Asteroko buletina
Lurra ez dugu arbasoenganik herentzian jasotzen; maileguan hartzen diegu gure ondorengoei

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Intxaurrondoa ihartzearena
2023-10-16 21:06 | Andoni

Kaixo, Jakoba! Gaurko Teleberrin hitz egin dute intxaurrondoaren inguruan. Gaitz, plaga, gaixotasun, bakteria, har, izurri beltz... nahastu dira eta nahastu da entzulea. Kontuak kontu, intxaurrondoak ihartzearena ez da kontu berria, eta arrazoiak ezin zehaztu. Zure esperientzian eta jakitean, halakorik baldin badakizu, zergatik ihartu dira? Eskerrik asko eta ondo izan!


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-10-22 21:09

Intxaurrondoak hezetasunak akabatzen ditu. Mediterraneo aldetik ekarri zuten intxaurrondoa erromatarrek eta bere berezko tokietan, lur eta ingurune lehorretan ondo egokitzen da, baina hezetasun handia dagoen tokietan ez da gustura bizi, toki askotan juxtu juxtu.

Ura izan dezake aldamenean, baina lur harritsu eta urak erraz alde egiten duen tokian. Kazetariak gaitzarekin nahasketa hori transmititzea ez naiz batere harritzen… Gaur egun Intxaurrondoak arazo bikoitza du. Batetik eulia (Rhagoletis completa), horrek fruituaren zokotenaren azalean arrautza jartzen du eta hortik sortzen den harrak zokoten guri gozoa erasotu eta jango du; honek zauriak sortzen ditu eta hezetasunaren laguntzarekin zauri horietatik gaitzak erraz asko sartuko dira.

Gaitz ugari du geurean intxaurrondoak, hezetasunaren bultzadarekin, baina nagusiak bakteriosia eta antraknosia dira. Beltzuneak hosto, fruitu, lore, kimu berri eta abarretan eta hostajea behar baino lehenago erortzea dakarte.

Intxaurrondoak badu beste gaitz beldurgarri bat: tinta. Lurreko onddo bat da sustraietako zaurietatik sartzen da. Horrek sustraiak usteltzea dakar eta gehienetan arbolaren ipurdian lika beltza azaltzen da. Sustrai ahulak ditu intxaurrondoak eta batez ere buztin lurretan gertatzen den busti eta handitu eta lehortu eta uzkurtu lurraren mugimenduekin sortzen dira hilgarriak izan daitezkeen zauri horiek.

Ederki esaten duzun eran intxaurrondoak hiltzea ez da berria geurean eta gero ere izango da. Batez ere zauriak sortzeko lanak egiten jarraituz gero, inausketak batez ere.

Zeuk erantzun

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora