Asteroko buletina
Akerrak baratzan, auzokoak dantzan.

Landarepedia

Errukula

Diplotaxis tenuifolia

[Jakoba Errekondo]

Belar multzo zabal bati deitzen zaio errukula izenaz, batez ere Eruca vesicaris var. sativa eta Diplotaxis tenuifolia. Lehenak hostoa lobulu borobiletan zatikatua du, eta urteko landarea da. Bigarrena, aldiz, iraunkorra da eta hostoak forma ugaritan lobulatuak izan ditzake, baina beti zorrotzak, ez borobilak. Azken hauek dira, gaur egun eta hemen, errukula bezala ezagutzen ditugunak. Merezi duen barazkia da, entsalada piztu egiten du bere min mikatzarekin.

 

Oinarrizko premiak

Lantzen oso erraza da. Ura duen neurrian hostoa eman eta eman egingo du.
Eguzkia gustatzen zaio, baina eguzki galdatan badago hostoak zeharo mikatzak izango dira. Dasta fina izan dezan, erdi itzaletan jarri behar da, eta maiz ureztatu. Erein edo aldatu behar dugunean aurrez simaur zaharra eman lurrari. Karea ere gustatzen zaio.
Azkar hazten den barazkia da, ingelesek “rocket” deitzen dute, hau da, suziria.

 

Noiz zer lan

Errazena landare batzuk ekartzea da. Udaberrian aldatu 20 cm inguruko tartearekin. Baratzaren batean landarea baden jakinez gero, haziak hartu eta erein. Erraz ugaltzen da. Landarea zahartu ahala zakartu egiten da eta gero eta hosto txikiago eta mikatzagoak ematen ditu.
Zahartzearekin zarpaildu ere egiten da eta uzta zaildu. Haziak bildu, martxoa aldera erein, eta landare berriak pronto direnean zaharrak atera eta berriak jarri.
Beste landareen artean ereiten duenik ere bada. Tomate, piper, alberjinia, babarrun, leka... Hauek aldatutakoan tartean erein eta haien hazten ari diren artean errukula bildu eta bildu. Gero haiek handitu direnean, uraza bezala, kendu eta dena jan.

 

Uzta

Errukulak bururik egin gabe, zabal-zabal hedatzen ditu hostoak lurraren gainean, eguzki-loreak bezala. Gero zortenak garatzen ditu. Hor hosto txikiago batzuk eman eta muturrean loreak irekitzeko.
Udaberrian, bermatu denean eta erein eta hilabete eta erdira edo, hosto berriak eman ahala, hostoz-hosto bildu. Hauek dira goxoenak, finenak. Maiz bilduta hostoberritzera behartzen da. Berritzeko erdiko hostoak ez bildu, kanpokoak, eta hauek handiegiak badaude utzi bertan. Era berean, loraldia atzeratu egingo da. Udan lore horiak irekiko ditu, orduan hostoak zakarragoak izango dira. Gero lekatxo batzuetan haziak izango ditu loreak ziren horretan. Loreak ere jan daitezke, baita haziak ere. Azken hauek min punttua dute.

 

Gaitzak eta izurriteak

Belar gogorra da, baina inguruan gurutzedunen familiakideak badira haiengandik etor daitezke: gorrina, zurina...
Azaren tximeletak arrautzak jarri ez ditzan sare sarri samar bat jarri uda partean.
Lurreko arkakusoak eraso dezake. Mentak uxatu egiten ditu eta kaputxinak beregana eraman.

Nor norekin

Bere familiako (gurutzedunak) besteetatik urrundu: errefaua, aza jendea...
Solanazeoei mesede egiten omen die: tomatea, piperra, alberjinia...
Kuiatxoa ere lagun du. Baba eta babarrunen aldamenean ongi etorriko da: itzala izango du eta lurra jakiz hornitua.

 

Trikimailuak

Borraja bezala, bere kasa ugaritzen da eta baratzean berarentzako jasoko den txoko bat ondo aukeratu behar da.
Hosto finagoak eta gozoagoak eman ditzan, hezetasunari eusteko landare arteko lurra estali: inaurkin, lasto, orbel, belar ondu...

 

Errekularen dasta bitxia erakusteagatik: mila esker italiarrei!

atzera

Erlazionatutako jakingaiak

Ezkaia udazkenean
Udazkenak udatik duena galtzen hasia dugula dirudien honetan, hego haizea apaltzen eta gauak hozten ari direlarik zuetako askok jantziko zenuten dagoeneko berokia. Gure etxean beroki... (+)
Mingranondoa, alesagarra eta euskaldun fenizioak
2021-03-05 | Jakoba Errekondo
Martxoak negua harrapatu, ostikopetu eta aurrean eraman du. Nire iritziz. Zenbait belagilek dio apirila arte ez dugula negua agurtuko eta, hori gogoan izanik, Urzainkiko Bedaginpiko... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora