Astelehenero 8:00etan zure epostan
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 250 sagastietan hasiak dira jada sagar biltzen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagozkien iazko datuekin alderatuta, uzta handiagoa izango da aurten. Orotara sei-zazpi milioi kilo biltzea aurreikusten dute, datu zehatza urte bukaerarako izango bada ere.
Sagarrik gehien eskuz bilduko dira, “gure orografia eta klimak horretara bideratzen duelako bilketa gehienetan”, Euskal Sagardoa deiturako ordezkari Unai Agirrek azaldu duenez, Altzoko Ipintza baserrian emandako prentsaurrekoan: “Gehienak arbolak astindu eta lurretik jasoko dira, baina badira eskuz sagarrondotik biltzen hasi direnak ere, eta horrez gain, hemengo sagastietara egokitutako sagar biltzeko makinak ere badira”.
Bertako sagarrak badu ezaugarri bat: bi urtean behin gehiago emateko joera. Uzta orekatzea da sagar eta sagardogileen helburuetako bat, Fruitel elkarteko teknikari Aitor Etxeandiaren hitzetan. Gaineratu du uzta orekatzeko proiektuek beren emaitzak emanagatik ere, zaila izango dela oreka hori Euskal Herri guztira zabaltzea, eta urtez urte uzta handiagoak ala txikiagoak izango direla.
Sagarraren kostuaz prozesua abian
Euskal Sagardoa jatorri deiturako ordezkariek jakinarazi dute sagar eta sagardo sektorea elkarlanean ari direla “sagarraren kostu teorikoak” osatzeko. “Erreferentziazko kostuak bilatu eta sektoreak beren kostuak kalkulatu eta negoziatzeko erremintak jartzea da helburua. Bide horretan elkarlanean ari dira Fruitel elkartea eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, Euskal Sagardoaren gidaritzapean, etorkizunerako kostuak zehatz lantzeko prozedura eta dinamika bat sortzeko”.
Euskal Sagardoak dei egin die sagargileei, sagardogileekin akordioak bilatzera datozen hilabeteetan.
Belaunaldi-errelebo falta
Euskal Sagardoko 48 sagardotegien jardunaz mintzo, Agirrek azaldu du jatorri deituraren sorreran helburu bat garbi zehaztu zutela sektoreak eta administrazioak: 15 urtean %100 bertako sagar hutsez egitea bertako sagardo guztia; hau da, Euskal Sagardoa seilupekoa izatea ekoiztuko den sagardo guztia. “Hala ere, urte asko dituzten sagasti txikietan bada arazo bat, belaunaldi-errelebo falta eta azken urteetan nabarmentzen ari da arazo hori: sagastiak zaindu eta sagarra biltzeko jendea falta dela, eta baserrietan lan egiten duen geroz eta gazte gutxiago dagoela”. Gai horren bueltako lanketa egiten ari da elkartea, instituzioekin batera.
Sagarrondoen produkzioa handitzeko Geneva espezieko txertaken erabilera, interpolinizazioa, bakanketa, ekoizpena handitzea eta sagasti berrien diseinua dira beste proiektuetako batzuk.
Sagar Uzta jaiak eta Sagardo astea
Datozen asteetan sagardoari lotutako ekitaldiak izango dira hainbat lekutan. Astigarragan, esaterako, Sagar Uzta jaia egingo dute irailaren 25etik 28ra bitartean; baita Irungo Meaka auzoko Ola sagardotegian ere, irailaren 28an. Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian, berriz, Sagardo Astea egingo da urriaren 9tik 19ra bitartean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545