Astelehenero 8:00etan zure epostan
Errusiak eta Kanadak, munduko bi estatu zabalenek, ezaugarri zonbait partekatzen dituzte: ozeano batetik bertzerainoko hedadura, oihan azalera erraldoia, gari esportazio garrantzitsuak, baita erregai fosilen ustiapena ere. Klima aldaketak gogor kolpatzen ditu bi estatuen oihanak, soroak eta permafrosta, baina erregai fosilak ustiatzeari uztetik oso urrun dira oraindik, bakoitza bere nazio-ikuspegiak mugaturik.
Suteez gain, zuhaitzen hilkortasuna eta izotzaren urtzeak eragindako erosioa dira taiga izeneko lurraldeek pairatzen dituzten mehatxuetako batzuk.NICOLAS GOÑI / ARGIA CC BY-SA
Azken asteotan klima aldaketak Europan eragindako bero uhinek eta lehorteek suteak erraztu dituzte berriro, eta jende asko harritu da Frantziako Estatuko iparrean eta Ingalaterran ere suteak izan direla. Oihanetako suteak eskualde beroekin lotu ohi ditugu, gutiagotan bururatzen zaigu eskualde hotzagoetan ere gertatzen direla. Munduko bioma zabalena oihan boreala da, taiga izenez ere ezaguna. Planetaren lurrazalaren %11,5 estaltzen du; zatirik handiena munduko bi estatu zabalenetan dago –Errusian eta Kanadan– eta munduko berotze maila azkarrenetakoa pairatzen du, bereziki gaueko eta neguko tenperaturei dagokienez. Oihan hura nagusiki pinu gorriz, izei gorriz eta alertzez osatua da. Taigak bere zuhaitzetan baita lurzoruan ere karbono kopuru oso handiak metatzen ditu, munduko oihanen karbonoaren %30 eta %50 artean, alegia. Klima aldaketarekin, karbono hori atmosferan jadanik gehiegi dagoenari gehitzeko arriskua dago.
2024ko urte hasieratik uztailera arte, Errusian –Siberian nagusiki– 8,8 milioi hektarea taiga erre ziren. 2025eko urte hasieratik abuztura arte, bertze 4,5 milioi. Aurten ere goiz hasi da suteen sasoia eta bereziki gogorra da Krasnoiarsk eskualdean. Kanadan, 2024ko urtarrila eta iraila bitartean 5,3 milioi hektarea erre ziren. 2025ean ez zen egoera hobetu, 8,8 milioi hektarea erre baitziren, eta aurten, jadanik ia bi milioi ditu suak eraman. Kanadako suteen inoizko urte txarrena ez da historian urrun geratzen, 2023 baita, erretako 18,5 milioi hektarearekin –Kanadako oihan guzien %5–. Suteak zuzenki indartzen dituzte klima aldaketak ekarritako baldintza beroago eta lehorragoek, baina horri gehitu behar zaio zeharkako eragin pare bat: pinu, izei eta alertzeak hiltzen dituen Dendrolimus superans sitsa iparrerago zabaltzen da tenperatura beroagoekin, eta zuhaitz hil –beraz, lehor– gehiago egonik, sua errazkiago piztu eta zabaltzen da. Hori aski ez balitz, haizeak lurrera botatako zuhaitz kopurua ere emendatu da azken hamarkadetan.
Permafrosta da gutienez bi urtez jarraian izoztua den eskualde hotzetako lurzorua. Lurrazalaren laurden bat inguru hartzen du, eta zatirik handiena Siberian eta Kanadan dago. Izozturik gelditzen deno, biltegiratzen duen karbonoa gordetzen du, baina atmosfera berotu ahala urtzen da eta eduki hori airera isurtzen du. Permafrostak atmosferaren karbono edukiaren bikoitza dauka, eta horren urtzeak gurpil zoro bat elikatu dezake: atmosfera berotuz permafrost gehiago urtu, horrek karbonoa atmosferara isuri eta beraz gehiago berotu.
