Asteroko buletina
San Bartolome: burua lodi ta lepua me.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Kala bat orain zatitu?
2024-12-24 11:39 | Olatz

Lorontzi batean dudan kala bat zatitu nahi dut, beste lorontzi batean ere jartzeko. Hori orain, neguan, egiterik ba al dago?


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-26 16:22

Ohiko kalak abuztuan banatu eta ugaltzen dira. Orain indarrean dago eta kalte handia egingo zenioke. Onena hurrengo uda arte itxarotea. Beste aukerarik ez baduzu, egin baina kontu handiz egin: lur guztia kontuz kontuz kendu eta lurpeko patatak bere hosto kimu beredeekin banatu eta landatu. Gero toki babesean jarri udaberria iritsi arte. Koloretako kala txikia baldin bada bai. Horiek neguan deskantsuan egoten dira eta orain banatu daiteke.

Gaur arte erantzundakoak (921 galdera-erantzun)

Aupa Jakoba!!

Abonu berdeakiñ aberastu nahi nuke batzea ta sorok...

Ze erabiliko nike?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-10-31 17:46

Hona ongarri berdeaz "Bizi Baratzea" liburuan diodana:

"Ongarri berdea. Ongarri berdearen teknika landareak, berde daudelarik lurrari ematea da. Baratzeko sailen bat tarte luze batean hutsik izan behar bada, lurra jantziko duen landareren bat ereiten da, eta, jeneralean, loratzear delarik moztu eta lurrarekin nahasi. Honen helburuak hauek dira: gainontzeko belarrak sartzea galeraziz lurreko jakiak probetxuzko landare batek hartzea, lurrean sakon sartuko diren sustraiek hango jakiak mugitzea, lurra harrotzea eta komeni denean hurrengo landareak baliatuko dituen jaki aproposak (materia organikoa eta mineralak) lurrari ematea. Loratzear dagoenean izaten du landareak jaki gehien. Lurra goldatu beharrik ez dago ongarri berdea sartzeko pixka bat lurperatzea nahikoa da.

Landare ugari erabiltzen da lan honetarako: laboreak, zolda-belarra, lekadunak... Bakoitzak berea eransten dio lurrari eta komeni zaiguna erabili beharko da. Adibidez, zolda-belarrak potasioa pilatzen du hostoan eta moztutakoan erraz usteldu eta lurrera igarotzen da; fruitua eman behar duten landareek eskertuko dute: tomatea, piperra, alberjinia... Alpapa edo luzerna, hirusta, zalkea, astailarra, itsabalkia, pagotxa, erua eta ailorbea bezalako lekadunek, berriz, lurra nitrogenoz lepo utziko dute eta hostoa jaten diegunek ederki baliatuko dute: letxu, zerba, ziazerba, eskarola..."

Noiz hasi naiteke tipula txuria landatzen? Arantza herrian da.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-10-31 17:36

Urte osorako tipula jartzeko jendeak otsaila-martxoa baliatzen du. Hala ere landarea baldin baduzu, jarri orain ere lasai. Eta pixkanaka etorri eta erabili nahi baduzu, hemendik martxora bitarteko ilbehera guztietan jarri pixkanaka-pixkanaka.

Gabon Kantak.
Aspaldion azelgak pinporta moduko batzuez hondaturik agertzen zaizkigu ( ez ostiralean guztiak, batzuk)
Ez dakigu zer arraio ote den, nola konpondu arazoa...
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-10-31 17:28

Ez dakit zer esan nahi duzun gabon kantekin, ezta ostiraletakoarekin ere.

Argazkiko zerbaren gaitza zerkospora da. Onddo bat da, eta erasoak erakusten duen sintomatologiagatik zerbaren baztanga ere deitzen zaio. Oso ohikoa da zerban bezala bere sendiko erramolatxa arruntean ere.

Onddo bat denez, gorrinak edo usteldurak bezala tratatu behar da: azeribuztan edo lapa-belar ura, esnea eta salda bordelesa gehituta.

Kaixo,
Etxean laranjondo bat dugu eta hostoak orban marroiz estalirik daude. Lizuna edo onddo bat al da? Zer egin dezakegu hau kentzeko?
Mila esker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-10-31 16:29

Nire iritziz, laranjondo horrek izurriteren bat du edo izan du. Jeneralean zorria edo kotxinila duten zitriko fruitu rboletan hau gertatzen da: zorriak edo kotxinilak izerdia zurrupatzen du eta horretarako zauriak egiten ditu arbolaren kimuetan eta hostoetan. Zauri horietatik izerdia kanpora ere jariatzen da. Izerdi honetan eta intsektuek uzten dituzten hondakinetan onddoak garatzen dira, gehienetan beltza ("negrilla" deitzen zaio gazteleraz) baina posible da beste edozein onddo ere etorri eta garatzea. Beraz ondo miatu arbola ea intsektuak topatzen dituzuen. Topatu edo ez, tabako urarekin eta xaboi potasikoarekin tratatu. Hiruzpalau tratamentu eman zortzi-hamar eguneko tartearekin, arbola ondo-ondo bustiaz, goi eta behe.

Marrubiak jarri nahi ditut nire etxeko balkoian,zer motatako lurra ipini behar diot? Noiz ureztatu? Zenbat argi behar dute? Eskerrik asko aldea aurretik.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-10-28 20:30

Lurra ahal duzun onena jarri behar duzu, harroa gustatzen zaio. Lur beltza, hondar pixka bat eta simaurra edo luarra nahastea da onena. Lurra baratzeren do sororen batetik hartua bada hobe. Marrubiak janari asko eskatzen du, ongarria maiz eman behar zaio. Oinarrizko ongarriketa, gutxi gorabehera 4 kg/m² simaur, hasieran egin, baina urtero errepikatu behar duzu, azaroa aldera. Bestetik, udaren sarreran beste ongarri pixka bat ere gustura hartuko du. Ohar bat, ongarria beti zaharra edo ondo ondutakoa erabili.

Ontzia ere garrantzitsua da, ahal duzun handiena jarri. Lehorteak ahuldu egiten du eta ureztaketa garrantzitsua da, inoiz ez dadila lurra erabat lehortu, baina itota ere ez eduki. Lur azala lehortzean eman ura. Eta azpian platerarik ez jarri, lurrak behar ez duen urak alde egin dezan. Argitasuna ere gustatzen zaio, baina toki oso beroetan asko sufritzen du. Kontuz beraz balkoian non jartzen dituzun.

Kaixo Jakoba, aurten udazken-neguan ez dut baratzan ezer landatuko, ongarri berdea egin nahi det. Nola, noiz egin behar da? Lurrari buelta eman behar zaio hazia bota baino lehen?

Ta karea bota nahi banu ere noiz bota behar det?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-10-28 20:12

Hona ongarri berdeaz "Bizi Baratzea" liburuan diodana:

"Ongarri berdea. Ongarri berdearen teknika landareak, berde daudelarik lurrari ematea da. Baratzeko sailen bat tarte luze batean hutsik izan behar bada, lurra jantziko duen landareren bat ereiten da, eta, jeneralean, loratzear delarik moztu eta lurrarekin nahasi. Honen helburuak hauek dira: gainontzeko belarrak sartzea galeraziz lurreko jakiak probetxuzko landare batek hartzea, lurrean sakon sartuko diren sustraiek hango jakiak mugitzea, lurra harrotzea eta komeni denean hurrengo landareak baliatuko dituen jaki aproposak (materia organikoa eta mineralak) lurrari ematea. Loratzear dagoenean izaten du landareak jaki gehien. Lurra goldatu beharrik ez dago ongarri berdea sartzeko pixka bat lurperatzea nahikoa da.

Landare ugari erabiltzen da lan honetarako: laboreak, zolda-belarra, lekadunak... Bakoitzak berea eransten dio lurrari eta komeni zaiguna erabili beharko da. Adibidez, zolda-belarrak potasioa pilatzen du hostoan eta moztutakoan erraz usteldu eta lurrera igarotzen da; fruitua eman behar duten landareek eskertuko dute: tomatea, piperra, alberjinia... Alpapa edo luzerna, hirusta, zalkea, astailarra, itsabalkia, pagotxa, erua eta ailorbea bezalako lekadunek, berriz, lurra nitrogenoz lepo utziko dute eta hostoa jaten diegunek ederki baliatuko dute: letxu, zerba, ziazerba, eskarola..."

Karea ematearena ongarri moztean egingo nuke.

Oso magnolia haundia daukat jardinean, hosto erorkorrak ditu. Gehiegi haunditu da eta podatu nahi nuke. Zein da garaia egokiena? Hendaian bizi naiz.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-10-28 20:01

Pena handia da horrelako loraldia duen zuhaitza inausi beharra. Nik loraldia amaitu arte itxarongo nuke. Neguko soiltasunaren ondoren loretza ikusgarria zabaltzen du, eta ondoren hostajea. Tarte horretan, hostoak irekitzan ari direnean inausiko nuke, izerdiak zauriak ahal den azkarren itxi ditzan.

15 urteko pago batzuk ditut eta soiltzeko garairik onena zein den jakin nahi nuke
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-10-11 22:45

Pagoak, berez, soildu beharrik ez dago. Lehen mugarrotze inausketa egiten zen helburu jakin batzuekin: ikazkintzarako egurra eskuratzea, ontzigintzarako edo beste helburu zehatz baterako materiala sortzea eta inausketaren ondorengo zuhaitzaren kimuberritzea aziendaren hortzetatik urruti izatea.

Berez, ez dago inausi beharrik. Hala ere, inausi nahi badituzu martxoko ilbeheran egin.

Kaixo, "Landareak Lantzen" gida-liburua jaso berria dut eta zalantza bat daukat (oraindik), ez dut ulertzen zer den ilzaharra. Agur bat eta eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-09-30 20:05

"Landareak Lantzen" gida-liburuaren azalaren hegalean edo barruko solapan argitzen du. Ilzaharra: ilargi betea ikusten dugunetik txikitzen ari den artean ilzaharra da, Ilargi berria arte. Hau da, ilargi betetik ilargi berrirako tartea, gutxi gorabehera hamabostaldi bat.

Ilberriaren alderantzizkoa da. Ilberria handitzen ikusten dugun hamabostaldia da.

Euskaraz ilzaharra eta ilondokoa esaten zaio, Ilargi betearen ondorengo fasea adierazten dute biek. Gazteleraz "Luna decreciente" eta frantsesez "lune decroissante" deitzen dute.

Kalabaza bat lehortu nahi dut dekoraziorako eta nola eta noiz egin behar dudan jakin nahi dut. Mila esker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-09-25 17:30

Bi eratara lehortzen ikusi izan ditut nik.

1.- Landarean beratn utzi, Hostajea dena ihartu eta erori denean kuiak bertan utzi, kanpoko eguraldiaren menpe. Hotz handiak egiten dituen tokietan baten bat izoztu eta alferrik galdu daiteke, baina orokorrean ondo eusten diote. Azala zaildu eta ondo lehortuta dagoenean jaso.

2.- Landarearen hostoak horitzen direnean behatz baten luzeroaren antzeko txortenarekin moztu. Txortena garrantzitsua da barrua ondo lehortzeko. Toki fresko eta haizea erraz dabilen batean jarro nahi baduzu zintzilik eta nahi baduzu etzanda, Azken honetan, tarteka mugitu, jiratu.

Azken era honetara egitez gero ilbeheran eta fruitu egunean egitea komeni da.

Kaixo, Jakoba: baserrian betidanik izan dugun sendabelar honen izena jakin nahi genuke.

2 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-09-21 15:06

Nire ustez karatxa-belarra edo eritsitona edo da, Sedum telephium. Sendabelar ezaguna da, batez ere azaleko zauriak sendatzeko erabilia. Hortik dator, itxuraz eritsitona izena; eta karatx-belarra zer esanik ez!

Nola erabiltzen dezute zuek?

Nekane Ibarzabal Zelaia (Meñaka/ Bizkaia)-ren erantzuna
2017-09-21 18:16

Kaixo, Jakoba:

Lehenengo eta behin, mila esker erantzuteagatik. Guk etxean "osabedarra" deitzen diogu. Interneten eta, sarritan aritu naiz landare honen izena jakin nahian, baina alferrik.

