Urtarrila urik gabe, urtea ogi gabe.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Sutako hautsa, lekak eta azenarioak erein
2025-05-05 21:39 | M jose

Iakoba buztin lurra da gure etxian eta sutako autsa ze landareri etorriko litzayoke ondo ? Beste galdera baina aziya egiteko ze garay da ona? Eta azenayua ? Eskerrikasko


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-05-07 17:54

Errautsak kaltzioa du osagai nagusia, baina kareak ez bezala, beste mineral batzuk ere baditu. Bere lan garrantzitsuenak hauek dira: lurra harrotu eta lehortu egiten du, lurraren egoera kimikoa neurtzen duen pHa igotzen du lurraren azidotasuna apalduz eta mineral batzuen mugimendua erraztuz (landareak ere errazago hartzen dituelarik) eta kaltzioa erantsita landareak eskuera edukiko du elikagai garrantzitsu hori fruituak hobeak eta iraunkorragoak emateko.

Ia landare guztientzako ona da buztin lurretan. Ahabia, hortentsia eta lur azidozaleak diren landareak ezik gainontzeko guztientzako ona da. Ongarriketa garai nagusia udazken-negua da. Ongarri organikoa (simaurra, luarra…) eta errautsa edo karea ez dira batera eman behar. Batetik bestera ilargialdi bat izatea komeni da, hilabete bat gutxienez. Azaroa-abenduan simaurra eta urtarrila-otsailean errautsa, adibidez.

Leka, bai motza eta bai luzea, maiatzean hasi eta abuztuaren erdira arte ereiten da. Negutegiaren barruan egin nahi baduzu martxoaren erdian hasi eta abuztuaren amaiera arte egiten da.

Azenarioa Martxoaren amaieratik irailaren hasiera arte ereiten da.

Gaur arte erantzundakoak (1007 galdera-erantzun)

Kaixo, galdera bat egitera nator.
Gabon inguruan gorosti txiki bat erosi nuen eta iruditzen zait lorontzi aundixio batera aldatu beharko nukela, noiz da garai ona?
Mila esker eta agur bat
Izaskun

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-18 09:59

Hostorik galtzen ez duten landareak landatzeko sasoi egokiena martxoaren amaiera eta apirilaren lehen erdia dira. Aldatzerakoan lehen duen lurretik ahalik eta zati handiena kendu, behatzekin sustrai tartea hustuz. Horrela lur berri gehiago izango du eta hazteko beste poz bat ekarriko du.

Egunon Iakoba!! Ze patata mota da 60 egunetara ateratzen hasi daitekeena ? Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-18 17:52

Goizeko patatak erabili behar dira (gazteleraz “temprana” esaten diote eta frantsesez “pomme de terre primeur” edo “hâtive”). Nik erabiltzen dudan barietatea “Colomba” da eta berez 80 egun behar ditu heltzeko. Orokorrean patata barietate arruntek 120-150 egun artean behar dute heltzeko. Beraz 80 egunetan heltzen dena oso goizekoa da. Hala ere nik ez diet heltzen uzten, ez dut nahi izaten patata urte guztirako jasotzeko edo gordetzeko. Patata landarea edo zerba ihartu arte utzi beharrean loratzen hasi ordurako ateratzen hasten naiz, eta jan ahala atera. Horregatik 60 egunetan jaten hasi zaitezke. Eta gomendio bat ematea nahi baduzu: ez dago horrelako patata goxorik, edozein barietate, baina heldutasun osora iritsi aurretik bildu eta azal eta guzti jandakoa bezalakorik.

Kaixoo... Aurtengo ze egunetan ereingo ditugu tomate haziak? Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-17 11:45

Kanpoan dagoen baratze batean landatzeko izango direla iruditzen zait. Horretarako, maiatzaren bigarren hamabostaldian eta ekainaren lehenengoan landatzeko, martxoan ereiten dira tomate haziak. Onena ilgoran ereitea da, eta egun aproposenak fruitu egunak dira. Martxoan ilgorak 1etik 7ra eta 22tik ekainaren 3ra izango dira; eta fruitu egunak martxoaren 3 arratsaldea eta 4 egun osoa, 22, 23, 24 goiza, 31 eta apirilaren 1 goiza. Lehen egun horietan hasteko hazien erdiak erein eta azken egun horietan beste erdia; horrela tomate uzte luzatuko duzu.

Kaixo, hegoaldera ditugun landare trepadoran zorri hantzeko kolore hori dun bitxotxoak azaldu zaizkigu. Ze Pauso eman behar degu hauek kentzeko? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-03-11 17:49

Landare igokari horiek dipladeniak dira, Mandevilla sanderi. Ikusten diren bitxo horiek zorriak direla esango nuke. Hasi tratamendu erraz baina oso eraginkor batekin: xaboi potasikoa. Litro bete edo biko ihinztagailu batean goilarakadatxo ttiki erdi edo oso bat nahasi, kafe goilaratxo horietako batekin, eta urez bete. Bi-hiru egunez behin busti landare osoa alde guztietatik. Nik uste dut ederki garbituko duzula.

Noiz da garai ona tomate hazietatik landatea ateratzeko?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-24 18:03

Tomate haziak ereiteko bi garai daude. Tomate landareak negutegian edo berotegian landatu nahi izanez gero urtarrilean edo otsailean ereiten da hazia. Landarea kanpoan, baratze arruntean landatu nahi baduzu martxoan ereitea da onena. Ereintzarako egunik onenak ilgorakoak dira eta egokienak fruitu egunak. Otsaileko ilgoran gaude eta martxoaren 7an amaituko da. Martxoko ilgora 22an abiatu eta apirilaren 3 arte izango da. Fruitu egunak hauek dituzu: otsailaren 24, martxoaren 3 (arratsaldea), 4, 22, 23, 24 (goiza), 31 eta apirilaren 1 (goiza).

Egun on Jakoba! Ilargiaren zure liburuan irakurri dut urteko tipula landatzeko egun aproposa otsailak 9a zela baina pasa zaigu eguna... noiz landa dezaket? Oraindik ere garaian gaude? Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-11 10:27

10 urte betetzera doan BIZI BARATZEA liburuan tipularen fitxaren trikimailuak atala irakurtzen baduzu esaten du sasoi onena otsailaren ilbehera dela. Beranduenera martxoaren erdia. Otsailaren ilbehera oraintxe da eta 22ra arte luzatuko da. Ilbehera osoa ona da landaketa hori egiteko baina egun onenak sustrai egunak dira: 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18. Martxoko ilbehera 8tik 21 arte da eta sustrai egunal 15 eta 16.

Kaixo !! Etxe aurrean gereizondo bat degu eta adarrak kimatu beharrean gaude...oztopatzen baitute pasua....noiz egin leike ???

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-11 10:43

Gereziondoa, fruitua hezurra duena ematen duten fruta arbola guztiak bezala Euskal Herri hezean ez da inausi behar gaitzak sartzen zaizkiolako. Bestetik gereziondoak bereziki, egur oso ahula, biguina du eta egingo dizkiozun zaurietatik barrura usteltzen hasiko da, arbola guztia ahulduz eta arriskutsu bilakatuz. Beraz, ahal baduzu inausi gabe pasa, adarrak okertuz eta lotuz edo… Bestetik inausten baduzu zauriak ahalik eta ttikienak egin. Inausketa orain egin daiteke otsaileko ilbeheran, 22 arte.

Kaixo ! Jakin nahi genuke zergatik udan, sartutako porruak ateratzerakoan ezin ditugun sustraitik atera eta gehienak puskatzen zaizkigu erditik......

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-11 10:49

Bi arrazoi izan daitezke: sakon landatuta daudelako edo lurra astuna, buztintsua, gogorra delako. Seguruenera bi arrazoiak elkarrekin izango dituzu zuk porru sailean. Hurrengo porru saila non jarri behar duzun erabaki orain eta gainean jarri ongarri geruza lodi-lodi bat, 10-15 cm lodi. Orbela, simaur zaharra, luar ondua, eta abar. Horrek lurra harrotu eta arinduko du.

Atsaldeon! Gure etxeko belazea errekatxo batean amaitzen da.Pixkanaka pixkanaka, uraren erosioagatik lurra juten ari da.Jakin nahinukena da Altzarerin egindako estakillak ateratzen diren edo ez. Ingurun asko dago eta...

