Maiatzean elorria lore, artoa lurrean.

Elektrifikazio globalerako mineralen erauzteak merezi al du?

2022tik energiaren auziak toki asko hartu du hedabideetan, baita bazter gero eta gehiagotan ere: landa eremuan azkarki plantatzen dira haizea eta argia elektrizitate bilakatzen dituzten azpiegiturak. Azkarki zabaldu dira ere azpiegitura horien sortzeko materialen inguruko eztabaidak: mineral baliabide nahiko ote den, horien ustiapenak nolako albo-kalteak dituen, erregai fosilak benetan ordezkatuko ote diren... Finean, elektrifikazioa bera zalantzan ezartzen da: merezi al du?


2026ko maiatzaren 27a
Gailu elektronikoen birziklapena hobetzea gakoa izanen da datozen hamarkadetako mineral meatze beharrak arintzeko./ Wikimedia Commons
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Energia ekoizpena gugandik urrunago zenean, gugandik urrun ziren ere horren inguruko debateak. Europako lurretatik ez da petroliorik erauzten –Ipar Itsasoan dago erauzten dena–. Aldiz, litioa badago Portugalgo iparrean, Frantziako Estatuan edota Alemania erdialdean, eta dagozkien meatze proiektuek aurkakotasunak sortzen dituzte, ingurumenean eragin ditzaketen arazoengatik, nagusietakoak ur kontsumoa eta lurpeko uren kutsadura direlarik. Halere, mundu mailan gaur egun meategietatik gehien ateratzen den minerala ez da litioa, ikatza baizik: 2023an, 9,1 mila milioi tona atera ziren lurpetik. 

Erregai fosilek ere kalte handiak eragiten dituzte: erauzketak lurpeko uraren kutsadura, garraioak marea beltzak, erretzeak arnas eritasunak, eta, noski, arazo larriena: klima aldaketa. Horien erauzteko eta fintzeko azpiegiturek ere kobre kopuru oso handiak behar dituzte.  Karbono fosila, erretzen delako atera behar da hainbertze. Erre baino elektrizitatea ekoizten urteak irauten dituzten azpiegituretarako, material gutiago behar da. Halere, konparaketa horretarako kontuan hartu behar da mineral kritikoen erauzketarako mugitzen den harri bolumen osoa: lan hori egin du Hannah Ritchie ikertzaile eta dibulgatzaileak, hainbat argitarapen zientifikotan oinarriturik, eta konklusioa da elektrifikazioak erregai fosilen erabilera baino meatzaritza gutiago beharko duela. Ñabardura interesgarri bat: elektrizitatea ekoizteko materialen behar globalak behera eginen luke, baina ibilgailuetarakoak gora egin daiteke, ez badira hobe partekatzen eta birziklatzen, eta haien iraupena ez bada hobetzen.

Baliabideen erabilera eta horren eraginkortasuna

ARGIAren 2.807 zenbakiko Energia berriztagarrien garatzeko baliabide eskasiak desazkundera behartzen gaitu artikuluan, baliabide mineralen inguruan Simon Michaux aipatzen genuen, bertzeak bertze. Michauxren txosten mardula oso aipatua izan da eremu anglofonoetan. Alta, lan horrek akats asko dauzka, bere konklusioen oinarriak nabarmen ahultzen dituztenak, eta akats horietaz oharturik hemen aipatzea dagokigu. Akats haietarik bat dugu erregai fosilen erabilerak eragiten duen energia galera bera asumitu zuela Michauxk sistema elektrifikatuetan; baina azken horietan eraginkortasuna askoz handiagoa da –bero-ponpak horren adibide esanguratsua izanik–. Bertze akats bat da baterien beharren gainestimazioa, tentsio handiko korronte jarraiko konexioak ez dituelako kontuan hartzen. Konexio horiek ugaritzen ari dira, nagusiki Txinan eta Europan, Indian eta Ipar Amerikan nabarmen ere bai, eta elektrizitatea baterien bidez metatu beharra asko apaltzen dute. Hirugarren akatsa: energia biltzeko litiozko baterien ezinbertzekotasuna suposatzen du Michauxk, gaur egun gehien erabiltzen eta gehien garatzen ari den modalitatea ponpatze zentrala delarik: zentral horiek, gainerako elektrizitate merkea dagoen egunetan, ura urtegi batera igotzen dute, beharrez gero bertatik erabilita elektrizitatea berriz sortzen dutelarik. Redox fluxuzko bateriak ere oso erabilgarriak izan daitezke, eta litiorik edo kobaltorik ez dute behar. Laugarren akatsa: kobrea eroale bakartzat jotzea, alta, aluminioa erabilera askotarakoa izan daitekeelarik, kobrea baino arinagoa delarik eta fabrikatze prozesu errazagoak ahalbidetzen dituelarik.

Eta hemen aipatuko dugun azken akats bat: birziklatze gaitasunak gutxiestea eta, beraz, mineral berrien beharrak gainestimatzea. Murriztu, berrerabili, birziklatu lema ezagunak mineral kritikoentzako ere balio du: meategi berririk ireki gabe, zink meategien zaborretatik indioa (eguzki paneletarako erabiltzen dena) berreskuratu daiteke, berun meategi ohietatik kobaltoa, eta birziklatze prozesuak hobetuz mineral erauzte beharrak askoz murriztu daitezke, 2023an argitaraturiko Energy transition will require substantially less mining than the current fossil system (Energia trantsizioak oraingo sistema fosilak baino meatze nabarmen gutiago beharko du) artikuluak erakusten duen bezala.

Orduan, mugagabe haziko gara?

Elektrifikazio globalerako baliabide mineralak egon badaude, eta horren erauzketak erregai fosilena baino aztarna txikiagoa uzten du. Hala berretsi du 2023an argItaraturiko Future demand for electricity generation materials under different climate mitigation scenarios (Energia elektrikoa sortzeko materialen etorkizuneko eskaria, klima-arintze egoera desberdinetan) artikuluak. Horrek ez du erran nahi arazo guziak konponduak direnik: Hannah Ritchiek oroitarazten duen bezala, mineral kopurua ez da axola izan behar zaigun bakarra: non eta nola erauzten den funtsezkoa da. Gaur egungo ekonomia globalean eta horren indar harremanetan, arriskua da erauzketa aldatzea ingurumen-arau eta lan-legedi ahulak dituzten herrialdeetara –Txinak ekoizten dituen eguzki panelak horregatik dira merkeak–. Prozesu horiek gugandik urrun izanik erosoago bizi gara, baina hurbilago egonik, bazterrak edertzen ez dituzten arren, hobe ziurtatuko dugu ahalik eta kalte gutien sortuko dituztela.

Lehentasuna argi da: gaur egun gauden beroketa global mailan (+1.5 gradutara hurbiltzen ari), klima aldaketaren eraginak modeloek aurreikusitakoak baino gogorragoak izaten ari dira, eta uste baino ezinbertzekoagoa da +2 graduko beroketa muga mailaren azpian geratzea. Honek inplikatzen du erregai fosilen kontsumoa asko murriztea, erabat gelditu arte. Munduan berriztagarrien liderra den Txinaren karbono isurketak apaltzen hasi dira 2025ean, baina ikatza erabiltzen uzteari dagokionez haren 2030erako helburuak ez dira argiak, energia hornidura segurtasunaren izenean. Lurpean ikatzik ez duten hainbat herritan, aldiz, segurtasun horrek bertzelako estrategia bultzatuko luke: Paul Krugman ekonomiako nobel saridunak eta bertze hainbat energia adituk diote petrolio eskariaren zati handi bat desagertuko dela laster, prezioen ezegorkortasuna gustuko ez duten hainbat sektore petrolioa eta gasa erabiltzeari uzten saiatuko direlako, eta horren ordez elektrizitate berriztagarriaren ekoizpenari eta erabilpenari lotuz. Bilakaera baikorra dela erran daiteke, nahiz eta oraindik islatzeke daukagun atmosferako CO2 mailan. 

Ongarri merketzat zuten, baina ez zekiten soroak betiko kutsatzen zituela
2026-03-29 | Nicolas Goñi
Estoldetako uren kudeaketa sekula ez da lan erraza izan. Izan ere, zer egin ur beltz horien araztearen ondorioz sortutako lohiarekin? Non ezarriko da? 1970eko hamarkadan... (+)
EB-Mercosur hitzarmenarekin batera, haragia ekoizteko Amazoniaren soiltzea berriz abia daiteke
2026-02-01 | Nicolas Goñi
Urte hasiera honetan, Amazoniako oihana soiltzetik babesteko 2008tik indarrean den luzamendu pribatu bat bertan behera gelditzeko zorian da Brasilgo Mato Grosso estatuan. Bitartean, Europar Batasuna... (+)
Klima aldaketa indartzen, horri aurre egiteko ahalegina oraindik ahul
2025-12-14 | Nicolas Goñi
2015eko abenduan, duela hamar urte, munduko 195 estatuk Parisko hitzarmena adostu zuten, klima aldaketa murrizteko eta horren eraginei aurre egiteko xedez. Klimatologian eta nazioarteko harremanetan... (+)
Ozeanoek karbonorik irensten ez badute, karbonoak irentsiko gaitu gu
2025-11-02 | Nicolas Goñi
Azkenaldiko hiru ikerketek agerian utzi dute ozeanoaren egoera txarra: planetaren berotzeak planktonaren dinamika eragozten du, eta ondorioz, honek ez du lehen bezainbertze karbono harrapatzen eta... (+)
Muturreko arriskuak hobeki ulertu
2025-09-24 | Nicolas Goñi, Enbata
Azken urteotako uda bukaera guzietan bezala, Ipar hemisferioko suteen kalteak zenbatzen ari gara, eta zenbakiak ikusi arren, oraino zaila zaigu arazoaren munta eta horri loturiko... (+)
gora