Elurretan jaio eta izotzetan bataiatu

Valle de Odieta makroetxaldeko bi arduradun zigortu dituzte, lurrak kutsatu eta Aragoi ibaira egindako isurketengatik

Iruñeko Zigor Arloko 2. epaitegiak urtebeteko kartzela zigorra eta 4.200 euroko isuna ezarri die Alberto eta Pedro Guerendiáin Azpíroz anaiei, Caparrosoko (Nafarroa) Valle de Odieta makroetxaldeko artezkaritza kontseiluko presidenteari eta bokalari, Aragoi ibaira gai kutsakorrak isuri eta lur sailak digestatoarekin ureztatzeagatik. Sustrai Erakuntza eta Greenpeace elkarteak "pozik" agertu dira, baina adierazi dute epai horrek Nafarroako Gobernuaren "goitik beherako birplanteamendua" ekarri beharko lukeela abeltzaintza eredu industrialaren aurrean.


2025eko urriaren 28a
Makroetxaldeak azken urteetan zabaldutako datuen arabera, gaur egun 8.000 bat behi ditu, gehien-gehienak esnetara bideratuak, hori baita bere ekoizpen nagusia. Horrez gain, biometanizazio planta bat ere badu.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Irailaren 2an hasi zen Valle de Odieta makroetxaldeko administrazio kontseiluan ari ziren bost pertsonaren aurkako epaiketa. Akusazioek ziotenez, makroetxaldearen aktibitatearen ondorioz lur sail ugari kutsatu ziren 2021ean, seguruenik lursailak digestatoarekin ureztatzeagatik, txosten batek azaleratu zuenez. Hura zabaltzeko, baimenik gabeko ihinztadurazko ureztatze-sistema erabili bide zuten, zehazki Pivot izeneko sistema. Enpresaren esku dagoen HTN Biogás plantak sortua da digestato hori.

Ez da ohikoa halako enpresa handi bat kutsaduragatik akusatuta ikustea, eta are gutxiago zigor aretoan, ARGIAn epaiketaren berri eman zuen Xabier Letona kazetariak zioenez. Akusatuak honakoak ziren: Alberto Guerendiáin Azpíroz, Pedro José Guerendiáin Azpíroz, María Cilveti Oyarzun, Pedro María Cilveti Oyarzun eta Iñaki Guerendiain Azpiroz. Isurien garaian Valle de Odieta SLCko Administrazio Kontseiluko kideak ziren. Sustrai Erakuntza eta Greenpeace ingurumen elkarteek osatzen dute herri akusazioa, eta bostentzat hiru urteko kartzela zigorra eskatzen zuten. Fiskaltzak, aldiz, horietako biren aurkako salaketa egin zuen, eta lau hilabete eta erdiko kartzela zigorra, zortzi hilabeteko isuna (20 euro eguneko) eta abeltzaintzarekin lotutako ogibiderako desgaikuntza berezia eskatu ditu.

Esan bezala, Guerendiáin Azpíroz anaiak izan dira azkenean zigortuak. Urtebeteko kartzela zigorra ezarri diete, eta 4.200 euroko isuna ordaintzera behartu. Halaber, hamalau hilabeterako inhabilitatu dituzte.

Abeltzaintza industrialaren eredua, "kolokan"

Greenpeace talde ekologista eta Sustrai Erakuntza Fundazioa "pozik" agertu dira Caparrosoko makroetxaldearen jabe den Valle de Odieta enpresa ingurumen delituengatik zigortu dutelako, baina adierazi dute epai horrek Nafarroako Gobernuaren "goitik beherako birplanteamendua" ekarri beharko lukeela abeltzaintza eredu industrialaren aurrean: "Kolokan dagoena da Nafarroan zabaltzen ari den abeltzaintza industrialaren eredua, ingurumenari, lurraldean finkatutako familia abeltzaintzari, pertsonen osasunari eta animalien ongizateari eraso egiten diona. Nafarroako Gobernuarentzat arreta ukitua izan beharko luke. Ulertu behar du nekazaritza eta abeltzaintza eredu industriala sustatzen jarraitzeak kutsadura gehiago dakarrela eta Nafarroan lehen sektorearen etorkizuneko hipoteka".

Bestalde, Greenpeacek gogorarazi duenez, 2024ko urrian eta azaroan egindako epaiketa baten ondoren, Greenpeaceko zortzi ekintzaileri ia 30.000 euroko isuna ezarri zieten Valle de Odietaren aurkako ekintza batengatik. “Epai hau txalotu arren, Nafarroan eta oro har Espainiako Estatuan, ingurugiroa suntsitzea defendatzea baino merkeago ateratzen dela ere berresten digu. Ingurumenaren defentsan protesta egin genuen ekintzaileok ordaindu behar izan genituen isunak, Valle de Odietako zuzendariek ordaindu beharko dituztenak baino bost aldiz handiagoak dira. Honek horrela izaten jarraitzen duen bitartean, gure bioaniztasunak arriskuan jarraituko du", salatu du Lorea Flores Nafarroako Greenpeaceko koordinatzaileak.

Greenpeacek eta Sustrai Erakuntzak prentsaurrekoa deitu dute datorren ostiralean, epaiaren eta bere ondorioen "balorazio sakona" eskaintzeko.

Europa, azkarren berotzen ari den kontinentea
2025-09-30 | Jon Torner Zabala
Berotegi gasen emisioak eta atmosferaren kutsadura murriztu egin diren arren, ingurumenaren egoera ez da ona Europan, kontuan harturik naturaren degradazioak, gehiegizko ustiapenak eta biodibertsitatearen galerak... (+)
Sei-zazpi milioi kilo sagar, Euskal Sagardoa egiteko
2025-09-24 | Jon Torner Zabala
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 250 sagastietan hasiak dira jada sagar biltzen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagozkien iazko datuekin alderatuta, uzta handiagoa izango da aurten. Orotara... (+)
Itsasoaren berotzeak euskal kostaldeko espezie batzuen portaera aldatu du, Aztiren arabera
2025-09-09 | Jon Torner Zabala
"Berdela iparralderantz ari da mugitzen, itsasoa berotzeak sardinari ez dio on egiten eta geroz eta gutxiagoa dago, antxoarentzat ona da eta geroz eta gehiago dago,... (+)
Zentral nuklearrak eraisteko Espainiako Gobernuaren diru-partida jada 20.300 milioi eurokoa da
2025-09-02 | Jon Torner Zabala
Urtebetean %0,8 handituta (165 milioi euro gehiago), Espainiako zentral nuklearrak itxi eta hondakin erradioaktiboa tratatzeko aurrekontua 20.367 milioi eurokoa da jada, Enresa enpresa publikoak emandako... (+)
Artzain eta sukaldariak eskutik, Ja(ki)tea elkartearen liburu berrian
2025-05-27 | Jon Torner Zabala
2009an sortua, euskal sukaldaritza tradizionala sustatzea du helburu Ja(ki)tea elkarteak, abeltzain, laborari edota arrantzaleen jarduna nabarmentzearekin bat. Hamaika modura egin dakieke aitortza, eta oraingoan liburu... (+)
gora