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-05 17:42

Bai itsasten dira haltzaren aldaxkak. Arra bete luzeko adar muturrak moztu, azkenekoa ezik gainontzeko hostoak kendu, oinaren azala labana batekin urratu, eta lurrean egindako zuloan sartu eta ondo estutu. Toki epelean eduki eta lurrari heze eutsi. Udaren hasieran, ekaina aldera egin daiteke. Udaberriaren hasieran ere bai; orduan, baina hostorik ez du izango. Itsasten laguntzeko hormona kimikoak erabili ditzakezu edo ernetutako dilisten ura (dilistak paper bustian ernetu arazi, eta uretan irabiatu eta txikitu, ur horrekin ureztatu) edo sahatsa edo zumearen ura (azala uretan txiki-txiki egin eta ureztatzeko erabili). Haltzaren adarrak baino errazago itsasten dira zumearenak. Hori ere jar dezakezu, beti ere kimuberritzen hasi aurretik.

Atsaldeon. Sagarraondoa inausteko, otsaileko ze egunak diré aproposak? Eskerrik asko Jakoba

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-05 10:57

Sagarrondoa inausteko askoz ere hobea da martxoa otsaila baino. Izerdia mugitua behar du egingo dizkiozun zauriak ahalik eta azkarren ixteko. Egun onenak ilbeherakoak dira eta aproposenak sustrai egunak. Martxoan ilbehera 8 eta 21 artea izango da, eta sustrai egunak 15 eta 16. Otsailarekin egoskortzen bazara ilbehera 8ko 12:00etatik 22 arte izango da eta sustrai egunak 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18.  

Basoan 7 urte dituen pinu maritimoa deitzen diotena dut sartuta eta zein da sasoirik onena basoa eta pinu ingurua garbitzeko? Orain udaberri ingurua Ala udazken-negua?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-05 12:09

Edade horretako pinuei garoak ez die kalterik egingo beraz laharrean pentsatu behar dugu. Laharra kaltetzeko indarrean dagoen sasoian jo behar da eta kalte handiena ilgoran egiten zaio. Beraz ekaina, uztaila edo abuztuko ilgoran moztu eta garbitu pinudia.

Mandarino gazte bat daukagu. Iaz dozena bat mandarina eman zituen, aurten hiru. Zegaitik? Leku epelean dago.. Sondikan bizi da.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-04 16:44

Iazkoa orokorrean fruituentzako urte oso txarra izan zen. Arrazoi bat hori izan daiteke eta bestea gaztea da, zeuk esan duzu, eta gazteetan normala da horrelako gorabeherak izatea. Egin dezakezun gauza bakarra laguntzea da. Inguruan, ez soilik ipurdian, zabalxeago baizik, ongarri organikoa jarri: satsa, luarra, eskuera daukazuna. Eta utzi bere horretan. Adarrik ez moztu inola ere, bestela urte batzuetan gutxiago emango dizu.

Gure etxeko kameliak ez dut lorerik ematen nahiz eta kimuak agerian izan. Lorontzi haundi baten dago. Sondikan bizi da.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-05 12:12

Kameliak loratzeko ahalik eta janari gehien izan behar du eskuera. Loreontzi handiago batean, ondo ongarritutako lurrarekin jarri edo, onena, lurrean landatu. Loreontzian jarraitzen badu urtean bi edo hirutan ongarria eman lurrari, gainean jarrita edota ureztaketa urari mahasita.

Egunon, noiz ereiten da olua? Sagastian lurrantzako ona omen da eta Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-03 12:37

Oloa ereiteko bi sasoi daude, labore gehienekin bezala. Udazkena da bat eta negua bestea. Negurako esaerak horrela dio: “otsaileko oloa olo, martxokoa olotto, apirilekoa ez olo ez lasto” Beraz badakizu oloa olo izatea nahi baduzu ahalik eta azkarren erein. Egokiena ilgoran ereitea litzateke. Ilgora hau 8 eguerdian amaituko da. Aste honetako egun horiek lirateke onenak.

