina arrisku. Beti ere haizerik ez dabilenean zabaldu; eskularruak eta betaurrekoan ez daude soberan, jantzita hobe. Arriskuak ditu kare biziak, hezean dagoen edozer erretzeko gaitasuna baitu (eskua, azala, begia...)
Landatutakoaren tartean zabaldu. Zaila bada, utzi lasai, eta uzta jasotakoan, hurrengo landareak jarri aurretik orduan karetu. Belarra nahi baduzu moztu eta bertan utzi eta gainean karea eman, deseginten lagunduko du. Bestela lurra prestatzean.
Puri naiz, eta arretaz entzuten saiatzen naiz zure "landaberri saioa" Eskura dut baita ere, zure liburu eder "bizi baratzea"
Gure etxe ondoko baratzean gogoz saiatzen gara etxerako behar dugun guztia lantzen, baina azken urteetan, patata ederra bai baina, barnean dena hari-harrak hartu du urtetik urte gehiagora eginez. Zure liburuan aipatzen duzu lurra denboraz landu behar dela horri aurre egiteko. Zer esan nahi duzu zehazki? zer egin beharko nuke gaitz horren aurka? Mila esker aldez aurretik.
Puri eta familia
Lurra aurrez lantzeak arrautzak eta har txiki jaio berriak aireratzea dakar. Lehorrari eta eguzkiari beldur diote, hil egiten dituzte. Beraz, patata egin aurretik lurra landu, harrotu eta utzi. Denbora badago, bi alditan ere harrotu dezakezu. Kareak ere atzeratzen ditu. Lurra harrotutakoan karea zabaldu.
Erasoa handia bada, onena urtebetean edo bitan patatarik egin gabe uztea dela uste dut. Lur horretan beste zerbait egin edo belarrari hazten utzi. Belarra moztuz harra atzeratu egiten da.
Baratzea ongarritzeko eskura dudan simaurra astoarena da. Zati batzuk guztiz deseginda daude, beste batzuk, aldiz, puxtarriak bezalakoak dira. Simaurra zuzenean taulenetan jartzen dut. Rotabatorra pasatzerakoan, aurreko denboraldiko simaur-puxtarriak agertzen dira desegin gabe. <br />
Nire zalantza hauxe da. Lurrean simaur-puxtarriak agertzea ondo dago, ala hobe da simaur desegina bakarrik erabiltzea? <br />
Eskerrik asko!
Astoaren simaurra, behorrarena bezala, asko luartu edo desegin gabe erantsi dakioke lurrari. Astoak jan duenaren araberakoa izango da gorotzetan utziko dituen pustilen egitura. Zuntz asko eta nitrogenoa tamainan, jeneralean. Zuntzaren gogortasunak ekar dezake zeuk ikusi duzuna, lurpean erabat ez desegitea, alegia. Ez arduratu. Daukazunetik eman, desegindakoak bezala osorik dauden pustilak.
Inausketa egiteko izerdia mugitzera doan sasoia aukeratu behar da. Aipatu dituzun horien artean arbendolondoa edo elmendrondoa da goizen mugituko den. Hori bai otsailean inausi.
Baina sagarrondoa, udareondoa, intxaurrondoa eta hurritza lasai asko utzi ditzakezu martxorako ere. Hori bai, bai otsailekoak eta bai martxoko inausketa lan horiek ilbeheran egitea hobe da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545