Gurean, landare hau zauriren bat edo garauren bat zoiltzen denean, erabiltzen dugu. Lehenengo, orria atzealdetik zerbait beroaren gainean ipini eta berotu, eta kolorea aldatzen zaionean, daukan pelikula antzeko hori kendu. Ondoren zauriaren gainean ipini eta benda batekin estali.

Mila esker eta ondo izan

Epa Jakoba! Kalabazak biltzeko egun aproposak zein diren galdetzeko idazten dizut. Hilbeheran esan ote zenuenaren errezeloa daukat baino ez nago zihur. Eskerrikasko!!!!!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-09-17 20:29

Bai, ilbeheran jasotzea komeni da, beldin eta helburua ahalik eta gehien irautea bada. Aurten fruitu egunak izaki, urriak 15, 16 eta 25 oso onak izango dira. Gogoan izan kuiari txortenaren zati bet berarekin utzi behar zaiola, hortik usteldu ez dadin.

Aupa jakoba!!

Kiwia aldatu nahi nuke idiazabalen dudan terreno batean..
375 metrotara kokatua dago, lehen piñua egon zen eta 10 urte badira kendu genduela bertan behorrak dabiltza azken urteotan
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-09-17 20:45

Kiwiak neguan hostajea galdu egiten du, eta ezaugarri hau duten landare guztiek bezala negu-neguan landatu behar da. Nahi izatera aurrez zuloak prestatu daitezke, hemendik atzera nahi denean: zuloa egin eta simaurra nahasi lurrari.

Kontutan izan beharreko gauza bakarra izotza da. Izotza egin duen egunean edo hurrengo egunetan egiteko arriskua badago landaketa ez egin, sustraiak erretzeko arriskua dago eta.

Aurten hainbeste sagar daukagu ta jakin nahi nuke zumoa egin ta konserbatzeko zer egin behar den.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-09-11 12:15

Sagar muztioa kontserbatzeko pasteurizazioa egin behar da. Horrela bertan dauden legamiak, bakterioak eta abar galtzen dira. Muztioa 80°C ingurura pasteurizatzen da. Honek esan nahi du muztio guztia tenperatura horretara eraman behar dela eta gero hermetikoki itxita mantendu edan arte.

Nahi baduzu ontzietan sartu eta maria bainuan jarri. Honek "arazo" bat du, ontziaren erdiko muztioa pasteurizatzerako kanpoko aldekoa asko berotuko da, eta muztio freskoaren gustua izan beharrean konpota gustoa hartzen du.

Beste aukera bat pasteurizatzailea den makina bat eskuratzea da (erosi edota alokatu ere egiten dira) honek lana errazten du eta pasteurizazioa zorrotzagoa izango da.

Iaz erabili ez genituen 550 litroko bi kupelek zoko usaia hartu digute. Eginahalak eginagatik ere ez dugu usaia kentzerik lortu eta ez daude erabiltzeko moduan. Behin egurrean sartutako kutsu hau kentzeko erarik ezagutzen duzu?
2 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-09-04 16:40

Gehiegizko garbitasunaren ondorio da arazo hau. Sagardoa botilaratu denean erabat hustu eta garbitu egiten da ontzia; on beharrez, ahalik eta sakonen garbitu ere: azpiko sagardoaren ama kendu, ontziaren oholetan dagoen lika arrastoa... Ondoren hilabeteetan ontzia hutsik egongo da, zurak kanpotik bezala barrutik ere airea hartzen duelarik. Zura sagardoz blai, beteta, belaki edo esponja bat balitz bezala sagardoz busti-busti eginda egongo da. Sagardo honek airea hartzen duelarik hartzidura mota guztiak egingo ditu: ozpindu eta abar. Era berean zura bera ere usteltzeko bidean jarriko da.

Hau ez gertatzeko, sagardoa botilaratzen denean ontziaren azpiko ama eta edariaren proportzio bat bertan utzi behar dira. Ontzia hermetikoki itxita. Honek zura barrutik babestuko du.