¿Ezagutzen duzu ludoie (ludoi) hitza? Da gari artean aguertzen zena eta zena beltza. Esango nuque hatzen zela txartzat.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-09 19:47

Ez nuen ezagutzen, ez. Guk herdoila esaten diogu. Gaitza bat da bai eta irina belzten du. Milesker

Kaixo jakoba! Bizilagun baten arrosa landaretik kimuak jaso eta larrosa berriak ateratzea nahi dut. Zer eduki behar dut kontuan eta noiz egin lan hau? zuzenean lurrean labdatu edo tiestotan hobe?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-05 10:29

Arrosondoa aldaxkatik sortzeko sasoi onena udaberria da; bestela udaren amaieran, irailean. Landarea izerdia mugituta eta sustraiak emateko grinarekin dagoenean egin behar da. Egokiena otsaileko edo martxoko ilbeheran egitea da eta sustrai egunetan bada hobe. Otsailean 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18 izango dira. Martxoan 15 eta 16. Hotza bada atzeratu. Loreontzian egitearen abantaila hurbil eduki eta zaintzeko erraztasuna da, baita hotzetik babestekoa ere. Martxoan eginez gero aldaxkak zuzenean lurrean landatu ditzakezu.

Arratsaldeon Aurten udareondoak landatzeko asmotan nabil (kostaldeko lursail batean, itsasoaren frente frentean) baina barietateak aukeratzeko orduan zalantzak ditut. Esan didatenez, pasa crasana ederra omen da bai konpotak egiteko, baita jateko ere. Eta bere fruitualdia urria aldean izaten dela. conferencia ere oso hautatua izaten omen da mintegietan. Honen fruitualdia uztailean dela. Gustatzen zait bi barietate hauen fruitualdi desoreka, denak batera jaso ez izateko. Pasa crasana barietateari ordea, su-gorriñak ederto erasotzen diola irakurri dut. Egia ahal da? horren kontra egitea zaila ote da? lan handiegirik ere ez dut hartu nahi. lursailean 8-12 udareondo sartzeko lekua daukat. ze barietate gomendatuko zenidake? hauek ondo? besteren bat?? Eskerrik asko aldez aurretik!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-01-31 19:54

Aipatzen dituzun bi barietate horiek udazkenekoak dira. Irailaren arditik atzera heltzen dira. Udako beste barietate batzuek: Blanquilla, Ercolini, Limonera  eta William’s. Hala ere gomendatzen dizudana da Euskal Herriko Hazien Sarearekin harremanetan sartzea. Haiek bertoko barietateak lantzen dituzte eta aukera hobea dira beti: https://www.haziensarea.org/

Aupa Jakoba, gure etxean bada arte bat duela 30 bat urte landatutakoa. Egia esan, gure baserriak, Artia-Artia izena dauka eta Gautegiz Arteagan dago. Tristea da baina, Artea leku guztietatik eta etxe bueltan orain bat ere ez. Badirudi gure etxe aurrean bazegoela arte handi eta itzel bat, moztua, baina aspalditik desagertua dago... Orain daukaguna benetan potolotuta dago, eta moztua izan zen lekutik, 10 bat metro dituzten 5-6 adar potolo ditu (20 cm inguru diametroagaz )eta moztea pentsatzen nabil adar berriak ateratzeko eta arte-motza izaten jarraitzeko. Bilatzen saiatu naiz, baina ez dut aurkitu mozketa hori noiz egin beharko litzatekeen, batez ere, arteari ahal denik eta kalte txikiena egiteko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-05 12:15

Inausketa egiteko sasoia izerdi berria da. Arteak hostorik ez du galtzen eta hostoa galtzen dutenak baino geroxeago mugitzen da. Nire ustez inausteko sasoi egokiena martxoko ilbehera da, ahal izanez gero sustrai egunean. Aurtengo martxoan ilbehera 8tik 21era izango da eta sustrai egunak 15 eta 16.

Egunon Photyniak podatu beharra dauzkat, noiz den sasoirik hoberena, mugitzen hasita daude punttak... Mila esker.

2 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-01-27 12:16

 

Photiniaren sasoi ikusgarriena udaberria da. Loraldi zurizta eta kimu gorri dotoreak. Udazkenean kimatuz gero, hurrengo udaberrian loratuko liratekeen loreen begiak kentzen ditugu: loraldi eskasa. Loraldia igarotzen utzi. Loraldiarekin bateratsu dator kimu gorrien sasoia. Nire iritziz kimatzeko sasoi onena kimuen hazkuntza geratu denean da. Horrek uda erdira aldeko bigarren kimualdi gorria sortzea laguntzen du. Aldaera edo barietateei buruz, hemen batean eta bestean ikusten dena Photinia x fraseri “Red Robin” hori da. Horrez gain besteren bat nahi izatera mintegiren batean eskatu eta ekarriarazi beharko duzu.

