Izotzetan eta elurretan, abenduko gau luzeetan.

Mongolian, nazioarteko elkartasuna ere desertifikazioaren mehatxupean

Hedabide handietan oso oihartzun guti izan duen arren, aurtengo abuztuan desertifikazioaren aurkako borrokaren Nazio Batuen 17. goi-bilera iragan da Mongolian. Arazoaren munta aitortu da, baita basamortuaren aurkako neurrien albo-onura guziak ere, baina klimari eta bioaniztasunari buruzko bertze goi-bileretan bezala, neurri konkretuak adosteko orduan agertu dira arazoak, nahiz eta basamortuaren aurrerapenak munduko ekonomia ere kaltetzen duen.


2026ko irailaren 16a
Gobi basamortua, Mongoliako Dornogovi probintzian. Munduan azkarren zabaltzen den basamortua da, urtean 3.600 km2 belartza basamortu bilakatzen baititu, hau da, Euskal Herriko azaleraren %18.Marcin Konsek / Wikimedia Commons CC BY-SA 4.0
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Lurrak berrosatu, itxaropena berrosatu lemapean iragan da abuztuaren 17tik 28ra Mongoliako Ulan Bator hiriburuan desertifikazioaren aurkako borrokaren Nazio Batuen 17. goi-bilera. Ezagunak dira urtero antolatzen diren klimari buruzko Nazio Batuen goi-bilerak (ingelesez Conference Of Parties edo COP akronimoz ezagunak). Hedabide handietan gutiago aipatzen dira, aldiz, bioaniztasunari buruzkoak. Eta desertifikazioari buruzkoak egiten direnik ere gehienek ez dakite. Munduko desertifikazioaren A-tlasaren arabera, lurrazalaren %75 jadanik andeatua da, eta horrek 3.200 milioi jenderi egiten die kalte. Andeaturiko lur guziak epe laburrean basamortua bihurtzeko arriskuan ez badira ere, joera globala ez da baikorra, praktiken aldaketarik gabe 2050ean %90ekoa izan baitaiteke lur andeatuen kopurua. Gaur egun desertifikazio arrisku larrienean dauden lurrak aurkitzen dira Afrikako Adarra eta Sahel eskualdeetan, Mexikon, Argentinan, Paraguain, Txinako iparrean eta Mongolian. Azken horri, beraz, bereziki garrantzitsua zitzaion aurtengo goi-bilera.

Artzaintza erdian

COP17an aitortu da mundu mailan lurrak berrosatzeko ahaleginak baino azkarrago dabilela lurren andeatzea. Desertifikazioa eta lurren narriadura zabaltzen ari dira, mundu mailako elikadura segurtasuna zuzenki mehatxatuta. Lurzoruak birsortzeko praktiken beharra azpimarratu dute bertaraturiko adituek, nutrienteen zikloa berrosatzeko, ura xurgatzeko ahalmena hobetzeko eta elikadura ekoizpen jasangarria bermatzeko. Lurzoruak eremu lurtarretako karbono biltegi handiena dira, atmosferak baino hiru bider karbono gehiago baitaukate, baita landarediak berak baino hiru bider gehiago ere. Atmosfera bi graduko beroketa mailaren azpian atxikitzeko, andeaturiko lurzoruen berrosatzeak isurketa murrizketen herenaren baliokidea berma dezake, karbono hori, hain zuzen, lurzoruetara sartuz.

«Gure herrian, egunero jendea hiltzen da basamortuaren aurrerapenarengatik. Sumatzen dut AEBek erein nahi duten kaosa. Gure ametsak sabotatzen dituzte»

Desertifikazioaren aurkako COPak bezain guti ezaguna da 2026 urtea alhapide eta artzainen nazioarteko urtea dela. Basamortuaren aurkako borrokan artzaintza jasangarriak toki garrantzitsua du, eta Mongolian abeltzaintza ibiltaria hain garrantzitsua izanik, COP17rako gai zerrendan toki berezia egin zioten. Bereziki, artzaintza ibiltaria bizimodu duten hainbat komunitate autoktonok ekosistema aridoen zaintzaileak direla aldarrikatu dute, eta horren harira haien eskaerak plazaratu dituzte: transhumantzia bideen babes juridikoa, alhapideen kudeatzeko jakintza tradizionalen balioa aitortzea eta artzaintza jasangarria sustatzeko nazioarteko koalizio baten sorrera. Alhapide estentsiboak bermatzen dituzten lur eremuek –belartzak, sasiguneak, sabanak, estepak– 8.000 milioi hektarea estaltzen dituzte, hau da, eremu lurtarraren %54, eta artzaintza estentsiboaren bitartez milioika pertsonentzako elikadura iturri dira. Baina gune horien %78 eremu lehorretan daude eta, hortaz, basamortuari aurre egiteko eremu horien erabilera jasangarria gakoa da. Aitortza eta adierazpen horiez harago, ekintzak oraindik gauzatzeke dira. 

