Martxoak hausko edo auri asko.

Landareak laguntzen dituzten onddoen lehen mapa globalak zer erakusten digu?

Aspaldidanik mapatuak dira mundu mailako itsas korronteak, oihan motak edo hainbat txori espezieren banaketak. Baina azken asteotan baizik ez da argitaratu mikorrizen mundu mailako lehen mapa. Mikorrizak landareen eta onddoen artean ematen den elkarketa sinbiotikoa dira eta lan horrek garrantzi handia du, elikatzen gaituzten eta kliman eragina duten hainbat ekosistemaren inguruko gure ulermena asko hobetu baitezake. Eskaintzen duen kuantifikazioak lurzoruen erabilera hobetzeko aukera ematen digu –baldin eta erabilera hori aldatzeko prest bagara–.


2026ko ekainaren 25a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Onddoei oso garrantzi gutxi eman ohi zaie eboluzioaren kontakizunetan. Luzaz Homo sapiens gizakia eboluzioaren gailurtzat jo izan da, erlijioaren eraginez batez ere. Animalietan gizakia bezalako harrapari handiei garrantzi gehiago eman ohi zitzaien mamorroei edo zizareei baino, eta animaliei orokorrean landareei baino gehiago, azken horiek benetako bizidunak ez balira bezala. Zer esanik ez onddoei dagokienez, egur ustelean garatzen diren gauza bigun horiek. Alta, ez da lan makala egin dutena: Lurraren historian, bizitza ozeanoetatik lehorrera zabaldu zenean mikorrizek landareak lagundu zituzten, Eskozian aurkitutako 400 milioi urteko fosilek erakutsi bezala. Landareekiko lehen elkarketa horrek lurzoruen garapena ahalbidetu zuen, landare lurtarrentzako ura eta mineralak eskuragarriago bihurturik. Lehen ekosistema lurtarrak ez ziren gauzatuko onddorik gabe.

Landareak onddoari gluzidoak ekartzen dizkio eta onddoak landareari lurzoruko mineralak. Horra mikorrizen funtzionamendu sinbiotikoa, eta landareari mineralak hornitzeko orduan eraginkortasun erraldoia dute. Hazi bat ernamuintzen denean, lehen erroek ile bereziak garatzen dituzte, eta horien bidez xurgatzeko ahalmena hamar bider emendatzen da. Mikorrizen bidez, berriz, xurgatze azalera 100 bider eta xurgatzeko ahalmena 10.000 aldiz handitzen dira, hurrenez hurren. Erroekin alderaturik, mikorrizak martxan ezartzeko ehun bider energia gutiago erabili behar du landareak. Ez da harritzekoa, beraz, landareen %90 baino gehiagok mikorrizak garatzea. Mikorriza gehienen harizpiak mikroskopikoak dira –milimetro baten ehuneneko diametroa dute–, eta landareari ur eta mineralen xurgatzearen lanik handiena bermatzen diote. Batezbertzekoan, landareek xurgatzen duten fosforoaren %80 eta nitrogenoaren %20 mikorrizen bidez eskuratzen dute.

Mapa berriak zer informazio dakar?

Mikorriza gehienek mikroskopioan begiraturik zuhaixka itxurako egiturak dituzte, eta horregatik “arbuskularrak” deitzen zaie. Halakoek landareen %70-80 ingururekin elkarketa sinbiotikoak egiten dituzte, eta haiek izan dira ikerketa berri baten gaia: Global density and biomass of arbuscular mycorrhizal fungal networks (Mikorriza arbuskularren onddo sareen dentsitate eta biomasa globala) eta Science aldizkarian argitaratua izan da. Lehenbiziko aldiz mundu mailako mikorrizen mapa aurkeztu dute egileek. Kalkulatu dute munduko lurzoruetako lehen 15 zentimetroetan mikorriza sareen luzera totala 110 × 1017 kilometrokoa dela, hau da ehun eta hamar bider ehun mila bilioi kilometro. Sare horien milimetro bakoitzak landare bat edo gehiago hazten laguntzen du. Sare horiek denera hirurehun megatona inguruko biomasa dute, hau da gizaki guzien karbono masa bider bortz. Karbonoaren ziklo globalean garrantzi oso handia dute, beraz, eta landareak hazten laguntzeaz gain lurzoruak egituratzen dituzte. Zeregin guzti horiek betetzeko duten ahalmena aldakorra da tokian tokiko baldintzen arabera, eta hori zen mapatzearen xede nagusia.

Kakahuete  landare erro batean mikorriza noduluak.

Mapa berri honi begiraturik, ohartuko gara mikorriza arbuskular dentsitate handienak ez direla Amazoniako oihan sakonenean (uste genezakeen bezala), baizik eta Andeetan puna deituriko belardietan, Floridako Everglades eta Hego Sudango Sudd hezeguneetan, edota Tibeteko eta Afrika Hegoaldeko Kalahari estepetan, bertzeak bertze. Belardiak bereziki garrantzitsuak dira mikorrizentzat, belarrek zuhaitzek baino karbono gehiago ematen dietelako, eta ekosistema haietan karbono gehiena lurzoruan delako –beraz, suteen aurrean ez dira hain zaurgarriak–. Gugandik hurbilago, Pirinioak eta Kantauri itsas bazterra dira mikorriza askoko guneak. Aldiz, Gaztela eta Leon edo Landak bezalako soro edo monolandaketa zabaleko guneetan, mikorriza dentsitateak apalak dira.

Horrez gain, ikerketan konparatu dituzte landutako eta landu gabeko lurzoruak, ekosistema ezberdinetan. Sorpresarik gabe, lurra lantzeak eskualde gehienetan kalte egiten die mikorrizei. Goldatzeak berak egiten duen kalte zuzenaz gain, gehienetan fosforo eta nitrogeno asko barreiatzen da –nutriente horiek kopuru handitan izanik, landareek karbono gutxiago ematen diete mikorrizei– eta pestiziden artean fungizidak dira erabilienak. Batezbertze, erdira murrizten da mikorriza biomasa lur landuetan, baina galera ez da eskualde guzietan berdina, eta kalte handiena eskualde lehorretan gertatzen da.

Lurzoruentzako ulermen eta interes eskasa

Zergatik itxaron behar izan dugu 2026ko ekaina arte mikorrizen lehen mapa globala ikusteko? Alde batetik, aitortu behar da mikorrizak ikertzea ez dela azaleko fenomenoak aztertzea bezain erraza, lurzoru lagin ttikiak banaka analizatu behar baitira. Lan horretan egin dituzten estrapolazioetarako ikasketa automatikoko algoritmoak erabili dituzte, duela hamarkada bat ez zirenak hain garatuak. Baina berandutze horrek gizarte industrializatuek lurzoruekiko duten ulermen eta interes eskasa ere islatzen du, XX. mendeko agronomia eredu nagusiaren ondorioz. Oraindik kostatzen zaigu lurzoruak ekosistemak direla aintzat hartzea, eta ez bakarrik landareentzako nitrogeno belakiak.

Ikerketa honen ko-autore den Toby Kiersek dioenez, “mapa horren bitartez, sistema bat existitzen dela jakitetik, non garatzen den, zein trinkotasun duen eta non den mehatxatua jakitera pasa gara”. Kontua da zer egingo dugun orain informazio horrekin. Argi da mikorrizen aurkako mehatxu handiena lurzoruen lantzea dela. Ezaguna da datozen hamarkadetan muturreko eurite eta lehorteak maizago gertatuko direla, eta halako baldintzei askoz hobe egiten dietela aurre lurzoru biologikoki egituratuek. Hau da, karbono kopuru eta jarduera biologiko handia duten lurrak, euriteak xurgatzeko ahalmen handikoak eta lehorte garaietan ura landareentzat eskuragarriagoa dutenak.

Laborantzan horrek dakarren eraldaketa ezin da gauzatu laborarien eta kontsumitzaileen esku utziz soilik, laborantza politikak horretara bideratu behar dira. 

Elektrifikazio globalerako mineralen erauzteak merezi al du?
2026-05-31 | Nicolas Goñi
2022tik energiaren auziak toki asko hartu du hedabideetan, baita bazter gero eta gehiagotan ere: landa eremuan azkarki plantatzen dira haizea eta argia elektrizitate bilakatzen dituzten... (+)
Ongarri merketzat zuten, baina ez zekiten soroak betiko kutsatzen zituela
2026-03-29 | Nicolas Goñi
Estoldetako uren kudeaketa sekula ez da lan erraza izan. Izan ere, zer egin ur beltz horien araztearen ondorioz sortutako lohiarekin? Non ezarriko da? 1970eko hamarkadan... (+)
EB-Mercosur hitzarmenarekin batera, haragia ekoizteko Amazoniaren soiltzea berriz abia daiteke
2026-02-01 | Nicolas Goñi
Urte hasiera honetan, Amazoniako oihana soiltzetik babesteko 2008tik indarrean den luzamendu pribatu bat bertan behera gelditzeko zorian da Brasilgo Mato Grosso estatuan. Bitartean, Europar Batasuna... (+)
Klima aldaketa indartzen, horri aurre egiteko ahalegina oraindik ahul
2025-12-14 | Nicolas Goñi
2015eko abenduan, duela hamar urte, munduko 195 estatuk Parisko hitzarmena adostu zuten, klima aldaketa murrizteko eta horren eraginei aurre egiteko xedez. Klimatologian eta nazioarteko harremanetan... (+)
Ozeanoek karbonorik irensten ez badute, karbonoak irentsiko gaitu gu
2025-11-02 | Nicolas Goñi
Azkenaldiko hiru ikerketek agerian utzi dute ozeanoaren egoera txarra: planetaren berotzeak planktonaren dinamika eragozten du, eta ondorioz, honek ez du lehen bezainbertze karbono harrapatzen eta... (+)
gora