Elurra mendian, haize hotza herrian.

Nafarroako ekoizle eta artisauen azoka berria Iruñeko Basotxoan

Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zuzeneko harremanak sustatzeko asmoz azoka berria jarri du martxan Iruñeko Udalak, INTIA-Reyno Gourmetekin, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (NNPEK), Elikagai Artisauen Elkartearekin eta Bizilurrekin elkarlanean. Kanpoan, aire librean, Iruñeko Basotxoa parkean izanen da azoka, hileko bigarren larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara. “Bertako ekoizleen eta artisauen 30 postutik gora egonen dira azoka honetan, eta aurten maiatzean, ekainean, abuztuan eta azaroan eginen da”, azaldu du Isabel Pueyo Alcolea NNPEKko merkaturatze bideen arduradunak. Maiatzaren 10ean egin zuten lehen azoka, arrakasta handiz.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko ekainaren 09a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Azokaren bultzatzaile diren erakunde eta elkarteek aukeratuko dituzte azoka bakoitzean parte hartuko duten ekoizle eta artisauak, Nafarroako hainbat tokitatik hurbilduko direnak. “Seina postu aukeratuko dituzte Elikagai Artisauen Elkarteak, INTIAk, NNPEKk eta Bizilur elkarteak. Beste seiak Iruñeko Udalak aukeratuko ditu ekoizle artisauen erregistro ofizialetik, eta azkenik, azoka bakoitzean, gehienez, kanpoko artisauen bi postu gonbidatu egonen dira”, azaldu du Pueyok.

Maiatzeko lehen azokan erosketa saskia betetzeko moduko eskaintza izan zuten: gazta, eztia, arrautzak, marmeladak, lekaleak, garagardoa, gozoak, zukuak, hestebeteak, bitxiak, angora ahuntzen mohairrezko jantziak… “Basotxoa parkea hiriko erdialdeko igarobidea da, jende asko pasatzen da bertatik, eta horrek erraztu egiten du jendea azoka postuetara hurbiltzea”, dio kontseiluko kideak. Izan ere, Takoneratik hurbil kokatzen den parkea ezaguna da iruindarren artean, baina baita kanpotik datozen bisitarien artean ere. “Herritarrengan interes handia piztu du Basotxoa azokak, pozik gaude lehenak izan duen erantzunarekin”, gehitu du.

Merkaturatze bide laburrak bultzatzen

Nafarroako ekoizle txikiek haien produktuak zuzenean saldu ahal izateko gune berria eskaintzea da egitasmoaren bultzatzaileen helburua, baita herritarren eta ekoizleen arteko zuzeneko harremanak sustatzea ere. “Gure ustez, garrantzitsua da nekazari eta artisauen eta kontsumitzaileen arteko konfiantzazko harremanak bultzatzea, baita landa eremuaren eta hiriaren arteko lotura egiten duten azoka tradizionalak sustatzea ere”. Basotxoa bezalako azoken bidez, herritarrek Nafarroako elikagaiak eta ekoizleak ezagutzeko aukera dutela adierazi du, eta horretarako erreferentzia bilakatu nahi du azoka berriak.

Elikagaien eta artisau produktuen postuez gain, hitzordu bakoitzean ekintza eta jarduera osagarriak ere proposatuko dituzte antolatzaileek, hala nola lantegiak, dastaketak, jolasak eta zuzeneko musika. “Herritarren sentsibilizazioari begirako tailer eta ekitaldiak  proposatzea da asmoa”, amaitu du.

Auzolan praktikak herriko nekazari eta abeltzainekin
2025-06-30 | Garazi Zabaleta
Burujabetzan sakontzeko egitasmoa da Oiartzun Burujabe proiektua, udalaren, herriko ehun ekonomikoaren eta herritarren artean bultzatu dutena. “Oiartzungo herritarrek bertako baliabideak eta produktuak, bertan ekoizten dena... (+)
Bertako ahuntz arrazaren txorizoak
2025-06-23 | Garazi Zabaleta
David de Blasek abiatutako proiektua da Azpigorri Ahuntz Txorizoak, eta izenak argi uzten duenez, azpigorri arrazako ahuntzekin ari da lanean. “Urteetan industrian aritu nintzen lanean,... (+)
“Bizirik dagoen landarea duzu ahoan ernamuin bat jatean”
2025-06-16 | Garazi Zabaleta
Hamabost urte baino gehiago daramatza martxan Bizkaiko Kimuak ernamuinduen proiektuak, baina hasierako bultzatzaileak erretiratu dira eta erreleboa hartu berri dute Mikel Landa Luzarragak eta Asier... (+)
“Metalezko bastoiak ikusten dira orain, baina hurritz makila betiko erreminta izan da gurean”
2025-06-02 | Garazi Zabaleta
Umetan aitarekin ikasi zuen Unai Zabala Zubelzu txaramarrak hurritz makilak egiten. “Perretxikotara joaten ginen bezala, makilak egitera ere ateratzen ginela gogoratzen dut, hamar bat urte... (+)
“Administrazioak egiten ez duenez, guk bultzatu dugu hiltegi proiektua”
2025-05-26 | Garazi Zabaleta
2024ko irailetik martxan dute Urduñan Belardi hiltegia eta haragi-eraldaketarako gunea. Elikadura burujabetzaren bueltan herrian urte askoan egin duten prozesuaren ondorio da proiektua, Bedarbide abeltzainen elkarteak... (+)
gora