Astelehenero 8:00etan zure epostan
Urte hasiera honetan, Amazoniako oihana soiltzetik babesteko 2008tik indarrean den luzamendu pribatu bat bertan behera gelditzeko zorian da Brasilgo Mato Grosso estatuan. Bitartean, Europar Batasuna eta Mercosur erakundeko herrialdeen arteko merkataritza hitzarmena izenpetu berri da, zeinak kalte klimatikoak areagotzeko arriskua dakarren. Gizarte zibilaren mobilizazioa da horri aurre egiteko azken aukera.
Soja soro bat Brasilgo Mato Grosso estatuan. Estatu honen esportazioen %80 inguru soja da, gehiena makro-etxaldeetan ekoizturikoa, eta oraindik aurrera oihan soildu berritan zabaldutako soja soroak zilegi bilakatu daitezke.Marcelo Camargo/Agência Brasil
1990eko hamarkadatik Amazoniaren egoera krisi ekologiko globalaren ikur bilakatu da. Bertze ikur bat dugu gehiegizko haragi kontsumoa, bereziki inportaturiko bazka baliatzen duen eredu intentsibokoa. Bi ikur horiek uztartzen dira bazkarako soja ekoizteko Amazonia soiltzen delarik. Soiltze horri aurre egiteko konponbideak martxan ezartzen hasi ziren duela bi hamarkada, horietarik bat Amazon soy moratorium (Amazoniako sojari buruzko luzamendua) izenekoa, sinatzaileei 2008tik aurrera soildutako lurretan hazitako soja erostea debekatzen diena. Hitzarmen pribatua eta borondatezkoa da, ez zuen lege batek behartu horretara, baina iritzi publikoan kezka eragin zuen –eta agroindustriako enpresa handiek ez zuten merkaturik galdu nahi–. 2008aren ondorengo urteetan, Amazonian oihan soiltze tasa %80 murriztu zen, murrizte horren laurdena zuzenki luzamenduaren ondorio izanik. Soiltzeak berak iraun egin zuen zoritxarrez, baina 2006-2023 epean soiltze horren %97,6 ez zen soja soro berriak zabaltzeagatik gertatu, epe horretan Amazonian soja ekoizpena laukoiztu arren.
Mato Grosso estatuan ekoizten da Brasilgo sojaren zatirik handiena, eta luzamenduaren kideek zerga-hobariak zituzten estatu hartan. Zoritxarrez, lege berri batek hobari horiek 2026tik aurrera kendu egin ditu, Brasilgo lehiakortasun-legeen aurkakoak izan daitezkeelako: luzamendu pribatu batek ez du balio legalik, horretarako lege bat behar zen. Horren ondorioz soja salerosle handiek (horietan Cargill, Bunge, ADM, bertzeak bertze) iragarri zuten luzamendua utziko dutela. Luzamendua bertan behera uzteak zilegitzat joko du lur soildu berritan hazitako soja, eta beraz Amazonian soiltze arriskua nabarmen emendatuko da. Hainbat gobernuz kanpoko erakundek diote erabaki hori kaltegarria izanen dela Amazoniarentzat eta klimarentzat, noski, baita saleroste enpresa horientzat ere, zailagoa izanen baitzaie merkaturatzea. ANEC bihi salerosle taldeak Mato Grossoko erabakiaz dei eginen duela iragarri du. Greenpeacek dio soja hazleen lobbygintzaren ondorioa dela lege berri hura.
Egoera honekiko lotura zuzenik gabe, urtarrilaren 17an luzaz negoziaturiko Europar Batasuneko eta Mercosur erakundeko herrialdeen arteko hitzarmena izenpetu du Europako Batzordeko presidenteak, hitzarmen horren aurkako mobilizazio askok jarraitzen duten bitartean. Negoziaketen hasieratik eztabaidak izan ziren, hain zuzen, Brasilgo haragiaren inguruan, Europakoa baino askoz merkeagoa zena eta oihan soiltzea eragiten zuena. Hain justu, Frantziako Gobernuak osaturiko aditu komisio batek 2020an kalkulatu zuen hitzarmena martxan ezarri eta lehenengo sei urteetan oihan soiltzea urtean %5 emendatuko zela, denera 700.000 hektarea oihan – Euskal Herriko azaleraren %35– larre edo soro bilakaturik. Gainera, emendatze horrek sorturiko CO2 isurketen kalteek hitzarmenaren onura ekonomikoak baino handiagoak izanen zirela zioten. Hori dena 2020an oinarrituta kalkulatu zuten, hau da, Amazoniako sojari buruzko luzamendua oraindik martxan zelarik.
Kontua sinplea litzateke EB-Mercosur hitzarmenaren atzean Brasilgo laborantza industrialaren lobbyak bakarrik balira, beren baldintzak Europari inplizituki inposatzeko. Alta, agroindustriako lobbyek legegintzan duten eragina ez da Brasilera mugatzen, ARGIAren 2.927. zenbakian Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira erreportajean aipatu bezala. 2023an jadanik Desmog ikerketa kazetaritza taldeak argitara eman zuen agroindustriako lobbyek –bereziki munduko pestizida ekoizle handienek, Bayer, BASF, Corteva eta Syngenta kasu; baita Yara eta OCP Group ongarri sintetiko ekoizleek ere– 400 bilera baino gehiago izan zituztela Europako Parlamentuko EPP Europako Alderdi Popularreko sei diputaturekin, eta diputatu horiek oso aktiboak izan zirela 2020an bultzaturiko Farm to Fork (Etxaldetik Sardexkara) elikadura jasangarriagorako estrategia ahultzeko. Desmogek erakutsi zuen, gainera, sei diputatu horiek zortzi bider gehiago bildu zirela agroindustriaren ordezkariekin, interes publikoa ordezkatzen duten gobernuz kanpoko erakundeekin baino.
Kontua sinplea litzateke ere Mercosur erakundeko herrialdeetako biztanleak pozik balira Europarekiko merkataritza aukera berriekin, eta hitzarmenaren aurkako protestak Europan bakarrik balira. Aldiz, STOP TAFTA kolektiboak plazaratu duenez, Brasilgo 140 antolakunde, horien artean MST lurrik gabeko laborantzako langileen mugimendua, CUT sindikatua, FASE Brasilgo GKE zaharrena, edo GKE sarea den REBRIP, hitzarmenaren aurka ageri dira. Argiki adierazi dutenez, "hitzarmen nekoloniala, zaharkitua eta gizarte zibilaren parte-hartzerik gabekoa da, Mercosur erakundeko herrialdeetan gizarte, ingurune eta ekonomia mailan kalteak sortuko dituena".
Laborantza eta merkataritza politikei buruzko posizioak ez dira Atlantikoaren ertzaren arabera banatzen, hori uste izateak bi aldeetako lobbyen eginkizuna eta gizarte zibilaren erantzuna gutxiesten ditu.
Amazoniaren ertzean igaro zen COP30 gailurraren karietara, itxaropenak piztu zituen Brasilgo presidente Luiz Inácio Lula da Silvak, bere hitzaldietan oihan soiltzeen murrizketa erdian ezarririk. Lulak 2023tik harturiko neurriek eragin positiboa izan zuten Amazonian, baina gaurko testuingurutik ikusirik eragin hori laburra izateko zorian da. Bai COP30aren porrotak, baita EB-Mercosur hitzarmenak eta azkenik sojari buruzko luzamenduaren bertan behera uzteak ere, oihan soiltzearen murriztea askoz zailagoa bilakatzen dute.
Balantzaren alde batean zerga-hobarien kentzea, bertze aldean jasangarritasun gutxiagoko soja merkaturatze arazoak. Duela 20 urte azken horrek zuen luzamenduaren hitzarmena bultzatu, aldiz, gaur egun, dirudienez, lehenari garrantzi gehiago ematen diote salerosle handiek. Testuinguru global baten isla ote da, zeinean Amazoniaren –eta orokorkiago biosferaren– inguruko kezkak ahuldu diren? Lobbyek kezka horiek ez dituzte lehen planoan, baina gizarte zibilak, eta orokorkiago gizarteak, bai, iazko Eurobarometroko inkesta batek erakutsi bezala. Ez dira halere aukera guziak agortu: artikulu hau bukatzen ari garelarik, urtarrilaren 21ean, Europako Legebiltzarrak hitzarmena Europako Justizia Auzitegira eramatea bozkatu du, hamar bozeko tartearekin. Bozka honetan gizarte zibilaren eta laborarien mobilizazioa erabakigarria izan da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545