Artoak ontzeko erein behar dira garagarrilean; guk erein genituen uztan, horregatik geratu ginen ez buru eta ez buztan.

Ongarri merketzat zuten, baina ez zekiten soroak betiko kutsatzen zituela

Estoldetako uren kudeaketa sekula ez da lan erraza izan. Izan ere, zer egin ur beltz horien araztearen ondorioz sortutako lohiarekin? Non ezarriko da? 1970eko hamarkadan hasi ziren soro eta oihanetan barreiatzen, batez ere Europan eta Ipar Amerikan. Araztegientzat arazo baten konponbidea zen, eta laborantzarentzat doako ongarria. Harri batez bi txori akabatzea zitekeen, lohi horiek hainbat gai toxikoz blai ez balira, horien artean PFAS kutsatzaile "eternoak".


2026ko martxoaren 26a
Araztegietako lohiek hainbat kutsatzaile daramate: botikak eta haien hondakinak, pestizidak, gehigarri kimikoak, mikroplastikoak, gai erradioaktiboak eta PFAS molekulak. Matthias Winker / Wikimedia Commons
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

AEBek eta Israelek Iranen aurka pizturiko gerrak energiaren eta laborantza lehengaien krisia indartu du. Ormuz itsasartetik igaro ohi zen munduko petrolioaren %20 inguru, baita munduko nitrogeno sintetikoa ekoizteko gaien heren bat –gai horietarik garrantzitsuena gasa da– eta munduko sufrearen ia erdia ere. Ipar hemisferioko ereiaro hasieran gertatzen denez krisi hori, ongarrien prezioa asko igoko da, eta dagoeneko elikadura sistemak duen erregai fosilekiko menpekotasuna berriz agerian da. Nola aurkitu soroak ongarriztatzekorik, ohikoa eskas izanez gero?

Badago nitrogenoa, fosforoa, potasioa, materia organikoa eta hainbat nutriente kopuru handitan dauzkan materia bat, ekoizpen oso deszentralizatua duena –kilometro asko egin gabe lor daitekeena–, eta gehienetan dohainik eskura daitekeena, gainera: ur beltzen araztegien lohiak. Zer hoberik asma dezakete laborariek beren soroak ongarriztatzeko? Araztegiek arazo bat gainetik kendu –bertzela tokia eta dirua behar dira lohi horien tratatzeko–, eta laborariek lehengai bat dohainik eskuratu, horri esker ongarri gutiago erosi behar dutelarik. 1970eko hamarkadan, lehen petrolio krisien garaian, hasi ziren Europa eta Ipar Amerikako hainbat tokitan ur beltzen araztearen "albo ekoizkina" diren lohiak soroetan barreiatzen, baita oihanetan ere. Gaur egun, Frantziako Estatuan, lohi horien %70 baino gehiago soroetan barreiatzen da. Oihanei dagokienez, berezko oihanetan baino landaketetan erabili ohi da, zuhaixkak landatu aurretik. Halere, saio guziak ez dira oihaneko landarediarentzat ondorioztagarriak izan, eta ingurumenaren defentsan diharduten hainbat elkartek alerta jo dute, lohien osagai kimiko eta mikrobiologikoen inguruan informazioa eskas zelako.

Nutrienteekin batera, toxikotasuna

1980ko hamarkadaren erdian, lohi horiek merkurio eta berun maila kezkagarriak zeuzkatela ohartu ziren. Gaur egungo lohiek, aldiz, ez dute bi metal horietarik hainbertze, baina bai bertze hainbat kutsatzaile berri: botikak eta haien hondakinak, antibiotikoak –baita horiei bizirauten dieten bakteriak ere–, pestizidak, gehigarri kimikoak, mikro eta nanoplastikoak, batzuetan gai erradioaktiboak, eta nola ez, ospe txarreko PFAS konposatu per eta polifluoroalkilatuak. ARGIAren 2.836 zenbakiko Kutsatzaile eternoen tranpa: lehen zena miragarri orain da hilgarri erreportajean deskribatu genituen, eta molekula horien ingurukoa izan da Frantziako Estatuan Disclose ikerketa-kazetaritza taldeak eta France 3 telebista kateak plazaratu berri duten inkesta. Hainbat eskualdetako milaka hektarea dira kutsadura horrek ukituak; Frantzian, urtean milioi bat tona lohi baino gehiago ekoizten da. Bereziki kutsatuak dira papertegien eta ehungintzaren ur beltzen arazketa lohiak jaso zituzten lurrak. Disclose taldeak erakutsi duenez, Frantzian PFAS gehien isurtzen dituzten 100 industriaguneetarik laurden batek beren hondakinak laborantzan baliarazten ditu. 2024 arte, ehungintzako enpresek beren arazketa lohiak konpostatu eta laborantza soroetara bidaltzen zituzten, lohi gordinek kiloko 2.5 miligramo PFAS izanik ere. Zenbakia agian ez da esanguratsua, baina konparaketarako: Ardennes eta Meuse departamenduetan bada papertegi bat, bere lohietan dagoen PFAS kontzentrazioari dagokionez errekorrak hausten dituena; bada, harena baino lau bider txikiagoa izanik ere, Disclose taldekoek atzemandako kopurua  nahikoa da inguruko hamasei udalerritan iturriko ura edangarria ez izateko.

