Astelehenero 8:00etan zure epostan
Aupa egunon Jakoba. Aurtengo neguan kiwiak aldatzeko asmoa daukat, Adunan mendebaldera orientatuta dagoen lur zati batean. Zein izango litzateke egun aproposena? Eta bestalde, ar batek eme bariedade ezberdiñak polinizatu ditzake?? ar bat eta hiru eme jartzeko asmoa degu ta eme hoietako bat kiwi orizta dana... esangoiazu, eskerrikasko ta ondo izan.
Kiwiak hostoak galtzen dituenez, neguan aldatu behar da, izerdia mugitzerako toki berrian izen dadin. Era berean egun onenak sustrai egunak dira. Inola ere ez aldatu izotz beldurra den egunetan. Aurtengo neguan honela datoz egunak: abenduko ilbehera 6tik 19ra eta sustrai egunak 12, 13, 14 eta 15; urtarrileko ilbehera 2tik 15era eta sustrai egunak 8 arratsaldea, 9, 10 eta 11; Otsailekoa urtarrilaren 30 hasi eta otsailaren 12 arte, eta sustrai egunak 5, 6, 7 eta 8 izango dira.
Gaur arte erantzundakoak (1142 galdera-erantzun)
Egunon, noiz da sasoña obena baratzeko makillak moztutzeko gehiago idauteko,millesker eta segi ongi.
Bi eratako makilak ditugu inguruan. Bata hurritza litzateke, hori azaroko ilgoran moztea komeni dena; azaroko ilgora 1etik 8ko eguerdira arte eta 23tik abenduaren 5era arte izango da.
Bestea egur gogorrak erabiltzea da: haritza, akazia, lizarra, gaztaina eta abar. Horiek neguan eta ilbeheran moztea komeni da. Abenduko ilbehera 6tik 19ra da. Urtarrilekoa eta otsailekoa hurrengo urteko Ilargiaren Egutegiarekin izango ditugu eskuera.
Kaixo, Jakin nahiko nuke da non lortzen al dugun olo edo ongarri berderako haziak. Gasteizen dugu baratza. Mila esker
Bi aukera. Aramaion baserritarren kooperatiban badaukazu, ARBEL Kooperatiban. Eta bestetik hazi etxeetan, adibidez Euskal Herrira egokitutako haziak eskuratzeko ALEKA elkartea hor duzu, www.aleka.eus.
Kaixo
Arantzan (Naparro iparmendebaldea), hazkunde azkarra izan dezaketen arbolak landatu nahi ditut etxola bateri itzala emateko. Ze árbol izan daitezke egokiak?
Milesker
Nire ustez azkarren haziko dena lizarra da, hezetasuna gustatzen zaio eta Arantzan ez du faltako. Ongarriarekin pixka bat lagunduz gero ederki etorriko da.
Egun on, Pampako plumeruek basuen ikusi dodaz, noiz mostu? Edo zer egin leike desagertzeko?
Hasteko loreak moztu, ahal baduzu gaur bertan. Udan irekitzen da lore handia, eta udazkenean haziak zabalduko ditu. Oraindik haziak banatzen hasi gabe egongo da eta loreak kentzeak landarea ugaltzea eragotziko du. Desagerrarazteko sustraitik ateratzea veste aukerarik ez dago. Hori da segurua den era bakarra. Atera ahalik eta sustrai gehienarekin eta ondoren kimu berriren bat sortzen duen gainbegiratu hura ahalik eta txikiena denean ateratzeko baita.
Kaixo Jakoba! Sagarra jo eta geroko patsekin zer egin izaten da etxekoon arteko eztabaida. Batzuek uste dugu denbora bat igaro eta gero baratzerako ona dela, beste batzuk ordea ezezkoan gaude. Ez dakigu aurten zer egin eta zuri galdetzea erabaki dugu! Mila esker!
