Utzi naturari zure baratzean bizitzen.

Digestato kutsadura handia izan zen, eta isurketa, antza, Valle de Odietak eragin zuen

Astearte honetan egin da Valle de Odietako makroetxaldearen aurkako epaiketa Iruñeko Justizia Jauregian. Epaileak ebatzi behar du ea 2021ean haien lur sailetan egindako isuri baten ondorioz, lur eremu horiek larri kutsatu zituzten ala ez, eta nork eragin zuen. Aditu gehienen aburuz, makroetxaldea izan zen. Zortzi orduko ahozko saioaren ondoren, epaileak irailaren 12rako finkatu du epaiketaren jarraipena. Orduan bukatuko da, akusatuen parte-hartzearekin eta aldeen ondorioen irakurketarekin.


2025eko irailaren 03a
Makroetxaldeen aurkako Nafarroako Plataformako kideek agerraldia egin zuten epaiketaren aurretik.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Enpresa handi eta eztabaidatua jarri da akusatuen aulkian asteartean: Valle de Odieta makroetxaldea. Ingurumen taldeek sarritan salatu dute era honetako abeltzaintza eredu intentsiboa kaltegarria dela ingurumenarentzat. Oraingoan akusazio zehatzari egin beharko dio aurre: bere inguruko lur sail ugari kutsatu dituela berea den HTN Biogás plantak sortutako digestatoarekin. Produktu hori nagusiki abereen –behien– mindatik sortzen da eta horrekin ureztatu zituzten lurrak, kutsadura sortuta. Hori hala den ebatzi beharko du epaileak eta horren inguruan dauden osagai ugariak azalduko dira kronika honetan.

Epaiketa egun batean bukatuko zela aurreikusten zen, baina ez da horrela izan. Lekuko ugari eta azalpen luzeak izan dira lehen saio honetan, eta horrek behartu du bazkal ondoan ere ahozko saioarekin jarraitzea; azkenean, astearte osoa ere ez da nahikoa izan, eta epaileak irailaren 12ra arte atzeratu du bigarren saioa, azkena ere izango dena.

Ez da ohikoa halako enpresa handi bat akusatuen aulkian kutsaduragatik akusatuta ikustea, eta are gutxiago zigor aretoan. Akusatuak honakoak dira: Alberto Guerendiáin Azpíroz, Pedro José Guerendiáin Azpíroz, María Cilveti Oyarzun, Pedro María Cilveti Oyarzun eta Iñaki Guerendiain Azpiroz. Isurien garaian Valle de Odieta SLCko Administrazio Kontseiluko kideak ziren. Sustrai Erakuntza eta Greenpeace ingurumen elkarteek osatzen dute herri akusazioa, eta bostentzat hiru urteko kartzela zigorra eskatzen dute. Fiskaltzak aldiz, horietako biren aurkako salaketa egin du, eta lau hilabete eta erdiko kartzela zigorra, zortzi hilabeteko isuna (20 euro eguneko) eta abeltzaintzarekin lotutako ogibiderako desgaikuntza berezia eskatu ditu.

Defentsaren estrategia

Gogor lehiatu dira bi aldeak, eta akusatuen defentsak gogor estutu ditu akusazioek ekarritako aditu guztiak: foruzainak, basozainak, biologoak... denak astindu ditu galdera zorrotzekin, askotan adituen lana zalantzan jarriz eta hainbatetan mespretxu kutxuz. Defentsetako batek –emakumezkoak– irekitzen du ia beti akusazioen lekukoei egindako galderen txanda, eta behin eta berriro galdetzen die eta zehazki ikertu dituzten akusatuak. Lekuko guztiek ihardetsi dute ezetz, ez dutela inor zehazki ikertu eta zehaztu dute haiek bakarrik islatu dutela txostenetan lur sailetan behatutakoa.

