Asteroko buletina
Urrietan arno berri, dupetan limurtzen ari.

Landarepedia

Alberjinia

Solanum melongena

[Jakoba Errekondo]

Urteko landarea. Fruituak jaten dizkiogu. Asian osoan ezin hobeki lantzen dute. Arabiarrek ekarria da gurera. Aldaera asko dago: zuria, beltza, luzea, borobila...

Mainatia da alberginia. Esaerak dionez, alberginiak ongi egiten dakiena da baratzezain ona.

 

Oinarrizko premiak

Berozale amorratua da. 20ºtik behera ez da hazten. Eguzkibegian aldatu eta ahal den eta lekurik babesenean. Janari asko eskatzen duenez, aldatu aurretik lurrari ongarria eman suelto. Ondo heldu gabekoa ere onartzen du. Lur hezea atsegin du, baina harroa bada. Toki lehorregian badago, lurra inaurkinez estali.

 

Noiz zer lan

Martxoan aurrera haziak erein (otsailetik apirilera) eta maiatza aldera, lurra ondo berotu denean aldatu. Aurretik alferrik da, argi ordu asko behar du eta. Maiatzeko ilgoran. 60 cm-ko tartea eman.

Hasieran enbor bakarra utzi. Gero, metro erdia hazi denean, kimatu, zabaldu dadin. Hiru edo lau adar utzi eta hauetan bigarren lorearen ondorengo hostoaren gainean kimatu. Arbatzea eta lurreztatzea komeni da. Lurreztatzeko jorraldi bakoitzean ondutako ongarria eman. Landareko, gehienez ere, 8-10 bat fruitu utzi. Ale handiak nahi izanez gero aurreneko 4-5 aukeratu eta ondorengo loreak kendu. Fruitua hazten ari denean ura behar du; lehortea bada ureztatu.

 

Uzta

Erein eta 150 bat egunera eta aldatu eta ehunen bat egunera jasotzen hasiko gara. Uztailetik urri aldera arte loratuko da. Azala distiratsua duen artean jaso; distira galdutako azalak zahartu dela adierazten du eta, dagoenerako, mamia iruditua eta mikaztua egongo da. Jasotzerakoan txortena labanaz edo moztu, bestela landarea hautsi daiteke. Lehenengo fruituak, txorten nagusiaren ondoan daudenak hazitarako utzi, bertan ondo heldu arte; horitzera jotzen du. Orduan eguzkitan jarri, usteltzen hasten denean haziak atera, garbitu, eguzkitan lehortu eta jaso.

 

Gaitzak eta izurriteak

Mildiua, zurina, patata zomorroa, bareak eta barraskiloak, zorriak eta euli txuria (negutegian).

 

Nor norekin

Alberginiak aldatzean, tartean urazak, edo eskarolak edo errefauak jarri. Haiek etorri bitartean hauek ederki jango ditugu.

Babarrun motzarekin eta lekarekin ongi moldatzen da. Alberjinia eraso dezakeen patata-zomorroa uxatzen dute.

Aldamenean piperrak izatea atsegin du. 

Borraja inguruan badu, hark erakartzen dituen intsektu polinizatzaileak ederki baliatuko ditu.
Baratxuria ere gustuko laguna du.

 

Trikimailuak

Loreak ireki ahala ur epelez busti, polinizazioari laguntzen dio.

Haziak, erein aurretik egun batzuz hozkailuan eduki.

Jorraldiero, ondutako luarra edo simaurra gehitu. Asko behar duen landarea da.

Aleak hartu dituenean muturrak kimatu, askoz ere hobeto haziko dira.

Kontuz bere aldamenean, arantza zorrotzak ditu!

 

Kontuz bere aldamenean, arantza zorrotzak ditu. 

atzera

Erlazionatutako jakingaiak

Petuniaren ikuskizuna
2023-06-26 | Jakoba Errekondo
Petunia loreak ireki eta ireki ari da eta ni berari begira leihotik barrena. Batera, Sergei Prokifieven musika entzuten ari naiz, bai, Ukrainako Donetsko Sontsivkan 1891n... (+)
Alemana izan edo ez
2015-11-08 | Jakoba Errekondo
Ziabelar horiak (Galium verum) adina kumarina edo gehiago du bere ahizpa ziabelar usaindunak (Galium odoratum). “Kumarina” izena gai hori erruz duen tonka zuhaitzetik datorkio, Dipteryx... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora