Abuztuko euriak, patatak usteldu.

6.000 txerriko makroetxalde proiektuak kezka sortu du Eneritzen

Enerizko (Nafarroa) herritarrak udaletxean bildu ziren joan den irailaren 13an eta txerri etxaldearen sustatzaileak proiektuaren ezaugarriak azaldu zizkien. Entzundakoak ez zituen lasaitu Izarbeibarreko herritarrak.


2026ko irailaren 18a
Txerriak etxalde batean.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Zehazki esanda, etxaldeak 5.934 gizentzeko txerri izatea aurreikusten da, Eneritzetik 2,2 kilometrora egongo da, Nafarroako Ubidetik hornituko da haren urteko 12.072 metro kubo ur kontsumoa, eta 6.911 metro kubo minda sortuko ditu urteko. Herrikoa da sustatzailea eta haren azalpenen arabera, astero 3,3 kamioi ibiliko dira atzera-aurrera etxaldearen jarduera dela eta. Eneritzek 328 biztanle ditu, Iruñetik 23 kilometrora dago hegoaldera eta Garesetik zortzira.

Etxaldearen tamaina kontuan izanik harrigarria bada ere, bi pertsona bakarrik arituko dira lanean bertan, ekoizpen kate osoa oso automatizatua dago eta. Etxaldearen jabeak azpiegitura osoa abiaraziko luke eta animaliak beste enpresa batek jarriko lituzke, bertan gizentzeko. Oraindik ez dute zehaztu enpresa hornitzaile hori zein izango den. Etxaldea 54.789 metro koadroko azalera batean finkatuko da, eta horietako %13an hiru pabiloi eraikiko dira.

Hondakin organikoaren arriskua

Gaur egun Nafarroan ika-mika handia dago lurraldean eraiki nahi diren biometanizazio plantak direla eta, besteak beste, makroetxaldeek sortzen dituzten hondakin organiko kopuru handiengatik, eta horrek dakarren kutsadura arriskuarengatik. Ingurumen taldeek salatzen dutenez, makroetxaldeek eta biometanizazio proiektu handiek elkar elikatzen dute. Enerizko kasuan ere herritarrek beren kezka azaldu dute horregatik. Proiektuaren sustatzaileak azaldu zuenez, urteko sortuko diren 6.911 metro kubo minda 312 hektareatan barreiatuko dira eta hori kudeatzeko 2.900 metro kuboko putzua eraikiko da –igerileku olinpiko bat baino pixka bat handiagoa–.

Herritarren kezkak

Proiektuaren aurkezpenean hainbat herritarrek kezka ugari agertu zuten haien ustez etxaldeak herrian izango zuen eragin txarra dela-eta: mindek lurrean eta ibaietan ekarriko duten kutsadura, ur kontsumo handia, usain txarra, etxeen balioaren gainbehera horrexegatik, herritar kopuruaren jaitsiera herrian –hori gertatu da halako etxaldeak eraiki dituzten Nafarroako herrietako %80an–, ingurumen eragin txarra... Bertaratutako gehienek ez dute ikusten proiektuak herriari ekarriko dion onurarik.

Etxalde handien hazkundea Nafarroan

Animalien hazkuntzan aritzen diren etxalde kopurua nabarmen txikitu da azken urteetan, baina, aitzitik, animali kopurua asko hazi da. Horrek esan nahi du etxalde txiki eta ertainak itxi direla eta handiak eraiki. Bereziki oilasko eta txerri kopuruak handitu dira, ardienak jaitsi eta behiena mantendu. Sustrai Erakuntza Fundazioak eskainitako datuen arabera,  Nafarroan guztira 850.000 txerri buru inguru dira, lurraldean bizi diren pertsonak baino askoz gehiago. Haragi horren gehiengo handia Europako Batasunera esportatzen da, bereziki Erresuma Batua, Frantzia eta Alemaniara.

Nafarroako 200 etxalde baino gehiagok 1.250 txerri baino gehiago dute (150 ALU Azienda Larriko Unitate). Europar Batasunak 2022an ALU kopuru hori jarri zuen muga gisa etxalde bakoitzeko, hortik aurrerako kopuruek ingurumenean eragin esanguratsua dutelakoan. Alabaina, geroago kopuruak 350 ALUraino handitu zituen EBk, eta Nafarroan kopuru horietatik gora daude 80 etxalde baino gehiago. Espainiako legedian, gainera, ahalbidetzen da kasu zehatzetan kopuru horiek %20 handitzea. Sustrai Erakuntzak salatzen duenez, Nafarroan handitze hori ez da kasu batzuetarako bakarrik eta ia eskatzen duten guztiei eskaintzen zaie aukera hori. Enerizko txerri makroetxalde proiektua alegazio fasean dago une honetan.

Corellan (Nafarroa) ere eztabaida handia piztu da aurten, Riberpoc enpresak 7.232 txerriko makroetxalde bat eraiki nahi duelako. Bertako udaletxeak kutsadura arrisku handia ikusten dio egitasmoari eta, gainera, herriko ekonomiari inongo onurarik egiten ez diola adierazi du; horregatik, baimenik ez emateko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Hainbat ingurumen taldek ere proiektuari ezezkoa emateko eskatu dute. 

Sarbil mendiko proiektu fotovoltaikoa geldiarazi du Nafarroako Gobernuak
Ingurumen Departamentuak kaltegarritzat jo du proiektua eta atzera bota du Sarbil mendiko proiektu fotovoltaikoari buruzko ingurumen-inpaktu txostena. Hori dela eta, oraingoz, proiektua bertan behera gelditu... (+)
Lizarrako alkateak gezurra esan zuen osoko bilkuran Ceutako bilkurara joan ahal izateko
Joan den asteazkenean FEMP Espainiako Udal eta Probintzien Federazioak Ceutarekiko elkartasunez bilkura deitu zuen 20:00etarako. Lizarrako udaletxean osoko bilkura egiten ari ziren, baina UPNko taldeak... (+)
30etik gora udalerriri eragingo die hidrogeno zuriaren bilaketa lanek
Joan den ekainaren 5ean Espainiako Aldizkari Ofizialak jakinarazi zuenez, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Aralar 1 proiektuan Mantle8 Iberia SL enpresari baimena eman zion Euskal... (+)
Hidrogeno naturala bilatuko dute Euskal Herriko mendietan: lau pista garrantzitsu
Uda honetan Gipuzkoako eta Arabako ekialdean, eta Nafarroako Iparraldean hidrogeno zuria edo naturala bilatzeko baimenak eman ditu Espainiako Trantsizio Energetikorako Ministerioak. Mantle8 enpresa frantziarrak egingo... (+)
Landare: 34 urte elikadura ekologikoa arrakastaz ereiten
Iruñeko Arrotxapea auzoan eta Atarrabian (Nafarroa) ditu bere dendak Landarek, produktu ekologikoen kontsumitzaile elkarteak. 3.500 bat bazkide, helburu nagusi batekin: ekologikoan kontsumitzea, gertuko ekoizleekin, eta... (+)
gora