Alemania hego-mendebaldeko Rastatt hirian, hamalau papertegiren hondakinez eginiko konposta erabili zuten 2006tik 2008ra. Ondorioa: 490 milioi metro kubo lurpeko ur eta 1.100 hektarea lur kutsatuak. Uretan ez ezik, laborantzako ekoizkinetan ere aurkitzen dira PFASak. Kutsadura honen garbitzeak 3.500 milioi euroko kostua izan dezake.

Konponbiderik ba ote?

Europan baino lehenago arazketa lohien bidezko PFAS kutsaduraren arazoaz ohartu ziren Ipar Amerikan. Maine estatua bereziki lehen lerroan egon da, milaka hektarea lur kutsaturik egon ondoren. 2016an izan zen lehen alerta, Fred Stone izeneko behi hazle batek deskubritu zuenean bere ahaide guzien eta behi guzien odola PFASez kutsatua zela. Bere etxaldearen hurbileko putzu batean PFASak detektatu zirela eta, etxaldean hasi zen azterketak egiten: odolaz gain, lurrean, urean, bazkan eta behien esnean ere bazeuden molekula haiek. Ez da egoera hori pairatzen duen etxalde bakarra, 90 etxalde gutienez ziren antzeko egoeran, eta 2019an estatuak zerbitzu berezia sortu zuen arazoari aurre egiteko, gainbegiratzea, ikerketa eta etxaldeentzako aholkularitza uztartzen dituena. Identifikatu dituzten konponbideen artean: uren filtratzea, laboreen aldatzea, eta abereen bazkatze estrategiak moldatzea. Nabaritu dute PFASak gehiago kontzentratzen direla belarrean, artoan baino, eta arto landarean, hostoetan bihian baino gehiago. Kalamuak lagundu dezake PFASak lurzoru batetik kentzen, landareak molekula haietarik asko biltzen baitu, bereziki kate motzeko PFAS motak –ez hainbertze, aldiz, kate luzedunak–. Barazki ekoizleei tomatea, brokolia edota leka haztea gomendatzen zaie, eta hosto-barazkiak ekiditea. Aski argi da hostoek dituztela PFAS gehien kontzentratzen, bereziki landare bizikorren hostoek. Baina oraindik asko dago ulertzeko, adibidez, zein bazka landatu, noiz moztu eta nola bildu, edo egur ikatzak zenbateraino xurga ditzakeen PFASak eta zenbat denboraz.

Halere, arazoa konpondu baino merkeagoa da hasieratik arazoa bera saihestea. PFASen inguruko legeak zehazten hasi dira Ipar Amerikan eta Europan, baina bidea oraindik luzea eta zaila da, industriaren lobbygintza tarteko. Frantzian, adibidez, sukaldaritza tresnak arautegitik at dira oraingoz, SEB enpresak hala eskaturik. Ardennes departamenduan kutsadura pairatzen duten laborariei prefekturak “diskretuak izan daitezen” aholkatzen die. Bitartean, europar gehienok Europak ezarritako maila arriskutsua baino PFAS kopuru handiagoa jarraitzen dugu irensten astero. 

Duela sei urteko udaberrian, etekinak baino bizitzak lehenetsi beharrarekin denak ados ziren. Gaur egun, printzipio hori ahantzi baino, ez litzateke gaizki benetan aplikatzea. 

EB-Mercosur hitzarmenarekin batera, haragia ekoizteko Amazoniaren soiltzea berriz abia daiteke
2026-02-01 | Nicolas Goñi
Urte hasiera honetan, Amazoniako oihana soiltzetik babesteko 2008tik indarrean den luzamendu pribatu bat bertan behera gelditzeko zorian da Brasilgo Mato Grosso estatuan. Bitartean, Europar Batasuna... (+)
Klima aldaketa indartzen, horri aurre egiteko ahalegina oraindik ahul
2025-12-14 | Nicolas Goñi
2015eko abenduan, duela hamar urte, munduko 195 estatuk Parisko hitzarmena adostu zuten, klima aldaketa murrizteko eta horren eraginei aurre egiteko xedez. Klimatologian eta nazioarteko harremanetan... (+)
Ozeanoek karbonorik irensten ez badute, karbonoak irentsiko gaitu gu
2025-11-02 | Nicolas Goñi
Azkenaldiko hiru ikerketek agerian utzi dute ozeanoaren egoera txarra: planetaren berotzeak planktonaren dinamika eragozten du, eta ondorioz, honek ez du lehen bezainbertze karbono harrapatzen eta... (+)
Muturreko arriskuak hobeki ulertu
2025-09-24 | Nicolas Goñi, Enbata
Azken urteotako uda bukaera guzietan bezala, Ipar hemisferioko suteen kalteak zenbatzen ari gara, eta zenbakiak ikusi arren, oraino zaila zaigu arazoaren munta eta horri loturiko... (+)
Munduko auzitegi gorenak klimari buruzko estatuen ardurak argitu izanak ze aldaketa dakar?
2025-09-14 | Nicolas Goñi
Garaipen historikotzat jo dute hainbatek: duela sei urte Ozeano Bareko estatu zaurgarrietako ikasle talde batek bultzaturiko ekimen baten ondorioz, Nazio Batuen auzitegi gorenak iritzia plazaratu... (+)
gora