Asteroko buletina
Maiatza euritsu, ekhaina errautsu, orduan da laboraria urgullutsu.

Mendietxe irekita, euskal mendizaletasunaren museoa zertan da?

Mendietxe museoak zabaldu ditu ateak, irakurri dugu Berria-n. Eta boteprontoan pentsatu, "hau izango al da EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioak ireki nahi zuen museoa?". Ramon Olasagasti kazetariak argitu dizkigu zalantzak: "Alex Txikon alpinistaren eta Soraluze familiaren bat egitetik sortu da museoa, Azpeitiko Esklaben Komentuan". Ez, ez du zerikusirik euskal mendizaletasunaren museoarekin, hura Tolosan zen sortzekoa...


2024ko azaroaren 06a
Alex Txikon alpinista, Azpeitiko museoan jaso dituzten zenbait piezarekin

"Planetako bildumarik handienetako bat da hau; balio handiko piezak daude, eta pieza bakoitzaren atzean historia handi bat dago", nabarmendu du Alex Txikonek, Mendietxe museoaz mintzo. Bertan daude, esaterako, George Mallory eta Andrew Irvinek 1924an Everesteko kanpaleku nagusitik igorritako postal bat; Reinhold Messnerrek 1980an Everesten erabilitako kanpadenda; 1970ean, Naranjo mendiaren mendebaldeko hormako neguko lehen igoeran, Jose Luis Arrabalek zeraman jaka; Espainiako eski parerik zaharrena (1780koa); Yvon Chouinard-en munduko piolet bildumarik onenetakoa; Txikonek erabilitako materiala; Azpeitiko Lagun Onak Klubaren bildumako parte diren piezak...

"Bost ordu pasa ditzaket hemen dauden piezen kalitatea eta balioa azaltzen, baina egokiena etortzea eta jendeak bere begiz ikustea da", dio Txikonek. Eskiak, kaskoak, betaurrekoak, kranpoiak, bastoiak, botak, erraketak, arnesak, 250 piolet baino gehiago, horien artean François Simondena izandako bat, "historia bizia dago museo honetan" nabarmendu du alpinista lemoarrak.

Bilduma ederra osatu du Txikonek, "babesle askori esker"  / Gipuzkoako Foru Aldundia

"Duela hogei urte hasi zen dena, 2004an, K2 zortzimilakoaren maldetan", idatzi du Olasagastik Berria-n. Urte hartan, 1954ko K2ko lehen igoerako italiarren oxigeno botila bat aurkitu zuen Txikonek, eta jaitsi egin zuen. Huraxe izan zen lehen pieza, eta ondorengo espedizioetan pieza gehiago biltzen hasi zen. Azpeitiko Esklaben Komentuko ganbarako gela batean gorde ditu, Soraluze familia –1998tik eraikinaren jabea– laguna zuelako.

"Gustatuko litzaiguke hau hasiera bat izatea", nabarmendu dute Txikonek eta Mendietxeren sustatzaile Mikel Soraluzek. "Goian beste 500 metro daude, hutsik oraingoz, eta ederra litzateke hori ere berregokitzea eta janzten joatea. Orain arte, inolako diru publikorik gabe, babesle askori esker, gauzatu dugu proiektua, baina aurrerantzean ezinbestekoa izango da erakunde publikoen babesa, Mendietxe zabaltzen eta hobetzen jarraitzeko".

Erakunde publikoen babesa eta euskal mendizaletasunaren museoa

Esan dugu arestian. Azpeitikoa eta EMMOA fundazioaren museoa aparteko bi egitasmo dira. Hain justu, Eta euskal mendizaletasunaren museoa zertan da? galderaren bueltako analisia idatzi du Berria-n Olasagastik berak: "Mendiko pieza historikoz osatutako museo eder bat da Mendietxe. Ez da, ordea, euskal mendizaletasunaren museoa. Mendietxen ez daude Andres Espinosa aitzindariak Alpeetako eta Himalaiako bizipenen berri emanez bere eskuz idatzitako zazpi liburuxkak, Mendietxen ez dago Antxon Bandres Azkueren argazki bilduma historikoa; ez dago Anjel Sopeñak duela mende bat Fraileburuko lehen euskal eskalada historikoan erabili zuen burnizko iltzea (...) Ondare hori osatzen duten pieza guztiak, balio historiko handiko ehunka eta ehunka objektu, hainbat eta hainbat mendizale historikok eta haien senideek dohaintzan eman eta EMMOAko kideek inurri lanean bildutakoak, biltegi batean daude, egunen batean ikusgai izateko esperantzan".