Betikoa: erraldoiak aurrerapenak oztopatzen

Goi-bileraren hasieratik bertatik oztopoak ezartzen saiatu ziren AEB eta Errusia. AEBek desertifikazioaren aurkako Nazio Batuen Konbentzioaren diruztatzea 2026-2028 epealdirako %10 murriztea proposatu zuten, horrek NBEren eskumena zuzenki murriztuko lukeelarik. Horren ondotik, COP17aren lehen egunean gai zerrenda aurkeztu ez zedin saiatu ziren AEB eta Errusia, bien buruzagitzek gustuko ez dituzten hainbat gai baitziren zerrendan: herri autoktonoen eta gizarte zibilaren parte-hartzea sustatzea, genero berdintasuna, eta bertze bi COPekiko (klimari buruzkoa eta bioaniztasunari buruzkoa) sinergiak hobetzea. Txad herrialdeko fula etniako emakumeen elkarteko Hindou Oumarou Ibrahimek jokabide hori irmoki gaitzetsi du: "Gure herrian, egunero jendea hiltzen da ur eskasia, basamortuaren aurrerapena eta lurren andeatzearengatik. Sumatzen dut AEBek erein nahi duten kaosa. Gure ametsak sabotatzen dituzte".

Betikoa (ere): herrialde aberatsek ez dute ordaindu nahi

Goi-bileraren buru aritu den Nyam-Osoryn Uchra Mongoliako Lehen ministroak gauzak argi adierazi ditu: “Gaur, bada garaia gure buruari itaun ausart eta egiazale bat galdetzeko: luzaz mintzatu gara eta hainbat adierazpen egin, baina gure hitzak ekintza bihurtzeko gai izan ote gara? Aurreko bilera guziek konklusio esanguratsuak izan zituzten. Baina, egia erran, munduan ez da inoiz xede eta konpromiso eskasiarik izan. Larrikiago behar duguna baliabideak dira, diruztatzea, teknikak eta instituzio-ingurune mesedegarria, konpromiso horiek ukigai bihurtzeko”. 

Goi-bileran azaldu dutenez, andeaturiko lurren berrosatzeko, desertifikazioa saihesteko eta lehorteen aurreko erresilientzia indartzeko, hemendik 2032ra diruztatze beharrak denera 2.100 eta 2.600 miliar (edo 2,1 eta 2,6 bilioi) dolar artekoak dira. Sorpresarik gabe, gai horren inguruko eztabaidak izan ziren zailenak. Sektore pribatua mobilitzatzeko beharra azpimarratu zen, baina hori beharrezkoa izanik ere, horri garrantzia emateak estatuen bidezko diruztatze erabakien zailtasuna erakusten du. Munta honetako beharrak kalkulaturik ere, COP17an parte harturikoek zazpi urtetarako 12.000 milioi dolar hitzeman dituzte, hau da, lehen aipaturiko beharren %0,5. Lotsarik sentitu ote dute hori iragartzean? Hori adostu dutenen kopurua aski handia izanez gero, normaltzat jo ote dute? Ez dugu jakinen, baina 2024ko COP16aren karietara Nazio Batuek argitaraturiko prentsa ohar batean azaltzen zutenez, 2025tik 2030ra egunero miliar bat dolar erabili beharko litzateke desertifikazioaren aurkako borrokan; baina horretan gastaturiko dolar bakoitzak zortzi dolarreko etekina ekartzen du, laborantzako produktibitatea hazten delako, klima aldaketa eta lehorteei aurre egiteko neurriak zorrozten, edota zerbitzu ekosistemikoak hobetzen dituelako. Baina, ezer egiten ez deno, desertifikazioak urtero ekonomia globalari 878.000 milioi dolar galarazten dizkio. Nolabait penagarria da begibistakoa izan behar litzatekeena dirutan demostratu beharra, baina horrek bederen argi erakusten du desertifikazioaren aurkako gastuak, gastuak baino inbertsioak direla. Inbertsio horiek egin ezean, egoerak larritzen jarraituko du, konponketa behar duen etxe bat konpondu gabe uzten delarik bezala. 

Errusia eta Kanada: lurpean karbono fosila, lur gainean klima desoreka
2026-07-26 | Nicolas Goñi
Errusiak eta Kanadak, munduko bi estatu zabalenek, ezaugarri zonbait partekatzen dituzte: ozeano batetik bertzerainoko hedadura, oihan azalera erraldoia, gari esportazio garrantzitsuak, baita erregai fosilen ustiapena... (+)
Landareak laguntzen dituzten onddoen lehen mapa globalak zer erakusten digu?
2026-06-28 | Nicolas Goñi
Aspaldidanik mapatuak dira mundu mailako itsas korronteak, oihan motak edo hainbat txori espezieren banaketak. Baina azken asteotan baizik ez da argitaratu mikorrizen mundu mailako lehen... (+)
Elektrifikazio globalerako mineralen erauzteak merezi al du?
2026-05-31 | Nicolas Goñi
2022tik energiaren auziak toki asko hartu du hedabideetan, baita bazter gero eta gehiagotan ere: landa eremuan azkarki plantatzen dira haizea eta argia elektrizitate bilakatzen dituzten... (+)
Ongarri merketzat zuten, baina ez zekiten soroak betiko kutsatzen zituela
2026-03-29 | Nicolas Goñi
Estoldetako uren kudeaketa sekula ez da lan erraza izan. Izan ere, zer egin ur beltz horien araztearen ondorioz sortutako lohiarekin? Non ezarriko da? 1970eko hamarkadan... (+)
EB-Mercosur hitzarmenarekin batera, haragia ekoizteko Amazoniaren soiltzea berriz abia daiteke
2026-02-01 | Nicolas Goñi
Urte hasiera honetan, Amazoniako oihana soiltzetik babesteko 2008tik indarrean den luzamendu pribatu bat bertan behera gelditzeko zorian da Brasilgo Mato Grosso estatuan. Bitartean, Europar Batasuna... (+)
gora