Asteroko buletina
Martxoaren erdin, gaua eta eguna berdin.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Ahuakateondoa birlandatu
2024-12-24 10:37 | Gabino

Egun on Jakoba.
Aguakate landare bat daukat, metro ta erdikoa eta lekuz aldatzea beharrezkoa dut, galdera da noiz berlandatu?

Ongi izan eta mila esker erantzuteagatik.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-24 10:38

Hostoa galtzen ez duten landare guztiak bezala negua pasa ondoren landatzen da. Toki eta giro epelean bizi bada martxoa amaiera aldera, gainontzean apirilean. Beti ilbeheran egiteko lana da, eta ahal izanez gero sustrai egunean.

Gaur arte erantzundakoak (920 galdera-erantzun)

Kaixo. Jakin nahi nuke,ea oilo ximaurra nahiko freskoa zabaldu daitekeen orain lurrean,eta ea udaberrian landaketa egiteko ez dihoen kalterik egingo lurrari Edo aldatzen denari fresko botatzeagatik ximaurra? Besterik gabe,zure erantzunaren zai geratzen naiz.Eskerrikasko!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-11-15 17:27

“Nahiko freskoa” horrek zer esan nahi duenaren arabera. Egin berria bada ez. Hobe bazterrean luartzen utzi eta hemendik urtebetera erabili. Luartzeko geruzaka jarri eta tartean materia organikoa sartu: garoa, orbela, belarra, arta zuztarrak… Eta Lehen bi ilbeheretan pila irauli. Dagoenerako 6-8 hilabetekoa bada, oilo zirinaren kasuan oraindik nahiko freskoa, orduan bai, beste 5-6 hilabete behintzat egingo dituelako lurrean ontze bidea osatzen. Aldatu berria den landareari ez eman sekula simaur berririk.

Hilgora honetan zein da egunon egokiena illarra ereiteko?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-11-14 16:33

Ilgora datorren astelehena 18 eguerdian amaitzen da, eta egun guztiak dira onak, baina onena bihar ostirala 15, fruitu eguna baita.

Noiz bota bear dira arkaziak (robinia pseudoacacia), egurran elastikotasuna al dan aundia izateko?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-11-13 10:54

Elastikotasunaren bila bazabiltza sasiakaziarekin ahaztu. Gurean ezagutzen den egurrik gogor eta zurrunenetakoa da. Zuzeneko tentsioak eramateko egur onenetakoa da, hesola, zutabe eta tankerakoetarako. Baina alboko tentsioa, edo okertzea bilatzen baduzu krak, laster hautsi eta pitzatuko da.

Hala ere elastikotasuna nahi baduzu izerditan dagoenean eta ilgoran moztu, abuztuan edo irailean adibidez.

Noiz izango dira egunik onenak biltzeko? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-11-11 11:29

Dagoenerako iritsi da bai kiwiak biltzeko sasoia, izotzak ez harrapatzea baita garrantzitsuena. Ilbeheran biltzea komeni da eta ahal izanez gero eta sustrai egunean. Ilbehera 18 tik abenduaren 2ra izango da, eta sustrai egunak 25, 27 arratsaldea eta 28.

Kaixo Jakoba, Iaz geranioak garai hontan kimatu nituen, baina ez naiz ongi oroitzen azaro edo abenduan gomendatzen zenuen zuk, eta zein ilargi fasetan... ea lagundu nazakezun... Esker mile!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-11-08 18:07

Martxoa da berez sasoi egokiena. Toki gozo eta negu epeleko urtetan otsailean ere bai baina onena martxoa. Ilbehera izaten da onena. Loreontzitan bizi badira eta urte pare batez edo gehiagoz luberritu gabe badaude hura berritu eta moztutako adarrak landare berriak sortzeko adaxka bezala erabili eta landatu. Bitartean toki hotzean bizi badira, horma bero baten kontra babestu eta behar izanez gero txapela bat jarri edota plastiko batekin harro harro tapatu.

Noiz txertatu egin behar da aguakatea eta zein dan txertaketaren era egokiena?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-11-07 18:46

Bi txerto mota erabiltzen dira, batez ere, ahuakatea txertatzeko: zotzekoa eta begikoa. Zotzekoa ekaina aldera egiten da, sasoi berriko hazkunde nagusia apaldu denean. Hemen erabiltzen den zotzeko txerto arruntaren aldean errazagoa da: ez da mentu-oina zartatu behar, azalaren alderago irekitzen da goitik behera mentuaren zabalera duen ebakia eta hor sartzen da mentua behean txistuan egindako ebaki bakarra enborraren aldera jarriz. Begiko txertoa uztaila eta iraila artean egiten da. Txerto hu hemen egiten den ohikoa da: mentu-oinari gurutze formako bi ebaki eginda azala altxa eta azpian begi bat sartzen da; gero bil-bil egin eta ondo ixten da. Emaitza onenak ematen dituen txertoa zotzekoa da.

Kaixo. Altza baso txiki bat dugu etxe ondoan eta arraz bete dela ikusi dugu. Hauek kentzeko modurik badago? Neguan hilko dira? Fruta arboletan arrik ez dagoela ikusi dugu, salbu dira? Arriskurik badago? Eskerrik asko Jakoba

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-11-06 15:26

Hemichroa crocea da. Liztorren antzeko intsektua da eta haltza bezala hurritza, sahartza eta urkia ere erasotzen ditu. Orain ikusten dituzun har horiek urteko bigarren belaunaldia da eta lurpean babestu baino lehenago hiltzea komeni da. Intsektizida arruntek akabatuko dute: xaboi potasikoa edota bacillus thuringiensis nahastuta edota neem gehituta. Bakarra erabiltzez gero xaboia.

Ondo konpontzen ez diren bi barazkiren artean utzi daitekeen tartea Jakin nahiko nuke? Adibidez neguko kipula eta illarren artean? Eskerrikasko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-29 21:09

Onena tartean biekin ondo moldatzen den bat jartzea da. Orain negurako adibidez: uraza, marrubia, eskarola, erremolatxa, errefaua, azenarioa, aza eta azalorea. Ez bada aukerarik, sasoia egokia ez delako, barazki hori nahi ez dugulako edo dena delakoa, metro bete inguruko tartea utziko nuke. Borroka nagusia sustraien artean janaria harrapatzekoa da, eta tarte horrekin bi horientzako nahikoa da.

Arratsalde on, jakin nahi nuke negu partean baratza plastikoz estaltzea ona den edo ez? Askok egiten dute eta nire zalantzak ditut. Mila esker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-28 17:00

Lurra zerbaitekin estaltzea ona da. Baina plastikoa azken aukera da. Eta bere alde txarrak ere baditu: lurrari arnasa hartzen ez dio uzten, lurruntzen den ura bertan geratzen da lurra istilduz edo urasetuaz. Hobe da material organikoren bat jartzea eta denetan onena bizirik dauden landareak edukitzea sail horretan. Ongarri berdea erein daiteke, sortzen diren landareek lurraren higadura mugatuko dute, lurra aberastuko dute eta amaieran ongarri izango dira. Garai batean bertan jaiotzen ziren belarrak uzten ziren. Ezagunena sapelarra da (sapabelar, txabarkoia, Stellaria media); neguan lurrean hazten uzten zen eta udaberrian, giro epelekin horitzen hasten zenean berak adierazten zuen lurra lantzen hasteko garaia etorri zela.

Epa Jagoba, Baratzean bankalak ditugu eta bertan pixkat denetarik. Garai honetan, porruak eta azakiak, brokolia, azaloreak eta romaneskua gehienbat. Kontua da osto guztiak guztiz janda ditugula baiña ez dudala tximeleta zuriaren arrik aurkitzen eta ezta arrautzarik ere. Horren ordez landare guztiak karakol txikiz beteta daude eta uste dut hauek jaten dituztela ostoak. Izan daiteke? Kalikanea bota dut bankalaren ertzetan baiña ez dut lortu karakolak uxatzea.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-28 10:06

Bankalak edo txantalak edo taulenak mugatutakoak badira, mugr hori eraikitzeko erabilitako materialaren zirrikituetan (azpian, alboan…) ezkutatzen dira barraskiloak eta bareak. Barraskilo txiki horiek oso erasokorrak dira eta ederki asko jan dezakete uzta ia osoa. Pazientzia hartu eta bildu eskuz. Agian barraskilo handiak eta bareak ere ez dabiltza urrun. Horiek harrapatzeko gauez bisitak egin behar dituzu. Hostoak goi eta behe ondo miatu horiek ere aurkitu eta kentzeko.

Kaixo,
Izugarrizko kalabazak ditugu baina denak usteltzen ari dira jaso aurretik.
Zergatik izan daitekeen badakizue??
Edo zer egin gehiago ustel ez daitezen??
Eskerrik asko eta egun ona izan

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-21 09:57

Aurten fruitu urte eskasa da. Hezetasun honek ez du batere laguntzen, eta gaitzak eta usteldurak sortzen dituzten onddoei aldiz izugarri laguntzen die. Kuiak lurra ez ukitzeak lagunduko luke, altxa eta lurreko hezetasunetik aldenduko lukeen zerbait jarri: ohol zati bat, kutxa bat, harri bat… Eta ez itxaron neguari, jaten hasi. Zer giro datozen ez dakigu eta jasotzea pentsatu beharrean azala oso oso ondo ez daukatenak edo zauri txikiren bat dutenak behintzat jan.

kaixo eguzki lore hau iaz dagoen tiestoan landatu nuen, denda batean erosita. aurten zoragarri egon da aurreneko argazkian ikus daiteken moduan. Irailean, ximeltzen hasi zenean kimu berri pare bat bota zituen. urrian. kimuan handitu dira eta landare zaharraren haziak askatzen hasi dira. zenbait galdera ditut: 1- kimuak berriak bertan utziko ditut usteltzen has daitezen? kendu eta beste nonbaiten landatu? 2- nola zaindu beharko nuke landare zaharra datorren urtean berriz jaio dadin? 3- haziak gorde eta haztegi batean jarriz, landare berriak lortuko nituzke? oharra: argazki pare bat gehiago jarri nahi ditut baina ez dakit nola milesker eta ongi izan

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-21 11:43

Eguzki-loreak bi urteko zikloa du; lehenengoan hazi egiten da eta sustraiak zabaldu, neguan desagertu eta bigarrenean loratu egingo da. Loratutakoan hil egiten da. Ipurditik bi kimu berri eman dituenez horiek ere ziklo bera izango dute. Bi kimu horiek bereizi nahi badituzu bakoitza bere aldetik bizitzeko gai dela ziurtatu behar duzu. Azpia miatu eta ea bakoitzak bere sustraiak badituen. Batek sustraiak baditu hura kendu eta landatu eta bestea ama zenaren sustraiekin utzi. Sustrairik ez badu batek ere, biak bertan utzi. Nahi izatera ipurdia lurrez estali daiteke ea horrela sustraiak ematen dituzten. Landaketa orain egin daiteke, baina nik uste dut hobea litzatekeela izerdi berriarekin egitea, otsaila amaieran edo martxoa hasieran. Beti ilbeherarekin. Landare zaharra bere horretan utzi eta normalena litzateke gehiago kimurik ez ematea eta hiltzea. Baina agian miraria gertatzen da; martxoa-apirila arte itxaron. Haziak jaso eta toki hotz eta ilun batean jaso, ontzi batean hozkailuan, adibidez. Otsailean edo martxoan erein, ilgoran.

Eunon Jakoba!!!! Urritze makiletako noiz moztu jakin nahiko nikek, batzuk fitxauta zezkeat ta.... Aldez aurretio eskerrikasko ta segi hola!!!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-19 11:34

Udazkeneko ilgoran mozten da. Batzuk urrian, gehienek azaroan eta gutxi batzuek baita abenduan ere. Azaroko ilgora 5etik 18 eguerdira arte izango da. 12 arratsaldea eta 14 egun osoa izan ezik beste edozein egunetan moztu.

Egun on Jagoba, Noiz eta nola Jaso behar dira kalabazak ahalik eta denbora gehien iraun dezaten

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-16 15:01

Kuia landarearekin lotzen duen txortena ondo ihartuta egoteak adierazten du jaso daitekeela. Biltzerakoan tiraka ez askatu, txortena osorik utzi eta landarearen zarba moztu bi aldeetara. Ondoren bi edo hiru egunez eguzkitan eduki, mamia gozatu dadin eta ondoren freskoa, iluna eta batez ere ondo haizeberritzen den toki batean jaso. Ilbeheran bildu behar dira eta ahal izanez gero fruitu egunean jasotzea komeni da, baldin eta helburua ahalik eta gehien irautea bada. Hemen normalean urriko ilbeheran jasotzen da. Ilbehera 22tik azaroko 5era arte da, eta fruitu egunak 26, 27 eta 28. Azarokoa ere ez da txarra izango, ilbehera 18tik hilaren amaiera arte da eta fruitu egunak 22, 23 eta 24.

Kaixo Jakoba,

Nafarroatik idazten dizut. Galdera bat egin nahi nizun. Badira bizpahiru urte etxeko sagarrekin trituradora ta prentsa batekin sagar muztioa egiten hasi ginela. Gero baño maria egin ta ederki kontserbatzen da eta oso ona atera.

Urtean 60 bat litro egiten ditugu, familian edateko nahikoa muztio.

Orain, sagardoa egitea probatu nahiko nuke. Ikusten ditudan kupel guztiak oso handiak dira eta gaizki aterako balitz ez nituzke 20 litro muztio galdu nahiko.

Galdera da:

Ba al dago modurik, proba gisa, 2-3 litro muztiorekim sagardoa egiten saiatzeko? Nola egin nezake??

Eskermila aurretiaz, Jakoba.

Besarkada bat

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-14 15:15

Nire ustez sagardoa eskala horretan egitea oso zaila da. Hala ere saiatu. Nahi baduzu beirazko ontzi bat erabili. Lehen hartzidura (alkoholikoa) gertatzen den artean ontzia irekita (aerobioa da, oxigenoa behar du) eta goiko muturreraino beteta egotea komeni da, horrela edozein zakar kanpora botako du. Hura bukatutakoan, 15 bat egun behar izaten ditu, itxi daiteke eta anaerobioa (oxigenorik behar ez duena) den hartzidura malolaktikoa hasiko da. Zein momentutan itxi ez baldin badakizu, jarri kortxo edo beste materialen bateko tapa baina plastikozko hoditxo batekin eta hodi horren muturra uretan sartuta (botila batean edo edalontzi batean. Horrela gasik sortuko balitz, ontzia lehertu gabe, hortik aterako litzateke, baina airerik sartu gabe. Niri gustatzen zaidan sagardoa botilan bukatutakoa da, horretarako 1001 gr/l dentsitatearekin botilaratzen dut, gero txinparta izan dezan. Hala ere, eskala horretan egindakoa botilaratu eta laister edatea gomendatuko nizuke. Prozesu guztia, beraz, orain hasi eta urtea amaitzerako bukatua, edatea barne.

Egun on. Pago eta agin landareak aldatzeko sasoirik egokiena zein den galdetu nahi dizuet. Zumea jasotzeko era gauza bera. Eskerrik asko aldez aurretik. Aimar.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-14 11:32

Pagoa neguan landatu, hostoa galtzen duten guztiek bezala. Abendua eta otsaila artean onena, ilbeheran. Haginak, aldiz, ez du hostoa galtzen, beraz neguaren amaieran, martxoan. Zumea hostoa botata duenean egiten da, negu partean. Zume landare berriak sortu nahi badituzu neguaren amaieran moztu adarrak eta sartu lurrean.

Zuhaixka txiki hau, artzea, joan den udaberrian sartu genun, gure ustez leku egokian eta behar zuen sustrato azidodunagaz, baina nahiz eta orain arte poli polita egon den, hostoak galtzen ari da eta lehortzen....gainera ez dogu kokorik sumatuten ....Zer egin daikegu ??? Eskerrik asko, Maite

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-14 12:55

Astigarrak ez du itxura txarrik. Nik uste dut klimari lotutako egoera bizi duela: lehorteak jo du, haizeteak… Hostoak galtzearena ere horrekin lotuko nuke. Hostoak erori aurretik astigar japoniarren kolore aldaketa da une ikusgarriena, eta aurten hosto gutxiagorekin iritsiko da sasoi horretara. Egin dezakezuna da lehen urte pare batean ureztaketa zaindu eta ongarriketa ez ahaztu.