“Ezjakin xamarrak gara gure historiari dagokionez”, kontatu zigun EMMOA fundazioko kide Antxon Iturrizak otsailean –Mendi Federazioaren mendeurrenaren harira argitaratu genuen erreportajean–, seinalatzen zituen bitartean Martuteneko bulegoetan pilatutako objektu bete kaxak. Duela hogei bat urte heldu zioten museoaren proiektuari, ondarea bildu eta ezagutzera emateko helburuarekin; otsailean genioen litekeena zela museoa epe motzean inauguratzea (Tolosako Arkaute etxean), baina proiektua ez aurrera ez atzera dago.

Martin Zabaletak 1980an Everesten jantzi zuen txamarra / EMMOA bilduma

“Uste baino prozesu luzeagoa izan da”, aitortu zigun orduan Iturrizak. “Uste genuen proiektua aurkeztu eta denak txundituko zituela, baina konturatzen zara amets batzuk betetzeko dirua behar dela eta... Nahiz eta Tolosako Udalak jarrera oso ona erakutsi duen, instituzio gehiagoren babesa beharko dugu”. Bada beste arazo bat, gainera: “Nork hartuko du gure lekukoa? Adinean aurrera goaz, musu-truk ari gara ekinean, eta nahi badugu museoa egonkortzea, neurri batean profesionalizatu egin beharko da, ez gaude-eta boluntarioen bila hasteko garairik onenean”.

Martuteneko eraikin bateko bi gelatan gordetzen du EMMOAk urteetan pilatutako materialaren parte handi bat. Bulego batean dituzte dokumentuak (liburuak, egunkari eta aldizkariak, argazkiak, gidak, mapak...), eta bestean mendiko materiala (pioletak, eskiak, txamarrak, botak, kranpoiak...). Aurki daitezke, besteren artean, Maritxu Urretaren –Club Vasco de Camping elkartearen fundatzaileetakoa– kranpoi eta egurrezko eskiak, Trini Cornellana alpinistak 1976an Shakhaur-era (Afganistan) egindako zorigaiztoko espedizioan jantzi zuen berokia –mendi hura igo duen lehenbiziko emakumea da–, Gregorio Arizek 1979an Daulaghiri igotzeko zeramatzan botak eta pioleta –hura izan zen euskal espedizio baten aurreneko zortzimilakoa–, Martin Zabaletak 1980an Everesten jantzi zuen txamarra horia... Sekulako altxorra, hamaika kaxatan gatibu dagoena.

"Ez al du merezi, behingoz, euskal mendizaletasunak museo bat, txikia eta soila bada ere, historia eta ondare mugagabe hori guztia aterpetzeko?", galderarekin amaitu du analisia Olasagastik. Baietz erantzutea erraza da, baina...

Bitartean, goza dezagun Azpeitiko Esklaben Komentuan paratu duten Mendietxe museoaren bildumarekin, pieza ugari eta eder askoak baitaude bertan ikusgai.

Hormigoiak lurzorua inpermeabilizatzen duenean
2024-11-04 | Jon Torner Zabala
Ugariak dira Dana denboraleak Valentzian eragin duen hondamendiaz egin diren irakurketak. Beste faktore batzuen artean, gizakiak naturari ebatsitako eremuez luze mintzo dira hedabideak, ibai eta... (+)
Ehunka ekologistak Total petrolio-enpresaren fabrika blokeatu dute Belgikan
2024-10-29 | Jon Torner Zabala
Code Rouge mugimenduko ekintzaileek hainbatetan salatu dutenez, irabazi geroz eta handiagoak lortzearren Total Energies enpresak ingurumena kutsatu eta lekuko komunitateak kaltetzen ditu. Horregatik blokeatu dute... (+)
Zubietako erraustegiaren "ezohiko" jarduera onartu du Jaurlaritzak
2024-10-15 | Jon Torner Zabala
Hondakinak tratatzeko Artaxoako plantara Zubietako erraustegitik milaka tona lixibiatu modu ilegalean eraman izanaz galdetu dio EH Bilduko parlamentari Mikel Oterok, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko... (+)
Putreentzako janlekuak, turistak erakartzeko amu
2024-08-27 | Jon Torner Zabala
"Valderejoko hegazti sarraskijaleen janlekuak erabilera turistikoa izango du". Atentzioa eman digu Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute kazetariak Alea.eus agerkarian plazaratutako albistearen goiburuak. "Putreak baliatu, putreak... (+)
Mendiaren kulturari eusteko sokak, tenkaturik
2024-03-03 | Jon Torner Zabala
Euskal Mendizale Federazioak 100 urte beteko ditu datorren maiatzaren 18an. 1924an sortua, mendeurrenak bide eman digu mendizaletasunak izan duen eboluzioaz eta aurrera begirako erronkez aritzeko.... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora