Astelehenero 8:00etan zure epostan
Iñistorketan: Iratzearen kultura Urumea bailaran paisaia, ondarea eta memoria liburua aurkeztu berri dute Iñaki Sanz Azkue biologoak, Josu Narbarte arkeologoak, Maite Errarte etnografoak eta Suberri Matelo etnografoak Ereñotzun (Hernani). Badira gaur egun ere garo, iratze edo inistorrak miresmena sortzen dioten herritarrak, baina oso galdua dugu gure aurrekoek landu izan zuten inistorraren kultura: “Iraila” hitzak ez digu jada iratzea moztu behar dugunik gogora ekartzen. Iñistorketan liburuak ekarri digu izan zuen garrantziaren berri.
“Harrapazka eguna”-z ikertzen hasi eta horrela murgildu ziren inistorraren lurraldean liburu honen egileak. 2015 zen eta horri buruzko artikulua izan zen Iñaki Sanz Azkuek ARGIAn argitaratu zuen lehena (hemen irakurgai: Auzolana eta lehia nahasten direnean).
1942an egin zen azken aldiz “Harrapazka eguna” eta izenak esaten duen moduan, inistor ahalik gehien ebaki eta etxeratzea zen helburua. Nahi zuten baserri guztiek hartu zezaketen parte (inguruko herrietatik ere etortzen ziren), baina noski, oso araututa zegoen: bertan ezin zen iratzea moztu egun horretara arte; egun horretan mendi kaxkotik guardak tiro edo etxafuego bat botatzen zuen arte ezin zitzaion ebakitzeari ekin; eta araututa zegoen etxe bakoitzetik zenbat pertsona aritu zitezkeen ebakitzen (bi edo hiru). Azkenerako, hasieran igitaiarekin moztu behar zela eta beste hainbat kontu arautzera ere iritsi ziren.
Baina, zergatik hainbeste garo edo iratze edo inistor beharra?
Amerikatik ekarritako artoa eta gainerako laboreekin, lurra lantzeko modua aldatu zuten bertako baserrietan. Lehen urtebeteko atsedena ematen zioten lur zati bati, eta labore berriekin, lurra urte osoan etengabe lantzeari ekin zioten. Eta lurrari jaten eman behar, urte osoan landu ahal izateko. Horixe zen inistorra, ukuiluan zabaltzen zena azpitarako, ganaduari ohea egiteko; eta gorotzekin batera ongarria eginda soroan zabaltzen zena, lurrak eman zezan, goserik etorri ez zedin. Beraz, inistorra “kontu serioa” zen, liburuan agertzen den Joxe Mari Artolaren aipua gogoan hartuta.
Horrek ekarri zuen iratze tokiak sortzeko beharra.
Baserri bakoitzak bazituen bere inistor lekuak, baina gehiago behar zuen garai hartako laborantza sistemak, eta udalek herri lurrak horretara bideratu zituzten: loteak eginda eta ordaintzen zutenen artean zozketatuta, bakoitzak tokatu zitzaion zatiko iratzea erabiltzeko aukera zuen. Izan ere, aprobetxamendua zen zozketa bidez loteetan banatzen zena, ez jabetza.
Baziren beste lur mota batzuk ere, zilegi mendiak: lur publikoak ziren baina baldintza zehatzak betetzen zituzten pertsona jakinek zuten horiek erabiltzeko eta kudeatzeko aukera. Elkarte moduko bat osatzen zuten haien artean.
Karlista eta liberalen gerrateen ondoren, desamortizazio eta lurren pribatizazioei aurre egin behar izan zioten iratze lekuek.
Eta bestalde, baserri bakoitzak bere lotea “markatzeko” edo lotearen mugak erraz antzemateko moduak bilatu zituen: esaterako, zuhaitz lerroak landatzea, urki azal zuria adibidez. Mugarriak ere ohikoak ziren, nahiz eta iratze artean ez den erraza horiek topatzea.
Badira baserri gutxi batzuk oraindik iratzea ebakitzen dutenak. Euskadi Irratiak 2023an elkarrizketatu zituen Hernaniko Ereñotzu auzoan inistor metak egiten zituzten Joxe Mari eta Patxi Artola Santakruz. Lan handia du, baina ongarritarako aparta omen da. Baina Sanz Azkuek Euskalerria irratiak egin dion elkarrizketan esan duenez, “Mendeetako kultura baten azken arrastoak dira”. Mendiei begira, irudikatu egin behar da duela ehun urte izango zuten itxura:
1912-1922 bitartean 500 lote egon ziren Hernanin. Geroztik, hainbat faktorek murriztu zuten izugarri horien erabilera: pinua sartu zuten herri lurretan, baserriak hustu eta industria lantegiak bete ziren, inistorraren ordez ukuiluetan azpitarako zerrautsa erabiltzen hasi ziren... 1969an egin zuten azken zozketa eta hortik aurrera jarraitu zuten herri lurrak inistorketarako erabiltzen, baina nahi beste bazutenez, ez zen egon zozketa eta arautu beharrik. Tira, bete beharreko arau bat geratu zen: XVIII. mendean bezalaxe 1984an Hernaniko udalak jarraitzen zuen gurdikada inistorra kobratzen. Sanz Azkueren liburuak jaso duenez, bada familia bat loteak sortu zirenetik 1984raino inistorra moztu zutenak: Etxabetarrak.
Urriaren 18an Urruñan “Metaka auzolanaz” tailer eta azoka berezian hartuko dute parte: inistor meta nola egin ere erakutsiko da.
Urriaren 23an Hernanin egingo dute liburu aurkezpena: 19:00etan Biteri kultur etxean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545