Permafrostak atmosferaren karbono edukiaren bikoitza dauka, eta horren urtzeak gurpil zoro bat elikatu dezake
Eragin globalaz gain, urtze horrek tokian toki ere badu eragina, permafrostaren gaineko lurzorua literalki kolokan ezarrita. Milioika zuhaitz zuzen okertu dira –horrela errazkiago eroriko direlarik–, lurrazaleko ur isuriak aldaturik hainbat hezegune lehortu dira, erreka batzuetan jalkin gehiago isuri da, eta ehundaka kilometro errepide eta milaka eraikin andeatu dira. Hemendik 25 bat urtera, kalkulatzen da 3,3 milioi pertsona bizi diren kokalekuak kaltetuak izanen direla, azpian duten lurra desizoztearen ondorioz. Hori konpontzeko kostua hamarnaka mila milioi dolarrekoa izan daiteke mendearen bigarren erdian.
Kutsadura gehitu horri: Siberiako Ambarnaya ibaian 21.000 tona petrolio isuri ziren 2020ko maiatzean, urtzen hasitako permafrostean eraikitako andel bat hausteagatik. Kanadan ere halako zorigaitzak gerta daitezke, joan den mendean zehar permafrostaren azpian lurperatzea izan baitzen hainbat hondakin toxikoren “kudeatzeko” modua.
Gaur egun zereal esportatzaile handienetakoak dira Kanada eta Errusia, haien azalera handiarekin alderatuz populazio txikia izateagatik, eta hegoaldeko eskualdeetan munduko lur emankorrenetakoak eta garia ekoizteko klima egokia dituztelako, adibidez Saskatchewan eta Manitoba probintzietan edo Txernozem eta Volga eskualdeetan. Zoritxarrez, lur on horietako klima ezberdina izanen da datozen hamarkadetan. Klima kontinental hezea iparrera aldatuko da, eta bertaratuko da klima estepiko erdi-lehorra, honek estres hidrikoa emendatuko duelarik. Hori horrela, laborantzaren etekina murriztuko. Klima kontinental hezea zabalduko den eskualdeetan, berriz, oihana dago, eta bertako lurrak ez dira hain emankorrak. Gainera, Siberian gero eta urrunago joan, gero eta eskasagoak dira maila industrialeko laborantzak beharko lituzkeen biltegiratze eta garraio azpiegiturak.
Errusia eta Kanada petrolio esportatzaile oso handiak dira: 2024an Errusia munduko bigarrena zen eta Kanada bosgarrena. Sektore horrek nola hartu du hainbertzeko garrantzia, munta horretako albo-kalteak sorturik ere? Betikoa: epe laburreko interesak. Joan den hamarkadan, Errusiako estatuaren errentaren %43 petrolioa eta gasak bermatzen zuten, eta gizarte-segurantza, pentsioak edota funtzionarioen soldatak diruztatzeko garrantzitsuak dira, baita 2022az geroztik abian den gerra diruztatzeko ere. Kanadan ere, 2000-2021 epealdian petrolio eta gasaren sektoreen zergak familientzako dirulaguntza publikoak baino handiagoak ziren. Halako egoera batetik abiatuta, zaila da erregai fosilik gabeko ongizate-estatua irudikatzea. Gainera, bi estatu horietako populazioaren gehiena ez da bizi permafrosta urtzen ari den edo estepa lehorra hedatzen ari den eskualdeetan. Klima aldaketaren eraginak urrunago ditu, beraz, sute erraldoien kea Moskun edo Toronton barreiatzen denean izan ezik.
Errusiaren kasuan, halere, bada izaera politikoa duen beste dimentsio bat ere, Aleksander Etkind historialariak “paleomodernitatea” deitzen duena eta baliabide ustiapenaren etengabeko emendatzean oinarritzen dena. “Paleomodernitate” horrek gizarte hierarkiko eta maskulinistak egituratzen ditu, eta ingurumenari buruzko –beraz klimari buruzko– kezka ez du bere egiten. Feminismoa edota LGBT+ kolektiboa jo-puntuan ditu, halaber.
Kanadan, gisako ideologia egonik ere ez du boterea egituratzen. Klima aldaketa ofizialki aitortzen da, baina gaur egungo lehen ministro Mark Carneyk erregai fosilen ustiapena interes nazionaltzat justifikatzen du, nahiz eta gobernuan izan baino lehen, karbono fosila lurpean utzi behar zela aldarrikatzen zuen. Orain, ordea, erregai fosilen ustiapena interes nazionaltzat justifikatzen du.
Interes nazionaletik interes globalerako jauzia nola egin?
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545