Sagar patsa hondakin organikoa da eta beraz lurrerako ona. Ardi satsak baino nitrogeno eta fosforo gehiago du, potasioa berdin. Egokiena litzateke luarrarekin edo satsarekin nahastea. Bien nahasketa gero sats arrunta bezala erabili eta kitto. Bakarrik ere luartu edo usteldu daiteke eta erabili. Satsa bezala lehen bi ilbeheretan pila irauli behar da, fase honetan zerbait bustitzea komeni zaio, eta gero bakean utzi, hemen bai ahal bada estalita baina erabat lehortu gabe. 6-8 hilabetera erabiltzeko moduan izango da.
Gorostia jaso dot eta ez dauka itxura politik. Goikaldea desitxuratua baina behekaldea uste dot ondo datorrela. Lorontzi barria behar du beraz zer egin dezaket ...goikaldea kimatu eta behekaldea indartzen utzi? noiz? eta zer lur mota? Eskerrik asko zure aholkuagatik
Gorostia oso ondo dago. Forma berezia du, seguruenera bere bizilekutik atera eta loreontzian jarri delako. Esaten duzun bezala ondo dator, eta itxuratua-desitxuratua, zuk ikusi nahiko zenukeen formarekin pentsatzen duzulako da. Loreontzi dezente handiagoa jarri, hiru edo lau aldiz handiagoa eta janaria ondo zaindu: urtero simaurra edo luarra nahasi lurrari eta ureztatzen duzunean ongarri likidoa nahasi, gutxienez hamabost egunetik behin. Indartzen hasten denean kimu berriak ikusiko dituzu eta orduan erabaki, agian behetik sortzen diren adar horietatik bakar bat uztea, eta gelditzen den horren muturreko kimuei punta, soilik punta moztu, ea zabaltzeko joera hartzen duen. Hala ere ahaztu buruan duzun forma koniko perfektu hori, har dezala berezkoa, zure zaintzara eta bizi den toki horretara egokitua.
Egun on. Sagardorako kupel berri bat erostea pentsatzen ari nauk. Egurrezkoaren aldekoa nauk printzipioz, eta irakurri dudanakatik, gaztinondoa izango huke egurrik aproposena. Zer aholkatzen didak? Eskerrik asko aldez aurretik.
Nik zalantzarik ez diat: sagardo ona egiteko bide egokiena zurezko barrika edo ontzia duk. Upela baldin baduk, hau dek 1000 litrotik gorakoa orduan eta arrazoi gehiagorekin. Gaur egun erraz eskuratzeko moduan bi materialetako ontziak dizkiagu: gaztaina eta haritza. Gaztainazkoa askoz ere merkeagoa duk, baina ia beti barruan parafina geruza batekin etortzen dituk. Erabili aurretik ur beroarekin ondo garbitu. Haritza askoz ere garestiagoa duk, baina beti esan izan duk edariarentzako hobea dukela. Nik uste diat aldea baziokela, guk etxean biak dizkiagu. Baina garrantzitsuena duk hiri zer gustatzen zaiken, eta gustu kontuetan, badakik, hor bakoitzak bere amona diagu. Biak onak, iraupena antzekoa izango ditek, agian haritzezkoak luzexeagoa. Ondo zainduta biek antzekoa. Eskuratzerakoan baldintza erabakigarriena prezioa izango duk. Badakik, aurreneko urteetan zur gustu handia emango ziok sagardoari. Nik gomendatuko nikek lehen urteetan sagardoa botilaratzen deukenean ontzia amarekin betetzea, hau dek, botileraketa egiten dikenean sagardogileren batek soberan diken ama eskuratu eta harekin beteta eduki hurrena heuk bete behar deken arte. Hori dek barrika sano eta usainik gabe mantentzeko era onena, eta baita hasierako zur gustu handixko hori jaisteko era errazena.
Atsaldeon, baditut akazia planta batzuk jardinean eta haunditu dira azkarki. Noiz transplantatzen al ditut? Millesker.
Sasiakaziak hostoak galtzen ditu neguan. Hori dela eta neguaren amaieran landatzea da egokiena, izerdi berria etortzerakoan. Otsailean ahal baduzu, urtarrilean ere egin daiteke; ilbeheran eta sustrai egunean.
Kaixo, Negutegian azken urteetan sartu ditudan landareek (ziazerba, tomatea...) ez dute uzta oparorik eman. Lurra lehorra dago, motela. Ez daukat ganaduaren simaurrik eskura. Zer botatzea gomendatuko zenidake? Mila esker!
Lurra lehorra eta motela hobetzeko era bakar-bakarra materia organikoa ematea da. Simaurrik ez baduzu antzeko beste zerbait eskuratu beharko duzu. Simaurra deshidratatua saltzen da zakutan. Bestela zeuk egin beharko duzu hondakinak pilatuz eta luartuz. Luarra ere saltzen dute mankomunitateek…
Negura begira ongarri berdea ere erein dezakezu, eta udaberrian eman duena txikitu eta lurrari berari nahastu. Onena lekadunen bat: pagotxa, txirta, alpapa….
Kaixo! Atzo Telegrameko kanalean proposatzen zen bezala, iaz gurasoek porruei zomorroak ez ateratzeko izpilikua bota zieten eta emaitza bikaina eman zuen. Urtero, porru bakoitzean bi edo hiru zomorro izatetik batere ez izatera pasa zen kontua.Konponbide erraza eta baliagarria benetan. Eraginkorra oso.
Zomorroa kakalardo txiki marroi baten antzekoa da baina ez dakigu bere izena. Dena dela, izpilikua ilbeheran moztu behar litzake? Berez, inausketa lanak irailean egiten ditugu eta oraintxe ez dugunez, irailean egiteko asmoa genuen. Esango dizuegu ea aurten ere berdin joaten den kontua.
Mila esker zuen aholkuengatik!! Ongi segi!!
Pozten naiz saioa egin eta esperotako emaitzak bildu izanaz. Hala ere izpilikuak eta sendabelar guztiak, eraginkorragoak izateko hobe da ilgoran moztu eta jasotzea.
Kaixo Jakoba! Jakin nahi nuke,nola antzeman kalabazari bildutzeko dagoela,eta naiz diren egun hoberenak. Besterik gabe,zure erantzunaren zai geratzen naiz.eskerrikasko!
Ilbeheran eta fruitu egunean jasotzea komeni da, baldin eta helburua ahalik eta gehien irautea bada. Kuia landarearekin lotzen duen txortena ondo ihartuta egoteak adierazten du jaso daitekeela. Biltzerakoan tiraka ez askatu, txortena osorik utzi eta landarearen zarba moztu bi aldeetara. Ondoren bi edo hiru egunez eguzkitan eduki, mamia gozatu dadin eta gero freskoa, iluna eta batez ere ondo haizeberritzen den toki batean jaso. Oraindik oso goiz da, hemen normalean urriko ilbeheran jasotzen da; oso goiz egindakoak badira agian irailean. Iraileko ilbehera 15etik 28raino izango da, eta fruitu eguna soilik 21 goiza izango da. Urriko ilbehera 12tik 26ko 13:00 arte izango da eta fruitu egunak 16, 17 eta 18 arratsaldea. Azaroko ilbehera ere ez da txarra izango: 8ko 12:29tik 22 18:59 arte; fruitu egunak 12, 13 eta 14 arratsaldea izango dira.
Kaixo Jakoba. Azken hiru egun hauetan har izurritea daukagu Lasarten, zelaiak gorri utzi arte. Erremediorik bai?
Harra bat da bai, azken egun hauetan dugun izurritearen eragilea: Mythimna unipuncta sitsaren harra. Har horrek belarrak eta gramineoak erasotzen ditu. Belar landarea jaten du, belarra horitzen da eta erasoa larria bada galdu. Tratatu nahi baduzu, soilik kalteak dituen tokian egin, xaboi potasikoa eta Bacillus thuringiensis nahasita eman, 3 egunero errepikatuz desagertu arte. Orain tratatzea garrantzitsua da. Udazkena sartu ahala negua pasatzeko gorde egiten baitira. Gero maiatza aldera azalduko da lehen belaunaldia. Orduan zaindu ea agertzen den eta hala bada tratatu.
