Asteroko buletina
Uzta, eraintzaren saria.

Landarepedia

Angurria

Citrullus lanatus var. lanatus

[Jakoba Errekondo]

Arabiarrek ekarri ziguten Pakistan aldetik omen datorren fruitu gozo hau. Lur gainean zabaltzen den landarea da. Landare bakoitzak lore arrak eta emeak bereizita ematen ditu. Ikaragarrizko fruituak eman ditzake, ehun kilotik gorakoak ere ezagutu izan dira. Bere barruko ura, biologikoki garbia dela esan ohi da. Kontuz baina, tamainan jan, betegarri eta digerigaitza da eta. Hala ere, angurriak duen citrulina gaiak libidoa pizten du, Viagra natural baten moduan. Saiatuko al dugu?

 

Oinarrizko premiak

Beroa eta beroa, besterik ez du eskatzen angurriak. Eta fruitua eman behar duenean ura, maiz eta asko, zuzenean sustraietara, fruituak busti gabe.

 

Noiz zer lan

Simaurra latz eman, nahi bada lurrari nahasi edo gainean jarri, eta biak eginez gero hobe. Martxoan edo apirilean erein: zuloak alde guztietara 1,5 metro libre izan behar ditu, 5-6 hazi jarri eta arin estali (2 cm lur) eta ondo ureztatu. Jaio ahala bakandu, onena, bakarra, utzi arte. Hasierako hotzetatik babestu eta azkarrago etorri arazteko, plastikoz estaltzen da. Arnasa hartzeko zulo ttiki batekin eta gero zulo hori handituz bertatik aterako da landarea, hosto eta herrestadar.

Gaur egun, jartzen den ia landare guztia hibrido baten gainean txertatutakoa da.

 

Uzta

Fruitu puskak jateko modukoak, helduta daudenean txortena ihartzen hasten zaio: orduantxe bildu.

 

Gaitzak eta izurriteak

Antraknosia eta lur hezeetan usteldurak eragiten dituzten onddoak.

 

Nor norekin

Txikiak direnean tarteetan errefauak, urazak eta antzekoak jarri daitezke. Hura hazten ari den artean jango ditugu. Gero dena estaliko du angurria landareak.

 

Trikimailuak

Erein aurretik haziak 24 ordu uretan beratu eta ur-handitu. Onak urpera jaitsi eta alferrik galdutakoak urazalera igoko dira.

Sustrai bistan tokiz aldatzea ezin du jasan. Edo behin betiko tokian erein, edo poto organiko (paperezkoa, kartoizkoa...) batean ereinda, gero oso-osorik aldatu.

Fruitua ere lurgainean hazten da eta hezetasuna badago (Euskal Herri atlantikoan bai) komeni da fruituari lurra kentzea, hau da, lurra ez ukitzeko azpian zerbait jartzea.

Japonian fruituak hazten doazen neurrian kutxatan sartzen dituzte eta esfera bat beharrean kubo formako angurriak egiten dituzte. Zuk zer forma emango zenioke?

 

Anguria Viagra naturala da. Probatu!

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora