[Jakoba Errekondo]
Patatari buruz zer esan? Gure elikadurako oinarrietako bat da, izan ere zenbat zor diegu hegoamerikarrei.Patata landare iraunkorra da berez. Bakean utziko bagenu, urtero berrituz bertan ederki biziko litzateke. Aitzurrez azpitik jo eta lurpeko tuberkuluak kentzen zaizkio. Milaka urte asko dira hori egiten diogula. Munduan jaten den laugarren jaki garrantzitsuena da eta ehunka aldaera daude. Ameriketatik ekarri zen gurera XVI. mendean, baina lorategietan eta kapeletan apaingarri eta ukuiluetan aziendarentzako jatena izan zen. Goseteek akuilatuta XIX mendean gure mahaietan hedatu zen.
Patata landareak sustraietako tuberkuluetan erreserbak pilatzen ditu. Mastra edo hostaia mardula indarrean bada, energia gainezka, erreserba gehiago, tuberkulu edo patata ale gehiago eta handiagoak. Gero, hosto tartetik loreak azalduko ditu eta hauetatik fruituak. Fruituak, tomate txikiak bezalakoak; ez dira alferrik familia berekoak.
Lurpeko tuberkuluak jaten dira. Tuberkulu aukera izugarria da: forma, azala, mamia, tamaina, dasta... Mundu asko dira patatatarrak, zeuretzako!
Gogoan izan: patatari luberria gustatzen zaio. Luberria zer da? Baso, txara, otadi, sasi edo belardi izan dena gorritu eta lehen aldiz lantzan den lurra. Lurrik naturalenak eta aberatsenak! Hori gustatzen zaio patatari: lur joria, oparoa eta sakona, erraz drainatzen dena.
Sasoi freskoak atsegin ditu, 15-20º C artekoak. Beroa ez zaio gustatzen. Geurean neguan edo udaberrian ereiten da, bero handienetarako uzta bildua izateko. Patatak 5-6 arteko pH-a nahi du, oso azidoak diren lurrak bakarrik karetu.
Baratze arruntean egitez gero, materia organiko asko eman. Simaurra, konposta edo dena delakoa erruz eman. Ondutako simaur zaharra behar du. Errautsa ikaragarri gustatzen zaio.
Zenbat lur duzunaren arabera erabaki behar duzu zein patata eta noiz erein. Jasotzeko patata egiteko ia soroa behar duzu. Baratze txoko bat besterik ez baduzu, argi dago: goizeko patata. Patata berria jateko egin.
Goizeko patatak otsailean, baina negu guztirako jasotzekoak apirila-maiatzean ereiten dira.
Lurra ugari simaurtu eta harrotu. Aitzurrarekin erretena egin eta simaur zaharra izanez gero azpian jarri. Gainean patatatxoak. Handiak badira eta begi edo ernamuin ugari badute, ebaki eta zatitu daitezke. Lurrez 8 cm inguru estali. Erreten artean 60-70 cm eta patata artean 25-30 cm. Berritan jateko goizekoak estuxeago eta jasotzekoak zabalxeago.
Patata ernatu eta landarea azaltzen denean, jorratu eta lurreztatu behar da. Errenka arteko lurra aitzurtu eta landarearen inguruan jarri. Hiru bat aldiz egitea komeni da. Lurpean hazten ari diren tuberkuluak tokia behar dute eta lur harroz lurreztatze honek asko laguntzen du. Era berean lur gainera ez dira azalduko.
Patata berriak dira onenak, zalantzarik gabe. Patataren mastra berde dagoenean, tarteka lurpea miatu. Patatatxoak egiten ari diren neurrian atera eta jan. Lorea erakusten duenean lurpekoak jaten hasi. Atera berriak, guri-guri, azal eta guzti... Udaberriko irrika!
Jasotzeko patata, lurgaineko zarba ihartzean biltzen da. Lurra lehorra dagoen garaian, patata lur gainera atera. Ordu batzuez eguzkitan utzi, patatari azala zaildu eta itsatsitako lurra lehortu eta askatuko zaio.
Hotza, lehorra, iluna eta haizeberritzen den toki batean jaso. Hasieran zabal-zabal eginda, maiz miatu behar baita usteltzen diren aleak kentzeko. Gero pilatu daiteke. Tenperatura onena 2-4ºC da. Argia ongi kentzeko estali. Leiho-zuloren bat badago, sare sarri batekin itxi, patata jaten duten harrak dakartzaten tximeletarik ez sartzeko.
Lur alkalinoetan, pH altukoetan, edo lehorregietan edo simaur falta dutenetan sarna azaldu daiteke. Patatak azala zimurtsua izango du.
Herdoila giro hezeekin azaltzen da eta hostaia di-da batean erre dezake. Goiz erasotzen badu, kaldo bordelesarekin tratatu. (%6 Ca + %6Cu + %88 ura)
Bareak ere patatazaleak dira, lurpean janka ederrak egiten dituzte patatak zulatuz.
Hari harrak ere zulatzen du. Honi aurre egiteko, lurra denboraz prestatu.
Patata zomorroa ere ezaguna da, kakalardo marradun bat da, hostoak koskaka jaten dituena. Hau uxatzeko inguruan kalamua, lihoa edo errefau minak jarri. Era berean aldamenean alberjinia ale batzuk jarriz gero, gustukoagoa dutenez, patata-zomorroak haiengana joango dira, patatak bakean utziz.
Patata berritarakoak, baba, ilarra eta aza jendearekin.
Inguruan atsegin ditu lekadunak, aza jendea eta azalorea, ziazerba eta artoa.
Aldamenean ez omen ditu nahi azenarioa, erremolatxa, tomatea, kuia eta tipula.
Baratzeari lur berrian ekin behar badiogu, patatarekin abiatzea oso ona da. Sustraiek lurra harrotu eta bere egitura hobetzen dute.
Tuberkuluak eguzkia ez dute ikusi behar, bestela berdetu egingo dira eta jateko txartu. Azala berdetua duen patatak kalte egin dezake, solanina deituriko gaia du eta.
Zenbaitek, lorea kendu egiten dio zarbari. Gehiago hazten omen da patata.
Jasotzeko patataren zarba moztu eta aleak lurpean 2-3 aste utzita, patata goxoagoak eta iraunkorragoak jasotzen omen dira. Kontuz, hala ere hemengo hezetasunarekin, usteldu ere egin daitezke eta.
Negua aurrera, jasotako patata ziltzen, muskiltzen edo ernamuintzen hasten bada, muinak kendu. Ilargi berria baino 4-5 egun lehenago onena, berriro ziltzea zailtzeko. Zauri hauetatik usteldu daitekeenez, tarteka miatu.
Hazitarako, lehengo urteko patata aleak aprobetxa daitezke. Hala ere, gaitzak hedatzeko duen erraztasunagatik, eta haziaren ordez landarearen puska den tuberkuluak ereiteagatik landareak degeneratzeko duen arriskua saihesteko, toki berezietan sortutako patatak erabiltzen dira. Mendi goietan egiten dira, 600-1.200 m-tara. Han oso berandu ereiten da eta patata ez da sobera handitzen. Egiaztatutako edo on egindako patata deitzen zaio.
Lorea azaltzean patatatxo berriak jaten hasi. Guri-guri, azal eta guzti. Udaberriko irrika!
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545