Urrietan arno berri, dupetan limurtzen ari.

“Amari eta lurrari eman egin behar zaie lehenengo, gero eurek eman dezaten”

Herriko arkupea jendez bete-bete eginda aurkeztu zen urriaren 10ean Muxikan Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana liburua. Feli Madariagarenak dira liburuak kontatzen dituen bizitzako pasarteak eta Onintza Enbeita da Feliren hitz esanak paperera eraman dituena. Biak izan ziren aurkezpenean protagonista.


2025eko urriaren 14a
Argazkiaren erdian, Onintza Enbeita eta Feli Madariaga, aurkezpeneko bi protagonistak. Madariagaren alboan Roke Ojanguren, Muxikako zinegotzia eta Enbeitaren alboan ARGIAko kide Estitxu Eizagirre.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Aurkezpen nagusiak Muxikan izan beharra zuen. Izan ere, bertakoak dira Madariaga eta Enbeita. Gainera, Muxikako Udalak eta ARGIAk urteetako elkarlan harremana dute eta Muxikako Udala liburu honen babesle da, Ajangizko Udalarekin batera.

Hasieratik sentitzen zen ez zela ohiko liburu aurkezpen bat: batez ere emakume helduek hartu zuten udaletxeko plazako arkupea, baina bertan adi zeuden lau belaunaldi. Udalaren ordezkari gisa Roke Ojanguren zinegotzia egon zen Feli Madariagaren alboan eserita: Ojangurenek egin zuen hasierako agurra eta Madariaga aurkezterakoan, honela bukatu zuen "eta nire amama ere bada". Publikoak irri xamurra egin zuen, Madariaga hunkitu egin zen eta honentzat prestatutako sorpresa bati eman zioten txanda: kantu lirikoa, Feliren hurbilekoa den Irene Ojangurenek zuzenean abestua.

Lau belaunaldik bete zuten udaletxe plazako arkupea, batez ere emakume helduek. Publikoaren artean egon zen Maitane Gartziandia, liburuko ilustrazioak eta diseinua egin dituena. Marina Gallardo / ARGIA CC BY-SA
"Ausarta izan zara, Feli. Norberaren bizitza kontatzea eta argitaratzeko beste baten esku jartzea ez da edozer gauza"

Onintza Enbeitak azaldu zuen “emakumea eta lurra” gaiak lotzen dituen liburua idazteko enkargua egin ziola ARGIAk, eta berak nahiago izan zuela bere bizitzan oinarritu baino Feli Madariagaren bizitza kontatu. “Belaunaldi oso batekin nuen zorra kentzeko balio izan dit liburuak. Muxikako andreokin antzerkia egiterakoan estutu genuen gure arteko harremana eta haiei denei eskaini diet liburua. Horietako asko hemen aurrean zaudete gaur, beste batzuk dagoeneko ez daude gurekin”. 

Enbeitak azaldu zuen sarri irudikatu egiten dugula nolakoa izan den aurrekoen bizimodua, baina ez diegula haiei galdetzen, eta berak horregatik idatzi nahi izan duela lehenengo pertsonan, Feli Madariaga delako hitz egiten diguna, liburuak kontatzen duen bizitzaren jabea. “Dena ez dugu kontatu, bizitza batean beti daudelako esan ezin diren gauzak”, azaldu zuen Enbeitak. Baina Madariagari “ausarta izan dela” eskertu zion, “bere bizitzaren kontakizuna beste baten esku jartzea ez baita edozer gauza”. Liburua irakurtzen duenak nabarituko du tabuak diren edo esaten ez diren egoerak eta harremanak hortxe daudela adierazita.

Aurkezpenaren ostean artikulua idazten ari den honi publikoko andre batek zera adierazi zion, “inork idaztekotan Onintzak idatzi behar zuen liburu hau, bien lana ondo uztartzea ezinbestekoa baita. Antzerkian urtetan konfiantza sendotu zuten eta hau da emaitza”.

Feli Madariaga eta Onintza Enbeita aurkezpena hasi aurreko momentuetan. Marina Gallardo / ARGIA CC BY-SA
Baserritarrei hitza

Artikulua idazten ari den hau ere liburu aurkezpenean egon zen, eta bertan azaldu zuen nola ekin zion ARGIAk, Bizi Baratzea sailean, laborariek idatzitako liburuak argitaratzeari: laboraria ere baden kolaboratzaile batek adierazi zuen duela urte batzuk, jende askok hitz egiten duela baserriaren eta baserritarren alde, baina baserritar izan gabe. Eta gutxi direla laborariek hitza hartzeko duten espazioak. Behar horri erantzunez abiatu zuen ARGIAren Bizi Baratzea sailak ildo hau, eta Josebe Blanco artzainaren Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain izan zen kaleratutako lehen liburua. Bigarren liburua idazteko Enbeitaren etxeko atea jo genuen, baserriko alaba baita, etxean laborantza munduko gai asko bizi eta entzundakoa, eta hitzak sortu, kantatu eta idazteko grazia handia duena.

Onintza Enbeita eta Feli Madariagaren artean elkarrizketa bizia egin zuten liburu aurkezpenean, jendetza horren aurrean. Irribarrez eta zirika aritu ziren. Bertan geundenok irudikatu genuen liburua egiteko horrelako elkarrizketan arratsalde eder batzuk pasa izango zituztela. Publikoak algara egin zuen Madariagak egoeraren eszena ateraldi bihurtu zuenean: “Hainbeste jende batuko zenik baserritar bat ikusteko?!”.

Beste hainbat gauzarekin batera, Madariagak kontatu zuen azokan “lurrak ematen duen zerbaitengatik gehiegi kobratzen zuela” leporatu zion kaletarrarekin izandako elkarrizketa. Eta ondorioztatu zuen: “Bada esaera bat: ama eta lurra beti eman eta eman. Baina amari eta lurrari eman egin behar zaie lehenengo, ondoren eurek eman dezaten!”.

Kantu lirikoak tonu oso berezia eman zien aurkezpenaren hasierari eta amaierari. Feli Madariagari emandako sorpresa izan zen, eta honek horrela eskertu zion Irene Ojangureni: "Zu entzutearren noranahi joango nintzateke". Marina Gallardo / ARGIA CC BY-SA
Nork eta nondik irakurtzen duen

Liburua argitaratu orduko sumatu dugu ARGIAn, euskarazko narrazio liburu bat izateko, 70 urtetik gorako jende askok gustura eta erraz irakurri duela liburu hau. Eta horietako askorentzat aspaldian irakurri duen liburu bakarra da.

Enbeitak azaldu zuen irakurle askoren gutunak eta mezuak jaso dituela. Eta gehienek esan dietela euren ama edo amona ikusi dutela kontakizun horretan; eta adin nagusienekoek esan diote euretako edonoren bizitza izan zitekeela. Hori da liburu honen ezaugarrietako bat, berariaz emakume baserritar baten bizitza arrunt bat hautatu izana.

Irakurle bakoitzari gai edo egoera batzuek emango diote arreta: egungo bizimoduaren oso desberdina delako agian, eta ez direlako hainbeste urte pasatu. Edo alderantziz, egun aurrerakoitzat daukaguna duela hamarkada batzuk arrunta zela ikusiko duelako beste gai batzuetan.

Enbeitak adierazi zuen liburu hau ez dela buruarekin soilik irakurtzen. Jende bati oroitzapenak pizten dizkiola, aurreko belaunaldiarekiko maitasuna, eta abar.

 Marina Gallardo / ARGIA CC BY-SA

Jantzan eta askatasunean

Liburuan agertzen den Madariagaren aipu bat nabarmendu zuen Enbeitak aurkezpenean: “‘Ez dago gauza alegreagorik jantzan egitea baino’, esaten zidan Felik, baina gorputz osoarekin esaten zidan, eta hori esatean aurpegia pizten zitzaion. Eta hori nabarmenduta jarri dugu liburuan. Ez didate utzi ‘jantzan’ esaten, eta ‘dantzan’ dago idatzita liburuan, baina ‘jantzan’ da”, egin zuen aldarri Enbeitak. Azaldu zuen Madariagaren hitzei ahalik leialen izateko, lehenik transkribatu egin zuela bere horretan elkarrizketa osoa, ondoren bizkaiera jasora eraman zuela eta handik euskara batura.

Aurkezpena bukatzeko, Enbeitak liburuko pasarte bat irakurri zuen, Madariagak kontatzen duena baserri inguruan biluzik ibili nahi badu hala egin dezakeela eta hori askatasuna dela. Publikotik ere zoriondu zuten Madariaga, baserriko bizimodua askatasunarekin lotzeagatik.

Publikoaren galderak eta iruzkinak erantzun ostean, solasaldiak elkartean luzatu ziren, udalak eskainitako pintxo eta guzti.

Aurrerantzean ere emango du aukera liburuak solasaldietarako. Hona hurrengo hitzorduak:

 

Labrazako eolikoen eraikuntza lanak gelditzea eskatu du kontzejuak, mendi-bideetan baimenik gabe ari direlako
2026-01-30 | Estitxu Eizagirre
Mendi-bideetan baimenik gabe burutzen ari diren eraikuntza lanak "berehala gelditzea" eta "legaltasuna berrezartzea" eskatu du Labrazako Kontzeju Irekiak. Ebazpena argitaratu du Arabako Buletin Ofizialean, "honen... (+)
Repsolen aurrean protestak egin dituzte Bianditz Domiko Bizirik eta Urumeako Mendiak Bizirik herri ekimenek
2026-01-30 | Estitxu Eizagirre
Azaroaren 29 arratsaldean "Repsolen praktika ekozida eta kolonialak salatzeko" bi elkarretaratze egin dituzte Lintziringo (Oiartzun) eta Txillida Lekuko (Hernani) gasolindegietan. (+)
Jaurlaritzako Deskarbonizazio zuzendaria Iberdrolako apoderatu ohia da
2026-01-30 | Estitxu Eizagirre
Egun Eusko Jaurlaritzako Deskarbonizazio zuzendaria da Guillermo Allende Arangiz, 2025eko otsailaren 15etik (kargu hau Trantsizio Energetikoko sailburuordetzan dago, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren barruan). Ordura arte Iberdrola... (+)
Ingurumen baimenik gabe, Gasteiz inguruetako makroeoliko proiektuan atzera egin du enpresak
2026-01-29 | Estitxu Eizagirre
Savannah Power Solar enpresak Cluster Vitoria 30kV izeneko zentral eoliko proiektua bertan behera uzteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari urtarrilaren 19an, eta Jaurlaritzak urtarrilaren 26an sinatu... (+)
Labrazako zentral eolikoa gelditzea exijitzeko Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin du Araba Bizirikek
2026-01-22 | Estitxu Eizagirre
Urtarrilaren 21ean elkarretaratzea egin du Araba Bizirikek Arabako Foru Aldundiaren aurrean, "Labrazako zentra eolikoa ingurumen aldetik atentatu bat delako, lurren jabea den Labrazako herriaren borondatearen... (+)
gora