Salbatore, baba lore

Sasoiko lanak: garaian, garaikoa, garaiz

Gaur, 2026ko irailaren 22a
Eguzkia 07:53 20:04
Ilargia 18:13 03:04
Ilargia
ilgora

Ilgora Ira. 18 Urr. 2

ilberri

Ilberri Ira. 11 Ira. 26

Biodinamikoa
Sustraia

0:00 - 24:00 Sustraia

Iturria: Euskalmet, AEMET, Meteo France eta Ilargiaren Egutegia

ASTEKO LANAK: 2026ko 39. astea, irailaren 21etik 27ra

Perrexila erein: maiatzekoa urte osorako, irailekoa betirako

Aste osoa ILGORA

Irailaren 26an 18:49 ILARGI BETEA, bitartean ILBERRI, ondoren ILZAHAR

Perrexila erein: maiatzekoa urte osorako, irailekoa betirako. Ilgora hau osoa ona izango da baina egun aproposak 26 arratsaldea, 27 eta 28 eguerdi-artea izango dira.

Baratzerako ereintza: tipulina, tipula gorria eta zuria, berdetarako baratxuria, Daikon arbi zuria, errefautxoa, errukula, eskarola, ziazerba, babarrun motza, leka motza, leka luzea, patata, tomatea, alberjinia eta piperra. Berotegirako ereintza: tipulina, tipula gorria, Daikon arbi zuria, errefautxoa, errukula, uraza, eskarola, txikoria, kukulua, borraja, apioa, ziazerba, borraja eta azenarioa.

Baratzean landatzea: porrua, aza, azalorea, erromaneskua, brokolia, uraza, eskarola, txikoria, kukulua, orburua, kardua, erremolatxa, ziazerba, borraja eta marrubia. Berotegian landatzea: azalorea, brokolia, uraza, eskarola, txikoria, kukulua, ziazerba, borraja, mihilua, apioa eta arbi-apioa.

Aste honetarako lan egokiak: su egurretarako pagoa bota. Sustrai lodiak eta errizomak dituzten lore landareak birlandatu. Neguko loreen erreboilak landatu. Berdetarako baratxuria “erein”.

Kuia aleei lurra kendu, azpian zerbait jarrita.

Landare usaindunak banatu eta landatu: menda, ezkaia, izpilikua

Udazken-negurako azken aza jendea eta porrua landatu.

Txertatutako landareetan txertoaren azpitik hazitako altsumak kendu.

Udako begiko txertaketa garaia da. Sasoia lehorra badoa, txertoa egin aurretik sakon ureztatu mentu oina.

Soropila areatzeko garaia da. Hondarra ere eman daiteke, baita ongarria ere lehen eman gabe badago.

Soropil eta belardi berriak sortu eta lehengoak osatzeko hacia erein.

Haziak jaso nahi ez ditugun lorategiko landareetan lore iharrak kendu, indarra lore berriak ematera bidera dezaten.

Sustrai lodiak eta errizomak dituzten kala eta tankerakoak orain atera lurretik eta ugaltzeko banatu eta birlandatu.

Neguan loratuko diren erraboilak landatu: idi-bihotza, iazintoa, nartzisoa eta abar.

Hortentsia, arrosa eta tankerakoan aldaxkak egin ugaltzeko.

Lizar adarrak moztu bazkatarako. Orain zuzenean aziendari emateko edo negurako zatukatan bilduta jasotzeko.

Fruta arboladia edo azienda gehiago larretuko ez den belazeak ongarri erdi onduarekin ongarritu daitezke.

Peoniak ipurditik atera eta banatuta birlandatu.

Era guztietako haziak bildu, lehortu eta jaso.

Arbolen hazi handiak geruzatu, ontzi batean hondar artean babestuta jarri, kanpoan eta heze eusteklo ureztatu.

 

 

Lan bereziak

  • Txardango premia
    Txardango premia

    Fruta arbola batzuek fruitua oso goiz ematen dute, hilabete gutxitan fruituaren lanak eginak dituzte: loretik alera hiru edo lau hilabete eta kitto.

    Beste arbola batzuek sei edo zazpi hilabete behar izaten dituzte fruitua heltzeko.

    Fruta arbola horien adarrek ikaragarrizko lana egin beharko dute, fruitua duten guztietan, kilo mordoskari eusten. Azkenean adar guztiek makurtuta amaituko dute. Eutsi behar duten zama hainbesterainokoa da non zenbaitetan, krak, zartatu eta apurtu egiten diren. Hori arbolarentzako oso txarra da, buelta ematen urte asko kostako zaio, saio horretan galtzen ez bada. Horregatik, arbola fruitu askorekin zamatuta ikusiz gero, ahal den azkarren muturrean txardangoa duten hagekin heldu. Izan txardangoak beti eskuera.

    Joannes Etcheberrik esan zuen 1627an: “Ezen nola beherera arbola burdatua / xardangoaz erortzetik baita sustengatua”.

  • Erraboilak jaso eta babestu
    Erraboilak jaso eta babestu

    Neguan loratu ziren erraboilak udan jaso ditugu eta orain loretan daudenak (daliak eta abar) gero jasoko ditugu. Ondo lehortu, lurra kendu eta toki fresko eta ilun batean jasotzen dira.

    Horiek jateko tentazioa uxatzeko kanelatan igurtzi, ez da jalerik hurbilduko.

  • Ilena meteorologoa da
    Ilena meteorologoa da

    Ilenak (Calendula officinalis) baratze guztietan beharko luke. Aingeru-lore, baltsamo-belar, ebaki-belar, hilerri-lili eta errotapitxila ere esaten zaio. Gaitzen eta izurriteen aurkaria da. Sendabelar ezaguna eta ukendu eta oliogintzan erabilia.

    Eta meteorologo fina da. Oso sentikorra da higrometriarekiko: eguraldi lehorra denean loreak irekiko ditu eta euriaren beldur baldin bada laster itxiko.

    Erlazionatutako landarea: Ilena

  • Artirina herbizida
    Artirina herbizida

    Baratzean eta lorategian gure gustuko diren barazki eta landareen artean azaltzen diren beste belarrak, “belar txarrak” esaten diegun horiek, enbarazu izugarria egiten digute. Belar horiek gehienak lurrean dauden edo kanpotik etortzen diren hazietatik sortzen dira. Itxura denez, artoaren irinak duen fekulak haziak ernatzea eragozten du. Berez ez da herbizida bat, ez ditu belarrak hiltzen, baina belar horiek sortzea zailtzen du. Lurraren gainean zabaldu eta bertan utzi egiten da.

  • Geranioak ugaldu
    Geranioak ugaldu

    Aldaxkak edo kimuak erabiliz geranioak ugaltzeko garai ona da hilabete hau; baita urriaren hasiera ere. Neguko hotzena iritsi aurretik itsasteko aukera izango du eta udaberrian indarrean emango du landare berria.

    Geranio bat gustuko duzunean hamar zentimetro inguruko muturra moztu, punttako bi hostoak ezik besteak kendu.

    Zauria lehortzen utzi 2-3 orduz.

    Lurra eta laurden bat hondar nahasi. Han landatu hostoetaraino lurrean sartuz. Nahi bada hormonekin lagundu (dilistak, zumea...).

    Itzaletan eduki eta lurrari lehortzen ez utzi.

    Itsastean loreontzi handietan landatu eta neguan kanpoan mantendu, toki argitsu eta babestu batean.

  • Nola zaindu Koral koxkorrak edo oilo begia (Ardisia crenata)
    Nola zaindu Koral koxkorrak edo oilo begia (Ardisia crenata)

    Etxe barruko landare honek argi asko behar du, baina eguzkitan ez jarri.

    Neguan ahal bada, 10 °C-tik gora mantendu beti; hala ere freskura ere komeni zaionez, berogailuetatik urrundu. 15 °C inguruan denboraldia igarotzea komeni zaio, horrela loraldi ona izango du.

    Lurrari beti heze eutsi, baina ito gabe. Udan lasai ureztatu, negu partean urrixeago. Maiz lainoztatu.

    Udaberrian kimatzea komeni da.

    Landarea ahuldu bada, udaberrian behe-behetik (10 cm-ra) ebaki eta berrituko da.

    Hazkunde sasoian, apirila-iraila artean, ureztaketa-urari ongarri likidoa gehitzeak mesede egingo dio.

    Nekez hazten den landarea da, beraz, zaindu beharrekoa. Hostoak galduz gero zaila du bere itxura berreskuratzea. Beraz, kontuz haur, zakur eta abarrekin.

    Ugaltzeko: udaberrian haziak erein edo udaberri-udan 7-10 cm-ko zurtoin-aldaxkak landatu.

    Azalpen guztiak: Etxeko landareak liburuan

  • Nola zaindu begonia orinduna (Begonia maculata)
    Nola zaindu begonia orinduna (Begonia maculata)

    Brasildik mundu guztira zabaldu da etxe barruko eta kanpoko landare eder hau.

    Argi asko behar du. Beraz, etxeko leku argitsuenean jarri. Eguzki ahulean ordu batzuk igaro ditzake, galdatan ez ordea. Kanpoan toki babesean ederki bizi daiteke. Hostoen kokapena orekatu nahi izanez gero, noizbehinka loreontzia giratu.

    Toki bero eta lehorrak ez ditu atsegin. Lurra heze mantentzea garrantzitsua da. Udan lurrazala lehortu ahala ureztatu. Neguan ur gutxi behar du, baldin eta toki bero-­beroan ez badago. Inguruko airea lainoztatu, baina hostoak zuzenean sekula ez, gaitzek segituan erasotuko liokete-eta.

    Tarteka kimatu, loraldiaren ondoren batik­ bat, landarea ez zarpailtzeko. Urtean behin behinik bai, udaberri hasieran. 

    Udaberriro lurra berritu.

    Ugalketa: Hostoa lurrean sartu erdiraino edo zurtoineko kanabera aldaxka gisa landatu udaberri-­udan.

     

Iraileko lanak

Erein

Baba, ilarra, errefaua, errukula, eskarola, ziazerba, erremolatxa, perrexila, perraitza edo apoperrexila, ardi-mihia, kertxuna edo berroa, martorria, mendaroa, azenarioa, tipulina eta tipula zuria eta gorria.

Berotegirako: tipulina, arbi zuria, errefaua, uraza, eskarola, txikoria, kukulua, ziazerba, borraja, azenarioa eta apio-arbia

Landatu

Porrua, aza, azalorea, erromaneskua, brokolia, uraza, kukulua, eskarola, txikoria, orburua, kardua, erremolatxa, mihilua, apioa, apio-arbia, zerba, ziazerba, borraja eta toki hotzetan marrubia.

Berotegian: uraza, eskarola, txikoria, kukulua, ziazerba, borraja, mihilua, apioa eta apio-arbia.

Ongarri berdea erein: oloa, zekalea, zalkea edo txilarra edo txirta...

Belar finak eta usaindunak ugaltzeko zatitu edo aldaxkak egin: porru-tipula, arraixka, oreganoa, erromeroa, salbia, ezkaia, azitraia, izpilikua...

Beharrezkoa bada, tratamenduak egin: mahatsondoaren gorrina...

Udako edo begiko txertoak egin, bereziki gereziondoarentzako sasoi egokia da.

Usteldu diren fruituak arbolpetik bildu eta, batez ere, gaitzak jotakoak badira, luarraren edo simaurraren pilara ez bota. Onena erretzea.

Haziak jaso eta hondarretan geruzatu edo estratifikatu.

Iraila edo garoila, izenak dio sasoiaren berri, azpitarako inaurkinarena: garoa, ira, iratzea, iriztorra, inistorra...

Udazkenean landatuko ditugun zuhaitzentzako zuloak egin.

Su-egurretarako pagoa bota.

Hilaren hasieran lizar adarrak moztu eta zatukak deitzen diren sortatan jaso, hosto iharra neguan aziendari emateko.

Belardia sortzeko, edo saretutakoa osatzeko hazia ereiteko sasoia.

Sustraiak lodiak edo errizomak dituzten landareak (kala, iris, nartziso, aster, doronicum, zitori arrunta...) atera, banatu eta landatu.

Neguko loreen erraboilak landatu: idi-bihotza, mugeta, hiazintoa, nartzisoa, irisa, fresia...

Aldaxkak egin eta landareak ugaritu: arrosa, hortentsia, geranioa, fuksia...

Hostaia ihartutakoan peoniak ipurditik atera, banatu eta landatu. Hotz handia izango bada lurreztatu, eta udaberrian lur hori kendu.

Txertu sasoia da: arrosondoak eta abar.

Hostoa galtzen duten hesiak kimatu.

Haziak bildu eta lehortu ondoren argirik sartzen ez den ontzi batean jaso.

Hostaiari eusten dioten landareak landatzeko sasoia hasiko da hilaren bukaera aldera: koniferoak, ezpela, gorostia... Baita igokari guztiak ere.

Iraileko uzta

Bertakoa eta sasoikoa.
Hilabete honetako kalitatezko barazkiak.
gora