Jondone Laurendi, esku batean uria, bertzean itxindi.

Artzain eta sukaldariak eskutik, Ja(ki)tea elkartearen liburu berrian

2009an sortua, euskal sukaldaritza tradizionala sustatzea du helburu Ja(ki)tea elkarteak, abeltzain, laborari edota arrantzaleen jarduna nabarmentzearekin bat. Hamaika modura egin dakieke aitortza, eta oraingoan liburu berria plazaratuta azaldu die elkarteak esker ona, “udaberri oroz artaldea landara igo duten horiei guztiei” bereziki. Artzainak eta sukaldariak. De la txabola al fogón du izena Fernando Hualde ikerlariak eta Joseba Urretavizcaya argazkilariak ondu duten liburu elebidunak. Hamar artzainen bizipenak uztartzen dira beste hainbat sukaldariren istorio eta gomendioekin, gazta hartuta erreferentziazko produktu bezala.


2025eko maiatzaren 27a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Urteen joanean, artzainen kopurua gutxituz joan da pixkanaka; nahikoa da ikustea nola jaitsi den azken hamarkadetan gure mendietan sakabanatutako borda kopurua”, dio liburuaren hitzaurreetako batean Ja(ki)tea elkarteko presidente Xabier Zabaleta sukaldariak. “Garai batean artzaintzarako erabiltzen ziren eremu asko desagertu direla ikus dezakegu. Horregatik, euskal gastronomiaren ekosistema osatzen dugun guztion eginkizuna da ofizio hau lagundu eta babestea”. Ordiziako D’Elikatuz interpretazio gunean aurkeztu dute liburua, eta bertan idatzitakoari heldu dio Zabaletak. Mahaiaren bueltan izan dira liburuaren egile biak, hitzaurre nagusia idatzi duen Jakoba Errekondo, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo eta Lurralde Antolaketa diputatu Azahara Domínguez. Entzuleen artean, artzain eta sukaldari zenbait, baita Gaztaren Kofradiako kideak ere, besteren artean. Eta, iskin batean, dozena erdi Idiazabal gazta, bertaratutakoek aurkezpen ostean ahoratzeko gertu.

Liburuaren egileak, artzain eta sukaldariak, Gaztaren Kofradiako kideak eta Ja(ki)tea elkarteko ordezkariak, Ordizian egindako aurkezpenean / JON TORNER ZABALA

Aurkezpen “ofiziala” amaituta, txoko horretan harrapatu dugu Iker Sukia artzain lazkaotarra, eta aukera baliatu dugu galdera parea egiteko. Bere aita Isidro da liburuko protagonistetako bat, mutur aurrean dugun Ixidro gaztaren aitapontekoa, hain justu. Liburua begiratu dugu. Ederrak dira Urretavizcayak aita-semeei euren bordan atera dizkien zuri-beltzezko argazkiak, oso potenteak. Artzainek bizi duten egoera ere halakoxea da, baditu argi-ilunak. “Artzain gazteentzat zaila da aurrera egitea; aitaren bideari jarraitu diot nik, eta tira. Gustuko dugulako ari gara honetan, gainerakoan…”, esan digu artaldea Aralarreko larreetara igo ohi duen Sukiak.

Isidro Sukia artzaina, atzean Javi Penas sukaldaria duela / JOSEBA URRETAVIZCAYA

Belarra gazta bihurtzearen magia

Iruñean sortua da Fernando Hualde, liburuko testuen egilea. Erronkarin ditu sustraiak, abeltzain familia batean, eta liburua “bihotzetik idatzia” dagoela azaldu du. “Mezu subliminal asko dago bertan”, dio, lekuan lekuko produktuei dagokienez “militanteak” izan behar dugula nabarmentzearekin bat. “Hurbiltasuna, 0 km… Horiek ez dute ezertarako balio, atzean ez badago kalitatezko produkturik”. Uste du artzainek gaztaren kalitatea mimatzen dutela, lan eskerga egin, baina ahalegin hori askotan ikusezina dela. “Jendeak gazta bat hartu eta sarri pentsatzen du: ‘garesti xamarra da ba’. Ez dakite ze esfortzu dagoen atzean”.

Argazkia: JOSEBA URRETAVIZCAYA

Haren aurretik Jakoba Errekondok hartu du hitza. Liburua artelan bat da, gazta ere artelana den moduan”, hasi da hizketan. Eta ostean Artzainaren eskuak eta sukaldariaren eskuak. Elkarri bostekoa hitzaurrean jasotakoari heldu dio: “Artzainak belarra gazta bihurtzen du. Artzainak magia egiten du, eta magiarako erabiltzen duen tresna nagusia bere eskuak dira. Milaka urtetan aziendarekin izandako etxeko tratuan pilatu duen jakintza du eskutan. Artzain-jakintza. Eskuak izango ditu langile, artzaina bera da eskulangile”.

Ricardo Remiro eta Arantxa Agirrezabala / JOSEBA URRETAVIZCAYA

Sukaldariak, berriz, “artzainen arteak liluratutako lagunak dira, arrantzale, nekazari eta abarrenak bezala”, dio Errekondok. “Eta lehengaiak hautatu, erregosi, nahasi, gainjarri eta abar eginez ikusgarrizko jakiak egiten dituen artista-sukaldariak ez du zalantzan jarriko, gazta bere horretantxe, bere soiltasunean ekarriko dizu mahaira, artelana baita”.

Mahaiaren bueltan bildutako lagunen artean, deus esan ez duen bakarra Joseba Urretavizcaya izan da. Hemen jaso ditugun irudiak mintzo dira haren ordez.

Otso edo hartz, abeltzaintzarekin duten elkarbizitza eztabaida-iturri da
2024-12-17 | Jon Torner Zabala
Urriaren 19an, Xiberoko Batzorde Sindikalak bozketa egin eta adostu zuen lurraldea "babesteko zaila den eremu gisa" (ZBD) izendatzeko eskaera abiatzea, otsoaren "arriskuari" aurre egitea helburu.... (+)
Ipar eta hego, mendeetako tradizioa txapel beraren pean
2024-12-15 | Jon Torner Zabala
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak erronka ezarria dio bere buruari: Euskal Herri osoko sagar eta sagardogileak biltzea. “Sagardoaren kultura lurralde osoan dago, eta lurralde osoan mantendu... (+)
Mendietxe irekita, euskal mendizaletasunaren museoa zertan da?
2024-11-06 | Jon Torner Zabala
Mendietxe museoak zabaldu ditu ateak, irakurri dugu Berria-n. Eta boteprontoan pentsatu, "hau izango al da EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioak ireki nahi zuen museoa?". Ramon... (+)
Hormigoiak lurzorua inpermeabilizatzen duenean
2024-11-04 | Jon Torner Zabala
Ugariak dira Dana denboraleak Valentzian eragin duen hondamendiaz egin diren irakurketak. Beste faktore batzuen artean, gizakiak naturari ebatsitako eremuez luze mintzo dira hedabideak, ibai eta... (+)
Ehunka ekologistak Total petrolio-enpresaren fabrika blokeatu dute Belgikan
2024-10-29 | Jon Torner Zabala
Code Rouge mugimenduko ekintzaileek hainbatetan salatu dutenez, irabazi geroz eta handiagoak lortzearren Total Energies enpresak ingurumena kutsatu eta lekuko komunitateak kaltetzen ditu. Horregatik blokeatu dute... (+)
gora