Etxalarren, Jardin eta inguruan, izugarrizko plaga ageri zaigu, ta iruditzen zait gazteleraz Gusano Cortador deritzona dala. Zer egin daiteke plakarekin bukatzeko? Ze ondorio ditu? Belarra lehortzen ari da, ta asko ari da zabaltzen. Mila esker aldez aurretik. Amaia
Harra bat da bai, azken egun hauetan dugun izurritearen eragilea: Mythimna unipuncta sitsaren harra. Har horrek belarrak eta gramineoak erasotzen ditu. Belar landarea jaten du, belarra horitzen da eta erasoa larria bada galdu. Tratatu nahi baduzu, soilik kalteak dituen tokian egin, xaboi potasikoa eta Bacillus thuringiensis nahasita eman, 3 egunero errepikatuz desagertu arte. Orain tratatzea garrantzitsua da. Udazkena sartu ahala negua pasatzeko gorde egiten baitira. Gero maiatza aldera azalduko da lehen belaunaldia. Orduan zaindu ea agertzen den eta hala bada tratatu.
Kaixo, aguakate onduak dituk hezurretik ateratakuak. Lurrean karri nahi ditut , noiz da sasoirik egokiena ? Fruiturik emango dute ?
Landatzeko sasoi onena udaberriaren hasiera da. Martxoaren amaieran edo apirilean. Fruitua eman emango dute, baina txertatutakoaren aldean urte asko beharko dituzte. 10-12 edo gehiago. Beste gauza bat da zein motatako fruitua emango dizuten ez dakizula: handia, txikia, gozoa…Horretarako txertatu egin beharko zenituzke.
Kaixo Jakoba, Semeak olibondo bat dauke balkoian eta puntak horitzen ari zaizkio. Ifar-mendebal norabidean dago, arratsalde partien eguzkitan. Aholkuren bat ematen badiguzu aurrez milla esker.
Itxura guztien arabera erredurak dira. Erredura eguzkia eta lehortearena. Baita tanperatura altuen eragina ere. Denen batuketak hostoetara nahikoa ura ez iristea dakar eta hortik punta ihartuak. Ahalik eta azkarren lurreta eraman, toki eguzkitsu batera.
Noiz da sasoi onena kuia batzeko???
Ilbeheran eta fruitu egunean jasotzea komeni da, baldin eta helburua ahalik eta gehien irautea bada. Kuia landarearekin lotzen duen txortena ondo ihartuta egoteak adierazten du jaso daitekeela. Biltzerakoan tiraka ez askatu, txortena osorik utzi eta landarearen zarba moztu bi aldeetara. Ondoren bi edo hiru egunez eguzkitan eduki, mamia gozatu dadin eta gero freskoa, iluna eta batez ere ondo haizeberritzen den toki batean jaso. Oraindik oso goiz da, hemen normalean urriko ilbeheran jasotzen da; oso goiz egindakoak badira agian irailean. Iraileko ilbehera 15etik 28raino izango da, eta fruitu eguna soilik 21 goiza izango da. Urriko ilbehera 12tik 26ko 16:00 arte izango da eta fruitu egunak 16, 17 eta 18 arratsaldea. Azaroko ilbehera ere ez da txarra izango: 8ko 12:29tik 22 18:59 arte; fruitu egunak 12, 13 eta 14 arratsaldea izango dira.
Bidarteko terrazan erramu ondoren daren landareak legortzen ari dira, ez dakiguna da erramua kalte garri dan gainerako landarentzat, zeren eta erramua handitzen ari dan einean ondoko landareak ihartzen ari dira...zure iritziaren zahi geratzen gara. Milesker.
Nik uste dut arrazoi guztia duzula. Erramua landare gosetia da eta handia egiten da, oso handia. Aukeratu beharrean zara. Beste aukera litzateke erramua urtero inausi eta zutabe baten tankeran mantendu, eta lurrean denentzako adina ongarri eman urtero. Hala ere denborarekin nagusitu egingo da.
Kaixo Jagoba, Anaiak Gijonen daukan etxean dagoen zuhaitza da. Ez daki zer egin. Zure aholkua jakin nahiko luke. Aurrez eskerrik asko
Oso gaizki dago intxaurrondo hori. Ez dakit zer gertatu zaion, baina itxuraz lurreko zerbait da. Hori gutxi balitz adar lodi asko moztuta ditu, zauri larriek erakusten deuten moduan. Bizi nahia badu, kimu berri gutxi horiekin ikusten den eran, baina bueltarik ez duela iruditzen zait. Hobe kendu, gainera erori aurretik, eta beste bat jarri baina lurrean ura pilatzen ez den tokian.
