Astelehenero 8:00etan zure epostan
"Berdela iparralderantz ari da mugitzen, itsasoa berotzeak sardinari ez dio on egiten eta geroz eta gutxiagoa dago, antxoarentzat ona da eta geroz eta gehiago dago, baina txikiagoa da...", dio Aztiko ikerlari Xabier Irigoienek, EITB Datak tenperaturaren gorakadaz egin duen ikerketa eta erreportaje sortaren barruan itsasoari eskainitako atalean.
Kantauri itsasoko tenperatura gorantz egiten ari da, gure kostaldeko datuak biltzen 40 urte daramatzan Azti ikerketa zentroaren datuek erakusten dutenez. Horrek eragina dauka hainbat espezieren portaeran, eta batzuen kasuan aldaketa oso nabarmena da. Alga gorria, esaterako, garai batean oso ugaria zen, baina gaur egun askoz ere gutxiago dago. Edota karabela portugesak, duela 20 urte inork gutxik ezagutzen zituen gurean, eta "geratzeko etorri omen dira", EITBren arabera.
"Lurra berotzen ari da, baita itsasoa ere", datuek erakusten dutenez: "Batez beste, hilabete guztietan egin du gora itsasoaren tenperaturak, eta igoera hori areagotu egiten da udako hilabeteetan. Bilboko portuko buia inguruan bi gradu berotu da ura uztailean, azken hamar urteetan".
Beroaldiak, gero eta ugariagoak
Tenperaturari dagozkion Hego Euskal Herriko datuak aztertu ditu EITB Datak, eta dozena erdi ataletan plazaratu. Beroaldiak gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian, dio horietako baten goiburuak. "Aurten beroa muturrekoa izan da eskualde eta herri askotan, batik bat, abuztuko lehen hogei egunetan", irakurri dugu. "Hil horretako 15a egun kritikoa izan zen. Estazio meteorologiko askotan 40 gradutik gorako tenperaturak neurtu zituzten; aste osoan zehar tenperaturak oso altuak izan ziren. Uztaila, ordea, oasia izan zen ekain amaierako eta abuztuko beroaldien artean". Oro har, muturreko beroa egin duen egunen eta oso beroen kopurua ugaritu egin da, eta "gau tropikalak" gero eta ohikoagoak dira.
Azterlanak jasotako datuen arabera, Hego Euskal Herriko 523 udalerrietatik 333tan 40 graduko langa gainditu da uneren batean. "Kostaldeko brisak giroa freskatzen duela esaten bada ere, hego-haizea nagusi izan da askotan eta, ondorioz, Kantauriko isurialdeko eskualdeak labe bilakatu dira. Hala, urteko tenperaturarik altuena Bilbon eta inguruko herrietan (Loiun, Lezaman edota Mungian) neurtu dute. Abuztuaren 15ean 43,5 gradu neurtu zituzten termometroek".
Klima larrialdiaren gainean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek duten iritzia ere jaso du EITBk. Oso gutxi dira (%1,6) klima aldatzen ari dela ukatzen dutenak. Aldiz, gehiengo handi batek (%95) uste du giza jarduerak eragin duela, nolabait, egoera hau. Horri buelta ematerik ba ote dagoen galdetuta, "ezkortasun-sentsazioa nagusitu da gizartean". Gehienen iritziz goranzko joera geratu eta ondorioak arintzeko aukera egon daiteke oraindik, baina % 21en ustez ez du konponbiderik, eta ezin da ezer egin.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545