[Jakoba Errekondo]
Meloi mota ugari dago. Urteko landare belarkara, herrestaka zabaltzen dena, kuia eta luzokerraren familiakoa eta azken honen genero berekoa da. Fruitu handi, urtsu eta zaporetsua hazten du, uda partean, gehien estimatzen denean. Forma askotako meloiak ematen dituzten aldaerak daude: borobilak, eliptikoak, bihurriak... Kolore edota itxura askotako azala izan dezake, baina mamia beti usaintsua eta erdian hazi ugari biltzen dituen lika tankerako bat du. Aukera honek, landareak historian zehar izan duen garrantzia adierazten du: hainbeste landu izan da, nahastu eta nahastearen poderioz aldaera ugari sortu delarik.Euskal Herria ez da, inola ere, meloi lurra. Erronka ederra beraz!
Meloia berozalea da, argia eta beroa maite ditu. Bere gustuko tenperatura 30º C dela esan ohi da. Hotz pixka bat egiten badu, hazkundea geratu egiten da. pH altuko lurrak, alkalinoak, behar ditu. Fruitua gozoa eta zaporetsua izango bada, kare asko eskatzen du. Kontuz buztin-lurrarekin. Lur harroa eta sakona nahi du. Landu gabeko lurrak gustatzen zaizkio gehien.
Lurrak aberatsa izan behar du, batez ere materia organiko asko duena. Simaurra, luarra edo dena delakoa erruz eman. Ondutako simaur zaharra behar du.
Meloiak sail handia behar du. Lur gainean hedatzeko tokirik ez bada, hesi edo zutikako sare antzeko zerbait jarri. Eta adarrak luzatzen dituen eran haren gainean kiribilduta eutsiz mantendu.
Lore arrak eta emeak izaten dituzte, desberdinak. Emeak atzeko aldean gero kuia izango den pinporta dakar. Intsektuek eramango dute polena arrarengandik emearengana.
Meloiak hazitik zabaltzen dira. Hazia ernatzeko, lurrak bero egon behar du, 15 ºC-tik gora. Udaberrian apirilean, egokiena. Nahi izatera lurrean bertan erein, edo ontzi batean eta ondoren baratzean aldatu. Egun batez uretan beratu haziak, hurrengo egunean 2-3 cm lurpean sartu. Ontzitik baratzera aldatzerakoan kontuz sustraiei kalte egin gabe. Landare ahula da eta bere lur puskarekin mugitu.
Baratzean erein edo aldatu aurretik mendixka bat egin behar da, hezetasunari ihes egitea da helburua: simaur zaharra, eta baldin badago, orbela mailaka mailaka zanpatu eta pilatuz 60 cm diametro eta 50 cm garaiera duen tontorra. Lurrez estali eta gain gainean erein (3-4 hazi) edo aldatu. Bakoitzean bi landare geratuko dira.
Aukera lehorrago bat eman nahi bazaio, arbatu.
Hasieran inaurkina edo lastoa jarri landarearen inguruan, belar gutxiago eta ura gehiago izango du hazteko. Plastiko beltza jartzen duenik ere bada. Beroa emanez mesede egingo dio, baina sasoi heze edo euritsua bada, baita landarea egosi ere.
Inausketak fruitu hobeak ekartzen ditu: 3-4 hosto dituenean bigarrenaren gainean kimatu, sortzen diren bi adarrak hirugarren hostoaren gainean kimatu, hiru adar etorriko dira eta hauek ere hirugarren hostoaren gainean kimatu. Fruitua hartzen duenean hurrengo bi hostoak utzi eta kimatu. Gehienetan 3-5 fruitu emango ditu landare bakoitzak.
Meloiak heldutasunera iritsi direnean jaten dira. Hatzarekin txortenaren aldamenean arin zanpatu eta bigun antzerakoa dagoenean pronto da. Fruitua eta adarra lotzen dituen txortena lehortzen hasten da eta erraz askatzen da, adarra autsi gabe. Meloi borobilak negurako jaso daitezke: heldu aurretik bildu eta toki fresko eta lehor batean sareetan zintzilik jarri. Beti txorten puska batekin jaso behar da, hau da, ebakita, ez tiraka kenduta.
Landare txikiak bare eta barraskiloetatik babestu.
Gaitzetan zurina eta lurra hezeegi egotearen ondorioz etortzen direnak.
Zorriak ere azaldu daitezke.
Aldatu berritan, tarteak baliatzeko, azkar etorriko diren landare txikiak jarri daitezke: errefaua, espinaka, uraza...
Hazia baratzean bertan egiten badugu, plastikozko botila edo ontzi baten ipurdiarekin estali, berotu eta laguntzeko.
Loreak ernaldu eta fruituak hartzeko argi-ordu askoko egun luzeak behar ditu. Beraz ekaina-uztailean landareak hazita eta mardul behar du.
Giro kaskarreko egunetan (bero handi eta lehor, auria...) polinizazioa errazteko lore arra hartu, bueltan dituen petaloak kendu eta erdian duen isipu edo pintzel tankerakoarekin lore emeen barruko aldea igurtzi, polena uzteko.
Aleak hazten direnean lurra ukitzen badute, teila, kutxatxoren bat edo zerbait jarri lurra kendu eta ez usteltzeko.
Euskal Herria ez da, inolaz ere, meloi lurra. Erronka ederra beraz!
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545