Behin zurak zoko usain hori hartuta ez da erraza kentzea. Zerorrek ikusi behar duzu zenbaiterainoko lana merezi duten. Onena askatu eta oholak eta tapak marrusketatzea litzateke. Axalean izango dute nabarmenena kutsu hori, eta hau kenduta gero oholak bildu eta ontziaren buelta osatu eta tapak jarri aurretik erre punttu bat eman. Hau dena eginda ere, baliteke kutsuaren arrastoren bat geratzea, hori gero muztioa sagardo egiteko hartzidurak edo irakinak berak kenduko dio.

Zur oneko ontziak eta sagardo one egiten dutenak badira lan hori hartzeak mereziko du. Bukatzeko, ontzien tamainaren arabera honela deitu izan dira: 10 litro artekoa barrikotea, 100 eta 600 artekoa barrika, 600 eta 1000 artekoa bukoia eta 1000tik gorakoa upela. Zuen horiek beraz barrikak edo bukoiak lirateke.

Animo eta prestatu ontziak, aurtego uztarekin beharko dira eta!

Alberto Etxagibel-ren erantzuna
2021-01-04 09:37
Idazten dudan aholku honek ez badu konpontzen ezerk ez dizu konponduko;

1- Lortu ezazu:
- kazuela edo sarten zar bat (berriz ez dezuna erabilgo).
- 500 gr azukre txuria
- Camping gas deitzen zaion hornillo bat.

2- Erre azukrea kazuelan/sartakiñan eta azkar azkar sartu depositoan eta itxi hermetikoki.

3- Behar izan ezkero errepikatu 2 edo 3 aldiz.

Antxiña teknika hau erabiltzen zuten baserrietan pertsona bat hil ondoren etxeetan geldizen zen uzaina kentzeko. Kontuan euki batzuetan entre familiarrak etorri janaria lortu ta gertau eurentzako ta abar zarritan 4-6 egun pazatzen zirela.

Suerte!!

Kaixo Jakoba:

Asier Altuna naiz, azkoitin eman zenuen hitzaldi batean ezagutu ginen. Galdera bat egin nai nizun. Batatza belar txar honekin josita daukagu. Zer da belar hau? Ba al dago baratzatik kentzeko modurik? Ahal duzunean erantzuterik izango bazenu eskertuko nizuke.

Mila esker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-08-27 12:13

Sabia izango dela uste dut, Amaranthus retroflexus. Agian bere generoko besteren bat, Amaranthus hybridus, adibidez. Ezagutzen ez ditugun lurretan landare hauek txartzat ditugu. Ameriketatik ekarritakoak dira.

Jangarriak dira, bai bere hostajea, berria denean eta haziak ere bai. Kentzeko moztu eta moztu. Eta hurrengo ilgoran ere moztu.

Ezagutzen duzu har hau? Tomate landare batean zegoen.

Zer egin daiteke? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-08-08 20:00

Tomatea eta bere familiako landareak gustatzen zaizkio adardun beldarrari. Bere izen zientifikoa Manduca quinquemaculata da. Atzeko aldean duen adar horrengatik hartzen du izena. Hosto, adar, lore, fruitu denetik jaten du, beraz ahal duzun azkarren bildu eta hil. Bestela nahikoa jan duenean lurrera joan eta nagua han igaroko du, gero sits handi bat bihurtuko da eta hurrengo urteko tomateetan arrautzak jarriko ditu eta beldar berriak eta...

"Bacilus thuringiensis" deituriko botikarekin tratatu daiteke, baina errazena, hain handiak direnez, landareak ondo miatu eta biltzea da.

Hainbatetan aipatu izan duzu tabako ura zorriaren aurkako erremedio onena dela. Nire galdera zera da: zer tabako mota erabil daiteke? pikadura? edozein? beltza ? naturala? Eta naturalaz ari garenez, tabako landaketa galarazita dagoela entzun izan dut, Tabacaleraren monopolioa dela-ta. Posible al da tabako landareak eskuratzea? Non? Mila esker. Eta galdetzea libre denez, azalduko al zenidake nola egiten den xaboi potasikoa?Martin
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-08-08 17:40

Edozein tabako erabili daiteke, azken beltzean nikotina da behar duguna intsektuak akabatzeko.

Tabakoa lantzea galerazita dago, baina zeuretzako dozena erdi bat landare egiten baduzu ez dut uste inor etorriko zaizunik kontu eske. Hazia beharko zenuke... Landareak eskuratzeko, lehendik lantzen duen baten baten berri izan beharko zenuke.

Xaboi potasikoa nola egiten den ez dakit. Badakit xaboi sodikoa baino bihurriagoa dela, baina hortik aurrera batere ez. Agian gure irakurle lagunetakoren batek badaki eta zalantza argitzen digu.

Kaixo Jakoba! Azken urteetan tomate landarak oparitan jaso ditugu baina hurrengo urterako hazia gorde eta ereitea gustatuko litzaidake. Hazia gordetzekotan zein tomate aukeratu beharko genuke? lehendabizikoa? garrantzia al du horrek? Mila esker.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-08-06 19:59

Haziaren aukeraketa urteko gairik garrantzitsuena izan daiteke. Zeuk landarea sortu nahi baduzu, hasteko pentsatu zein den zure helburua. Lehenengo heltzen dena, handiena, gorriena, leunena... Horren arabera aukeratu behar duzu zure hazian biltzen dituen fruitua. Garrantzia horretxek du, eren arabera egiten duzun hautaketa. Urtero aurrena heltzen dena aukeratzen baduzu, etorkizunean lehenago helduko den tomate bat izateko aukera izango duzu. Nik aurrena izan beharrean gozoena, ondoen heltzen dena aukeratuko nuke. Baina horixe da gure eskuetan dagoena, zeren araberako hautaketa egitea. Zure esku!

Tomate fruitua landarean bertan ondo heltzen utzi, gorri-gorri egiten den arte eta gero haziak atera eta hotzetan eduki. Kanpoan onena, hotza sentitu dezan gero neguaren amaieran, udaberrira begira indarrean ernatzeko.

Kaixo, Jakoba:

Zure Bizi Baratzea nire Biblia bihurtu da, baina nahi dudan aholkua aurkitu ez dudanez, natorkizu galdera honekin: Gaur neuzkan 12 tomate landare guztiak atera ditut, ustelduta baitzeuden izan izan dugun eguraldi umelak dakarren botritisa edo den delakoagatik. Halere, beste lau tomate landare neuzkan lursailaren beste alde batean, eta nahiz eta ontzi txikietan egon eta ez zaindu, txikiak baina ondo daude, aurreneko loreak bistan dituztelarik. Aldatu al ditzaket bota ditudanen lekuan, lur berean, edo gaitza bertan gelditzen al da?

Ea momentu bat aurkitzen duzun erantzuteko.

Mila esker eta ondo bizi.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-07-30 19:12

Ahal baduzu toki berean ez jarri. Gorrinaren esporak hor inon baino gehiago izango direlako. Hala ere zalantza honek bi aieka ditu: batetik pentsatu behar duzu gorrina gaitz horren esporak denean sakabanatuta eta erruz izango direla. BestetikToki onena zein da? Eguzki gehien duena, beroena eta lurra lehorrena duena. Ez dakit toki hori den egokiena. Agian etxearen edo eraikuntzaren baten kontra badago aldatzerik... Bestela toki berean jartzea erabakitzen baduzu tontor bat egin, haren gainean zuloa egin, zuloan asun hosto berdeak jarri, gainean lur pixka bat eta gainean landatu. Itsasteko bakarrik ureztatu.

Entsalada On!

Atsaldeon! Leitzeko baserri batetik idazten dizot, zizare hori batek letxuk batez ere izorratzen dazkiu, zañetatik zurtoñea sartzen zaio eta barrendik zulatzen do, erremedio naturalik bai ote da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-07-21 16:43

Hari-harra edo alanbre-harra da hori.

Oso zaila da kentzea. Ez zaio ez beroa ez hotza gustatzen, baina bai lur aberatsak; jeneralean hemen ditugunak...

Jendeak tranpak egiten ditu eta bildu: 20-30 cm sakoneko zuloak egin eta patatak erdibituta sartu, bera jatera hurbilduko dira eta bildu eta hil. Berdin hurbiltzen dira tranpa honetara: artoa edo garia ernatu arazi busti eta beroan eta ernatutakoan sare batean sartu, sare hau ontzi batean eta dena lurreko zulo batean sartu, buruz behera dagoen platera batekin estali eta dena lurperatu, egunero miatu eta harrak bildu eta hil.

Tratamendu kimikoak badira, baina ahaztu letxugak jateaz...

Aupa Jakoba, urkiaren hazia jaso eta ereiteko asmoa daukat aurten, nik neuk lortzekotan zuhaitza hasiera-hasieratik. Irakurria dut abuztu amaieran/irala hasieran jaso behar direla haziak, artean guztiz helduta ez daudela, ostean, udagoienean ereiteko. Baina une honetan, uztaila amaitu barik dagoela, hazi ugari helduta daudela ikusi dut. Era berean, haziak bildu eta jarraian erein beharrekoak direla ere esan didatenez, zelan jokatu ere ez dakit honezkero. Nik badaezpada hazi helduak hartu eta ereiteko asmoa daukat. Zer deritzozu? Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-07-21 13:00

Haziak helduta daudenean bildu behar dira. Urki bakoitza mundu bat da; zeinengandik sortua denaren eta non bizi denaren araberako zuhaitza izango da. Horri erantsi behar zaio eguraldiaren zikloa, baina ez urtebetekoa, urteetakoa baizik, Hori dena kontutan izanda ulertu daiteke urte batean irailean eta beste batean uztailean heltzea haziak.

Zure urki horren haziak heltzen ari badira, bildu eta geruzatu. Geruzatzea teknika zaharra eta eraginkorra da. Haziak naturalki biziko lukeek bidea egiten uzten zaio. Errekako hondarretan jartzen da, geruza bat hondar, gainean beste bat haziak, gainean hondarra, gainean haziak. Zuloak dituen ontzi batean, eta kanpoan eduki. Gakoa horixe da, kanpoan bizitzea udazkena eta negua. Horrela gero udaberriarekin ernatuko dira.

Hondarrak azalean ebaki ttikiak egiten ditu eta hortik ura sartzea erraztu. Gero haziak, ura hartu eta neguko giroak pasa direla sentitzean ernatuko da.

Jeneralean errazago ernatuko da toki ilun batean, eguzki galdatan baino hobe zuhaitz edo zuhaixken itzaletan.

Kaixo Jakoba, Hur zuhaitz bat dugu era urtero ale mordoa izaten ditu baina heldu ahala guztiak erortzen dira zulo txiki batekin, "hutsik", ustelduta, ..... Zer izan daiteke? Nola zaindu daiteke? Sagarrondo eta aranen alboan dago.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-07-19 17:27

Hurraren gurgurioa da, Curculio nucum.

Hurraren arazo handiena da. Intsektu txiki bat da. Negua har forman igarotzen du lurpean, udaberrian heldu bezala atera eta hur txikiak eta hosto eta kimu berriak jaten ditu. Maiatza eta iraila artean helduak ibiliko dira, arrautza berriak hur samurretan sartuko dituzte, bakoitzean bana. Hauetan harra sortuko da eta hurra barrutik jango dute. Gero zulo bat egin eta aterako dira lurpera joateko, negua pasatzera. Lurpean hiru urtera arte egon daitezke.

Toki hezeak eta freskoak maite ditu.

Ez da erraza borroka. Tratamenduak intsektua arrautzak jartzen dabilenean egin beharko lirateke, ekologikoa: "Neem" olioa + xaboia. Garai batean goizean goiz edo ilunabarrean, bero handienak joandakoan hur adarrak maindire zuri bat azpian jarrita astinzen ziren, gurgurioak bildu eta hiltzeko.

Adar artean laranjak erditik ebakita jarri eta bertan luze aritzen omen dura zurrupatzen, biltzeko aukera emanez...

Aupa Jakoba!

Duela bi astetatik, oraingoz, 12 metro karratu inguru dituen lur zati batetan baratza egiten hasi naiz. Lur saila Donostiako Ulia mendiko magalean kokatua dago. Lehen pausoa, lur gainean zeuden belar eta sastraka danak kentzea. Ondoren, lurrari buelta eman atxurrakin sustraiak kentzeko eta lurra arintzen joateko. Orain lantxo honekin nabil. Ondoren, pala hartu eta lurra arintzen joan. Ondoren, landatzen hasiko naiz.

Hona hemen nire galderak:

- Lurra ez da duela urteak erabili eta esan bezala sastrakez beteta dago, batez ere morak ateratzen dituzten horiek. Pentsatu dut ongarri zeozer eman beharko niokela. Ez dut inor gertu gorotza eman diezadakena, beraz, boltsatso bat erostea pentsatu dut baina zer erosi: substrato unibertsala, humus de lombriz edo sustrato mantillo? besteren bat? 12 metro karraturentzako zenbat kg beharko nituzke?

- Landareak erein/transplantatu eta ilargiaren inguruan. Beste baratza bat eduki nuen eta bertan esan zidaten ilargia goraka zioanean, beraka ateratzen diren barazkiak landatu zitezkela: azenarioa, patata, tipula... eta ilargia behera dioanean, ordea, gorantz hazitzen direnak: tomatea, letxuga, piperra... Liburua irakurtzen, zuk ez duzu ilargiaren eragina horrela erabiltzen landatzerakoan. Zuk egutegi dinamikoa jarraitzen duzu eta bertan lau talde daude: fruitua dutenak, sustraia dutenak (niretzako berantz bizi direnak?), lorea dutenak eta ostoa dutenak. Niretzako barazki batzuk zein taldetan dioazen jakitea zaila egiten zait bi edo hiru taldetan ikusten ditut. Bada nonbait barazki bakoitza dagokion taldean agertzen duena? Trukoren bat zein taldetan dioazen bereizteko?

Mila esker. Agur bat. Aitor
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-07-17 14:01

Sastrakadia edo belardi edo baso zen tokian baratzea sortzeko lurra gorritu eta luberria egiten denean, lur aberatsa izan ohi da. Hala ere ondo dago ongarritzea. Denborarekin baratean bartean sortzen zaizkizun hondakinekin eta etxeko organikoarekin luarra izango duzu. Zeuk aipatzen dituzun ongarri horietan zizare luarra da onena, baina jakin ezazu gaur egun simaur deshidratatua eta koxkorretan bildua saltzen da. Baita Gipuzkoako Hondakin organikoekin egindako luarra ere. Horietatik nahi duzuna erabili. Hasteko 2-4 kg. eman metro kuadroko.

Landare bakoitza zein multzotakoan den jakiteko ez da asmakizun handirik behar: zer baliatzen duzu landare horretatik? Adibidez: uraza-hostoa, tomatea-fruitua, patata-sustraia, orburua-lorea, azenarioa-sustraia, azalorea-lorea, zerba-hostoa, kuiatxoa-fruitua...

Kaixo Jakoba,
Aurten ez dugu orturik prestatu etxe alboko landatxoan zeren eta gure ezkontza ospatu nahi dugu bertan Irailean. Hori dela eta lurra ondo berdindu nahi dugu, eta belar motaren bat landu txukun egon dadin Irailak aldera.
Baina ez dakigu zein belar mota landu berarko genuke, hurrengo urteetan arazorik ez izateko (eta aldi berean lurra ondo zaintzeko). Batzuk hirusta diote, baina ez gaude ziur. Besteak ryegrass diote...
Zer gomendatuko zeniguke?
Lurra ongi berdintzeko irudian agertzen den motako tresna bat erabiliko zenuke?

Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-07-11 12:05

Irailean gainean dantzatzeko moduko belardi bat nahi badezute azkar mugitu. Belardi berri bat zanpatzeko moduan egoteko hiru edo lau moztualdi emanda izan behar da. Eta mozteko makinaren mozten duen zafla txorrotx-txorrotx egin da jarrita, bestela belar jaio berria atera egingo du, moztu beharrean. Ureztaketa ere zaindu urte sasoi txarra da eta. Berez ereinta lan hori udaberrian egin beharko litzateke...

Nik bertako etxe bat gomendatuko nizueke, Tuterako Zulueta etxea. Eta bere katalogotik, belar nahasketa pare bat horietatik aukeratzeko “Boston” eta “Classic”

Argazkian bidali didazun tresna hori alferra deitzen da, eta ez da lurrak berdintzeko, baizik eta hazia zabaldu denean hazia lurrera ondo itsasteko, azkarrago ernatu edo hozitu dadin.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora