Astelehenero 8:00etan zure epostan
GuraSOSek agerraldia egin du astearte goizean Donostiako epaitegi atarian, 2022an Zubietako erraustegitik Arkaitzerrekara izandako isurien harira ikertu gisa deklaratzen hastekoak ziren eta gaur, Ekondakin eta Ekobal enpresetako zuzendaritzako kideak.
Duela ia hilabete berri eman zuen GuraSOSek hamazazpi zuzendari eta teknikariek ikertu gisa deklaratuko zutela azaroaren 4ean, 5ean eta 6an Donostiako auzitegian, 2022ko uztailaren 13an erraustegitik Arkaitzerrekara izandako isurketa kutsakorren auziaren harira. Aipatu elkartearen arabera, Zubietako erraustegiaren jardunari lotutako Ekondakin eta Ekobal enpresetako zuzendaritzako kideak zeuden deklarazioa hartzera deitutakoen artean, baita lanen akten eta egiaztagarien igorleak ere.
Deklarazioa hartzeko egunak heldu dira. Astearte hau, azaroaren 4a zen horretarako finkatua zegoen lehen eguna. Horregatik, Gipuzkoako hiriburuko auzitegi atarian agerraldia egin du GuraSOSek.
“Ez dakigu nola amaituko den prozesu judizial hau, baina horren ondorioz jada bi gertaera egiaztatuta geratu dira", elkarteko lehendakari Joxe Mari Izeta usurbildarraren esanetan. Batetik, "erraustegiak sortu behar ez zituen likidoak eta lixibiatuak sortzen zituela, eta horiei eman zitzaien irtenbidearekin, ingurumen eta osasun arazo larriak eragin zituztela pertsonengan, baita gertaera hauetan erantzukizun pertsonalak daudela ere”.
Horrez gain, "badakigu, gainera, lixibiatu horiek oraindik ere ekoizten zirela 2024ko amaierara arte, orduan detektatu baitzen Ecofertera, Nafarroako Artaxoa herrira, eta Saderrera, Bilbora, garraiatzen zituztela, horrek sortu zuen eskandalu eta erakunde arteko iskanbila guztiarekin, zuek jada ezagutzen duzuena. Oraingoz ez dakigu gaur egun ere lixibiatu horiek ekoizten diren eta zein irteera ematen zaien”.
Egunotako deklarazio hartzeekin GuraSOSek nahi du behingoz "argitzen joatea zer gertatu zen eta zer ardura dituzten gertatutako horren guztiaren aurrean". Deklarazio hartze horiekin, "pentsatu nahiko genuke argiren bat ekarriko diotela ikertutako kausari".
Izetak gogorarazi duenez, "Guardia Zibilaren UCOMA delakoak egindako txosten bati erantzuten dio" deklarazioa hartzeko deialdiak, "Fiskaltzak eskatutako ikerketen esparruan, GuraSOSek eskatuta, eta Donostiako Instrukzioko 5. Epaitegiak bideratua”.
Aipatu UCOMA taldekoen txosten horretan, GuraSOSen esanetan, "erraustegiaren kudeaketan esku hartzeko organigrama zehazten du. Organigrama horren buruan GHK dago, eta bertako presidentea Asensio diputatua da, baita Cesar Gimeno ere, erakundearen zuzendari nagusi gisa, eta Nagore Peñalba, zuzendari tekniko gisa, txostenean berariaz aipatuta. Jarraian, Ekondakin enpresa emakidaduna eta, azkenik, honen filiala, operadore gisa, Ekobal. Bada, inputazioen zerrenda osatzerako orduan Ekondakin eta Ekobaleko zuzendaritzako kideak baino ez dira agertzen, baina ez da azaltzen zergatik ez dauden GHK-ko arduradun nagusiak, erraustegiaren funtzionamenduaren organigramaren burua eta, adibidez, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-baimen lizentziak eskatzen dituen erakundea”.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545