Inozoarenentzat ere estrategia argia da: epaiketan ateratzen bada kutsadura Valle de Odietak sortu zuela, ezin ahal izatea leporatu akusatuei haiek direla errudunak. Nolabait, Ertzaintza eta Cabacas auzian antzekoa ebatzi zen: “Bai Ertzaintzaren pilotakada batek eragin zion heriotza, baina ez dugunez lortu jakitea zein ertzainak bota zuen pilota, ez dago inoren aurkako zigorrik”. Valle de Odieta kutsaduraren errudun ateratzen bada, dena den, auzi honek ezingo luke haren aurkako neurririk hartu, hori prozedura administratiboan epaitu beharko litzatekeelako.

Edozein modutan, zortzi orduko epaiketan gauza asko eta asko aipatu ziren, horietako asko eta asko aski konplexuak, eta hainbatetan akusazioek eta defentsek ekarritako peritoen artean kontraesanean. Akusazioa eta epaiketa hobeto ulertzen laguntzeko ahozko saioan atzera-aurrera ibili diren zazpi gai garrantzitsuenen joan-etorriak aipatuko dira ondorengo lerroetan.

Kutsaduraren eremua

Entzundako lekuko gehien-gehienen arabera, gehienak akusazioarenak, ez da zalantzarik kutsadura egon denik. Beste kontu bat da zehaztea zerk sortu duen eta nor den erantzulea. Behatutako lur eremuetan bada goiko alde bat, non Valle de Odietako etxalde erraldoia dagoen –beste batzuk ere badira– eta baita ureztatzeko tresneria ere. Digestatoz –nagusiki minden hondakinak– egindako ureztatzeen ondorioz, produktu hori lur eremuaren beheko aldean dagoen ur-putzuraino iritsi da eta hura kutsatu du. Beherako bidean, halaber, kutsadura barreiatu da beste eremu batzuetan ere, Aragoi errekaraino iritsi arte. Adituen esanetan, putzua balore ekologiko handikoa da, bertan legez babestutako hainbat animali direlako. Baina bada kontrako ikuspegirik ere, ur-putzuaren gorabeheretan murgiltzen garenean ikusiko den moduan.

Digestatoa

Ahozko saioaren zalantza handienetako bat izan da: zer da digestatoa? Zerk osatzen du? “Uste dut abereen mindak biometanizazio plantan tratatzearen ondoren sortzen den produktua dela”, zioen aditu batek. “Mindak eta produktu gehiago ere izan dezake”, beste batek. Ingurumen foruzainetakoa batek gehiago zehaztu du: “Mindak + mankomunitateetako hondakin organikoa + beste hondakin organiko batzuk ere izan ditzake”.

Kutsadura

Digestatoa, beraz, kutsadura da? Oro har, ingurumen adituen artean, ez da zalantzarik digestatoa kontuz kudeatu behar dela. Izan ere, legedi berezia bidez egiten da haren kudeaketa. Berez, digestatoa materia organikoz osatuta dago eta erabili liteke fertilizatzaile gisa, baina nitratoak ditu, metal astunak edota antibiotikoak, besteak beste, eta neurri eta modu egokian erabili behar dira, bestela oso kutsatzaileak bihurtu daitezke. Besteak beste, Sustrai Erakuntzak eta Greenpeacek azaldu dutenez, Nafarroako Gobernuak oraintsu arte nitratoz kutsatutako lau eremu zituen izendatuta, eta iragan uztailetik aurrera hamabi gune izendatu ditu, hau da, zortzi gehiago.

Akusatuen defentsak aditu ia guztiei etengabe gogorarazi die Europar Batasunak baimentzen duela digestatoz egindako ureztatzea, eta hori ona dela; eta gehienek erantzun diote baietz, baina dagokion neurrian eginda, eta behatutako Valle de Odietako lur sailetako digestato laginetan arriskutsuak diren osagaien neurria legeak baimendutakoak baino askoz handiagoak zirela berretsi dute, eta beraz, arriskutsuak eta kutsatzaileak.

Ur-putzuko uraren laginei dagokienez, batera deklaratu zuten Nafarroako Gobernuko ur kontuetako lau adituk zera adierazi zuten: “Laginak materia organiko gehiegi zuen, baita metal astunak ere, amoniako-nitrogenoa... han-hemenka jasotzen ditugun ur laginetan ez gaude ohituak materia horien halako kopuru handiak ikustera. Araztegietako inguruetan ere nekez ikusten dira halakoak”. Eremuan behatze lanetan aritu zen Sepronako Guardia Zibila ere tinkoa izan da: "CHEko teknikari batek esan zidan metal astunen kopurua itzela zela”.

Defentsak adierazi du lurren goiko aldean, Valle de Odietarenaz gain, beste ustiaketa gune batzuk ere badirela, eta horietatik ere etor zitekeela digestatoa, baina aditu gehienak bat etorri dira esaten, lurraren eta malden ezaugarriengatik kutsadura sortutako digestatoa Valle de Odietarena zela.

Lurren eta uren analisien kontrola dela eta, gaia jarraitzen duen aditu batek ARGIAri adierazitakoaren arabera, badira hutsuneak Nafarroako Gobernuak lurren kontrolaz egiten dituen analisietan. Batetik, ohikoan lurren edo digestatoen laginak enpresak berak ematen dizkiolako laborategiari –Nafarroan dauden gutxiak pribatuak dira– eta gehienetan digestatoa lurrean barreiatu ondoren egiten dira analisiak; beraz digestato hori desegokia bada, ezin da ezer egin, kaltea egina dago. Horrez gain, digestatoaren osaera ez da beti berdina izaten –dituen produktuen araberakoa da–, Nafarroako oso lur sail handietan erabiltzen da, eta lur horien izaera ere oso desberdina izaten da, batzuentzat egokia izan daiteke digestatoa, besteentzat ez hain egokia.

Animaliak eta landaretza

Lekuko eta aditu gehienen esanetan, kutsatutako ur-putzuan hainbat animali bizi dira, eta horien artean aipagarriena bisoi europarra da, desagertzeko arriskuan dagoen espeziea. Arratsaldeko saioan parte hartutako Orekan Nafarroako ingurumen enpresa publikoko bi biologok azaldu dute Iberiar Penintsulan 142 bisoi direla eta horietako erdiak Nafarroan, gehienak eremu honetan. Ur-putzu hori oso garrantzitsua da, halakoetan bisoi emeek ugaltze unean babesa hartzen dutelako. Horrez gain, igaraba, tritoia, galapago europarra eta beste beste animalia batzuk ere bizi dira edo erabiltzen dute putzua.

Ingurumeneko bi foruzainak, bi basozainak eta bi biologoak bat etorri dira, haien ustez digestatoak kalte larria egin die ur-putzuaren bueltan bizi diren animaliei eta landareei: “Kutsaduraren unean, eremu hartan ezin zitekeen animaliarik bizi eta landaretza gehiena ere hilda edo lehortze bidean ageri zen”.

Defentsako gizonezkoak ordea, behin eta berriro itauntzen zituen adituak gisa honetan: “Ziur zaudete hor animaliak bizi zirela? Ikusi duzue animalien gorpurik? Baduzue argazkirik?”. Uneren batean zakar adierazi zien biologoei: “Bai, Atilaren zaldia ere egon zitekeen han, baina non dira ‘bitxoen’ argazkiak edo probak?”. Biologoek azaldu zuten, animaliek, oro har, alde egiten dutela kutsaduraren aurrean: “Tritoiak seguruenik bertan hilko ziren, baina haragijaleek alde egingo zuten. Norbaiti etxea eta koltxoian dituen aurrezki guztiak erretzen bazaizkio, ez da hil, lortu du ateratzea, baina oso ahul gelditu da. Animalia horiek ere oso ahul geratzen dira”.

Arratsaldeko saioan, defentsaren lekuko José Torres Reyesek eman zuen defentsaren galdera eta tematze horren arrazoia: “Bisoiak Aragoi ibaian bai, baina ez ditut inoiz ikusi aipatzen diren animaliak putzu hartan”. Bera putzua dagoen lur sailen eremuko jabea izan zen, baina gero Valle de Odietari saldu zizkion lurrak 2021ean. Nafarroako Gobernuko Ingurumen zuzendaria ere izan zen 1990eko hamarkadan.

Ureztatzea

Aditu ia guztiek azaldutakoaren arabera, epaiketan zalantza gutxi geratu da kutsadura egon egon dela, ureztatzearen ondorioz izan dela eta digestatoak ekarri duela. Lur sailak Valle de Odietarenak dira, ureztatze sistemak behatutako eremuaren goiko aldean daude, eta pibot motako aspertsore sistemak dira. Foruzainek argi utzi dute: “Digestatoa ezin da pibot sistemekin zabaldu, bestela amoniakoa barreiatzen da airean, eta hori arriskutsua da. Horregatik egin behar da lurretik oso gertu diren tutu sistema batzuekin, zeintzuek digestatoa zuzenean jaurtitzen duten lurrera”.

Defentsen aditu Fernando Echarriren arabera, ordea, ingurumen ikuspegitik ureztatze sistema jasangarriena pibotena da. Dena den, Greenpeaceko abokatuari erantzunez, adierazi du ez dagoela ziur Valle de Odietak digestatoarekin ureztatzeko pibotak erabiltzeko baimenik baduen. Nafarroako Unibertsitateko irakaslea birritan izan zen –2021eko ekainean eta 2023an– eremua behatzen eta bietan egoera onean ikusi zuen ur-putzua: “Baziren digestato arrasto lehorrak han-hemenka, baina desagertzen ari ziren”. Adierazi zuen zorroztasun gutxi ikusi duela akusazioaren adituek egindako txostenetan.

Kutsatutako eremuak babes bereziko guneak dira eta KBE Kontserbazio Bereziko Eremu izendapena dute. Ondorioz, baldintza bereziak bete behar dira, eremu horiek ureztatu ahal izateko.

Putzua

Horra eguneko beste osagai garrantzitsua, putzua. Baina putzua ote zen? José Torres Reyes lur sailetako lehengo jabeak azaldu du ez zela putzu bat, edo ez zela asmo horrekin eraiki. 1980ko hamarkadaren amaieran-edo eraiki zuten, euri handiko uneetan goiko bidetik bere lur sailera erortzen ziren harri kopuru handietatik babesteko: “Horrela, ura zekarren bidearen beheko aldean lur-multzo bat jarri zioten, dike lana egin zezan eta harri jarioari eusteko. Ura, aldiz, aldamen batetik libratzen zen. Inoiz ez genuen putzu bat eraiki”.

Alabaina, bistan da denborarekin putzua egin zela han, mediterraneo ezaugarriko lurretan sarri gertatzen dena, euri garaietan ura duena eta udan lehortzen dena. Putzuak landaretza eta fauna ere izan ditu, aditu eta lekuko gehienen txostenen arabera, eta digestatoaren kutsadura handia jaso zuen.

Baina putzuez gain, beste eremu batzuek ere jaso zuten kutsadura hori, besteak beste, Aragoi eta Arga Ibaiko beheko aldeek, eta inguruko sakanek. Haietan bizi diren saguzar mota bakanari ere eragin zion isuriak. Juan Tomás Alcalde biologo eta saguzarren adituak bere deklarazioan esan duenez, halako oso kolonia gutxi daude: “Berez, haientzat txarrena hezetasuna da, eta ureztatzeak haien kobazuloa guztiz heze uzten du. Batetik, ezin dira ongi zintzilikatu hezetasun handiko paretetan, eta bestetik gorputza busti izateak ahultzen ditu”.

