Asteroko buletina
Elorria lora, artoa lurrera.

Landarepedia

Errefaua

Raphanus sativus

[Jakoba Errekondo]

Lagun zaharra dugu errefaua. Egipton Keopseko piramidean marraztua omen dago, duela ia 5.000 urte! Errefaua, tipula eta baratxuria jaten omen zuten piramideak egin zituzten langileek.
Lur azalean hazten den sustrai gizendua da errefauari jaten dioguna. Min punttua du eta horixe estimatzen zaio. Ohikoenak borobil antzeko, gorri, ttikiak dira (Raphanus sativus var. sativus). Hala ere gero eta gehiago ikusten dira Asia aldetik etorri berriak diren “mooli” edo “daikon” multzokoak (Raphanus sativus var. longipinnatus), hau da errefau handi, koniko, luzexka eta zuriak.

 

Oinarrizko premiak

Goizekoak nonahi etorriko dira, baina udan ereindakoak itzal pixka bat eskertzen dute. Simaurrik ez bota, aurrekoari emana bada hobe. Gose izango direla uste badugu, simaur pittin bat bota, zahar-zaharra. Karea gustatzen zaie.
Ura behar dute. Sustrai gozo eta xamurra nahi badugu urik ez zaio falta behar.

 

Noiz zer lan

Txiki gorriak erein eta egun pare batera ernatzen dira. Hilabetera jateko moduan izaten dira. Apirilean ekin eta uda amaiera arte ilbeheraero erein. Aldiero pixka bat. Errenkan edo sailean, nahi duzun bezala. Pittin bat estali. Asko jaio badira bakandu. Azkenean ereindakoek giro hotzagoak izango dituzte eta denbora gehiago beharko dute, baina goxoagoak izango dira.
Daikon erako handiak, negurako egin ohi dira. Udaran erein, uztailean ahal izanez gero. Sailean edo errenkan, errenken artean 25 cm eta batetik bestera 15 cm utziz.

 

Uzta

Erein eta 4 astera biltzen hasi. Ez utzi zakartzen. Handi baina gogor eta lakarra baino hobe da txiki-txiki xamurra. Negukoak, nahi izatera, atera eta hondar artean toki hotz eta lehor batean jaso daitezke. Behin izotzak harrapatuta, lurrean ez dira gehiago haziko.

 

Gaitzak eta izurriteak

Kontuz bare eta barraskiloekin, hosto xamurretan otordu ederrak jotzen dituzte.
Altisa deritzon intsektu batek erasotzen du, hostoa zulatuz. Txikitan kalte larriak eragin ditzake.
Azaren euliak ere bisita dezake.

 

Nor norekin

Errefauak duen usain garratzak intsektu asko uxatzen du. Ilarrak, urazak, azak, azenarioak, espinakak eta tomateak lagun ona dute errefaua. Alberjinia, angurria eta tarte handia behar duten beste edozeinen tartean erein, hura etortzerako hauek janda.
Luzokerra ez du gogoko.

 

Trikimailuak

Hostoak espinakak bezala jan daitezke.
Errefau mota asko dago, zalantzarik gabe saiatu, sukaldean ere eskertuko duzu.
Errefau biziak nahi izanez gero, mihiluaren aldamenean jarri.
Babarrunaren aldamenean ederragoak haziko dira.

 

Baratzeari ekiteko landare errazenetakoa da. Haurrek ere gustuko dute, azkar hazi eta etortzen baita. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora