Zemendia hamaika, garaiak ereiten.

Lurra jokoan, estraktibismoaren bihotzean

Javier Mileiren motozerrak Argentinan hiru urte eskasean eragin duen triskantza sozialak fracking garabiaren mugimendu erritmikoa dakar gogora: sakoneraino sartzen du hodia, ongizate estatuaren zainak apurtu eta odol beltza zurrupatzen du. Nazioarteko Diru Funtsarekin zorretan itota plata beharrean dagoen herrialdean, Patagoniako lurpetik petrolioa ateratzeko Vaca Muerta megaproiektua promesa faltsuak isurtzeko moketa gozoa bihurtu da kapitalista ustezko libertarioentzat. Han izan gara, OMAL behatokiak antolatuta, Euskal Herritik joandako eragile eta hedabideak, bertakoen ahotsa entzuteko.


2026ko irailaren 16a
Iparraldeko Patagonian, Vaca Muertako tratamendu gune batean, frackingerako harea mendiak eta ura garraiatzeko hodi malguak. Argazkia: Martín Álvarez Mullally / OPSurrek utzia
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Neuquengo aireportuan, maletak zintatik noiz aterako zain, inguruko publizitate-panelak begiratzea beste erremediorik ez dago. Ez dago Rolexik, ezta turismo-postal bukolikorik ere. YPFk egiten dizu ongi etorria: berrikuntza, teknologia, energia... Si te digo Vaca Muerta, decís YPF (Vaca Muerta badiotsut, YPF diozu), irakur daiteke iragarkietan. 1990eko hamarkadan Repsolek erosi eta gero zati batean berriz nazionalizatu zuten YPF argentinar petrolio konpainia; gaur sozietate anonimo gisa funtzionatzen du, akziodun pribatuentzat. 2013an Chevron multinazionalarekin egindako akordioaren ondorioz, Patagoniako Vaca Muertaren ustiatzaile nagusia da. Aireportuko mezu sinbiotikoa, beraz, ez da debaldekoa.

Argentina munduko zortzigarren herrialderik zabalena da, eta 46 milioi biztanle “besterik” ez ditu; herena Buenos Airesko cuadra infinituetan pilatzen da. Ez da kasualitatea batzuek Patagoniari “desertu” itxura eman nahi izatea: lehen jatorrizko herriei konkistatua, orain esplotatzeko urruneko lurralde bihurtu nahi dute. Han dago gas- eta petrolio-eskistoko munduko erreserba handienetako bat. 

Vaca Muerta ez da toki bat, ezta hobi bat ere: Neuquen, Río Negro, Mendoza eta La Pampa probintzietan barrena zabaltzen den formazio geologikoa da, 30.000 kilometro koadroko harri-geruza erraldoia. 2012ra arte argentinarrek ez zuten izen bitxi horren berri, geruzetan ezkutatutako hidrokarburoa fracking bidez erauzteko proiektuaren sinonimo bihurtu zen arte.

YPF konpainiaren kamioi bat frackingerako erabilitako materiala eta ura garraiatzen, Mari Menuco urtegia atzean ikusten dela, Neuquenen. Argazkia: Antv Nawel

Baina Vaca Muertak Patagoniatik askoz harago luzatzen ditu besoak: gas eta oliobideak, portuak, harrobiak, zabortegiak, birfindegiak, LNG terminalak... Buenos Airestik Chubutera, Punta Coloradotik Txileko Bahía Quinterora, “muga zehaztugabeak eta lausoak dituen espazioa” da, Observatorio Petrolero Surrek (OPSur) dioenez. “Beste sektore batzuk elikatzen dituen munstro bat da”, esan digu Leonor Jaureguik, mateari azken zurrupada ematen dion bitartean. Erakunde horretako lagunak izan ditugu bidaide.

Egunean 643.000 petrolio-upel ateratzen dira Vaca Muertatik, eta kopurua hazten ari da etengabe. Gobernuak bikoiztu egin du lurpeko hidrokarburoaren estimazioa: 16.220 milioi upel izatetik 30.170 milioira. Bizi dugun testuinguru energetikoan, ez da harritzekoa Mileiren eta enparauen begiek dir-dir egitea Vaca Muerta entzutean: pieza geopolitiko preziatua da.

Euskal Herritik joandako eragile eta hedabideen talde bat Patagonian izan da OMALek antolatutako bidaian, Vaca Muerta proiektuaren ondorioak bertatik bertara ezagutzeko, tartean baita ARGIA ere. Argazkia: Urko Apaolaza Avila / ARGIA CC-BY-SA

Motozerra, askatasunaren izenean

Javier Milei 2023ko abenduan iritsi zen boterera La Libertad Avanza alderdi ultraeskuindarrarekin, eta eskuinaren babesaz, ekonomia desarautzeko neurriak bata bestearen atzetik bultzatu ditu: Glaziarren Legea aldatzea, langileen eskubideak desegitea, pribatizazioak... Kapitalismo libertarioaren sasi-diskurtsoa altzoan eta “Viva la libertad, carajo!” ahoan, beti. Murrizketen ikurra, Elon Muski oparitutako motozerra handi eta faliko hori litzateke.

"Izugarria da, osasungintza inoiz ez bezala desegiten ari dira: gorputzei eraso egiten ari dira erresistitzeko gure gaitasuna bortxatzeko; gaixo baldin bazaude ezin duzu militatu”
(Flora Partenio, ekintzaile feminista)

Milei ekonomista eta telebista-tertuliano ohia da, itxuraz bitxia eta formetan zein hitzetan eszentrikoa. Baina “ez da pailazo bat”, dio Julio Gambina irakasle, ATTACeko kide eta sindikalista beteranoak. “Ez da gutxietsi behar, munduko ultraeskuina gutxietsi behar ez den moduan”. Haren ustez, Mileiren proiektu ekonomikoak 1976ko diktaduran abiatutako eta ondorengo gobernu gehienek, baita peronistek ere, jarraitutako bidea sakondu besterik ez du egiten: “Neoliberalismoa Amerikako hego konoan sortu zen, eta orain Mileik Thatcher aldarrikatzen du”.

Buenos Airesko Nazaret etxean elkartu gara Gambinarekin. Omal Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak antolatutako misioan, Euskal Herritik joandako eragile eta hedabideekin egindako topaketa da. Flora Partenio irakasle eta ekintzaile feminista ere bertan da. Irribarrez hartu gaitu, baina serio jarri da Argentinak bizi duen egoeraz hitz egitean: “Izugarria da, osasungintza inoiz ez bezala desegiten ari dira: gorputzei eraso egiten ari dira erresistitzeko gure gaitasuna bortxatzeko; gaixo baldin bazaude ezin duzu militatu”. Mileiren gobernua, haren hitzetan, bihurguneetan azeleragailua sakatu eta utzikerian oinarritutako gizartea antolatzen ari da.

Ezkerrean, Julio Gambina irakasle jubilatu eta sindikalista beteranoa; eskuinean, Flora Partenio, argentinar mugimendu feministako ekintzailea eta irakaslea. Buenos Aireseko Casa Nazaret eraikin historikoan ateratako argazkiak biak, Maiatzeko Amonen sorleku izandakoa. Argazkia: Urko Apaolaza Avila / ARGIA CC-BY-SA

Eraso horren aurrean, gaur gaurkoz alternatiba lausoa da, ordea. Gambinaren arabera, Mileik ez luke gobernatuko pobreen zati handi batek bozkatu izan ez balu, baina herri mugimenduan ez dago proiektu politikorik. Parteniok, berriz, “aliantza pentsaezinak” behar direla dio, futbolzaleak eta jubilatuak elkarren ondoan jartzen dituen modukoak. Baina oraindik urrun dago eszenatoki politiko hori: peronistek probintzia askotan Mileiren neurriak babestu dituzte, eta Ezkerreko Langileen Fronteak (FIT-U) ez ditu ikusi ere egin nahi. “Peronismoak ez du ezkerrarekin hitz egiten, eta ezkerrak ez du peronismoarekin hitz egin nahi... Argazki horrekin, Mileik beste itzuli bat irabaziko du”, ohartarazi du Gambinak.

"Milei ez da gutxietsi behar, munduko ultraeskuina gutxietsi behar ez den bezala. Neoliberalismoa Amerikako hego konoan sortu zen eta orain Mileik Thatcher aldarrikatzen du”
(Julio Gambina, jubilatua eta sindikalista)

Estraktibismoa, alfonbra gorriarekin

Testuinguru horretan, neoliberalismoan eta arrazakerian oinarritutako ofentsiba estraktibistak ateak zabal-zabal ditu. Kontsentsu jakin bat ere badago. Martín Schorr Buenos Airesko Unibertsitateko irakasle eta trantsizio justu baten aldeko Equipo Transiciones taldeko ikerlariaren arabera, peronismo progresistenak ere erosi du “Vaca Muertarekin salbatuko gara” diskurtsoa. Euskal Herriarekin alderatuta, desazkundearen inguruko eztabaida beste planeta batean dago Argentinan: “Guk hamabost urte daramatzagu desazkundean, hamabost urte krisian”.

Gobernuak alfonbra gorria jarri die atzerriko multinazionalei. 2024an RIGI izeneko inbertsio handientzako pizgarrien erregimena onartu zuen, eta orain “super RIGI” bihurtu da: multinazionalek 30 urtez ez dute zergarik ordainduko, eta estatuak ez du haien izenik esan beharrik izango. RIGIaren Behatokiaren arabera, atzerriko kapitalaren %95,6 meatzaritzara eta hidrokarburoetara bideratu da, ez industriara, turismora, hezkuntzara edo azpiegituretara. “Jarduera estraktibistan erabat kontzentraturiko diru-zorroa” dio. Enplegu gutxi, eta kutsadura, opakutasuna eta desberdintasuna barra-barra, beraz.

Añelo herritik gertu, Neuquengo goiko arroan, petrolioa erauzteko azpiegituretako batetik metanoa erretzeko tximinia piztuta. Horrelako suzi-argitsuak etengabe ikus daitezke lurraldeotako ortzimugan. Argazkia: Antv Nawel.

Buenos Airesen, euri langar finak asfaltoa busti du. Mikrozentrotik eta San Telmo bezalako gune turistikoetatik aldenduta, San Cristobal auzoko kaleetan espaloiak aspaldian konpondu gabe daude; pertsona batek koltxoia eliza baten hormaren kontra bildu du hurrengo gauerako busti ez dadin. Eskularruak eta txanoa jantzita, jendea abiadan doa lanera goizean, Subte-a (metroa) edo autobusa harrapatzeko.

Inflazioa %33,1 igo da azken urtean Argentinan, Mileik motozerrarekin agindutakotik oso goiti. Familia batek 1,5 milioi peso —856 euro— behar ditu oinarrizko canasta betetzeko. Esne-litroak 1.200 peso balio zuen 2024an; orain, 1.900. Ez duzu okela kiloa 20.000 pesotik behera aurkituko. 5,8 milioi etxek zailtasunak dituzte ordainketei aurre egiteko. Ultraeskuina indarrean jarri zenetik 30.000 enpresa itxi dira eta 360.000 lagunek lana galdu dute. Aldi berean, langile autonomo edo monotributista kopurua handitu egin da, prekarietatea muturreraino eramanez. Argentinarren %43 lan-merkatu informalean ari da.

2023ko abenduan Milei Casa Rosadara iritsi zenetik, ekonomia desarautzeko neurriak bata bestearen atzetik etorri dira, baina bere plan ekonomikoak aurreko gobernu neoliberalen bidean sakondu besterik ez du egiten, Argentinako eragile sozial eta ezkertiarrek nabarmendu dutenez. Argazkia: Urko Apaolaza Avila / ARGIA CC-BY-SA

Asteazkenero jubilatuak

Baina Argentina ez da zenbaki hutsa. Herrialde politikoki eta kulturalki jantzia da, bi milioi unibertsitario baino gehiago ditu, hezkuntza-sistema sendoa eta langile-borrokaren tradizio luzea.

"Porrot ideologiko oso handia bizi dugu: salbazio indibidualaren espejismoa posible ikusten dute askok, eta horrek soziala den guztia deuseztatzen du”
(Andrés Ruggeri, antropologoa)

Krisi garaietan, argentinarrek elkartasun eta imajinazio dosi handiak erabili izan dituzte aurrera egiteko. 1990eko hamarkadan, neoliberalismoak industria txiki-txiki utzi zuenean, langabeek borroka molde berriak asmatu zituzten: auzoetan errepideak moztu eta lehen piketeak sortu ziren.

Andrés Ruggeri antropologoak, Buenos Airesko Unibertsitateko Fakultate Irekiko irakasleak, mugimendu piketeroa barrutik ezagutzen du. Lasai egin digu berba, denborak ematen dion ikuspegitik: “Kapitalak ihes egin eta langileak noraezean utzi zituenean, etxera joan beharrean, fabrikak berreskuratzen hasi ziren”.

Andrés Ruggeri antroplogo eta mugimendu piketeroan aditua, euskal birako kideei azalpenak ematen. Ezkerrean Gonzalo Fernández OMALeko ikertzailea eta eskuinean Txejo Ortega ESK sindikatukoa. Argazkia: Urko Apaolaza Avila / ARGIA-CC-BY-SA
Cerámica Neuquen langile kooperatiba barruko ikuspegia. Gaur egun nekez eusten diete duela hogeitabost urte erruz sorturiko halako ekimenei Argentinan. Argazkia: Urko Apaolaza Avila / ARGIA CC-B-SA

Denbora gutxian, Argentina osoan 400 enpresa baino gehiago hartu zituzten euren esku langileek. Gaur egun, 20 edo 30 fabrika inguruk baino ez dute irauten. Ruggeriren arabera, enpresa batek ixten duenean kooperatiba sortu eta lanean jarraitzeko ideia bera ere krisian dago: “Gaur egun oso konplikatua da halakorik egitea, porrot ideologiko oso handia bizi dugulako: salbazio indibidualaren espejismoa posible ikusten dute askok, eta horrek soziala den guztia deuseztatzen du”.

Asteazkenero, arratsaldez, Bueno Airesen jubilatuak mobilizatzen dira Kongresuaren aurreko plazan. Eta asteazkenero egurtzen dituzte. Polizia Federalak eta Jendarmeria Nazionalak kaleak hesitzen dituzte, jubilatuak tranpa barruan utzi eta viejito horiek errepidetik kanporatzen dituzte borrak eta negarra eragiteko gasa erabilita. Asteazkena da. Baina oraingoan, CGT, CTA eta CTA-Autónoma sindikatu nagusiak ere batu dira deialdira. 

Poliziaren hesi sendo batek inguratzen ditu Buenos Airesen Kongresuaren eraikina eta aldameneko kaleak, asteazkenero errepikatzen den irudia da honakoa. Argazkia: Urko Apaolaza Avila / ARGIA CC-BY-SA

Azken hilabeteetan milioika lagun atera izan dira kalera gobernuaren neurrien aurka: lan-erreforma “esklabistaren” kontrako greba orokorra otsailean, Hezkuntza Publikoaren aldeko protesta masiboak maiatzean... Orain ere parrilla inprobisatuek plaza hartu dute, La Malvinas son Argentinas mezua duten kamisetak salgai daude, eta txarangako bonboen burrunba artean kantu ezagun bat nagusitu da: “Y ya lo ves, y ya lo ves... ¡el que no salta es un inglés!” –Malvinetako auzia kolonialismoa, nazionalismoa, futbola, aldarrikapen sozialak eta petrolioa nahasten dituen koktel-ontzi bat da–. Sindikatuek laster alde egin dute ordea, eta ez da aurrekoetan bezain besteko jendetza bildu, baina Poliziak behintzat bakean utzi ditu jubilatuak.

Jubilatuen elkarretaratze koloretsua. Argazkia: Urko Apaolaza Avila / ARGIA CC-BY-SA
Merchandisinga eta irudi ikonikoak nagusi Buenos Airesen, Argentinako Kongresuko eraikinaren pareko plazan. Argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA CC-BY-SA

Abuztuaren 6an beste mobilizazio handi batek hartu du berriz plaza bera. Kaleko presio horrengatik, Argentinako lur-eremu zabalak atzerritar handikien esku pribatuetan uzteko lege-aldaketaren hainbat artikulu atzera bota behar izan ditu gobernuak. “Bi urteotan lehen aldiz, herritarrek lortu dute ofizialismoak amore ematea”, azaldu dute Crísis aldizkarian. Esperantzarako inflexio puntu bat izan da. Soilik herriak salbatuko du herria... hala idatzi zuen Rodolfo Walsh kazetari eta iraultzaile argentinarrak.

"Hau guztia elkar konektaturik dagoen sistema hidriko bat da, hemen gertatzen den guztiak eragina dauka ibaian behera”
(Yamila De Palacios, OPSurreko ikerlaria)

Neuquen edo Manhattan?

Espaloi hondaturik ez dago Neuquengo (350.000 biztanle) erdiguneko etorbideetan. Patagonia iparraldeko probintzia-hiriburua Manhattanen antza hartzen ari da azken urteetan: luxuzko Hilton hotel bat, merkataritza zentro distiratsua, puntako gimnasioa, eta Vaca Muertara joateko errepidearen bidegurutze nagusian, 23 solairuko etxe-orratzaren hezurdura, YPFren egoitza berria izango dena.

Baina bada beste Neuquen bat, ipar mendebaldeko goi ordokiko auzo periferikoetan, etxolez osatua: adreilu biluziz egindako Neuquen, latorrizko Neuquen, leihoek markorik eta etxeek gasik ez duten Neuquen. Zenbat eta gehiago urrundu, orduan eta latzagoa da ikuspegia. Petrolioaren abaroan milaka etortzen dira lana lortuko duten esperantzan, eta toma deituriko okupazio prozesuen bidez sortzen dira halako auzo lohitsuak, zerbitzu apurrak erakunde sozialen esku utzita.

Neuquengo etxe-orratzak. Eskuineko ertzean, YPFren egoitza berria izango dena eraikitzen. Argazkia: Urko Apaolaza Avila / ARGIA CC-BY-SA

“Ikusten duzue hor arropa zintzilik? Eta hor petrolio-putzua? Ez dugu landa gunera  joan beharrik petrolio industriarekin bizitzeko, hirian bertan ere badaukagu”, argitu digu Felipe Gutiérrez OPSurreko kideak. Centenario deituriko eremuan gaude, eta zikoina bat –lurpetik petrolioa ateratzeko presioa egiten duen garabia– aldiri hauetako paisaiaren parte da. Pluspetrol konpainia hasi zen ustiatzen hidrokarburoa hemen 70eko hamarkadan modu konbentzionalean, eta orain Fluxus brasildarra ari da, bertako enpresa sare oso bat bere agindupean duela. 

Argentinan lehen petrolio putzuak XX. mende hasieran ireki zituzten Chubuten, Comodoro-Ribadavia inguruan, eta gero beste probintzia batzuetara zabaldu ziren. Baina pixkanaka agortzen joan ziren, eta orain iparralderago, Neuquengo ibai-arroko putzu ez-konbentzionaletan jarri dute indar guztia konpainiek, frackingean. 

Neuquengo aldirietan auzo txiroetako jendeak petrolio hobiekin bizi dira. Argazkia: Emiliano Ortiz / OPSur

Kutsatutako chacra edo fruitu-sailak

Limay eta Neuquen ibaiak elkartzen diren tokian gora eginez, udareondo eta sagasti zabalak agertzen dira bide bazterretan, haize patagoniar setatiari aurre egiteko moduan kimatuak. Ehun kilometroko ibilbidean halako 35.000 hektarea chacra edo fruta-sail daude.