Egun on. Tomate ederrak dauzkagu momento hontan baina tomate landarak gorriñagaz dagoz. Gorriña izateak eraginik badauka tomate hazian? Edo gorde genezake hasi hori datorren urtean ereiteko? Eskerrik asko!!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-13 11:55

Lasai jaso haziak. Gorrinak erasotuta badaude begiratu zein landare dagoen ondoen. Horrek gaitzari hobeto eutsi diola esan nahi du. Horren aleren baten haziak jaso.

Mizpirak noiz jaso ber dizkiu? Ilgoran jaso behar dizkiagu, ezta? Noiz dituk egunik onenak? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-13 10:33

Mizpira aleak ahalik eta denbora gehien arbolean egotea komeni dek; horrela gehiago gozatuko dituk, eta gero heuk ere. Jaso eta ahalik eta ondoen purikatzea edo “usteltzea” badek helburua ilgoran bildu eta ahal izanez gero fruitu egunean. Aurten urrian ilgora 21 arte izango dek eta fruitu egunak 18 egun osoa eta 19 13:00 arte. Azaroan ilgora 5eko 18:00etatik 18ko 11:19 arte izango dek eta fruitu egunak 5, 6, 7 eta 15. Abenduan ilgora 3tik 15era izango dek eta fruitu egunak 3, 4 11 17:00etatik atzera eta 13 09:00 arte. Hilabete horretan, baita, 30 eta 31 ilgora eta fruitu egunak izango dituk.

Kaixo Jakoba, jakin nahi nuke zergatik hurritz makil batzuen azala txuria izaten den, bestetan gorrixka,... Hurritza klase bakarra da ez? Izan leike altsumak urte ezberdinetakoak izatean kolorea ere ezberdina izatea? Eskerrik asko, Xalba

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-13 11:50

Hurritza klase bakarra dela diozunean, espezie bat dela esaten duzu. Espezie horren izen zientifikoa Corylus avellana da. Espezie baten barruan, ordea, azpiespezie, barietate edo aldaera, kultibare eta abr asko izan daitezke. Begira adibidez sagarrondoari, zenbat sagarrondo desberdin ezagutzen dituzu? Eta aldatzen dena ez da soilik sagar alea, baizik eta arbolaren forma, azala, adarjearen egitura, eitea, eta abar. Hurritzetan ere berdin gertatzen da. Adibidez basoko arbolari, hur ale ttikiak ematen dituenari hurritza esaten zaio eta landutakoari, ale handiak ematen dituenari uzta-hurrondoa edo uzta-hurtzea. Guk denak hurritz bezala ikusten ditugu, noski, baina haien artean ezaugarri desberdinak garatu dituzten kastak daude. Beste adibide bat: begira geuri, Homo sapiens espezieari. Ikusi azalak, garaierak, soinen formak eta abar zenbaoterainoko aldeak dauden, espezie berean! Ez da ez altsumaren urtea, berezko ezaugarria da. Hala ere altsumak, urtekoak, bi urtekoak edota zaharragoak izan azala aldatzen da: leuntasuna, kolorea, loditasuna eta abar.

Azken bi urteetan babarrun uzta nahiko eskasa jaso dugu. Leketan horban batzuek agertu zaizkie eta gero maspildu egiten dira. Zer izan daiteke? Datorren urtera begira zer egin dezakegu berdina ez gertatzeko. Mila esker

Azken bi urtetan soroan leku berdinean erein dut babarruna.  Babarruna bakarrik.  Artorik gabe. Landutako zati batetan aurreko urtetik ez da egon ezer ere ez.. Beste zati batetan aza jendea egon da. Soroa erreka ondoan dago. Eguzkiak jotzen du baina egunaren hasieran eta bukaeran eguzkia eskutuan da. Ez da hain leku eguzkitsua. Simaur piska bota nuen, baina asko ez. Karetu bai egin nuen. Egia da babarrun mota aldatu dudala. Aurretik pinta itxurako bat ereiten nuen urtero. Orain bi urte,  proba egin behar genuela eta beltzagoa den bat erein nuen. Aurten ere berdina. Agian hori da pekatua.Ea zer izan daitekeen pistarik ematen didazun. Gurean aitak beti eduki du ortua. Azken urteetan ni nabil buru belarri. Arra zeharo sartu jata  eta egia esan zure azalpenak oso lagungarri zaizkit.

 

Eskerrik asko benetan zuen azalpenen eta laguntzagaitik.

Agur bat

Aitzol Arriola

 

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-15 15:26

Argazkian ikusten dena onddo baten erasoa da. Gaitza agian lehendik ere hor zegoen baina egiten zenuen babarrun mota erresistenteagoa izan zitekeen. Edo babarrun berriarekin etorri da. Haziak berak ere ekar ditzake gaitzak berarekin. Tokiak ere ez du batere laguntzen. Erreka ondo ospela hezea izaten da eta horrek onddoak harrotu egiten ditu, gaitza indartuz. Babarruna eguzkizale amorratua da. Honetan ere barietateak eragin dezake. Nik ahal izanez gero beste tokiren bat bilatuko nuke. Eta ezin bada lehengo babarrunera bueltatu. Edo antzeko tokiren batetara ohitu den babarrun beltzen baten hazia eskuratu.

Udan baratzean eduki dugu plastiko beltza belarrak saihesteko. Neguan ez dugu ezer landatzeko asmorik. Plastiko hori utzi ala kentzea komeni da lurraren onerako? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-15 16:16

Lurraren onerako plastikoa kendu. Eta onena ongarri berdea ereitea: oloa, garagarra, pagotxam txirta,  zekalea, zalkea, ziapea, koltza… Lurra estalita egongoda eta aberasten. Udaberrian moztu eta azala landu. Moztutakoa bertan utzi daiteke, edo ganaduari eman, edo luartokira bota.

Pikondoa izorratu du gaurko haizea. Adar handi bat enborratik eroria. Zer egin zaurian ? Mila mila ezker !!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-13 16:58

Komeni da zauria garbitzea; zartadurak eta zauriaren alde zakarrenak labana zorrotz batekin garbitu eta ahalik eta zauri garbiena uztea komeni da. Ondoren salda bordelesarekin eta ur pittin batekin ore edo pasta lodi bat egin eta hura eman isipu edo brotxa batekin; ura beharrean azeribuztan ura bada hobe. Ez erabili merkatuan dauden orbaintzeko pastak, mesede baino kalte gehiago egiten dute.

Agendan eta egutegian irakurri dut, neguan zuhaitzak landatzeko oraindik zuloak egiten hasi ahal dela. Zer dela eta komeni da dagoeneko zuloak egitea? daukadan lursaila buztintsua eta ura metatzen da, leku batzutan bestetan baino gehiago. asmoa belardian fruta-arbolak eta sasiak kendutako lekuan basoko arbolak ipintzea da.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-13 17:38

Batetik lana errazten hastea da: landaketa egin behar denerako lan handiena aurreratua izatea. Bestetik ongarriketa ere erazten du: zuloa orain egin eta ateratako lurra ongarriarekin nahasi eta zuloa bete. Gero bertan landatzea errazagoa izango da. Lur buztintsua edo tupa denean zuloa bai urez bete daiteke, baita zuloa gero eginda ere. Toki horietan komeni da lur azaletik letorkiokeen ura zulora ez sartzeko nola desbideratu prestatzea. Eta landatzerakoan gogoan izan landarea sustrai bistan baldin badator sustraiak lokatzetan ondo busti; ura eta lurra nahasiz lokatz arina prestatu. Honek hobeto itsasten laguntzen du.

Gure indabek oso orritsu daude eta ondorioz, lekei lehortzea kosta egiten zaie. Zergatik hainbeste hosto? Badago zer egiterik? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-13 17:44

Hostajearen oparotasunak arrazoi asko izan ditzake. Hona batzuk: nitrogenodun ongarria, eguraldi egokia, babarrun barietatea edo hazia eta abar. Lasai hartu. Leka ez bada lehortzen barruko alea ez dago negua irauteko prestatua, beraz utzi lasai. Hosto asko egoteak janari ugaritasuna dakar eta helduko dira, agian sekula baino handiagoak edo trinkoagoak. Hostoa kentzen hastea behintzat ezta pentsatu ere.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora