Nahiz ilzahar, nahiz ilberri, emaiozu hazia eguraldi onari.

Malkoen bideko babarrunak

Babarrun aleak titi artean jaso eta aurrera. Ipar Amerikako jatorrizko herrialdeetako txerokiak XIX. mendean beren kulturaren lurraldeak utzi eta lur arrotzetara joatera behartu zituzten.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko abenduaren 08a
Edsel Little
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Txeroki kulturak lurrak bere egin zituen, beste edozein kulturak bezala, nekazaritzarekin. Nekazaritzak behartu du jendea lur bati lotzera, eta lurrak pertsonak eta pertsonak lurrak sortu-hazi-loratu dituzte. Horrela sortu dira mundu osoan kulturaren paisaiak. Kultura bakoitzak bere paisaia, bere paisaiak. Paisaia horiek elikatzen gaituzte fisikoki, egunero behar ditugun 2.000 kilokaloriak hornituz, baina baita ere elikatzen gaituzte estetikoki, intelektualki eta emozionalki. Banakoak gal dezake paisaiarekin duen lotura hori eta biziko da. Baina kultura bat ez, ez da biziko ezta iraungo ere; ez behintzat lehen zen bezalakoa izanez.   

Creek nazioaren armarria.

1830-1850 artean AEBetan bertako bost nazioen lurraldatzea behartu zuen gobernuak: txiksawak, creekak, txoktawak, seminolak eta txerokiak. Creek nazioaren armarria esanguratsua da: mendi eta laino batzuen azpian lugorritutako saila, ertzean golde bat eta haren atzean zutik gari azao bat dituena. Lurra landu beharraren ikur dotorea.  

Beste guztiekin batera, txerokiak beren kulturaren AEBetako hego ekialdeko paisaiak utzarazi eta erdialde urruneko Oklahomara joanarazi zituzten. Malkoen Bidea esaten zaio, izan ere, diote milaka eta milaka amerindiar hil zirela derrigorrezko mudantzako bide horretan eta erreserba bizileku berrietara iritsi ondoren ere bai gosea, gaixotasunak eta abar zirela medio. Zenbait adituk Malkoen Bidea bertatiarren genozidio gisa azaltzen dute (Jeffrey Ostler, 2019), baita garbiketa etniko gisa ere (Gary Clayton Anderson, 2014).

Txerokiek beren jatorrizko lurretan lantzen zituzten babarrun aleak titi tartean gordeta garraiatu zituzten. Lur berri arrotzak landu eta pixkanaka bere egiteko. Babarrun ale haietan (Phaseolus vulgaris) milaka urtetako lanak zihoazen: bere dastara, estetikara, laneko erara eta egokitzapen agronomikora aurrindutako hautaketa genetikoaren emaitza. Munduan bakarra, han ez beste inon egina.

Orain ezagunak dira babarrun horiek. Sona handia dute eta harro erabiltzen dituzte beren gastronomiako plater ugaritan. Txeroki nazioaren harrotasunerako lehengai nagusietakoak dira gaur babarrun horiek. Hamabost bat zentimetroko lekak ematen ditu, berde kolorearen gainean ubel edo more arrastoak dituena, eta barruan babarrun ale more ilun edo beltz txikiak ditu. Ez dute hazia soilik jagon eta jasotzen, beren kultura, historia eta bizimodua ale horietan ikusten dute.

Lehortutako babarrunak jaten dituzte zopetan, gisatuetan egosita eta askotan soroan lagun izan zituen artoarekin (Zea mays) eta kalabazarekin (Cucurbita pepo) batera. Feather Smithek, Txeroki Nazioko Baliabide Naturalen Idazkaritzako Etnobiologia arduradunak dioenez: “Gure janari tradizionaletako bat babarrun-ogia da: arto-masa bat egin eta babarrunak nahastu eta gero lurrunetan egostea bezalakoa da”.

Babarrun ale horiek komunitatea lotzen dute bere sustraiekin. Eta beltz-more kolorea doluaren kolorea da, baina baita oparotasunarena eta erresilientziarena ere, herri oso baten elkar-lotzailea.

Euskaldunok exodoa bizi beharko bagenu, zer hazi eramango genuke titi erretenean?

Denak ez ditugu lagun
2026-03-02 | Jakoba Errekondo
Udaberria badoa. Lotsagabe xamarra dela pentsa dezakezu; izan ere, egiten diogun kasu eskasagatik, aspaldi erabaki zuen ez gintuela gehiago agurtuko, ez etortzen denean, ezta alde... (+)
Negu on igaro
2026-02-23 | Jakoba Errekondo
Aurten hotz pixka bat badugu, bejondeigula. Negurako jasotako jakiak gozatzeko eguraldi aproposa. Gaur egun izozkailua eta hozkailua ditugu horretarako erreginak, baina garai batean barazkiak, fruituak,... (+)
Inausketa eta orbaintzeko pasta
2026-02-16 | Jakoba Errekondo
Epaila badator eta zuhaitzen eta arbolen epaiketak, inausketak edo kimaketak egiteko sasoia da. (+)
Bakoitzak bere habia
2026-02-09 | Jakoba Errekondo
Zetazko habiak nabarmenak dira orain, prozesionaria edo pinu-beldarrarenak (Thaumetopoea pityocampa). Sortzen hasi zirenean aurrea hartu ez bazitzaien, behintzat. (+)
Azenario koloreko mutila
2026-01-26 | Jakoba Errekondo
Seko jakineza naiz, eta ez naiz modaz ariko. Koloreez bai, ordea. Kolore batzuk nola haizearen alde jarri eta denon aurrean boladan sartzen diren. Azenarioarena kasu... (+)
gora