Astelehenero 8:00etan zure epostan
DOM CAMPISTRON
Uda joan zaigu, kalitzeko beroteen artetik. Suteek, hemengoek baita beste eskualdeetakoek eta munduan zeharrekoek ere, irudi beldurgarriak eskaini zizkiguten: su mihi erraldoiak arbolen gainaldean gaindi, legoetatik ikusgarri ziren ke beltzak, eta horren guztiaren artetik, jendea ihesean eta suhiltzaile tipi-tipi batzuk, oihan artean galdurik, ari, debaldekoak zirela ziruditen ahaleginetan. Eta gero, irudi eta ele oraino kezkagarriagoak.
Lehenik irudiak. Adibidez, sareen itzulia egin duen argazkia bada, zeinetan bikote bat ikus daitekeen Arcachon aldeko hondartzan, aulki luzeetan etzana, suteari begira, eguzki sartzea edo beste ikusgarri bat begiratuko balute bezala. Hain zen ikaragarria, pentsa zitekeela fake-a zela, AAren sorkuntza absurdoa, baina ez. Hondamendiaren tamainaren eta lekuko zeudenen arteko kontrastea deigarria zen. Alta, ezin zaie argazkietan ageri direnei errurik bota, zer egin zezaketen egoeraren aurrean? Deus gutxi. Eta agian, horixe da argazki horrek eragiten zuen ondoriorik kezkagarriena: norberaren axolagabekeriaren inpresioa ematea eta kulpabilizatzea.
Gero, diskurtsoak. Izan ere, ekainean zabaldu zen diskurtsoa kargudunengandik haizagailu eta klimatizagailuen aldekoa zen, saihestezina eta onartu beharrekoa jotzen den kalamitateari buru egiteko. Suteen garaia iragan orduko, ostalari eta komertziante sindikatuek udatiarrei dei egiten zieten kostalde atlantikora itzultzeko, “sasoiaren salbatzeko”. Aski ez balitz, goizetik arrats kate publikoetan aipatzen zaigu “beroaldiari egokitzea”, hau da, etxean egon, dena hetsirik atxiki, gauez airezta eta ur anitz edan, eta biderkatzen dira aholku ekologikoak, hala nola hondakinak bereizi, autoa gutxi erabili, ura aurreztu –dutxan pixa eginez–.
Segur egon gaitezen, aldaxka bat lurrean sartzeak, goiz ala berant, mundua alda lezakeela
Bakoitzaren ahaleginek badute, noski, garrantzia. Baina diskurtso jasangaitza da: klima-aldaketaren aurrean dugun erantzukizuna hainbeste norbanakoaren keinuetara ekartzea eta erabakitzeko ahalmen handiena nork duen ukatzea. Herritarrei eskatzen zaigu egokitzea, aurreztea, mugatzea, eta bitartean, kliman eragin gehien duten jarduerek beren bidea egiten dute.
Eta penagarria da deus ez gertatzea, ez altxamendurik, ez erabaki, ez norabide irmorik, denentzako hertsapenik, norbanakoen indarrez gain, ondorioak ekar litzakeenik.
Alderantziz, bakoitzari zuzentzen zaio egunerokoa alda dezan –eta bakoitzak ikusiko du hala egin nahi edo behar duen ala ez–, sekulan sistema galdekatu gabe.
Gure esku egon behar badu denak, eta niri bezala, beste hainbati bihotza urratu bazizueten oihan-eremu kiskaliek, bada, ekin diezaiogun masiboki. Erremindu guzien artean, Jakoba Errekondori tutorial bereziak eska diezazkiogun oraintxe eta ahal duenak arbolak landa bitza, ahal den neurrikoak, ahal den lekuetan. Zuhaitzak, zuhaixkak, bonsaiak, nahi dena. Agian ez dugu sekula ukanen zuhaitz horien itzala gozatzeko parada, ez eta haien fruituak dastatzekoa ere, eta baliteke ekarpen feirosa izatea. Tira, lot gaitezen fermuki, eta Jean Giono-ren Elzéard Bouffier zaharra bezala, zuhaitzak landatzen dituen norbait izatea sosegagarria bezain betegarria gerta dakigula, hasteko. Eta harago, segur egon gaitezen, aldaxka bat lurrean sartzeak, goiz ala berant, mundua alda lezakeela. Esperantzak eta sinesteek ez diote nehori kalterik egiten, etsipenari ihardukitzeko beste molde bat baizik ez baitira, eta ekitea erresistentzia berdea.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545