Astelehenero 8:00etan zure epostan
David de Blasek abiatutako proiektua da Azpigorri Ahuntz Txorizoak, eta izenak argi uzten duenez, azpigorri arrazako ahuntzekin ari da lanean. “Urteetan industrian aritu nintzen lanean, baina pandemia garaian artzain eskolara joan nintzen, eta ikasketak amaitutakoan erabaki nuen ahuntz taldea erostea”, azaldu du Dimako abeltzainak. Dioenez, hasierako asmoa ez zen abereak haragitarako erabiltzea. “Ahuntzekin mendia garbitzeko proiektu pilotua aurkeztu nuen aldundian, eta bazirudien onartu zutela, baina azkenean atzera egin zuten eta proiektua kaxoi batean gelditu zen”. Ordurako, ordea, bazituen 50 azpigorri ahuntz eta pabiloia, eta bide berrien bila hasi zen.
2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.
Euskal Herriko arraza da azpigorria, galtzeko arriskuan dagoena: “Urteetan galtzen joan den arraza da azpigorria, garai batean esnetarako eta haragitarako, bietarako erabiltzen zen familia ustiapen txikietan. Eta, batik bat, baserrien inguruko sasitzak garbitzeko”, esan du de Blasek. Ezaugarriez zera azaldu du: “Azpigorria ez da berez esnea ekoizteko arraza aproposa, eta horregatik, normalean ez du arazorik izaten errapeetan”. Horrez gain, hemengo klimatologiara egina dago, baina maneiua beste arraza batzuekin baino zailxegoa dela dio abeltzainak: “Beste ahuntza arraza batzuk baino basatiagoa da azpigorria, udaberri eta udan artzaintza orduak goxoak izaten dira, baina negua gogorra da”. Kanpoan izaten ditu ahuntzak urte osoan de Blasek, eta erdi-urren dauden garaian soilik eramaten ditu pabiloira.
Artzaintza tradizionala egiten du de Blasek, baina, berriki, GPS bidezko lepokoak jarri dizkie animaliei, artzain elektriko birtual bidez funtzionatzen dutenak. “Ordu gutxiago sartu behar ditut horri esker, baina lanak hor darrai, maneiu estentsiboa egiten baitut, kanpokoa”. Gaixotasunen eta bestelako beharren aurrean, produktu naturalak erabiltzen saiatzen da abeltzaina, eta antibiotikoak eta kimimoak muturreko kasuetan soilik ematen dizkie.
Erdi kasualitatez eta halabeharrez hasi zen Dimako abeltzaina ahuntz txorizoa ekoizten: “Zahartuak nituen zenbait ahuntz hiltegira bidali nituen duela hiru urte, txorizoa egin nuen haragiarekin eta azoka batera joan nintzen. Guztia saldu nuen azoka bakarrean”. Horrela, txorizo ekoizpenari ekitea erabaki zuen bete-betean. Gaur egun, Urduñako Belardi hiltegi eta transformazio gunean egiten ditu eraldaketak, eta batik bat azoketan saltzen du produktua. Azken aldian, bestelako hestebeteak ere egiten ari da, proba moduan: “Zezinarekin probak egin nituen baina ez nintzen oso gustura gelditu, eta orain odolkiak egitea da nire asmoa”. Izan ere, zerrikirik jaten ez duten herritarrek, tartean musulman askok, interesa azaldu dute bere produktuekiko.
40 urteak pasata sartu zen abeltzaintza proiektuan de Blas, eta berea bezalako proiektuek batere laguntzarik eta babesik ez jasotzea salatu du. “Animatuko nituzke gazteak sektorean sartzera, baina esanen nieke oso oso ongi begiratzeko Nekazaritza Laneko Unitatea lortzeko betebeharrak, artzain eskolatik ateratako askok izan baititugu ezustekoak horrekin, eta asko ekonomikoki egorea zailean gelditu dira”, amaitu du.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545