Defentsak azken bala gisa erabili du Roberto Ruiz López, Agrolab laborategietako teknikaria. Valle de Odietak kontratatu zuen bera, jaso zituen aztertutako eremuaren goiko aldeko eta behe aldeko lurrak eta, bere esanetan, emaitzak normalak ziren Aragoiko Ibaiaren laginak ere jaso zituen, ibaian gora eta behera, eta uraren balioak egokiak ziren. Buruz ari dela, eta txostenean zehaztuta dagoela, baina uste du laginak 2021eko urtarrilaren 21ean egindako bisitan jaso zituela. Puntu garrantzitsua da hori eta aztertu beharko litzatekeena zera da orduan, ea ordurako digestatoen isuria emana zen edo ez.

Valle de Odieta handitzeko baimena

Konplexutasun handiko epaia izango da, zalantzarik gabe, besteak beste, emaitzak bete-betean ukitzen duelako Nafarroako gizartean eztabaida handia eragiten duen makroetxaldeen abeltzaintza eredua. Alde horretatik, esanguratsua izan da Nafarroako Gobernuaren Landa Garapenerako eta Ingurumen Departamentuak Valle de Odietari etxaldea handitzeko ingurumen baimena epaiketaren bezperan eman izana. Horren arabera, 7.900 behi izan ahalko ditu makroetxaldeak, baina Valle de Odietak ezingo ditu egungo instalazioak handitu. Hondakin kopurura %22 handituko dela ere aurreikusten du baimenak, baina ondorioztatzen du makroetxaldearen ustiatzeak ez diola Natura 2000 Sareari eragingo.

Hori ez dago garbi, ordea, epaiketa honetan Valle de Odieta izandako isurien eta kutsatze larrien arduraduna dela ebatziko balitz, horrek erakutsiko luke etxaldearen jardunak bete-betean eragin dezakeela KEB batean, eta beraz, Natura 2000 Sarean.

Caparrosoko Valle de Odieta makroetxaldea epaitzen ari dira lurrak nitratoz kutsatu dituelakoan
Irailaren 2an hasi da epaiketa Iruñeko Zigor Arloko 2. epaitegian, ustez 2021ean makroetxaldeak haren inguruko lurrak minden hondakinekin kutsatzeagatik. Sasoi hartan Valle de Odieta makroetxaldeko... (+)
Araba eta Nafarroa zeharkatzen zuten Forestaliaren bi autopista elektriko bertan behera geratu dira
Araba eta Nafarroa zeharkatu behar zituzten goi-tentsioko bi linea elektrikoren proiektuak ez dira gauzatuko. Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Aragoiko Tueste herrian Forestaliak egin behar zituen... (+)
Aroztegiko epaiketa: sorgin ehiza modernoa
Aroztegiko epaiketaren akusazioen –fiskaltza eta akusazio partikularra– idazkiak irakurrita, pentsatzekoa zen epaiketan aterako zituztela froga argiagorik, horrekin bakarrik talde kriminalaren akusazioa oso larria baitzen. Ez... (+)
Frogarik gabe, zigor eskaera gogorra auzipetuen gainean
Fiskalak eta akusazio partikularrak zazpi auzipetuen zigor eskaerak berretsi dituzte, 46 hilabeteko kartzela zigorra eta 56.000 euro enpresei egindako kalteen ordain gisa. Auzipetuen abokatuek absoluzioa... (+)
Taldean erabakita, dena era baketsuan egin zutela esan dute auzipetuek
Ostegunean auzipetuek deklaratu dute, eta haien adierazpenetatik honakoa laburbildu liteke: Lekarozko plazan edo akanpadan biltzen ziren herritarrek taldean erabakitzen zuten zer egin; oro har, obren... (+)
gora