Arratsalde on! Bioingeniaritzako eskuliburu bat euskaratzen ari naiz, eta era horretako teknikak erabiliz egindako obrak landareztatzeari dagokionez aipatzen diren jarraibide/gomendioetako bat da "aviverar el material [vegetal] en obra" edota "se debe contar con una zona en obra para poder aviverar el material vegetal [en arena húmeda o en agua]". Hor zehar irakurri dudanez, landarea mintegiko kondizio bertsuetan mantentzea da "aviverar" hori, sustraiak lehortu ez daitezen zaintzea (edo), baina inon ez dut aurkitzen termino horren euskarazko ordainik, eta bururatu zait balitekeela euskaraz nola erabili/esan ohi den zuk jakitea. Eta hementxe naukazu galdezka. Aldez aurretik estimatua edozein ekarpen. Eskerrik asko eta ondo izan! leire
Guretzako hori zeharraldatzea da. Landarea edo txirpia ekarri eta behin betiko tokian aldatu aurretik zanga moduko bat egin eta hor sartuta eduki, sustraijea lehortu ez dadin.
Egunon!!!
Galdera bat dekot...aurten soloa jarritakoan, landare guztiak usteldu ta hil dira(piperrak, piparrak, tomateak...), fijatu naz enborraren hasieran denak moho edo artile txuri baten modukoa zeukatela ta horrek enborra jan edo usteldu dabela. Zer egin behar dot hori zuzentzeko? Aurtengo uzta galdutzak dekot baino negukoa mantentzea gurako nuke...
Mila esker
Enborra edo zurtoina lurretik ateratzen den zati horri lepoa esaten zaio. Oso toki berezia da eta zenbait landaretan baita oso ahula ere. Lizun zuri hori onddoren baten mizelioa da. Hau da onddo baten erasoa izan duzu. Hori arrunta da, baina piperra eta tomatea ( baita alberjinia, leka eta abar) oso sentiberak dira. Onddoak garatzeko hezetasuna eta giro epela behar dira. Hezetasunari begiratu behar diozu. Ureztatzen dituzu? Gehiegizko ongarriketak ere eragin dezake hori. Horrelako landareak jartzen dituzunean kontuz ureztaketarekin. Euskal Herri lehorrean, hegoaldeko hegoaldean ureztatu behar da baina isuri atlantikoan denean ez. Bestetik hezetasuna eta ongarri organiko gaindosia jaisteko lurrari karea ematea oso eraginkorra da. 150 gr/m2 bi urtez gero urtero 75 gr/m2, eta pikorra izan dadila, ez hautsa. Neguko landareekin ez duzu arazo hori izango, hain juxtu neguko hezetasunera ohituta daudelako: porrua, aza jendea, azalorea, azenarioa, errefauak eta abar.
Kaixo, lagunok: Ezer baino lehen, aitortza eta eskertza zuen lanagatik. Bejondeizuela!!! Elduaingo herrian daukadan baratzan, negutegitxo bat (4x9 neurrikoa) jartzera noala eta ondoko galdera egitera natorkizu: Baratzako azaleraren puntu kardinalei dagokionez, zein litzateke orientazio egokiena? Zuen erantzunaren zain, izan ongi! Eskerrik asko!
Negutegia eraikitzerakoan bi gauza izan behar dituzu kontutan. Bata haizea da. Haize nagusiak saihesteko eran jarri behar da. Bestetik Lurrak aldapa piska bat baldin badauka, nahiz eta negutegia izango denaren orubea berdindu, aldapatik letorkeen urak ez du negutegiaren alde luzearekin topo egin behar, bestela ur guztia hor izango duzu barrua, azpitik gora. Horrez gain garrantzitsua da negutegiaren barruan landaketak nola egingo dituzuen gogoan hartzea: errenkadak beti iparra-hegoa orientazioarekin egitea komeni da. Horiek denekin, zeuk hautatu era egokiena.