“Isuri gehienak ureztatze eremuetan gertatzen dira; fracking putzu batetik kilometro bateko azaleran, ingurumen kalte larri bat gertatzeko arriskua dago”
(Agustín González, Comahueko Nekazal Zientzien Fakultatea)

“Hemengo fruitu landaketa ingelesen asmakizun bat da”, dio Comahueko Unibertsitateko Nekazal Zientzien Fakultateko agronomo Luis Tiscorniak. Ingelesek sistema oso bat sortu zuten fruta esportatzeko: trenbideak, Ingalaterratik eramandako sagar barietateak, ureztapena... Gaur egun fakultatearen egoitza dena ere ingelesek eraiki zuten, Cinco Saltos herritik gertu. Bertan, Agustín González izan dugu bidelagun, Energia eta Elikadura Trantsizioko katedrako koordinatzailea. Petroliogintzak duen eragina ikustarazteko ikerketak eta mapak argitaratu dituzte: “Isuri gehienak ureztatze eremuetan gertatzen dira; fracking putzu batetik kilometroko azaleran, ingurumen kalte larri bat gertatzeko arriskua dago”, azaldu digu. 

Ur horrek pilatutako metal astunek eta kimikoek zer kalte eragiten duten imajinatzea ez da zaila. Kilometro batzuetara dagoen Allen herrian abortuak, azaleko gaitzak eta arnasketa arazoak izan zituzten, “baina petrolio konpainiek emandako diruarekin eraikitako ospitaletik historial klinikoak desagertu ziren”, dio Gonzálezek.  

Comahueko Unibertsitateko Nekazal Zientzien Fakultate ondoan duten sagasti agroekologiko bati buruzko xehetasunak azaltzen. Neuquengo eremu hauek guztiak ureztatze sistemaren bidez ekoizten dira eta frackingak arriskuan jartzen ditu. Argazkia: Urko Apaolaza Avila / ARGIA CC-BY-SA

Salba dezagun Mari Menuco

Maputxeek Puelmapu deitzen diote Andeen ekialdeko lurraldeari. Argentinak XIX. mendean Desertuaren konkista hasi zuenean, jatorrizko herriak sarraskitu eta lurrak lapurtu zizkieten. Ez da kasualitatea orain udalerri askok militarren izenak eramatea: General Roca (jatorriz, Fiske Menuco), Contralmirante Cordero, General Fernández Oro... Baina maputxeek borrokan jarraitu zuten, eta orain ere, estraktibismoaren aurrean aitzindariak dira beraiena den lurra defendatzen.  

"Maputxe herriarentzat historia zirkularra da. Gaur ez daude lurrak sakeatu eta hiltzen gintuztenak, baina kapital inperialista berberak daude atzean. Eraman gure mezua: erresistitzen jarraituko dugu”
(Lefxaru Newel, 
Newen Mapu komunitateko werken-a)

Lurralde hau glaziarretatik jaiotako ibaien meandro, aintzira eta urtegiz josita dago. Horietan nagusietakoa Mari Menuco da –menuco, zingira mapudungun maputxeen hizkuntzan–, inguruko ur erreserba handienetako bat, Neuquengo hiriaren %70 ur edangarriz hornitzen duena. Gaur egun Vaca Muerta proiektuak mehatxaturik dago, petrolio konpainiek haren ertzak eta azpialdea zulatzeko 700 putzu baino gehiagoko emakidak jaso dituztelako. Hortik sortu zen, Salvemos Mari Menuco (Salba dezagun Mari Menuco) kanpaina: “Inguru honetan bizi diren Kaxipayiñ komunitateko maputxeek kontzesio horien berri izan zutenean, eragile ugari abisuan jarri zituzten, horrela hasi ginen”, dio Yamila Del Palaciok, ingurumen antolakuntzan teknikaria eta kanpainan parte hartu duteneko bat. 

Kaxipayiñ komunitateko maputxeek alarma jo zutenean hasi ziren Mari Menuco lakua defendatzeko lehen protestak. Inguruko ertzetan, baita haren azpian ere frackingarekin zulatzeko emakidak lortu dituzte konpainiek. Argazkia: Martín Álvarez Mullally / OPSurrek utzia

Frackingerako zulaketek horizontalki bi kilometro izaten dituzte, baina produkzioa segituan jaisten denez, etengabe aldatzen dituzte norabidez. Putzu batek, batez beste 60 milioi litro ur eta milaka tona harea kontsumitu ditzake –460 kamioi adina–, dozenaka gai kimikorekin nahastuta. Horietako batzuk Mari Menuco erdi-erdian dagoen istmoan jarri nahi dituzte. “Hau guztia elkar konektaturik dagoen sistema hidriko bat da –azaldu digu Del Palaciok, urtegia seinalatzen duen bitartean–, Neuquen ibaiak ura desbideratzeko kanal bat du hor, urtegia elikatzeko, eta ondoren ura berriz itzultzen da. Hemen gertatzen den guztiak eragina dauka ibaian behera”. 

YPFren logoa duten kamioiak behin eta berriz hasi dira pasatzen ondoko lurrezko pistatik, minutuko bizpahiru, asko zabortegira eramateko lur kutsatuez gainezka, estali gabe. Konturatzerako, Vaca Muertaren barruan sartu gara: anakonda deituriko koloretako hodi malgu amaigabeak sigi-saga ura garraiatzen, urrutian gasifikazio planta bat, tximinien distira metanoa erretzen, putzuen zenbakidun kartelak bidegurutze guztietan... Eta horrela, Añeloraino.

Kamioientzako eginak dauden pista eta errepide arre hauetan, bidegurutze bakoitzean putzuak adierazteko seinaleak aurki daitezke, paisaiaren parte. Argazkia: Martín Álvarez Mullally / OPSurrek utzia

Añelon... ez dute gasik

Frackinga hasi aurretik, Añelo 3.000 biztanleko herri txiki bat zen, gaur egun 20.000tik gora ditu: “Kanpamendu-hiri bat da”, dio Martín Álvarez Mullally OPSurreko ikertzaileak. “Etxe bakoitzean ez da familia bat bizi, geletan sei edo zortzi cucheta (ohatze) daude langileek lo egiteko, eta ‘ohe-beroa’ ere praktikatzen da: gaueko txandako langilea etorri eta goizekoak ohea uzten dio”. Hemen lanaldiak hamabi ordukoak dira. 

Álvarez Mullallyk, besteak beste, aurkeztu berri duten Qué perforado está mi valle (Bai zulaturik dagoela nire ibarra) dokumentala egiten parte hartu du Crísis aldizkariarekin batera; ederki ezagutzen ditu hemengo bazterrak. Lehen kolpean ikusten ez den Añeloren errealitate bat deskribatu du: “Guita (diru) asko mugitzen da, Vaca Muertako klientelismoa estatuko obra publikoetakoa baino handiagoa da”, dio. Baina diru hori oso desberdin banatzen da, ingeniari gutxi batzuek asko irabazten duten bitartean, langileen gehiengoa prekarietate hutsean bizi baita.

Leonor Jauregui eta Martín Álvarez Mullally OPSurreko kideak. Behatokia gertutik ari da jarraitzen Vaca Muerta megaproiektuak eragindako kalteak. Argazkia: Antv Nawel / OPSur

Añeloren goiko aldean, barda deitzen dioten ordokietan, obretako etxola prefabrikatuak dira nagusi. “Ez dugu gasik! Ez dugu egurrik!”, hasi da garrasika barrutik 40 urte inguruko gizon bat. 

– Zenbat urte daramatzazu hemen?
– Hamar.
– Eta ez duzue gasik?
– Ez, eta garrafoietarako dirurik ere ez.

Kristalina Georgievaren segizioarekin nahastu gaitu. Egunotan hemendik dabil NDFko burua, Argentinako Ekonomia ministro Luis Caputok eta YPFko zuzendari nagusi Horacio Marínek gonbidatuta. Toki askotan aurki daitekeen paradoxa da: munduko gas erreserba handienetakoan, herritar xumeek ez dute gasik etxeak berotzeko.

Añelo herriaren ikuspegia: modu basatian eta espekulatiboan hazi da, petrolio industriaren ondorioz. Argazkia: Antv Nawel / OPSur

“Erresistitzen jarraituko dugu”

Loma Campana deituriko hobia da Vaca Muertaren bihotza, aorta arteria bat Patagoniaren erdian punpaka. Sismikotasuna asko hazi da parajeotan azken urteetan, batez ere Sauzal Bonito herrian. 2015ean hasi ziren lehen lurrikarak, eta soilik urte hartan 470 zenbatu zituzten. Normalean lurrazaletik gertu izaten dira, hain justu frackingerako zulaketak egiten diren sakoneran, eta ez da kasualitatea. 

Noizbehinka mendi muino artifizial batzuk agertzen dira paisaian. Urarekin nahasten den harea tratatzeko plantak dira. Harea hori Chubutetik edo urrunagotik ekartzen dute trenez eta kamioietan, ezaugarri eta fintasun berezi batzuk izan behar dituelako, eta ondoren kimikoak botatzen dizkiote. “Harea inguru guztian sakabanatzen da haizearen ondorioz”, azaldu digute OPSurreko lagunek. Geruza horixka batek landaredia guztia estaltzen duela jabetu gara: “Silikosia sortzen duela frogatuta dago, eta ahuntzek ere gutxiago umatzen dute, ez dutelako zer janik”.

Vaca Muertan frackingerako erabiltzeko harea mendiak pilatuta; putzu bakoitzarentzat milaka tona behar dira eta urrunetik ekartzen dute. Argazkia: Antv Nawel / OPSur

Halako baldintzetan, naturarekin bizitzea ez da erraza, ez hemen eta ez Neuquenen ere. Hiriaren kanpoaldean, Newen Mapu lof edo komunitatean dagoen ruka eraikin biribilean janari berezia ari dira prestatzen sukaldean: berdura eta haragi zopari, gari-irinez egindako pasta moduko baten zatiak gehitu dizkiote, lurrari eta naturari eskerrak ematen dizkioten bitartean. Errituala belaunaldiz belaunaldi errepikatzen da.  

Neuquengo Newen Mapu komunitatean zopa berezia prestatzen. Argazkia: Antv Nawel / OPSur

Amaieran, Lefxaru Newelek, hango maputxeen werken edo bozeramaileak hitz egin du: “Maputxe herriarentzat historia zirkularra da, eraikin hau bezalaxe. Gaur ez daude Ingalaterrak finantzaturiko argentinar militarrak lurrak sakeatzen eta jendea hiltzen, baina kapital inperialista berberak daude atzean. Vaca Muerta proiektuarekin hasi zirenetik pertsegituenak maputxeak gara berriz ere, eta eraman behar duzue gure mezua: erresistitzen jarraituko dugu”. 

Marieniako lurrak hilabeteren buruan husteko agindu du auzitegiak
2026-09-02 | Urko Apaolaza Avila
ELB sindikatuak eta Lurzaindiak jarritako abereak atera beharko dituzte lurretatik, baina Baionako auzitegiak hilabeteko epea eman die horretarako: "Negoziatzeko oportunitate bat bezala ikusten dugu", erantzun dute... (+)
Lau puntu kardinal, mila dir-dir zeruan
2026-08-14 | Urko Apaolaza Avila
Gauaren iluntasunean izarrak ikusteko, urteko edozein sasoi da egokia, baina seguruenik udan egoten gara lasaien zerura begira, denbora astiroago igaro eta eguraldi ona etortzen denean.... (+)
Argentinako lur eremu zabalak atzerriko esku pribatuetan uzteko legea onartu nahi du ostegunean Mileik
2026-07-15 | Urko Apaolaza Avila
Argentinan milioika hektarea lur atzerriko kapital inbertitzaileen esku uzteko Jabetza Pribatuaren Legea deiturikoa onartzeko prozesua berrabiarazi du Javier Milei presidente ultraeskuindarrak. Uztailaren 16an eztabaida saio... (+)
Gipuzkoa Square (2016)
2026-07-12 | Urko Apaolaza Avila
Kontxako barandan (Donostian) selfieak ateratzea baina gauza giriagorik ez dago, hori jakina da Euskal Herri luze-zabalean. Eta normala den bezala, ustezko turista talde honek halaxe... (+)
gora