Ardia zintzarri jole barrenean, atarian elurra biharamunean

“Hemen hurbilean pastarik egiten ez zelako abiatu genuen proiektua”

Oreretako Erdiko kalean bada pasta egiteko obradore eta denda berezi bat: Zituene. 2016an eman zituzten lehen pausoak proiektuaren sortzaile diren Iker Eizagirre Gallardok eta Naiara Retegi Lekuonak. “Pasta oinarrizko elikagaia dela eta hemen inguruan horrelako proiekturik ez zegoela ikusita, guk geuk zerbait martxan jartzea erabaki genuen”, azaldu du Retegik. Etxean hasi ziren saltseatzen lehenik, eta behin esperientzia pixka bat zutela, 2018an lokala ireki zuten. Obradore kooperatiboa eta denda dituzte bertan.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2023ko maiatzaren 08a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Nekazaritzarekin edo elikadurarekin lehenagotik harremanik ba ote zuten galdetuta, ondokoa erantzun du proiektuko kideak: “Lotura bagenuen, baina kontsumitzaile bezala. Kontsumitzaile ginen, eta elikadura burujabetzaren bueltan militante ere bai”. Hurbilean eta modu jasangarrian ekoitzitako elikagaiak kontsumitzeko bide horretan ohartu ziren haiek nahi zuten pastarik ez zutela aurkitzen inguruan. “Barazki saskia hartzen genuen, arrautzak, ogia... baina pastarik ez zegoen, eta beraz, pausoa ematea erabaki genuen”, dio.

Kontsumitzaile izatetik ekoizle ere izaterako jauzi horretan, bidelagun izan dituzte Euskal Herrian pasta ekoizten duten beste proiektu txikiak, esaterako, Bizkaiko Txaramela. “Haiek utzi ziguten hasieran makina bat, eta horrekin hasi ginen, batez ere pasta freskoa egiten”. Beste ekoizleen laguntzarekin, arituz ikasi dutenarekin eta kontsumitzaileen partetik jaso duten erantzunarekin joan dira ikasten eta hobetzen. “Obradorea ireki genuenean masa egiteko eta luzatzeko makina eskuratu genuen, gure hirugarren langilea dela diogu”, dio Retegik umorez.

Pasta freskoa eta lehortua, ekologikoa

Hurbileko ekoizleekin lan egitea zen proiektuko kideen ideia hasiera batean, baina lehen sektorearen egoera dela-eta, ez zaie erraza egin aukera horri guztiz eustea. “Ekoizle txikiekin eta bertakoekin lan egitea zen gure asmoa, baina proiektuari forma ematen hasi ginenean ikusi genuen zaila izanen zela. Semola hemen inguruan lortzea, esaterako, oso zaila da”, azaldu du. Lehengai ekologikoak erabiltzen dituzte Zituenen, horretan jarri dute marra gorria, momentuz.

Proiektua egonkortzen doan heinean, baina, sakondu nahi dute lanketa horretan, hurbileko ekoizleekin harremanak finkatzeko eta bertako barietateak errekuperatzen saiatzeko. “Urte gehiagoko lana eskatzen du horrek, eta proiektua sendotzea. Pixkanaka, joan nahi dugu alor horretan ditugun etxeko lanak egiten”, dio. Batik bat haien dendan saltzen dute pasta Zitueneko kideek, baina baita hurbileko kontsumo taldeetan eta beste zenbait dendatan ere. “Pasta freskoa nahiz deshidratatua saltzen dugu. Freskoa da guri gehien gustatzen zaiguna, baina egia da gaur egun ez dela erraza produktu freskoekin lan egitea”, amaitu du. 

Auzolan praktikak herriko nekazari eta abeltzainekin
2025-06-30 | Garazi Zabaleta
Burujabetzan sakontzeko egitasmoa da Oiartzun Burujabe proiektua, udalaren, herriko ehun ekonomikoaren eta herritarren artean bultzatu dutena. “Oiartzungo herritarrek bertako baliabideak eta produktuak, bertan ekoizten dena... (+)
Bertako ahuntz arrazaren txorizoak
2025-06-23 | Garazi Zabaleta
David de Blasek abiatutako proiektua da Azpigorri Ahuntz Txorizoak, eta izenak argi uzten duenez, azpigorri arrazako ahuntzekin ari da lanean. “Urteetan industrian aritu nintzen lanean,... (+)
“Bizirik dagoen landarea duzu ahoan ernamuin bat jatean”
2025-06-16 | Garazi Zabaleta
Hamabost urte baino gehiago daramatza martxan Bizkaiko Kimuak ernamuinduen proiektuak, baina hasierako bultzatzaileak erretiratu dira eta erreleboa hartu berri dute Mikel Landa Luzarragak eta Asier... (+)
Nafarroako ekoizle eta artisauen azoka berria Iruñeko Basotxoan
2025-06-09 | Garazi Zabaleta
Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zuzeneko harremanak sustatzeko asmoz azoka berria jarri du martxan Iruñeko Udalak, INTIA-Reyno Gourmetekin, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (NNPEK), Elikagai Artisauen... (+)
“Metalezko bastoiak ikusten dira orain, baina hurritz makila betiko erreminta izan da gurean”
2025-06-02 | Garazi Zabaleta
Umetan aitarekin ikasi zuen Unai Zabala Zubelzu txaramarrak hurritz makilak egiten. “Perretxikotara joaten ginen bezala, makilak egitera ere ateratzen ginela gogoratzen dut, hamar bat urte... (+)
gora