iñaki-ren erantzuna
2025-03-10 11:18

Nire esperientziaz: udazkenean azken kimaketa eginez gero, normalean udaberrirako ez du ia lorerik izango hurrengo pujaldiak. Badaude barietateak adartsuagoak direnak photinia klasikoa baino(Red robin). Barietate berri horrek('Carré rouge') lan gutxiago eskatzen du kimatzen landare itxia lortzeko, eta lore gutxiago izaten du, oso kimu gorri ederrekoak. Barietate berri hori nonnahi erosi ahal da. Eta 'Red Robin' ez baduzu kimatzen, udaberrian lehenbizi lorez beteko da eta ondoren pujaldi gorria etorriko da.

Aurten tomate eta piparrak etxean erein nahi ditut, Maiatza aldera ortuan landatzeko. Etxe barruan edo kanpoan (balkoian) komeni da ereitea? Eta ze sasoitan? Martxoa aldera? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-01-25 12:44

Maiatzean landatzeko martxoan ereitea komeni da; beti ere ilgoran eta fruitu egunean. Etxe barruan edo kanpoan zalantza zeuk argitu behar duzu. Biei toki gozo epel-beroak gustatzen zaizkie. Etxea agian beroegia da, kanpoa agian hotza, garaian ikusi behar. Bestela balkoian negutegi antzeko toki bat eraiki eta han erein. Bestela ereintza barruan egin daiteke eta ernatzen direnean kanpora negutegitxora atera. Garrantzitsua da argi betean egotea.  

Kaixo, Hainbat fruta arbola landatu nahi nituzke. Landatu beharreko lurra 700metrotako altitudean aurkitzen da; beraz, posible da oraindik izozteren bat egotea. Errezil inguruan dago, idea bat egin daizun. Honakoak dira nire zalantzak: noiz landatu behar nituzken zuhaitzak? Ze zuhaitz dira egokienak inguru horretarako? basoko animaliek apur ez ditzaten, zer babes jartzea gomendatzen duzu? Eskerrik asko!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-24 19:53

Inguruko ohiko fruitu arbolak landatu daitezke altuera horretan: hurritza, sagarra, udarea, arana, mertxika, brinoia, paraguaioa, albertxikoa, mugurdia, andere-mahatsa, irasagarra, kakia, kiwia, mahatsa, mizpira eta mizpira japoniar.  Pikoak agian hotzarekin sufritu egingo du… Intxaurrondoa ahaztu, gaitza eta izurrite baten konbinazioak ez bai dio fruituak ondo heltzen uzten. Bereziren batekin saiatu nahi baduzu limoiondoa eta mingrana edo granada jarri. Landaketa martxoko ilbeheran egin. Babesa jartzeko mendiko landareari jartzen zaion plastikozko tutu hori jarri eta handitzean hesolatxo batzuk jarri inguruan (3 edo 4) eta txarrantxa jarri ez hurbiltzeko eta ezta bere kontra aztarrika egiteko ere.

Kaixo Jakoba, Alegiatik idazten dizut, jardin batean camelia bat dut, altura 2.5 metrokoa eta zabalean lehengo urtean podatua! Tokiz aldatu nahi dut eta jakin nahiko nuke noiz eta nola egin, lurrean izango litzateke berriz eta toki goxoan, zermoduz onartzen dituzte toki aldaketak cameliak, eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-01-22 17:55

Ez da bizitokiz aldatu zalea kamelia. Egokiena urtebeteko tartearekin egitea da. Hau da, aurten loraldia amaitzen denean, martxoa-apirila giroaren arabera, kimu berriak hazten diren bitartean bere inguruan, metro bete edo handixeagoko diametroko zanga bat ireki, aitzur arruntaren zabalerokoa eta 40 bat zentimetro sakonekoa. Hor sustraiak ebakiko dira. Bete berriro zanga lurrarekin eta uda partean zanga hori ureztatu. Ureztaketa urari sustraitzeko hormonak nahastuz gero hobe. Hormonak kimikoak, slatzen direnak, edota etxean egindakoak (dilistak paper bustian ernetu batidoran urarekin txikitu eta ureztaketa urari hori nahasi) izan daitezke. Hurrengo loraldiaren ondoren zuloa berriro ireki, suabe-suabe hor egongo dira eta sustrai berriak, horiek hautsi gabe. Lur guztiarekin ateratzen saiatu eta beheruntz dituen sustraiak moztu beharko dituzu. Bizitoki berrian lur-zepeloiaren tamainako zuloa prestatu eta jarri. Ahal baduzu lehen zuen orientazioa errespetatu, iparra, orain ere iparrera. Ez du gustuko eguzkitan egotea, itzala nahiago du. 

Kaixo Jakoba, Herrian baloiarekin aritzeko kantxa bat dugu ibaitik nahiko gertu. Askotan baloiak ibaira edo ibai baztarrera erortzen direnez, landare hesi bat jartzea pentsatu dugu. Behekaldean hostotsua izatea eta urte guztian hostoa ez galtzea baloratuta, 3 landare hauek topatu ditut: arbustu arrunta, erramua eta txorbeltza. Beharbada ezpela ere bai? Zein izango litzateke zure gomendioa? Konbinazio bat eginez, erramua atzean eta arbustua aurrean agian? Eskerrik asko aldez aurretik,

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-01-22 15:36

Denak dira egokiak, baita ezpela ere. Zein alturako hesia osatu nahi dezuten da galdera nagusia. Ezpelak adibidez urte asko behar du altura pixka bat izateko. Azkarrena haziko dena arbustu arrunta litzateke. Altua nahi izanez gero erramua ere ez da txarra. Koniferoren bat ere pentsa daiteke: Leilandia, Chamaecyparisa… Bi lerrotan diozun eran jartzea ez da txarra.

Kaixo: Gela Egonkorreko 5 ikasle eta 3 irakasle gara. Eskolan negutegi bat dugu eta datorren astetik aurrera zerbait landatu nahi dugu. Garai honetan zer da egokia landatzeko?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-01-21 17:45

BIZI BARATZEAk astelehenero buletin bat argitaratzen du eta goizeko 8retan nahi duen guziari bidaltzen zaio. Bertan aste horretako lanak azaltzen dira, zer erein, zer landatu eta aparteko lanak, bai kanporako baita negutegi barrurako ere. Adibidez aste honetakoak esteka honetan topatuko dituzu: https://bizibaratzea.eus/garaiko-lanak#aste-honetakoak Buletina jasotzeko posta honen igorlearen helbidea sartuko dut eta astelehenean jasotzen hasiko zarete. Besteren batek ere jaso nahiko balu helbide elektronikoa eman behar da, hemen: www.bizibaratzea.eus webgunean goian eskubian hor dago buletina eta bertan ikusiko duzu HARPIDETU

Arratsalde on! Boniatoa landatzea probatu nahi dut, nafarroa iparraldean zer moduz ematen den jakiteko. Horretarako boniato bat erosi dut eta uretan jarri dut erditik moztuta egunero ura aldatuz. 20 egun igaro dira eta ez dago injngo aldaketarik. Goizegi nabil? Noiz da tenore ona boniatoa germinatzen jartzeko? Eskermila!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-01-22 16:45

Nik uste dut goizegi zabiltzala. Dendan jateko saltzen den boniatoak ahalik eta beranduen hozitzeko edo ziltzeko produkturen bat izango du emana. Beraz nik boniato berri bat ekarri eta kanpoan jarriko nuke. Berak jaiotzeko gogoa sentitzen duenean ederki adieraziko du, begiak lehertuaz. Orduan landatu behar duzun tokian jarri, patata arrunta balitz bezala. Berez apiriletik ekaina artean landatzen da tuberkulua. Eta hurrengo urtetarako aurreko urtean bere zarba ihartu aurretik hartutako aldaxkak, uretan jarri eta errotu direnak ere erabiltzen dira landatzeko. Toki beroa bada martxoan ere jarri dezakezu. Urrian edo azaroan biltzeko moduan izango da uzta. Berez igokaria da landarea; ez badiozu non lotu eta igo jartzen lurrean hara-hona zabalduko da.  Beroa gustatzen zaio, toki egutera aukeratu. Hezetasuna ere maite duenez, edozein materia organikorekin azpiak egin, ipurdiaren bueltan jarri, ondroso. Ilara artean metro bete utzi eta ilaran, landaretik landarera 35-40 cm. Ongarritu behar baduzu ongarri zaharra eman, ondutakoa.

gora