Kaixo, Zer moduz, Jakoba? Hainbat kontu dauzkat galdetzeko: - Lekaren hosto batzuk horitzen ari dira. Zergatik da? Tratamendurik badago? Beldurra ematen dit uztan eragiteak... - Erremolatxa batzuk jaten ari zait xomorroren bat eta iñurri pila bat dabiltza inguruan. Zer egin dezaket horiek uxatzeko? - Maiatz inguruan kalabaza landatu nuen eta itxura ederra dauka, baina oraindik ez zait kalabazik agertu. Zergatik izan daiteke hori? Zerbait egin dezaket? Mila esker! Ane
Lekaren horitzea aurten ohikoa da, nonahi ikusiko duzu. Eguraldiaren eta lurraren arteko uztartzea da, ondorioz onddoek erasotzen dute: gaitzak dira. Ongarritu egin baduzu horrek ere laguntzen dio gaitzari. Eta ureztatzen ari bazara zer esanik ez! Nahi baduzu karea zabaldu lur gainean, landareak ukitu gabe eta azalean aitzurrarekin pixka bat nahasi. Gutxi gora behera 150 gr/m2.
Erremolatxari buruz, inurriak baldin badabiltza zorriak dauden seinale. Hasi xaboi potasikoarekin tratatzen. Bi egunetik behin alde guztietatik ondo-ondo busti. Garbitu arte. Zorririk gabe inurriak alde egingo dute.
Kuiak aurten atzeratuta datoz. Eguraldiaren eragina da. Lasai etorriko dira. Udazkenaren amaiera oraindik luze dago…
Cuando se deben sacar las cebollas para poder almacenarlas?
Garrantzitsuena iraupen luzea izatea da. Horretarako bilketa ilbeheran egin behar da. Hostoak erdi ihartuta daudenean eta buruaren kanpoko azala urre kolorekoa jarri denean. Lurretik erabat atera eta toki lehor batean eguzkitan eduki egun batez eta lur hondarrak ondo garbitu. Gero, jasotzeko, toki lehor, ilun, fresko eta batez ere ondo aireberritzen den batean zintzilik jaso. Ilbehera abuztuaren 19tik irailaren 1 arte izango da; eta egun onenak, sustrai egunak 25, 26 eta 27 izango dira.
Kaixo, Jakoba. Porruei sare bat ipini nahi diet, baina ez dut aurkitzen ezer egokirik. Nire inguruetako dendetan (Bizkaiko Uribe Kostan) bakarrik topatzen ditut landareak neguan babesteko estalki moduko batzuk (oso erraz apurtzen direnak) eta negutegiak egiteko plastikoak. Zuk badakizu non topa nezake sare/estalki egokirik porruei eta tipulei ipintzeko? Mertxi!
Agian Gipuzkoa aldera jo beharko duzu, han porruaren euliaren erasoa gogorragoa da eta lehenagotik sufritzen dute. Di-da irtenbide bat emateagatik jo Usurbilgo Baserritarren Kooperatibara, 943361114 telefonoa dute. Bertan izango dela uste dut. Zeuk jaso edo ea bidaltzen dizuten.
Nola egin biztinadun lurra emankorragoa bihurtzeko?Landatutakoak nekez egiten dute aurrera.Uzta eskasa eta ahula da.Ongarritzen dut eta hala ere oso ahul ikusten da.
Buztinaren arazo Nagusia uretik dator. Ura kentzea garrantzitsua da. Sailaren inguruan zangatxoak egin. Baita baratzearen barruan zatitu eta tarteetan ere urak alde egiteko sakonago utzi. Lantzen duzun lurra ez zanpatu. Zati horiek aldamenetik landu, barruan zanpatu gabe. Ongarriketa nahitatezkoa da. Ongarri organikoa beti, mineralik ezta pentsatu ere. Organikoa ondo ondutakoa (simaurra, luarra…) eta udazkenero dosi eder bat, lurrestali. Bestetik azaro-abenduan ongarritu ondoren urtarrila-otsailean karetu: 150-200 gr/m2 lehen urteetan gero, 4-5 urtera 75-100 gr/m2.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545