Asteroko buletina
Hazi gaiztotik ez da kuia onik

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Arbola ipurdiak kareztatzeaz
2023-10-16 17:15 | Andoni

Kaixo Jakoba: Bi gairen inguruan hona hemen nire galderak. Batetik, gaurko "Bizi Baratzea" Telegrameko kontuan ikusi dut "Fruitu arbolak babestu" argitalpena. Horren harira fruitu-arbolen enborra, ipurditik gora, kareztatzearen zergatia zein da? Baduzu horren inguruko idatzirik? Hotz-berotik babestea, beldar edota bestelako izurri izan daitekeenaren igotzea galaraztea, ohitura kontuak... Bestetik, gaurko Teleberrin hitz egin dute intxaurrondoaren inguruan. Gaitz, plaga, gaixotasun, bakteria, har, izurri beltz... nahastu dira eta nahastu da entzulea. Kontuak kontu, intxaurrondoak ihartzearena ez da kontu berria, eta arrazoiak ezin zehaztu. Zure esperientzian eta jakitean, halakorik baldin badakizu, zergatik ihartu dira? Eskerrik asko eta ondo izan!


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-10-22 21:01

Kareztatzea ohitura zaharra da eta lurrak kareztatzea bezala ia erabat ahaztua izan da. Bere helburuak asko dira.

  • Azalaren pH aldatzea, azidotasun handiegirik izan ez dezan, goroldioak eta likenak babesten eta sustatzen dituen azidotasun hori.
  • Azalaren zulo eta zirrikituetan negua igarotzen ari diren gaitzen esporak eta izurriteen arrautz, har, krisalida eta intsektuak akabatzea.
  • Gero euriarekin pixkanaka urtu egingo da eta lurrera joan, han ere bere lanak egingo ditu: pH igo janari gehienen mugimendua erraztuz, lurra harrotu, ongarri organikoak desegitea sustatu, lurra kaltzioz hornitu eta ongarritu… Hau dena, noski, kare falta duten lur buztintsuetan da batez ere nabarmen beharrezkoa.

Orokorrean udaberriari garbiago ekiteko laguntza bat dela esan daiteke; baita lurra emankortzeko laguntza ere. Kare bizia uretan urtuz egiten da karesnea, edo latsun-ura, kisu-gesala, gisu-ura... Esnea, errautsa, buztin hautsa edota behi-kaka gehitu daiteke. Pintura bezalako esne lodia egin eta isipu edo zurdaki batekin ematen da. Karea arriskutsua da, beraz kontuz. Karesnea egiteko babestu, arropa itxia jantzi eta eskuak eta begiak behintzat babestu. Metalezko edo zurezko ontzian hiru parte uri parte bat kare bizia erantsi. Beti era honetara egin, ez alderantziz (kareari ura sekula ez). Irakiten hasiko da eta ontzia estali. Ordu pare batez utzi. Nahi izanez gero ur gehiago emanez urtu.

 

Euririk izango ez den egunetan ezarri, ondo itsatsi dadin. Arbolean fruitu ustelik bada kendu, hor ere gaitzak negua igarotzen du. Nahi izanez gero aurretik zepilo zakar batekin garbitu. Behetik gora zirrikitu guztiak ondo igurtziz margotu, enborra eta adar nagusiak. Azala zakarra bada, bigarren margoaldia ere egin.

 

2018ko ILARGIA ETA LANDAREAK, LANDAREAK LANTZEN AGENDAN Abenduan egiteko lan bezala argitaratu nuen.

Zeuk erantzun

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora