Artoa erein berotan (maiatza-ekaina), hazi ere berotan eta jan ere berotan.

“Metalezko bastoiak ikusten dira orain, baina hurritz makila betiko erreminta izan da gurean”

Umetan aitarekin ikasi zuen Unai Zabala Zubelzu txaramarrak hurritz makilak egiten. “Perretxikotara joaten ginen bezala, makilak egitera ere ateratzen ginela gogoratzen dut, hamar bat urte nituela edo hasi izan nintzen”, dio. Urteekin, aitak jarduna utzi zuen, baina berak segida ematea erabaki zuen. 26 urteko gazteak sare sozialen bidez zabaldu du proiektua, Euskal Herriko Hurritz Makil Tradizionalak izenarekin, eta azaldu duenez, jende askok erosten dizkio makilak kontu horretatik. Bakarrik aritzen da, baina aitaren laguntza ere jasotzen du.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko ekainaren 02a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Urritzaren ezaugarri horiek nabarmendu ditu Zabalak: makila gogorrak ateratzen direla bere zuretik, baina, aldi berean, malgutasuna ere badutela. “Malgutasun hori ez balu, puskatu egingo litzateke”, gehitu du. Makilak egiteko beste zuhaitz batzuen zura ere erabili izan da, gorostiarena, adibidez. Babestutako zuhaitza da, ordea, eta gipuzkoarrak nahiago izan du beti hurritza erabili. “Honezkero ezagunak ditut hurritzak dauden inguruak; askotan iristeko toki zailak izaten dira”, aipatu du. Mozteko garaiak garrantzia handia duela gaineratu du gazteak: urritik otsailera artean moztu behar direla dio, baina ilberri dagoenean bakarrik. “Garai txarrean botaz gero ez du balio, arazo asko izaten ditu, pipiak jotzen du…”.

Zabalak dioenez, toki zailetan egonda ere, moztea izaten da lanik errazena. “Makila sail bat egiten dut normalean, toki txarretan egoten dira, eta kotxera eramatea ederki kostatzen da”. Behin etxera eramanda, lehortzen uzten ditu, hiru hilabetetik gora. “Denbora luzez utzi behar dira lehortzen, hezetasuna badute ez baitira zuzentzen”. Hain zuzen, horixe da hurrengo lana: jatorrizko forma zuzentzea. Horretarako, burdinazko hodi bati ongi lotuta edukitzen ditu lau bat hilabetez.

Mendirako eta aziendekin aritzeko

Gaur egun mendian ibiltzeko metalezko bastoiak erabiltzen ditu jende gehienak, baina baserriaren bueltako jende askok makilei eusten diela uste du gazte gipuzkoarrak, eta aziendarekin ere asko erabiltzen dela. Etxean beti erabili den erreminta izanik, mantendu egin nahi du gazteak. “Niri asko gustatzen zait, eta inork egiten ez badu, galdu egingo litzateke”, esan du. Baina, noiz eta nola moztu jakitea ere garrantzitsua dela dio, triskantzarik ez egiteko: “Berez, ona da makilak egitea, gero adar horretatik berri bat etorriko delako. Baina kontuz ibili beharra dago, ezin dira arbola batetik makila asko atera, oreka bilatu beharra dago”.

Sare sozialen bidez eta ganaduarentzako pentsu eta erreminta dendetan saltzen ditu Zabalak hurritz makilak. “Norberak ere egin dezake, baina ez da moztea bakarrik, prozesu osoak zortzi edo bederatzi hilabete behar ditu, denbora da. Horregatik, gaur egun jende askok nahiago izaten du erostea”, amaitu du.

“Administrazioak egiten ez duenez, guk bultzatu dugu hiltegi proiektua”
2025-05-26 | Garazi Zabaleta
2024ko irailetik martxan dute Urduñan Belardi hiltegia eta haragi-eraldaketarako gunea. Elikadura burujabetzaren bueltan herrian urte askoan egin duten prozesuaren ondorio da proiektua, Bedarbide abeltzainen elkarteak... (+)
Sitsak munduko ezpel baso handiena suntsitu ez dezan
2025-05-19 | Garazi Zabaleta
Pirinioetan dago ezpel basatien munduko eremurik handiena, eta hain zuzen Nafarroako Pirinioan, Abaurregainan, sortu zuten 2020an Ezpelzaintza 2050 egitasmoa. Cydalima perspectalis sitsa hondamendi handia eragiten... (+)
Ekoizle txikiei arnas emateko lanpostu publikoa Debagoienan
2025-05-12 | Garazi Zabaleta
Duela urtebete pasa gauzatu zuten Ortulaguntza proiektua Debagoienan. Langile bat kontratatu dute bailarako nekazaritza proiektu txikietan txandaka lanean aritzeko, hartara ekoizleei lan karga arintzeko eta... (+)
Udaberriko festa, agroekologia ospatzeko
2025-05-05 | Garazi Zabaleta
Maiatzaren 10ean egun osoko festa berezia antolatu dute Zestoako Amilibia baserrian. Agroekologiaren eta elikadura burujabetzaren alde, Gipuzkoako Biolur elkarteak abiatutako proiektua da Amillubi, eta udaberriko... (+)
Alpeetako hegoaldetik Nafarroa Beherera, abeltzaintza estentsibo eta dibertsifikatuarekin
2025-04-28 | Garazi Zabaleta
Proventza eskualdean, Alpeen hegoaldean abiatu zuten Lili Saint-Laurent euskaldunak eta Mathias Guibert proventzarrak abeltzaintza proiektua duela hamar urte pasatxo. “Ardi, ahuntz, behi, txerri eta pottokekin... (+)
gora