San Migel maiatzeko, gure soroa laiatzeko.

“Mugimendua kriminalizatu eta aurrekari bat jarri nahi dute epaiketa honekin, hori oso larria da”

Lekarozko Aroztegia makroproiektu urbanistikoaren aurkako zazpi ekintzaile epaitegietara bidali ditu Palacio de Arozteguia S.L enpresak. 56.000 euroko isunak eta, guztira, 20 urteko kartzela zigorra eskatu dituzte haientzat. Azaroaren 26an prentsaurreko jendetsua egin dute Lekarozko frontoian, eta auzipetuei babesa emateko manifestazioa iragarri dute Iruñean otsailaren 1erako. “Talde kriminala garela diote, baina hori gezurra da, momentu jakin batean gu hor ginela esateko frogarik ez dutelako asmatu dutena”, salatu du Garbiñe Elizegik, zazpi auzipetuetako batek. ARGIAko Egonarria saioko abenduaren 4ko gonbidatua izanen da lekaroztarra.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2024ko azaroaren 27a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

“Oso larria da akusazioa, herri mugimendua kriminalizatu eta aurrekari bat jarri nahi dutelako. Lehen dena bazen terrorismoa, orain, talde kriminalak dira”, adierazi du Elizegik. Baztandarrak azaldu duenez, egon da akordiorako aukera azken hilabeteetan, enpresaren abokatuak, auzipetuenak eta fiskaltza negoziatzen ibili baitira. “Egin genuena onartzeko prest agertu gara gu: makinen aurrean jarri ginela herritar gehiagorekin batera. Baina, talde kriminalarena marra gorria da guretzat”, azaldu du. Izan ere, auzipetuek uste dute "talde kriminal" gisa izendatu nahi dituela enpresak, Nafarroako eta Espainiako Gobernuen kontra jarrita dituen bi demandengatik. “Akanpada garaian enpresa babesteko nahikoa baliabide jarri ez izana leporatzen die gobernuei, eta horretarako, gure ‘talde kriminal’ izaera hori behar du”, dio.

"Aldatzen dira gobernuan dauden alderdiak, baina segitzen du kartzelaren mehatxuak eta proiektuen inposizioak, eta honi deitzen diote demokrazia”

Egitasmoak Udalaz Gaindiko eragineko Plan Sektorial (UGPS) gisa izendatuta Nafarroako Gobernua egiten ari den triskantza ere salatu dute auzipetuek. “UPNk proiektu asko inposatzeko erabilitako bide hori aldatuko zuela adierazi zuen 2015ean ‘aldaketaren gobernuak’, baina gaur da eguna formula hori erabiltzen segitzen dutena”, gogorarazi du. Aroztegiko proiektuarekin, gainera, pauso bat harago joan izana ere salatu du baztandarrak, "foru intereseko" egitasmo gisa izendatuta tramitaziorako erraztasun gehiago dituztelako proiektuek, Erdizko harrobiak kasu. “Formula horren kopia egin dute erkidegoan Tapia Legearekin. Gobernu desberdinak dira, aldatzen dira alderdiak, baina segitzen du kartzelaren mehatxuak eta proiektuen inposizioak, eta honi deitzen diote demokrazia”, salatu du.

Mobilizazioetan parte hartzeko deia

Epaiketa otsailaren hasieran izanen dela aurreikusten dute akusatuek, data hori eman diete, momentuz. Horregatik, datozen aste eta hilabeteetan mobilizazio eta ekimen desberdinak eginen dituztela iragarri dute, eta azpimarratu dute behar beharrezkoa izanen dela herritarren babesa. “Argi dugu hau ez dela gure aurkako zerbait konkretua, herri oso baten kontrako erasoa da. Orain arte herritarren babesarekin egin badugu aurrera, orain ere horrela eginen dugu, elkarrekin eta modu kolektiboan”, azpimarratu du.

“Gure lurrak kapitalaren esku uzteko estrategia orokorra dago honen atzean, eta beraz, estrategia nazionala izan behar luke honi erresistentzia egitea”

Izan ere, makroproiektu hau Baztanen kokatua izanik ere, nabarmendu du Euskal Herri mailan gertatzen ari diren beste ingurumen borroka askorekin lotura zuzena duela. “Gure lurrak kapitalaren esku uzteko estrategia orokorra dago honen atzean, eta beraz, estrategia nazionala izan behar luke honi erresistentzia egitea”, amaitu du Elizegik.

Baratzegintza agroekologikoa, garapen pertsonal eta sozialerako
2026-03-09 | Garazi Zabaleta
Iruñeko Aranzadi parkean, Arga ibaiaren ondoko baratze gunean du proiektua Elkarkide fundazioak. Zentro okupazional gisa funtzionatzen du baratzeak, eta buruko gaixotasunak dituzten pertsonek egiten dute... (+)
Haragi-zirkuitu propioa sortzeko proiektua martxan
2026-03-02 | Garazi Zabaleta
Oiartzun Burujabe prozesuaren baitan, herriko haragi-zirkuitu propioa martxan jartzeko lanean aritu dira azken urteetan Elikadura Mahaitik. Labore Oarsoko kideek, herriko ekoizleek eta udal eta landa... (+)
Garoa, jendartea eraldatzeko gune berria Mungia erdian
2026-02-23 | Garazi Zabaleta
2007an sortu zuen Butroi Bizirik elkartea ingurumenaz arduratuta zegoen Mungialdeko herritar talde batek, eta 2013an erantsi zioten "Trantsizioan" hitza izenari. “Rob Hopkins ekintzaile eta idazlea... (+)
Nekazarien iragarritako heriotzaren kronika
2026-02-22 | Garazi Zabaleta
Europa-Mercosur akordioa gauzatzeko arriskua mahai gainean den honetan, Europa berriz ere bidegurutzean da: tokiko elikadura sistemak indartzearen alde egin, edo elikagaiak mundu globalizatuko negozioetarako merkantzia... (+)
Baratzezain izatetik erlezain izatera
2026-02-16 | Garazi Zabaleta
Duela 26 bat urte iritsi ziren Ali Orue zeberioarra eta Edu Brugos laudioarra Zioarraga auzora, Zuiara (Araba). Bizitoki aldaketarekin batera bizitza eta ogibidea aldatzeko gogoz... (+)
gora